Erromatar arkitektura

antzinako erromatarren arkitektura
Arkitektura erromatar» orritik birbideratua)

Erromatar arkitektura Antzinako Erromak eraikitako arkitektura da.

Maison Carrée deritzan erromatar tenplua, Nimes hirian
Ordena klasikoak (Encyclopédie)

Bere historiaren lehen mendeetan zehar, Toskanako eta Umbriako lurraldeetan bizi zen etruriar herri indoeuroparrak menperatu zuen Erroma politikan eta kulturan. Grezia Handia (Magna Graecia) konkistatu ondoren, zuzeneko harremanak izan zituzten erromatarrek Greziako kulturarekin, orduz gero gehiago baloratu zutelarik arte adierazpen oro. Greziarren eskutik ikasi zuten arkitektura-ordenen erabilera, ordena hauek egituran baino dekorazioan bideratu bazituzten ere.

Inperioa Ekialderantz hedatzean ezagutu zituzten erromatarrek neurrigabetasuna eta aberastasuna. Halatan, berezko zituzten elementu tradizionalak greziarrengandik eta Ekialdeko herriengandik jasotakoekin batu eta Erromaren boterearen eta menpeko herrien aurrean zuen nagusitasunaren adierazpide izan zen Inperioko arkitektura. Ez zen, ordea, meritu hura horretara mugatu; pragmatismoa eta edertasuna batzen zituen joerak bultzaturik, eraikuntza moderno aurreratuenen moldeko obrak eraiki zituzten erromatarrek, eta artearen eta ingeniaritzaren eredu dira egun ere obra horiek.

5 euroko billeteetan ageri den arkitekturaren garaia da.

Aurrekariak

aldatu

Grezia

aldatu

Erromatar kultura ezin da azaldu bere oinarria izan zen kultura greziarra azaldu gabe. Erromak asimilatu eta aldatu egin zuen greziar kultura. Erromatar kultura, Greziakoaren jarraipen modura ikusi behar da,hau da, Greziako izpiritua bizirik mantentzeko modu bat. Arkitekturan berdin gertatzen da. Oso erraz bereizten dira, gaur egun, greziar arkitektura eta erromatar arkitektura; eta bigarrena lehenengoaren kopia txartzat ikusten da. Baina ez da hala. Dena marko kultural berdinean sartu behar dugu, ulerturik erromatar arkitektura greziar arkitekturaren prozesuko eraldaketa bat dela. Azken batean, Erroma ezagutzen dugunaren barruan, kulturalki gutxienez, Greziaren lorpenak daude.

Erromak garapen luze bat izan zuen, eta greziarrek abiatutako garapenari jarraipen eman zioten, eta garapena jarraitu zuten erromatar idiosinkrasiarekin. Erromaren hasieran, Greziar estatua bezala, Hiri estatua zen nolabait ere. Hark, beraz, bere garapena izan zuen. Erromatarrak oso-oso praktikoak ziren. Ez da kasualitatea haiek zuzenbidean (zuzenbide zibilean batez ere) sortu zuten aurreratzea; haiek garatu zituzten ingeniaritza asmakizunak; ekoizpen metodoak eta abar. Honek arkitekturan, artean, politikan, hirigintzan eta beste hainbat arlotan eragin zuen.

Etruria

aldatu
 
Etruriarren hilobia, Palazzo della Crocetta, Florentzia.

Mundu italikoan Erroma agertu baino lehen, etruriarrek penintsularen zati handi baten jabe ziren. Herri honek Greziatik eratorritako kultura indartsu bat islatzen zuen. Gaur egungo Toskana inguruan kokatu zuen K.a. VII. mendean, eta bere presentzia V. mendean amaitu zen. Baina bere gailurra VI. mendean izan zuten. Italiar penintsularen zati batean gobernari izan ziren eta Tarquinoen dinastiak Erroma, epealdi batean behintzat, gobernatu egin zuen.

Kultura eta arte etruriarra, greziarrenean oinarritzen zen nagusiki. Batak bestearen oinarri artistikoak hartzea, herrialdek mantentzen zuten erlazio komertzialen ondorio zuzena da; etruriarrek Toskanako metalak ematen zizkieten greziarrei behar zutenaren truke. Hala ere, etruriarren berezko pertsonalitatea eguneroko bizitzan, erlijioan eta artean nabarmena zen, gerora, erromatarrek hartuko zituzten aspektuak. Erlijioan adibidez, etruriarrek etorkizunarekiko miresmena nabaria da, iragarpenetan zuten sinesmena ezaguna baita. Bestalde, jainkoen haserrea ekiditeko, eskaintzak ere egiten zituzten, askotan giza eskaintzak ere zirenak. Erlijioarekin erlazionaturiko beste kontu bat da, hildakoekiko zuten begirunea. Hau garrantzitsua dugu zeren eta begirune hori erromatarrengana ere iritsiko da. Hala nola, etruriarrek eraikitako mausoleo, hilobi, nekropolietan eta tenpluetan oinarrituko zen Erromako jendea beraien, tenplu, hilobi eta etxeak eraikitzeko garaian.

Arkitekturaren ezaugarriak

aldatu
 
Toskanar ordenaren adibidea.

Teknika aldetik, material egokienen (harri, adreilu, hormigoiaren) eta egitura mailako atal egokienen (arku eta gangen) arteko batasunaren ondoko emaitza ezin hobeak erakusten ditu erromatar eraikuntzak.

