Alfonsina Storni
Alfonsina Storni (Capriasca, Suitza, 1892ko maiatzaren 29a - Mar del Plata, Argentina, 1938ko urriaren 25a) poeta eta idazle postmodernista argentinarra izan zen.[1]
Alfonsina Storni | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Alfonsina Storni |
Jaiotza | Capriasca, 1892ko maiatzaren 29a |
Herrialdea | Argentina |
Heriotza | Mar del Plata, 1938ko urriaren 25a (46 urte) |
Hobiratze lekua | La Chacarita hilerria |
Heriotza modua | : itotzea |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | eguneroko-idazlea, poeta, kazetaria, idazlea, irakaslea eta soziologoa |
Mugimendua | Postmodernitatea |
Genero artistikoa | olerkigintza |
Biografia
aldatuAlfonsina Storniren gurasoak Paulina Martignoni eta Alfonso Storni ziren; idazlearen neba-arreba nagusi María eta Romerorekin batera, 1880an Lugano (Suiza) utzi eta Argentinako San Juan probintziara iritsi ziren. Garagardotegi bat bat sortu zuten, eta, urte batzuk geroago, «Cerveza Los Alpes, de Storni y Cía» etiketadun garagardo-botilak herrialde guztian ikus zitezkeen. 1891n, bikotea Suitzara itzuli zen, seme-alabak San Juanen utzita. Alfonsina Storni 1892ko maiatzaren 29an jaio zen, Lugano hiriaren iparraldeko Sala Capriasca herrixkan. 1896an, gurasoak eta alaba txikia Argentinara itzuli ziren. Stornik haurtzaroa San Juanen igaro zuen, eta hangoak ziren bere lehendabiziko oroitzapenak.
XX. mendearen hasieran, familia Rosariora (Santa Fe probintzian) aldatu zen; han, amak eskola bat sortu zuen etxean, eta aitak kafetegi bat jarri zuen Rosario Central tren-geltokitik gertu. Alfonsinak mahaiak zerbitzatzen jardun zuen kafetegian, baina zeregin hori ez zuen gustuko, eta etxetik alde egin eta aktore gisa lan egiten hasi zen. Geroago, hainbat probintziatatik ibili zen, antzezlan batekin.[2]
Ondoren, irakasle jardun zuen zenbait ikastetxetan. Garai hartan, poesia eta antzezlan batzuk idatzi zituen. Bere prosa feminista da, eta, kritikaren arabera, originaltasun handikoa, Latinoamerikako literaturaren noranzkoa aldatu zuena. Beste aditu batzuek bi zatitan bereizten dute Storniren obra: alde batetik, kutsu erromantikoa daukan garai bat, gaia ikuspegi erotiko eta sentsual batetik landu eta gizonezkoarekiko erresumina erakusten duena, eta, beste alde batetik, beste garai bat non erotismoa alde batera utzi eta gaiari ikuspuntu abstraktu eta gogoetatsuago batetik heltzen dion. Literatura-kritikak, bestalde, erromantiko berantiartzat jotzen ditu Stornik 1916 eta 1925 bitartean idatzitako testuak, eta Ocre obratik aurrerako lanetan abangoardismoaren aztarnak eta antisonetoaren gisako baliabideak aurkitzen ditu. Bestalde, bere lanek bizitzaren zati handi batean pairatu zuen gaixotasuna islatzen dute, eta bizitzaren azken akaberaren zain dagoen pertsona baten gogoa erakusten dute, itxarote hori minaren, beldurraren eta beste sentimendu batzuen bidez adierazten duelarik.[2]
Bularreko minbizia diagnostikatu, eta ebakuntza egin zioten. Kirologia-saio batean emandako diagnostikoa ez zen izan zuzena, eta horrek depresiora eraman zuen; izaeraren muturreko aldaketa bat jasan zuen, minbiziari aurre egiteko tratamenduak ukatzera eraman zuena.
1938ko urriaren 25ean, bere buruaz beste egin zuen Mar de Plata-n. Felix Lunaren letrarekin Ariel Ramirez-ek konposatutako Alfonsina y el mar kantu ezagunak besterik badio ere, Storni ez zen hil itsasoan urratsez urrats barneratuta, ezpada Argentinako Emakumeen Klubeko harri-lubetatik jauzi eginda; hori da, behintzat, ikertzaileek babesten duten bertsioa. Idazlearen ustez, suizidioa eskura zeukan aukeretako bat zen, eta horrela adierazia zuen bere lagun eta maitale izandako Horacio Quiroga suizidari eskainitako poema batean[3]. Hasiera batean, gorpua Mar de Platan beilatu zuten, eta gero Buenos Airesen. Bere gorpuzkiak Chacaritako hilerrian daude.
Lanak
aldatu- 1916, La inquietud del rosal
- 1918, El dulce daño
- 1919, Irremediablemente
- 1920, Languidez
- 1925, Ocre
- 1926, Poemas de amor
- 1927, El amo del mundo: comedia en tres actos
- 1932, Dos farsas pirotécnicas
- 1934, Mundo de siete pozos
- 1938, Mascarilla y trébol
- 1938, Antología poética (hil ostekoa)
- 1950, Teatro infantil (hil ostekoa)
- 1968, Poesías completas (hil ostekoa)
- 1998, Nosotras y la piel: selección de ensayos (hil ostekoa)
Euskaraz
aldatu- Munduko Poesia Kaierak: Alfonsina Storni (Susa, 2017; itzultzailea: Uxue Alberdi). Poemen antologia bat.
Erreferentziak
aldatu- ↑ .
- ↑ a b Delgado 2006.
- ↑ Susa literatura - Poesia kaiera. (Noiz kontsultatua: 2017-07-14).
Kanpoko loturak
aldatu- Munduko Poesia Kaierak: Alfonsina Storni (bildumaren zuzendari Beñat Sarasolaren hitzaurrearekin)
- Alfonsina Storni Miguel de Cervantes liburutegi birtualean