Artikulu hau dibisa motari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Dolar».

Estatu Batuetako dolar baten billetea.

Dolarra Ameriketako Estatu Batuetako dirua da ($ ikurraz eta USD siglez adierazia, ingelesez US dollar).

Terminoaren jatorria

aldatu

Dolar hitzaren jatorria alemaniarra omen da, thaler hitzetik eratorritakoa baita: Bohemiako Joachimsthal meatze-herrian zilarrezko txanponek hartzen zuten Joachimst(h)aler izenaren laburduratik, hain zuzen (1519. urtean hasi ziren erabiltzen txanpon horiek). Gisa berean, dolar esaten zitzaion, halaber, Europako hainbat herrialdetan erabiltzen zen zilarrezko zenbait txanponari. Ameriketako espainiar eta ingeles kolonietan ere, bertan erabiltzen zen Espainiako peso txanponari dolar esaten zioten ingelesez mintzatzen zirenek. Txanponen izena errotua zegoenez, Estatu Batuek 1792. urtean izendatu zuten dolarra diru-unitate ofizial. Kanadak, berriz, 1858. urtean ezarri zituen dolarra eta diru-sistema hamartarra; Australiak 1966an; eta Zeelanda Berriak 1967an. Estatu Batuek 1861. urtean jaulki zituzten lehenengo dolar-billeteak.

Hizkera arruntean, buck ere deitu ohi zaio Estatu Batuetan. Bada, hitz horren jatorria ingelesezko 'indioilar' hitzean aurkitu nahi izan dute hainbatek. Beste batzuen iritziz, Lincolnek 1861 ondoren igorritako greenback dolarretan dago izenaren sorburua.

Nazioarteko dirua

aldatu
 
Estatu Batuetako dolarra munduko monetarik zabalduena da; haren atzean euroa da erabiliena.

Urteetan zehar izan da Estatu Batuetako dolarra nazioarteko erreferentziazko dirua. Lehenengo Mundu Gerraren ondoren, Erresuma Batuko libraren leku hegemonikoa hartu zuen dolarrak; izan ere, Estatu Batuek lortu zuten merkataritza-soberakina zela medio, 1918. urterako munduko urre-erreserben erdiak metatzen zituen, eta hartzekodun neto bihurtu zen munduko beste herrialdeei buruz. Horren ondorioz, 1919. urtetik aurrera dolarraren eta urrearen arteko bihurgarritasuna ezarri zen (Erresuma Batuak ez zuen onartu 1925 arte).

Bi mundu-gerren artean dolarraren nagusitasuna areagotu zen, Gold Exchange Standard edo urre-ereduaren bidez.

Bigarren Mundu Gerra mesedegarri suertatu zen Estatu Batuen garapenerako. Hala, 1945. urtean Estatu Batuetako ekonomiak nazioartean zuen pisuak, eta 1944. urtean Bretton Woodsen osatu zen nazioarteko diru-sistema berriak, dolarraren nagusitasuna ezarri zuten. Sistemak dolarraren eta urrearen arteko trukea ezarri zuen: 35 dolar urre-ontza bakoitzeko. Hala, Estatu Batuetako banku zentralak jaulkitzen zituzten dolarrek urre-erreserbak zituzten berme gisa (Fort Knoxeko erreserba ospetsuak), eta, sistema horren bidez, dolarraren eta urrearen arteko bihurgarritasuna bermatzen zen.

1947. urtean Europa berreraikitzeko mailegu handiak eman zituzten Estatu Batuek Plan Marshall izenekoaren bidez, eta, horren ondorioz, Europako bankuetara dolar-kopuru handia iritsi zen (eurodolar izena hartu zuten).

Dolarra, diru egonkorra izanik, nagusitu egin zen nazioarteko trukeetan; izan ere, dibisak dolarrari buruz Bretton Woods-eko sistemaren arabera finkatzen ziren, eta, hala, truke finkoko sistema egonkorra sortu zen (the dollar standard izenez ezagutu izan den sistema).

Defizitaren hazkuntza eta bihurgarritasunaren ezina

aldatu
 
250 kg-ko urre-lingotea.

1960. urteaz geroztik, ordea, Estatu Batuetako pagamendu-balantzaren defizita izugarri hazi zen, eta, defizitari aurre egiteko, agintariek dolarrak jaulkitzea erabaki zuten. Horren ondorioz, banku zentralak jaulkita zituen dolarren zenbateko osoaren eta estatubatuar urre-erreserben arteko aldea handituz eta handituz joan zen. Beraz, ez zen betetzen Bretton Woodsen hitzartutakoa, alegia, dolarrak urre-erreserba kopuruaren arabera jaulkitzea. Horren ondorioz, eta jaulkitako diruaren bermeaz fidagaitz, dolarren truke urrea jasotzeko eskaria asko areagotu zen nazioartean banku zentralen aldetik (bereziki, Europakoen aldetik), eta sistemak porrot egin zuen: 1971. urteko abuztuaren 15ean, Nixon lehendakariak bertan behera utzi zuen dolarraren eta urrearen arteko bihurgarritasuna.

Azken urteotako gorabeherak

aldatu

Ondoren, truke-tasa aldakorrak nagusitu ziren, 1976. urtean Jamaikan hartu ziren akordioen ondorioz bereziki. 1978. urtearen amaiera aldera, nazioarteko beste diru handiei buruz oso behera egin zuen dolarraren trukeak. Hurrengo urtean hasi zen dolarraren suspertzea, estatubatuar agintari ekonomikoek interes-tasa garaiak ezartzea eta bankuei likidezia mugatzea erabaki zutenean.

Ondorengo urteetan, dolarrak gorabeherak izan ditu Estatu Batuetako ekonomiaren bilakaerarekin batera (eragin berezia izan dute, besteak beste, pagamendu-balantzan izandako defizitek). Egun, munduko diru nagusia da, euroarekin batera. Dolarra diru-eredua ez den arren, nola nazioarteko merkataritza eta finantza-eragiketetan, hala erreserba-diru gisa, nagusi dela esan daiteke.

2015 hasieran, dolarrak indartu egin zen AEBetako ekonomiaren susperraldi azkarrak eta Erreserba Federalak interes tasak igoko zituen usteak eraginda. Euroak, aldiz, azken bederatzi urteetako truke txikiena zuen[1]. 2014ko maiatzetik 2015 hasierara, balioaren %13,6 galdu zuen euroak, dolarrarekin konparatuz eta 1,20 dolarren azpitik trukatzen zen, 2005etik kopuru txikiena[2]. Bestalde, nazioarteko dibisa erreserben %61 dolarretan zeuden[3]. US Index indizea, berriz, 2014ko ekainetik abendura, %15 igozen eta 2011tik (dolarrak hondoa jo zuenetik) %20[4].

Kanpo estekak

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. Ivan Santamaria, «Bueltan da dolarraren agintea», Berria, 2015-01-07
  2. «1,20»[Betiko hautsitako esteka], Berria, 2015-01-07
  3. «%61», Berria, 2015-01-07
  4. «%15», Berria, 2015-01-07
  NODES
Done 1