  • Materialak: Harlandu eta adreilu ezagunez gainera, material berri bat erabili zuten erromatarrek: hormigoia, harriz eta karez eginiko orea, oso gogorra. Merkea eta moldagarria zen hormigoia, eta beroan isurtzen zen enkofratu batek eutsiriko molde baten barnean. Hormigoia hoztean gogortu egiten zen eta moldeko bi pareten tankera hartzen zuen. Material hau pobrea zenez, marmolez eta iztukuz estaltzen ziren ondoren ia eraikin guztiak.
  • Elementuak: Erdi-puntuko arkua, erdi-zirkularra, eta mota askotako gangak (erdiesferikoak, kanoi-gangak, kupulak eta, baita ere, ertz-gangak) izan ziren erromatarrek etruriarrengandik jaso eta erabili zituzten oinarrizko arkitektura-atalak. Mota askotako egituretan bideratu zituzten elementu haiek (estolderiak, tenplu handiak, termak, basilikak).

Dekorazio-elementu gisa erabili zituzten ordena greziarrak, korintiarra nagusiki, eta ordena berri batzuk bideratu zituzten:

  • Ordena toskanoa: Greziar doriar ordenan oinarritzen da baina honek harroina eta fustea leuna ditu, eta frisoan ez ditu ez metoparik ez trigliforik.
  • Ordena elkartua edo konposatua: Joniarraren (kiribilduren) eta korintiarraren (akanto-hostoen) arteko konbinaziotik sortua.

Arkuak eta atalburuak, frontoi bihurriak eta friso ganbilak erabilita amaiera eman zioten erromatarrek Greziako eraikinen estetika lasaiari, eta eraikin asimetriko eta, aldi berean, guztiz dinamikoak egin zituzten.

Kanpoaldearen gainetik barnealdea eta plastikotasunaren gainetik funtzionaltasuna hobetsi zituen espazio-kontzeptuaren zerbitzura zeuden materialak eta elementuak. Gizarte eta politikaren antolamenduaren arabera, ezinbesteko gertatu zen gizabanakoa Inperioko partaide sentiaraztea; baina, era berean, ondo gogoan eduki behar zuen partaidetza hori izugarri txikia izango zela beti Inperioaren handitasunaren aldera; horregatik bideratu zituzten erromatarrek hain eraikin eta esparru itxi handiak Hori bera sentitu behar zuen Urbseko biztanleak eta, hark bezala, urrunekoak ere. Urruneko hiritarrari begira eraiki zituzten ingeniaritzako obra handiak (galtzadak, zubiak, etab.), hiriarekiko komunikazioak okerrik izan ez zezan.

Vitruvioren hiru printzipioak

aldatu

Garai helenistikoaren amaieran hasi ziren garaiko arkitekturari buruzko jakintzak azaltzen zituzten liburuak argitaratzen. Kontserbatzen diren liburu bakarrak De architectura konposatzen duten 10 liburuak (Marco Vitruvio Polionenak) dira, Augustoren garaian bizi izan zen arkitekto bat. Vitruvioren lana ezinbestekoa izan zen italiar errenazimenduan arkitektura klasikoko ezaguerak erreskatatzeko. Vitruvioren hiru printzipioak (ekilibratuta egon behar direnak) honako hauek dira[1]:

  • Firmitas (solidotasuna): egonkortasunaz gain, grabitate eta konfort arazoak konpontzeari egiten dio erreferentzia.
     
    De Architectura liburua.
  • Utilitas (erabilgarritasuna): eduki pragmatikoari dagokio, baina ez erabilgarritasun fisikoari bakarrik, erabilgarritasun soziala eta ongizateari ere bai.
  • Venustas (edertasuna): forma eta espazioari dagokio. Ez da ezaugarri hutsal bezala hartzen, arkitektura obren parte garrantzitsutzat baizik.

Vitruvioren arabera, hiru printzipio hauen arteko oreka aldatzen bada, arazoak eragingo lituzke, bai gabezia eta bai gehiegikeriagatik. Gauzak horrela, printzipio baten omisio edo hipertrofiak arkitektura obra hori arkitektura ez den edozer gauzatan bihurtuko du. Arau hauek irudimena lotu ordez, tipologia arkitektoniko desberdinak zabaltzea eragiten du.

Materialak

aldatu
 
Koloretako marmola erabilitako Opus Sectile mosaiko-teknika, Villa Adrianan.

Harria eta marmola

aldatu

Marmola ez da Erromatik gertu aurkitzen eta oso gutxi erabili izan zen Augustoren aurretik. Herkules Victorren Templua, K.a. II. mendearen amaieran, Erroman aurkitzen den salbuespen zaharrena da. Augustoren erregealditik Carrarako harrobiak asko ustiatu ziren hiriburuan erabiltzeko eta inperioko beste iturri asko ustiatu ziren, bereziki Paros bezalako marmol greziarrak.[2] Travertinoko kareharria gertuago topatu zuten, Tivoli inguruan eta Errepublikaren amaieratik aurrera izan zen erabilia. Koliseoa adibidez, harri mota hau erabiliz eraiki zen, kargarako gaitasun handia baitu.


Erromatarrei asko gustatzen zitzaizkien inportatutako koloretako marmolak, beraz, eraikin garrantzitsuetan ugari topa zitezkeen. Greziatik inportazioak K.a. II. mendean hasi ziren.

 
Burgh Castle-ko (Ingalaterra) gotorleku erromatarra. Silex-a eta adreilu erromatarra txandakatzen dituela ikusi daiteke.

Adreilu erromatarra

aldatu

Erromatarrek buztin egosizko adreiluak egiten zituzten, gutxi gorabehera inperioaren hasieratik, eguzkitan sikatutako adreiluak ordezkatuz. Erromatar adreilua gaur egungoaren oso antzekoa da altueran, baina garai hartan forma eta tamaina desberdinetakoak egin ziren; formen artean karratuak, laukizuzenak, triangeluak eta biribilduak zeuden. Tamainari dagokionez 1½ oin erromatar x 1 oin erromatar ziren normalean, baina baziren 15 hazbetekoak ere ohikoak ziren, horren adibide da Konstantino Treveriskoaren Basilika.

