Alpetar belarrihandi
Alpetar belarrihandia (Plecotus macrobullaris) Vespertilionidae familiako saguzarra da, Europan bizi dena. 1965ean topaturiko espezie hau, bere izenak kontrakoa esaten baduen ere, ez da bakarrik Alpeetan bizi, beste hainbat lekutan baita ere, tartean Euskal Herrian[1]. Mendiguneetan ingurune irekietan ehizatzen du, belardi eta larre alpetarretan. Sitsek osatzen dute espezie honen dietaren oinarria, eta Noctuidae familiako espezieak dira harrapakin nagusiak.
Alpetar belarrihandi | |
---|---|
Iraute egoera | |
Arrisku txikia (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Klasea | Mammalia |
Ordena | Chiroptera |
Familia | Vespertilionidae |
Generoa | Plecotus |
Espeziea | Plecotus macrobullaris (Kuzjakin, 1965)
|
Eguneko zikloa | gaueko |
Belarrihandi alpetarra Europako saguzarrik bitxienetariko bat da, mendikate nagusietan besterik ezin baitaiteke topatu. 2003an esleitu zitzaion espezie kategoria[2], antzekotasun morfologiko handia duten bi espezie generokidetatik bereizi zenean, Plecotus auritus eta Plecotus austriacus-etik, hain zuzen. Duela gutxi ezagutu zenez, espezieari buruzko informazioa urria da, baina espezie bitxi hau gero eta hobeto ezagutzen dugu urteek aurrera egin ahala.
Deskribapena
aldatuEuropako gainerako Plecotus espezieen oso antzekoa da morfologikoki, belarri eta trago luzeekin. Aurpegiko bereizgarri nagusia triangelu formako kokotseko kuxina da. Azpiko ezpainaren behealdean alderantzikatutako triangelu formako kuxina du, zenbait kasutan pigmentazio iluna izaten duena; gazteetan batez ere. Gainerako Plecotus-etan kuxin honen forma ez da triangeluarra izaten, biribildua baizik.
Ilajeari dagokionez, sabelaldea zuri-zuria izan ohi du, nahiz eta ileen alde proximala beltza den. Hau da, ileak banatuz ger, ileen behealdea iluna dela ikus daiteke. Ilajea gainerako belarrihandiena baino dentsoagoa eta luzeagoa da, eta kolore aldetik P. austriacus-en antz handiagoa du P. auritus-ena baino
Ekokokapena
aldatuGainerako belarrihandien antzeko ekokokapen-deiak erabiltzen ditu, frekuentzia modulatukoak, eta bi harmonikodunak (Dietz et al. 2009). Ekokokapen-deien intentsitatea oso baxua da, gainerako belarrihandietan gertatzen den bezala. Belarrihandi alpetarraren ekokokapen-deiek belarrihandi grisarenaren antz handia dute, antzeko inguruneetan eta antzeko animaliak ehizatzearen erakusle[3].
Banaketa
aldatuEuropako eta Asia mendebaldeko mendiguneetan eta haien inguruan bakarrik ezagutzen da espezie hau: Pirinioak, Alpeak, Dinariar Alpeak, Balkanak, Turkiako mendiak, Siriako mendiak, Kaukaso eta Kurdistango mendiak dira espeziearen bizilekuak (IUCNren Zerrenda Gorria). Itsas mailatik (Kroazian) 2800 metroko altueraraino (Pirinioetan) aurkitu da[4][5], eta azken mendikate honetan ez da 1300 metrotik behera aurkitu.
Euskal Herrian Pirinioetako mendirik altuenetan bakarrik ezagutzen da, Larra-Belagua inguruko karstean, alegia.
Habitata
aldatuIngurune irekietan ehizatzen duen animalia da, eta mendi inguruetako larreak erabiltzen ditu, bai goi-mendietakoak zein baso artean altuera baxuagoan aurki daitezkeenak. Harkaiztiak moduko landaredia gutxiko eremuetan ere ehizatzen du.
Goi-mendietako erregina da espezie hau, Pirinioetan batez ere, baso-mugatik gora aurki daitekeen saguzar-espezierik ugariena baita.
Elikadura
aldatuGainerako Plecotus-en kasuan bezala, sitsak dira espezie honen dietaren osagai nagusia. Noctuidae familiako lepidoptero gautarrek dietaren ia %95 osatzen dute, eta sitsak ez diren gainerako intsektuen presentzia oso baxua da. Pirinioetan kontsumitzen dituen espezie nagusiak Agrotis clavis, Apamea zeta eta Autographa gamma dira[6].
