Akuafortea grabatu mota bat da. Akuafortea egiteko metal aleaziozko lamina edo xafla bat da oinarria, gehienetan burdinazkoa, zinkezkoa edo ohikoago, kobrezkoa. Xafla hau berniz geruza batekin babestu egiten da, edota azidoak eusteko gai den argizariarekin. Grabatzaileak, estilete zorrotz batekin bernizaren gainean marraztuko du, kobrezko geruzara helduz baina hori igaro gabe. Ondoren bernizez estalitako xafla, ura eta azido nitriko nahasketa batean sartuko da, eta prozesu horrek ematen dio hain zuzen ere akuaforte izena. Nahasketa honek bernizez babestuta ez dagoen tokietan kobrea jan egingo du eta  bertan ildaskak sortuko ditu. Xafla hori nahasketa horretan zenbat denbora egongo den arabera, orduan marraren sakonera modu bateko edo bestekoa izango da, hots, zenbat eta denbora gehiago nahasketan murgilduta egon, hainbat eta sakonera handiago izango du ildaskak.

Francisco de Goyak eginiko  Arrazoiaren ametsak mamuak sortzen ditu, Akuafortea. 1797.
Luca Giordano-ren erretratua, XVIII. mendeko akuafortea.

Behin berniza kenduta, xafla prest dago inprimatua izateko. Horretarako xaflaren azalera  tinta berezi batez bustiko da. Tinta koipetsu honek, ildaskak beteko ditu eta gainerako soberakina eskuz kenduko da. Behin tinta prest dagoela, matrizea prentsa batean jarriko da (platina deritzon azalera laua, bi metalezko zilindro artean jarriz eta elkarrekin presioa eginez). Platinaren gainean plastikozko edo paperezko orri mehe bat jarriko da eta inprimagailuak bertan utziko ditu egindako irudiaren ildaskak. 

Prozesuaren emaitza egindako irudiaren alderantzikatua izango da.

Teknika honen abantaila akatsak zuzendu daitezkela da, edota nahasketa egin aurretik xaflan ikutuak egin daitezkela. Kontu handiz jardun behar da burdina estiletearekin ez ukitzeko. Marra bat ezabatzeko nahikoa da marra horren gainean pintzela bernizez pasatzea eta behin sikatuta, berriro irudikatu daiteke. Ildasken sakonera oso kontuan hartu beharreko auzia da, izan ere azidoaren kontzentrazioaren arabera eta xaflaren gainean azido nahasketa egongo den denboraren arabera, ildasken sakonera aldatu egingo da.

Kanpo estekak

aldatu
  NODES