Inperioaren lehen mendean zehar, erromatarrek adreiluen fabrikazioa hobetu zuten eta nonahi erabili zuten, eraikuntza publikoan zein pribatuan. Beraien gaitasunak inperio osoan zehar zabaldu zituzten. Erromatar legioak labe propioak zituzten eta askotan zigilu berezi bat jartzen zizkieten adreiluei, legioak gainbegiratu zituela ziurtatzen zutenak. Germaniako hegoalde eta mendebaldean, adibdiez, adreiluaren tradizioak jada Vitruvio arkitektoak deskribatzen zituen.

Hormigoi erromatarra

aldatu

Opus caementicium edo hormigoi erromatarra pilare handiek eutsitako eraikuntzen arku eta kupuletan erabili zen. Hormigoiak ematen zieten askatasunak kolomadia sortu zuen, karga-horma baten aurrean jarritako pilare dekoratiboak. Eskala txikiko arkitekturan ahalbidetu zituen garapenak Vitruviok bere K.o I. mendeko De Architectura lanean deskribatzen ditu.

 
Kupula erromatar baten barneko sabaian egindako xehetasuna, hormigoiz egina bere osotasunean.

Hormigoia Mesopotamian eskala-txikian erabilia izan zen arren, erromatar arkitektoek hormigoia hobetu eta bakarrik eutsi eta pisu handia jasan zezaketeen eraikinetan erabili zuten. Karea, agregatua, puzolana, ura eta harriak nahastuta lortzen zuten materiala, ondoren egurrezko marko edo moldeetan jartzen zuten eta gogortzen uzten zuten harrizko estalkietara edo adreiluetara batu zedin.

Markoa kentzean, pareta berria oso indartsua zen, gainazal zimurtsuarekin. Gainazal hau lisatu eta estali egiten zuten iztuku, marmolezko estalki fin edo koloretako harri batzuekin. Eraikuntza mota hau merkeagoa zen harri solidoa erabiltzea baino, gainera, materialak eskuragai zituzten eta garraiatzeko errazak ziren. Egurrezko markoak behin baino gehiagotan erabil zitezkeen, lana era azkar eta eraginkor batean egitea ahalbidetuz. Hormigoi erromatarra da seguruenik erromatarrek arkitektura modernoari egindako ekarpen garrantzitsuena.

Iztukua

aldatu

Iztukua sabaiak eta barneko paretak estaltzeko erabiltzen zen gehienbat. Normalean, hazbete bateko zabalera izaten zuen. Zati asko kontserbatu dira, Pompeia eta Herkulano hirietan gehienbat. Egiten zuten nahasketari marmoratum opus deitzen zaio eta kareorezko hiru geruza marmol lurrunduarekin nahasiz egiten zen. Antzeko nahaste bat egiteko, kare bizia ardotan busti eta koipea eta pikuekin ehotzen zen; zisterna eta akueduktoen barnealdea estaltzeko balio zuen.

Sakontzeko, irakurri: «Erromatar hirigintza»
 
Ponpeiako foroaren erorkinak.

Menperatutako lurraldearen antolakuntza zen konkista ondoren eman beharreko lehen urratsa. Kanpamentu militarren arau-ordenara ohituta zeuden erromatarrak, eta haien araberako antolamendua bideratu zuten espazio handien (nekazaritza-eremuen) eta espazio txikien (hirien) banaketa zehazterakoan.

Erromatarrek hiriak antolatzeko eskema landu bat erabiltzen zuten, babes militarra eta gizartearen onura oinarri izanik. Oinarrizko egiturak gune zentral nagusi bat zuen, Foroa, eta bertan kokatzen ziren herritarrentzako zerbitzuak, erdigune honen inguruan kale zuzenez osatutako laukia zegoen eta inguruan dena babesten zuen hesia. Bidaia denborak murrizteko diagonalean eraikitako bi kalek zeharkatzen zituzten kaleak, erdigunetik igaroz.[3] Ohikoa zen ibai baten hiria zeharkatzea; ur kontsumorako, garraiorako eta ur zikinak jasotzeko baliatzen zen. Inperioak iraun zuen bitartean ehundaka herri eta hiri eraiki zituzten erromatarrek; Europako hiri askok hiriak eraikitzeko eskema honen arrastoak mantentzen dizute.

Foroa zen hiriko espazio publikorik handiena, hiriaren erdigunea eta bizitza sozialaren gune nagusia, nagusiki azoka moduan erabiltzen zen. Bestelako eraikin publiko garrantzitsu asko Foroaren inguruan edo Forotik gertu kokatu ohi ziren.[4]

Hiri guztiek gutxienez Foro bat izaten zuten etan bertan azoka egiteaz gain beste hainbat eginkizunetarako ere erabiltzen zen; elkargune nagusia zen eta eztabaidan, debateak, bilerak eta antzerako ekimen sozialak egiten ziren. Foro guztiek Jupiterren tenplu bat izan ohi zuten iparraldean, beste hainbat tenplu eta basilika ere bertan kokatzen ziren. Horretaz gain, azokako bezeroentzat erabilgarri ziren pisu eta neurri publikoak ere egoten ziren eta bainu eta termak ere gertu egoten ziren.[5]

Etxea (Bizitza Pribatua)

aldatu
 
Etxe edo Domus tipikoa

Erromatar etxebizitza etruriarrenean oinarriturik dago, eta etxebizitza hauek klaseetan banatutako gizarte baten adierazgarri ziren. Bi ziren erromatar hirigintzako etxebizitza motak, pisuz osatutako etxebizitzak (Insula) edo palazioak (Domus).