Ehizatzeko 5 km baino gehiago mugi daiteke eguneko gordelekutik, gainerako Plecotus saguzarrek baino mugimendu luzeagoak egiteko gai da, beraz[7].
Ugalketa eta ontogenia
aldatuEmeek udaberriaren amaieran edo udaren hasieran sortzen dituzte kumatze-koloniak eta badirudi irailera arte-edo elkarturik mantentzen direla eme helduak eta urteko gazteak.
Ezer gutxi ezagutzen da espezie honen ugalketaren inguruan. Bitxikeria gisa, ez da sekula swarming leku batean aurkitu; hau da, ez da gainerako saguzar espezie gehienekin batera biltzen udazkenean kobazulo gutxi batzuetan bertan parekatzeko.
Bizimodua
aldatuEuropan ezagutzen diren espezie honen gordeleku gehienak eraikin zaharretan daude: etxe zaharrak, elizak eta txabolak[8]. Dena den, espezie honetako animaliak ez dira sabaitik eskegitzen; aitzitik, harrien eta egurrezko oholen arteko arrakaletan egon ohi dira gordeta. Ondorioz, ez da erraza izaten espezie honen presentziaz jabetzea. Kobazuloetan ere aurkitu izan da.
Espezieen arteko elkarrekintzak
aldatuMendi-inguruneetan Noctuidae familiako sitsak dira bere elikaduraren oinarria, beraz litekeena da horien populazioetan eragin nabarmena izatea. Ez da espezie honen harraparirik ezagutzen.
Eraikinetan Plecotus auritus eta Rhinolophus ferrumequinum espezieekin batera aurkitu izan da.
Antzeko espezieak
aldatu- Iparraldeko belarrihandi arrea (Plecotus auritus): Sabelaldean kolore horixkagoa du belarrihandi arreak, eta kokotseko kuxina ez du triangelu formakoa, biribildua baizik. Bestalde, tragoaren zabalera estuagoa izaten da azken honen kasuan P. macrobullaris-enarenean baino.
- Hegoaldeko belarrihandi grisa (Plecotus austriacus): Ilajearen kolorea oso antzekoa da, eta kokotseko kuxinaren forma da bi espezieak bereizteko ezaugarririk onena. Dena dela, ez da kasu guztietan baliagarria izaten, P. macrobullaris-en kuxina puztuta dagoenean P. austriacus-enaren antza izan baitezake.
Kontserbazioa
aldatuIUCN erakundearen arabera, espezie honen kontserbazio-egoera ona da.
Erreferentziak
aldatu- Edukiaren zati bat EuskalNatura.eus webgunetik hartu da, copyrightaren jabeak onartu baitu hango testu-edukiak Euskarazko Wikipedian CC BY-SA 3.0 ES Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratzea, baldin eta iturria aipatzen bada (ikusi eztabaida orria).
- ↑ Kiefer, A.; Veith, M.. (2001eko abendua). «A new species of long-eared bat from Europe (Chiroptera: Vespertilionidae)» Myotis 39: 5–16..
- ↑ Dietz C, von Helversen O, Nill D. (2009). Bats of Britain, Europe & Northwest Africa. Londres: A&C Black.
- ↑ Dietrich S, Dzameitat DP, Kiefer A, Schnitzler HU, Denzinger A. (2006). «Echolocation signals of the plecotine bat, Plecotus macrobullaris Kuzyakin, 1965» Acta Chiropterologica 8 (2): 465-475..
- ↑ Garin I, García-Mudarra JL, Aihartza JR, Goiti U, Juste J. (2003). «Presence of Plecotus macrobullaris (Chiroptera: Vespertilionidae) in the Pyrenees» Acta Chiropterologica 5 (2): 243-250..
- ↑ Pavlinic I, Tvrtkovic N. (2004). «Altitudinal distribution of four Plecotus species (Mammalia, Vespertilionidae) occurring in Croatia» Natura Croatica 13 (4): 395-401..
- ↑ Alberdi A, Garin I, Aizpurua O, Aihartza JR. (2012). «The Foraging Ecology of the Mountain Long-Eared Bat Plecotus macrobullaris Revealed with DNA Mini-Barcodes» PLoS ONE 7 (4): e35692..
- ↑ Arthur L, Lemaire M. (2009). Les Chauves-souris de France, Belgique, Luxembourg et Suisse. Paris: Biotope.
- ↑ Krapp F (ed). (2004). Handbuch der Saugetiere Europas. Aula Verlag.