Alaitz eta Maider
Alaitz eta Maider Oiartzungo euskal musika taldea izan zen, musika tresnatzat trikitia eta panderoa zerabiltzana.
Alaitz eta Maider | |
---|---|
Datuak | |
Jatorria | Oiartzun, (Oiartzun) |
Musika mota | trikiti, pop |
Urteak | 1989 - 2004 |
Taldekideak | |
Alaitz Telletxea Tolosa Maider Zabalegi Galardi Angel Unzu Fran Iturbe Mikel Artieda Blas Fernandez Josu Salbide Xabier Zeberio Etxetxipia | |
Lehengo taldekideak | |
Anaitz Arozena Igor Ruiz Haitz Ostolaza Jean Lou Corrihons Olivier Larronde | |
Informazio gehigarria | |
Biografia
aldatu1989. urtean, 14 urte zituztela, Alaitz Telletxea Tolosa (trikitia) eta Maider Zabalegi Galardi (panderoa) oiartzuarrak txapelketetan parte hartzen hasi ziren, era honetan beren heziketa herrikoia zabalduz, fandango, arin-arin, porrusalda eta abarrez, plaza edota afariak alaitzen. Tradizioa mamitu zuten arren, kanpoko musika joerak jaso eta entzun zituzten, bereganatu arte, beraienak egin arte.
1991. urtean Joseba Tapiaren laguntzaz beren lehenengo maketa grabatu zuten. 1995. urtean berriz, bigarren maketa grabatu zuten.
1997. urtean lehen diskoa kaleratu zuten Alaitz eta Maider (Elkarlanean) eta harrera oso ona izan zuen, 25.000 ale saldu baitziren. 1999. urtean bigarren diskoa kaleratu zuten Inshala (Triki-Elkarlanean). 2002an aurkeztu zuten hirugarren diskoa Auskalo (Triki-Elkarlanean).
2004. urteko abenduaren 18an, lagun askoz inguratuta, haien azken emanaldia eskaini zuten Oiartzungo Elorsoro kiroldegian.
2017 urtean Maider Zabalegik bakarkako diska kaleratu du.
Taldea
aldatuAlaitz eta Maider bikotea plazarik plaza ibili zen atsedenik gabe 90eko hamarkadaren amaieran. Garai hartan trikitia osagarri nagusi zuten pop taldeek (Maixa ta Ixiar, Gozategi...) hartu zuten lehen berbena taldeek izan zuten lekua. Alaitz eta Maiderren zenbait kantu, "Txanpon baten truke" eta "Amets bat", gehien dantzatu direnetako batzuk izan dira Euskal Herriko taberna eta plazetan. Hiru disko argitaratu zituzten, eta 2004an banandu ziren.
Alaitz Telletxeak (Oiartzun, Gipuzkoa, 1976) umetan garbi zuen zer izan nahi zuen, trikitilari. Familian ezagutua zuen trikiti tradizioa, bere bi ahizpek soinu handia jotzen baitzuten; osaba batek, panderoa; beste batek, kriskitinak; eta bi lehengusu soinu txikiarekin ere aritzen ziren, eta haien bidea jarraitu zuen. Familiako bazkariak soinu eta dantza festak izaten ziren, eta bederatzi urte zituenean soinua eskatu zuen, bai eta gustura ikasten hasi ere.
Maider Zabalegi (Oiartzun, 1976) aitarekin aritzen zen kantuan, aitak Oroitzak izeneko taldean gitarra jo eta kantatzen baitzuen. Pianoa ikasten ere hasi zen, eta 14 urterekin hasi zen panderoa jotzen, eta, berehala, kantuak konposatzeko lagungarri egin zitzaion gitarra jotzen ikasteari ekin zion.
Alaitz eta Maider 1989an elkartu ziren trikiti bikote gisara, eta hamabost urte iraun zuen ibilbide oparoa hasi zuten orduan. Plazarik plaza hasi ziren, soinu eta pandero hutsez aurrena; maketa bat ere grabatu zuten modu horretan. Baina pixkanaka gitarra, bateria eta baxuz osaturiko talde bat bildu zuten beren inguruan. Bigarren maketa ere kaleratu zuten talde moduan.
1997an atera zuten lehen lan luzea, Alaitz eta Maider izenburuarekin (Elkar). Arrakasta berehalakoa izan zen. Emanaldiak biderkatu egin zitzaizkien, eta jende ugari joaten hasi zen beren kontzertuetara. Garai hartakoak dira beren kanturik ezagunenak: "Txanpon baten truke", "Amets bat" eta beste hainbat. Udako kantu bilakatu ziren aurretik Maixa eta Ixiar edo Gozategi taldearenak izan ziren bezala; nolabait, haien lekukoa hartu zuten.
Joseba Tapiaren laguntzarekin bideratu zen haien sormena; Tapiak berak eta Kepa Junkerak ere neurri handi batean modan jarri zuten triki-pop izeneko esparrua erabili zuten horretarako. Euskal Herritik kanpoko denetariko eragina izan dute: La Bouttine Souriante, John Whelan, Sharon Shanon, The Pretenders, Alanis Morrisette, Manolo Garcia eta beste hainbat.
1999an, Inshala diskoa (Elkar) atera zuten, eta plazarik plaza ibili ziren atsedenik gabe. Izan ere, trikitia osagarri nagusi zuten pop taldeek hartua zuten lehen berbena taldeek izan zuten lekua. Eremu hori jorratu zuten nagusiki Alaitzek eta Maiderrek 90eko hamarkadaren amaieran.
2002an, Auskalo hirugarren eta azken diskoa (Elkar) argitaratu zuten; aldaketa nabarmenik ez zuten izan, eta pop melodikoaren bidean jarraitu zuten, xalotasuna eta goxotasuna galdu gabe. Japonian ere jotzen aritu ziren bi aldiz, bertako Brahaman taldearekin. Esperientzia bikaina izan zen, eta beste talde eta bakarlari batzuei ere bidea ireki zieten.
Hurrengo urtean, Alaitz eta Maiderren musika aukeratu zuten
Kilometroak
aldatu2004ko abenduaren 18an, bikote gisa kantatzeari utzi zioten Oiartzunen egindako zuzeneko emanaldi batekin. Bertan aritu ziren, gonbidatu gisara, beren ibilbidean garrantzitsu izandako kantari eta lagun guztiak. Hala ere, 2006an, berriz elkartu ziren bi musikariak, Oiartzunen antolatutako Kilometroetarako kanturako musika egiteko.
Gerora, Alaitz Telletxea zenbait taldetan aritu da, Lantz taldean esate baterako; eta Trikitixa Elkarteko presidentea izan da. Maider Zabalegik bakarkako kantu bat, "Itxarote horrek", grabatu zuen Hotsak dantzan (Gaztelupeko Hotsak, 2008) bildumarako.
Diskografia
aldatuKolaborazioak
aldatu- Kilometroak 2006 (2006)
- Hotsak dantzan (2008, Gaztelupeko Hotsak)
Erreferentziak
aldatu- Edukiaren zati bat «Alaitz eta Maider» artikulutik hartua da. Artikulu hark Mikel Markez du egile, eta Creative Commons Aitortu-Partekatu Berdin 3.0 lizentziarekin argitaratu da Badok euskal kantagintzaren atarian.