Erromako hiritarra asko errespetatzen zuen bizitza pribatua. Domusean esate baterako bi zati dituela esan genezake, bizitza pribaturako gelak eta bizitza publikorako gelak bereizita daude eta. Baina, Inperioaren jaiotako ideia berriak etxebizitzetan ere izan zuten bere esanahia. Hala nola, Inperioa iritsi arte etxeek ez zuten inongo aldaketa aipagarririk jasan, baina Augustoren garaian, K.a. I. mendearen etxea luxuz eta dekorazioz bete zen. Hots, Domusak sortu ziren. Edozein egoera egokia zen etxeko marmol garestiak erakusteko edota tablinumean gordetzen ziren familiako hildakoen bustoak erakusteko.

Etxebizitzek ez zuten ur korronterik, pribilegiatu batzuen etxebizitzak salbu utzita. Ez zuten estufarik, baina bai tximiniak behar zituztenean. Mobiliarioari dagokionez, ez zuten ohe bat, mahi bat eta armairu bat baino gehiago . Higieneari dagokionez, ez zuten komuna pribaturik, komun publikoetara joan behar zen jendea, nahiz eta ohikoena, zereginak ontzietan egitea zen, gero kalera botatzeko.

Insula

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Insula»

Nekazal mundutik hirirako migrazio masiboek, lurraren garestitzean eragin izan zuten. Honen ondorioz, etxeak eraikitzeko garaian goranzkotasuna hasi zen orokortzen, etxebizitza altuak sortuz. Bestalde, aristokraten palazio batzuk, saldu egin ziren eta gero zatitu, familia ezberdinek bizi zitezen. Horrela, nahiko eraikuntza kaotikoa eman zen, eta auzoetako bizitza, arriskutsua eta osasungaitza zen. Jada aipatutako, 64. urteko sutearen ondorioz, Neronek Plano Erregulatzaile bat proposatu zuen, aurretik esan bezala “etxeak lerro batean eta kale zabaletan eraiki behar ziren, etxeak altueran neurri konkretu batzuk hartu behar zituzten eta ezin ziren zurez eraiki, suaren aurkako harriekin baizik”. Konkretuki, insulaeak ezin ziren 21 metro baino altuagoak izan; bata bestetik bereizita egon behar zuen suak ez hedatzeko, eta zura neurri oso txikian erabil zitekeen.

Eraikin hauetan, bere behe solairuan dendak (tabernae) zeuden. Hemen zeuden eskailera batzuetatik goiko pisuetara iristen zen. Lehenengo pisuan, denda edo tabernetako jabeak bizi ziren. Goiko pisuetan, aldiz, gainontzeko familiak. Insulaeak Neronen araudiaren ondorioz, ezin zuten 5 pisu baino gehiago izan. II. mendearen erdialdean, 46000 insulae inguru zeuden Erroman, 106 insulae hektareako dentsitatearekin, batzuk, araudiak esandakoa baino altuagoak. Baina noski, adreiluz eraikitzen zirenez, ez ziren hain erraz erortzen.

Sakontzeko, irakurri: «Domus»
 
Domus baten maketa.

K.a. II. mendetik aurrera Erroman sortutako aristokraziak, bere eguneroko bizitzarako hedapen eta konfort nahi batzuk zituen. Eta honetarako palazio batzuen eraiketa bilatzen zuen, ulertuz, mendixka Palatinoan etxebizitza bat edukitzea gizarte botere maximoaren jabetzaren adierazgarri zen. Enperadoreek ere “moda” berri honetara atxiki ziren, denak Oktavio Augusto ez ezik . Beste Enperadoreek, eraikin oso famatuak egin zituzten: Domus Tiberiana (Tiberioren palazioa), Domus Aurea (Neronen palazioa), Domus Flavia (Domizianoren palazioa), Domus Severiana (Séptimo Severoren palazioa), besteak beste. Baina, K. o. 81. urtean, Domizianok mendixka Palatinoan, palazio handiena bihurtuko zen hainbat eraikin multzo bat zuen, hots, Domus Augusta (Enperadoreen palazioa). Augustoren omenez egindako palazioa izan zen.

Argitu behar da Enperadoreek ez zutela bizitza guztia etxebizitza hauetan eman. Hauek, bizitza-bulego bezala erabiltzen zituzten enperadoreek. Baina hauek ez ziren Domus ohikoenak, aristokraziak edota jende aberatsak zituztenak, hain zuzen.

Domusek, insulaeak ez bezala hedapen horizontala zuten. Hektarea askoko perimetroa hartu zezaketen bere baitan. Sarrerak hall moduko batera ematen zuen, eta honek, aldiz, atrium deiturikora. Atriumaren inguruan kokatzen zen domusa, patio bat zen, etxearen erdian zegoena. Patioa irekia zen, eta irekia izateari impluvium esaten zitzaion. Honek, euria egiten zuenean atriumaren erdian zegoen iturriak ura jasotzea ahalbidetzen zuen. Iturri horri, compluvium deitzen zen. Atriumaren ondoren tablinuma zegoen, etxeko gela garrantzitsua. Honetan, arbasoenganako kultua egiten zen.

Atriumaren inguruan alae deituriko gelak aurkitzen ziren. Batzuk tablinumarekin konektaturik zeuden, eta hauek, lo egiteko gelak ziren cubicula ere deituak. Beste alae batzuk kalearekin zeuden konektaturik, tabernae deitzen zitzaien, hau da, saltokiak.

Batzuetan, etxea asko hedatzen zenean bigarren patio bat eraikitzen zen peristylium deiturikoa. Bigarren patio hau handiagoa izaten zen, apaindura gehiagorekin eta kolomaz inguratuta. Patio berri honetara iristeko tablinuma pasa behar zen.Baina, etxearen handitze hau kasu konkretu batzuetan ematen zen familia dirudunetan, bereziki.

