Arin-arin

Euskal plaza-dantzetako bat; dantza horretarako doinu desberdinetako bakoitza., erritmo bitarrekoa eta hiru edo lau musika-esaldi eta dantza-pausokoa

Arin-arina euskal dantza eta doinu herrikoia da. Taldean, biribilean eta binaka dantzatzen da, besoak gora eta eskuko hatzekin kriskitin eginez.

Igeldoko zelaietan neskak arin-arina dantzatzen.

Fandangoarekin batera, euskal plazetako dantza-bikote ohikoena da eta, beraz, euskal tradizioko dantza ezagunenetarikoa.

Normalean, doinua txistu eta danbolin, pandero, trikitixa edota alboka musika-tresnekin jotzen da. Dantza pauso arinez eta salto txikiz osatuta dago eta, hain zuzen ere, hortik dator arin-arin izena.

Gizartean egiten den dantza da, bi sexuetako dantzariek jokatua. Fandangoa eta Arin Arinaren jatorria Bizkaian XVII. eta XVIII. mendeetan koka dezakegu gutxi gorabehera, eta garai horretatik aurrera hedatuko ziren Ekialderantz, Gipuzkoara eta Iparraldera alegia.[1]

Erritmoa

aldatu

Arin-arinak erritmo bitarra du, 2/4 konpasean idatzita, eta esaldi karratuak, zortzi konpaseko moduluz osaturik. Pauso bakoitza hamaseina konpasez antolatzen da, eta horren arabera moldatzen dira esaldi musikalak. Normalean lau pauso ezberdin dantzatzen dira.[2]

Hitzaren adiera ezberdinak

aldatu

Arin-arin deitzen da erritmo azkarra duelako. Ariñ-ariñ ere idatzi ohi da. Herri batzuetan porrusalda, purrusalda eta porrue izenez ezagutzen da, edota bizkai dantza, bizkai soinua edo bizkaikoa ere esaten zaio. Iztuetak arin-arinca deitzen zion 1824ean, eta Frai Bartolome Santa Teresakoak (1816) arin aringa terminoa erabili zuen.[2]

Jantziak

aldatu

Gizonezkoek nahiz emakumezkoek dantzatzen duten gizarte dantza herrikoia denez, ez da jantzi berezirik erabiltzen. Hau garai bakoitzeko modara egokitu eta denboran zehar aldatuz joan da. Hala eta guztiz ere, bai Fandangoa, bai Porrusalda edo Arin-arina, erritu dantzen amaiera gisa iritsi zaizkigunez, ohikoa da ospakizun bakoitzari dagokion jantziarekin dantzatzea.

Gaur egungo egoera

aldatu

XX. mendeko bigarren erdialdean fandango eta arin-arina, neurri batean, profesionalizatu egin dira. Dantza taldeek uniformizatu egin dituzte pausoak eta, orokorrean euskal dantza gehienekin gertatu den bezala, modu gero eta atletikoago batean -eta azkarrago, jakina- egiten dira. Gaur eguneko abiaduran, demagun, XIX. mendeko koadernoetako kortxerdiak nekez egin daitezke. Sormen handiko koreografiak egiten dira, baina telebistan emandako lehiaketetako maila hain altua ikusita, jende asko ez da ausartzen plazara ateratzera. Eta agian horregatik dantza hauei gizarte-dantzak deitzea agian gehiegikeria da gaur egun.

Gaur egun arin-arina bizirik dago oso. Egitura oso sinplea eta Europako musika eruditoaren parametroetan erabat sarturik, eragin batzuk jaso izan ditu historian zehar, eta segurutik kontradantzarena nabariena izan daiteke. Baina jende frankorentzat, fandangoarekin osatzen duen dantza-bikotea euskal dantza askatuaren sinonimoa da.[3]

Erreferentziak

aldatu
  1. «Euskal Herriko Dantzak | Arin Arin eta Fandango» www.dantzak.eus (Noiz kontsultatua: 2023-03-23).
  2. a b «Arin-arina - Porrusalda - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2023-03-17).
  3. «Arin-arina - Porrusalda - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2023-03-27).

Kanpo estekak

aldatu
  NODES