Domus batzuetan hipocaustoaren erabilera aipatzekoa da. Hipocaustoa etxea berotzeko erabiltzen zen sistema zen. Zoru azpian zeuden hutsuneetatik hedatzen zen beroa etxea epelduz.

Tenpluak

aldatu

Erromatarrek etruriarrei ikasitako eraikuntza-tradizioa eta molde zaharrak kontserbatu zituzten. Eredu tradizional haren arabera eraiki zituzten tenpluak.

Gainera, Erromako tenpluak greziar tenpluaren osagarriak dituzte. Horregatik, ezinezkoa da tenplu hauek azaltzea greziar tenpluen ezaugarriei inongo erreferentziarik egin gabe. Hala eta guztiz ere nortasun propioa du aldaketa nagusi batzuei esker.

Tenpluak ez dira peripteroak. Hots, greziar tenpluak zituzten kolomen kantitatea eta tenpluarekiko bere kokapenaren arabera sailkatu zitezkeen, eta kolomek tenplu guztia inguratzen zutenean periptero bezala definitzen zen. Baina Erroman, ezaugarri hori galdu egin zen. Ez hori bakarrik, kolomak exentuak ziren Grezian, bata bestetik berezia. Erroman, berriz, paretari itsatsiak egongo dira, askotan, bere funtzio eusgarria galduz.

Grezian lurraren mailan eraikitzen ziren tenpluak, Podium batean igota dago eta atariaren aurrean eskalera bakar bat du. Greziar tenpluen ezaugarri bat beraien sarrerarako unibertsaltasuna zen; Partenoira adibidez, edo lekutatik sar zintezke. Erromako tenpluetan, aldiz, sarrera bakarra dute aurrean. Tenpluek unibertsaltasun hori galdu egiten dute podium batean igota daudelako eta sarrera bakar bat duelako.

Oinarri biribileko tenpluek, monoptero edo 'tholos' izenez ere ezagunak, gehienbat, azaldutako ezaugarriak mantentzen zituen. Oinarri biribileko tenpluetatik aipagarri eta bakanenetarikoa Panteoia dugu batez ere.

Gizartearen aisiarako eraikinak

aldatu

Erromatarrek etxe giroko jainkoak zituzten eta greziarren mito handietan gehiegi sinesten ez zutelako jainko partikularren kultua pribatua egiten da eta Zesar buruzagiari zuzentzen zaio kultu publikoa. Erromatarrentzat tenpluak baino garrantzitsuagoak dira anfiteatroak, termak eta basilikak.

Haiek ziren erromatarren aisialeku nagusiak. Errepublikaren garaian, genero zakar eta ez-gomendagarri irizten zioten antzerkiari, eta K. o. I. mendera arte ez zuen berezko eraikinik izan.

Teatroa

aldatu

Antzerki erromatarrak bokazio erlijiosoa zuen hastapenean. Baina, lehen esan dugun bezala, tradizio erlijiosoak ez zuen bere momentu gorena bizi Erroman, eta ikuskizun profanoek hartu zuten besteen lekua; dantzak, mimoak, pantomimak, eta abar ohizkoak ziren. Hasieran, ikuskizunok ez ziren zirku jokoak, gurdi lasterketak edo itsas batailak besterik. Tragedia eta Komedia, hots, antzerkia K.a. 240 urtean iritsi ziren.

 
Antzoki erromatarra, Mérida (Espainia).

Erromatarrek grekoen eredua aplikatu zuten antzerkien eraikuntzarako aldaketa txiki batzuekin soilik, haien ohituretara egokitzeko. Ezberdintasun nagusietako bat eraikinaren kokapena zen; grekoek hirietatik kanpo kokatzen zuten bitartean , Erromatarrek hirietan kokatzen zituzten. Horregatik, antzerkiak eraikin, esan dezagun, propio edo ondo definitua izan behar zuen.

Exentuak ziren teatroak Erroman eta ez zeuden maldan zulatuak edo oinarrituak, Grezian ziren moduan. Altura hartzeko, arkua eta kanoi gangak erabili zituzten horrela mailen azpiko galeria eta irteerak sortuz. Teatrora bide ematen zuten irteerei Vomitoria deitzen zitzaien. Scenaren atzean teloi moduko hiru gorputz arkitrabatu eraikitzen zituzten ditu eta ikusgarriak dira.

Greziarren espazio naturala espazio arkitektoniko bihurtzen dute. Galeria semizirkularrak eta oinplanoan sortzen diren espazio lauak eta kurboak kanpoaldeari mugimendu asko ematen diote. Arku eta arkitrabearen konbinaketa erromatarren beste berrikuntza bat da eta oso garrantzitsua kanpoaldearen estatikotasuna uxatzeko.

Era formalean, aldaketa handiena zen orchestraren egitura. Antzerki grekoan zirkularra zen, eta antzezleen agertokia zen bitartean, erromatarrean erdizirkularra zen eta Senatuaren partehartzaileak kokatzeko lekua zen. Gehienetan, Marco Vitruvio Polio-ren gomendioak eta proposamenak jarraituak izan ziren eraikitzeko orduan.

Tradizioz, antzerkiak zurezkoak ziren. Dirudienez, ordea, ez ziren arraroak ondorapenak eta bestelako ezbeharrak gertatzea, eta beharbada horregatik, K.a. I. mendetik aurrera, hormigoiez eraikitzen hasi ziren. Martzeloren antzokia izan zen, beharbada, Erroman eraiki zen hoberena.

Erromatarren inperioaren handitasunaren isla dira teatroak. Izan ere, hiriek, garrantziaren araberako antzerkia eraikitzen zuten. Batzuetan, Erromatik kanpoko probintzien antzokiak, hiriarenak baino garrantzitsuagoak izatera iritsi ziren.

Gure penintsulan kontserbatzen den antzoki garrantzitsuena K.a. 18 urtean eraiki zen, eta ezin da Meridakoa besterik izan. Emerita Augusta Agriparen aroan eraiki baldin bazen ere, berreraikia izan behar zen Trajanoren garaian. Erromatar Inperioko ederrenetakoa dela ere esan izan da.

Aipagarriak dira, era berean, beste antzoki batzuk. Turkian, Efeso edo Aspendos bezalako antzoki ederrak daude; Libian, Sabrathakoa... ez dira adibide batzuk baino, 200 tenpluen artean aukeratuak.

Anfiteatroa

aldatu
 
Koliseoa edo Anfiteatro Flaviarra, Erroma

Erromatarren asmaketa izan zen hau bi teatro elkartzean sorturikoa. Oinplano eliptikoa eta hondarraren azpialdean zerbitzu ezberdinetarako aretoak daude. Arrapala eta eskailerez komunikatzen ziren harmailak korridoreekin. Honek gune ia zirkularra zuen erdian (arena) eta honen azpian zenbait gela egiten zituzten (carceres). Anfiteatro batzuetako arena urez bete zitezkeen, eta han itsasontzien guduak egiten zituzten (naumaquiae). Azpimarratzekoak dira anfiteatroen bikaintasuna, funtzionalitatea kanpoaldeko hormaren antolaketa berezko astuntasuna arindu eta dinamizatuz. Azken batean, teatroak zituen ezaugarri berdinak zituen, arkuek ahalbidetzen zuen barne espazioa hain zuzen.

Gladiatoreen arteko borrokak, hastapenetan, zentzu erlijiosoa zuten, eta zenbait hileten ostean ospatzen ziren. Lukanian esaten da dutela abiapuntua, Italiako hegoaldeko leku batean, zein kartagotarrek zuzentzen zuten Anibalen garaian. Augustok eraiki zuen Erroman lehen anfiteatroa K.a. 25ean, Statilius Taurusen anfiteatroa.

Dena dela, borroka haiek ez ziren Erroman ezarri K.a. 264 urtea arte, eta laster bihurtu ziren ikuskizun nazionala. Hasieran, borrokek foro edo plaza publikoetan egiten ziren, eta jendea kokatzeko zurezko harmailak egin ohi zituzten.

Anfiteatroa da, beharbada, erromatar eraikuntzaren eraikuntzarik berezkoena. Bertan, esan bezala, gladiadore borrokak egiten ziren, bai eta naumakiak edo itsas borrokak ere.

Ikuskizunetara joaten zen jendetzaren aurrean, bi cavea batu behar ziren, eta horrek agintzen zuen eraikin berezko baten eraikuntza, eraikin autonomo edo egitura propioa izango lukeen eraikuntza bat egitea.

K. o. I. mendetik IV. mendera, anfiteatro ugari eraiki ziren Inperioan zehar, eta Koliseoaren garrantzia ez bazuten lortu ere, azpimarragarriak dira Ponpeiakoa eta Veronakoa. Zaharrenen artean, Arlesekoa dago, K.a. 64 urtean altxa zena.

Erroman, Vespasianok eman zuen agindua Inperio osoko anfiteatro garrantzitsuena altxatzeko: Flavio edo Koliseo anfiteatroa. Esan bezala, Vespasianok hasi zuen 70 urtean, Titok jarraitu zuen, eta 82an Domizianok amaiera eman zion. Koliseo izenez da ezaguna alboan zuen Neronen estatua handiagatik.

Zirkua

aldatu

Zirkuan, gurdi edo koadriga lasterketak egiten ziren. Jendetza gehien biltzen zuen ikuskizuna zen hura. Greziar estadioaren egokitze bat izan zen eta spina deituriko bizkarrezur baten inguruan pista egokitu zuten.

Erromako lehenengo zirkua Zirku Nagusia izan zen K.a. VII. mendean eta Palatino eta Aventino muinoen arteko aranean kokatzen zen. Dianaren tenplua eta Foro Boarioarekin batera Servio Tulioren Erromako bihotza osatzen zuen.

K. o. I. mendeko azken partean eraiki ziren Domicianoren Hipodromoa eta Domicianoren Estadioa, esanguratsuak direlarik balio arkitektonikoagatik bi eraikuntza horiek.

Termak

aldatu
 
Karakalaren termak, Erroma

Erromatar herria, guda handiak igaro ostean eta behin egoera eroso bat aurkitu zuenean, aisialdirako hezitako herri batean bilakatu zen. Asko eta asko izan ziren eraiki ziren eraikin publikoak jendetza batu eta entretenitzeko. Erromatarrek, foroetara edo basilikara, teatrora, anfiteatrora edo zirkura joateaz gain, arratsaldero joaten zen terma edo bainu publikoetara.

Termak ziren lasaitzeko eta erlaxatzeko guneak, eta baita hartu eman sozialak hobetzeko lekua, ahaztu gabe osasunari ekartzen zizkion onurak. Terma handietan, boterearen aurkako matxinada bat baino gehiago planeatu zela jakina da.

Termak, antzinako bainu grekoen jarraipena dira. Thermosek beroa esan nahi du. Hasieran, helburu higienikoa zuten; osasuna zaintzekoa geroago; azkenik, terma hartu zen osasun zentro bat bezala, eta bainua arte bat balitz bezala atxiki zen erromatarraren bizitzara. Lehenengo bainuak, etxe aberatsen barruan zeuden kokatuta (K.a. II. mende inguruan). Beranduago, I. mendean, hedapen handiagoa jasan zuten bainu publikoek, lehen esandako gizarteratzea lortu arte.

Behar bada lehenengo terma publikoak Estabiuskoak izango ziren, Ponpeian. Erroman, Agripakoak izan ziren, K.a. 12 urtean eraikiak izan zirenak. K. o. 64 urtean Neronenak altxa ziren, baina hiritar erromatarrean benetako ezarpena ez zen gertatu K. o. II mendea arte. Trajanoren Termak ireki ziren garai hartan, eta hainbeste arrakasta izan zuten, ze oso era azkarrean hedatu ziren. Hura izan zen gainontzeko termentzako eredu nagusia.

Erromatar arkitekturan oso garrantzitsua zen eraikuntzen simetria, eta termetan oso ondo ikusi daiteke hau. Oinplano konplexua izaten du eta forma ezberdinetako areto eta galeriaz osatua. Galeria edo gela hauek funtzio ezberdinak jorratzen zituzten. Frigadarium deiturikoa ur hotzeko gela zen, tepidariuma ur epeleko gela zen, caldarium ur berokoa eta unguenta masajeak emateko gela. Mota guztietako sabai eta tronpa sistema kupula semiesferikoa eusteko aurki daitezke termetan. Hormabularrak ere, lehen aldiz agertzen dira galerietako gangan astuntasuna eusteko.

Basilikak

aldatu

Basilikak dimentsio handiko eraikinak ziren eta bere agerpena bi faktore nagusik bultzatu zuten: bata, Errepublika garaian eman zen gizarte hiritarraren garapen komuna; bestea, Estatu eskubidearen arrazoiak izan ziren. Azkar hedatu ziren basilikak erromatar probintzia eta lurraldeetan zehar baitzen Justizia ezarriko zuen eta arazo administratiboak kontrolatzeko lekua izan baitzen eraikin hori.

Hiru nabez osatutako oinplano angeluzuzena izaten zuen. Erdiko nabea altuagoa izaten zen barnealdekoa argitzeko. Euskarriak bezala horma sendoak erabiltzen dira kanpo aldetik. Barnean eta kolomak edo pilareak nabeen artean puntu erdiko arkuak eusten zituzten. Nabe zentralaren burua kupula erdiz estalitako gorputz semizilindriko batez osatzen zen. Kainoi erdiko gangak eta arista gangak erabiltzen zituzten basilika estaltzeko.

Arkitekturari egindako aportazio handienetako bat basilikaren barne espazio berria izan zen. Greziarren kanpo kolomak barne kolomak bihurtzean eraldaketa bat gertatu zen formen erabileran eta hori erromatarren jenioari zor zaio.

 
Maxentzioren basilikaren oinplanoa

Antzinako Historian ez dago beste eraikuntzarik hain legatu garbia utzi zuenik ekialdeko arkitekturan. Bizantziar arkitekturan, meskita arabiarrean eta Kristautasunaren garaian, erdi aroko eta berpizkundeko elizen eredua izan zen. Majentzioren Basilika da, beharbada, historian zehar errepikatuena izan den eraikuntza.

Majentzioren basilika, izen bereko enperadoreak agindu zuen K. o. 306 urtean eta 7 urteren buruan bukatua izan zen Konstantino Handiaren eskutik. Panteoiaren ereduaz baliatuz, basilika horrekin espazio bateratzailearen kontzeptua aplikatu zuen, aurrerantzean oso erabilia izan zen teknika arkitektonikoa izan zelarik. Dekorazioa Inperio garaiko momentu gorenekoaren elementu guztiak batzen ditu, eta teknika eraikitzaileak bateraketa formal paregabea ematen dio. Arkitektura Erromatarreko eraikuntzarik garrantzitsuenetakoaz hitz egiten ari gara.

Monumentu oroitzaileak

aldatu

Erromatar herriek hastapenetatik gurtu dituela bere agintariak jainko-jainkosak balira. Hortaz, zentzuzkoa da pentsatzea haien garaipen eta abenturen gogoangarri ziren obra eta monumentuetan gastu publiko handia inbertitzea. Kontuan hartu behar dugu Inperioaren handitasuna mantentzeko borrokatzen zuten jeneral edo beste karguei errespetu handia zor ziela erromatar herriak.

Garaipen arku, zutabe eta eraikuntza geometriko batzuen bidez aldarrikatu zuten erromatarrek, euren enperadore eta estrategek historian bizirik irauteko zuten nahikundea. Monumentu haien bidez ospatzen zituzten gudu-lekuetan lorturiko garaipenak.

Garaipen Arkuak

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Garaipen arku»
 
Konstantinoren Arkua, Erroman (315)

Garaipen Arkua zen garaile baten omenez egin zitekeen monumenturik ohorezkoena, izan ere horren lorpenak handiak izan zirela islatzen zuen. Beharbada, Arkuak pilono Egiptoarretan oinarrituak egon ziren, edo soilik ate etruskoetan. Baina bere seriotasun eta duintasun bereizgarria Tabulariumaren fatxadan zuten jatorri garbia. Hain zuzen ere, puntu erdiko arku hauek, forma helenistiko karratuagoak eta zuzenagoak gailenduz, erromatar fatxadei egin zen ekarpen handiena izan zen.

Enperadorearen ohorez eraikitako oroi monumentua. Handitasunaren lekuko, eta garaipen militarrak gogoratzeko eraikitakoak.

Hasieran, zurez egin ziren garaipen arkuak. Haren azpitik igarotzen ziren garailea, garaituak eta gerra-harrapakina. Oinplano errektangularrean jasotako pilareak, arkuak eta frisoa dira garaipen arkuaren osagarriak. Arku bakarrekoak eta hiru edo gehiagokoak eraiki ziren Inperioan zehar. Bi fatxadatakoak izaten ziren gehien bat.

Aipagarritzat hartu behar da monumentu hauen barne espazio erabilgarria. Berezko astuntasuna arintzeko garaipen militarrei buruzko erliebeak, koloma apaingarriak, frisoak eta abar. Aipagarria ere greziar kolomaren funtzio berria: euskarri izateko jaioa, ornamentu hutsa izatera behartzen dute.

K. o. 80. urtean eraikia izan zen Titoren Arkua jarri dezakegu, beldurrik gabe, eredutzat. Esan izan da grina eta edertasuna batzen dituela, baina batak bestea gailendu gabe, armonia ia perfektuan; erromatar arkitekturaren esentzia eta elementu guztiak bertan jasotzen direla esan daiteke Garaipenaren Arkua sakonki aztertu ezkero.

Garaipen Arkuan, atalarekin bukatu baino lehen batzuk aipatzearren, honako hauek izan ziren: Augustorena (Susa, K. o. VIII mendea), arku bakarrekoa eta apaindura eskasekin; Trajanorena (Benevento, K. o.114 urtea); Septimo Severorena (Erroma, K. o. 204 urtea); eta Konstantinorena (Erroma, K. o. 312 urtea), beste arku batzuetatik hartutako apainduraz hornitua zegoena.

Kolomak

aldatu

Erromaren lorpenak goratzeko beste monumentu bat koloma zen. Arkitekturari dagokionez, zutabe edo koloma bat atal arkitektoniko bertikal bat da, forma luzangakoa, orokorrean, egituraren pisua eusteko balio duena, modu apaingarrian ere erabil daitekeen arren, Erroman gertatzen zen bezala. Zutabeak Erromako mota guztietako eraikinetan aurkitzen ziren.

Koloma hauek erliebeak dekoratuko dira, adibidez, Trajanoren koloman espiral moduan gorantz, daziarren aurkako gerra azaltzen da erliebeen bitartez. Dimentsio handia izan ohi zuten eta bere barne eskailerak zituzten.

Obeliskoak

aldatu

Obeliskoa pilare edo zutabe erako monumentu bat da, oin karratua eta gehienetan garaiera handikoa, goiko muturrean piramidioi izeneko piramide bat duena. Obeliskoak jatorrian Antzinako Egiptokoak ziren eta esanahi erlijiosoa zuten, hauek "tekhenu" deitzen zieten. Greziarrek Egiptoko obeliskoak ikusi zituztenean grezierazko 'obeliskos' hitza erabili zuten hauek deskribatzeko eta hitz hori pasa zen lehenik Latinera eta ondoren beste hainbat hizkuntzatara.[6]

Lorategi erromatarrak

aldatu
 
Lorategi erromatarrak, Ponpeiako berreraikitzea.

Lorategi erromatarrak lasaitasun eta bake lekuak ziren, eguneroko hiri bizitzatik pixka bat urrundu eta atseden hartzeko txokoak. Lorategiak ez ziren soilik jende aberatsarenak, Ponpeian egindako indusketek erakusten dute lorategien tamaina moldatu egiten zela erromatar xumearen etxe tamainara egokitu ahal izateko.[7]

Ondorengo eragina

aldatu

Erromatar arkitekturak arkitektura aurrerromaniko eta erromanikoaren garapenerako oinarrizko eraginez hornitu zituen eta Europan zehar zabaldu zen, Inperioaren mugetatik haratago ere bai, Irlanda eta Eskandinaviara, adibidez. Ekialdean, arkitektura bizantziarrak eliza estilo berriak garatu zituen, baina gainerako eraikinak forma erromatarren antzeko geratu ziren. Berdina esan daiteke arkitektura islamiarrari buruz, non forma erromatarrak eragin handia izan zuten denbora luzean zehar, bereziki eraikin pribatuetan (etxeak, bainuak) eta eraikin zibiletan (zubiak, gotorlekuak).

Europan, italiar errenazimenduarekin batera, estilo klasikoen susperraldi bat izan zen, hasiera batean adibide erromatarretan oinarrituta zeudenak. Vitruvio arkitektoa teoriko askok berrinterpretatu zuten eta hiru printzipioren ordez, bost eratu zituzten. Arkitektura barrokoaren nabarmenkerien ondoren, XVIII. mendeko arkitektura neoklasikoak estilo klasikoaren formak berpiztu zituen, eta lehenengo aldiz, greziar munduaren eragina gehitu zion.

Hainbat estilo klasiko garatu ziren; hala nola arkitektura paladiarra, arkitektura geogiarra, arkitektura federala Estatu Batuetan eta arkitektura errepublikarra Hispanoamerikan.

Erreferentziak

aldatu
  1. (Gaztelaniaz) Pereira, José Ramón Alonso. (2005). Introducción a la historia de la arquitectura: de los orígenes al siglo XXI. Reverte ISBN 9788429121087. (Noiz kontsultatua: 2019-01-27).
  2. (Ingelesez) Henig, Martin (ed). (1983). A Handbook of Roman Art. 2. kapitulua "Architecture" Thomas Blagg. Phaidon ISBN 0714822140..
  3. The Ten Books on Architecture. .
  4. Abbott, Frank Frost; Johnson, Allan Chester. (1926). Municipal Administration In The Roman Empire. Princeton University Press (Noiz kontsultatua: 2019-01-16).
  5. Dennison, Walter. (1908-06-01). The Roman Forum as Cicero Saw It. The Classical Journal (Noiz kontsultatua: 2019-01-16).
  6. (Ingelesez) Baker, Rosalie F.; Baker, Charles F.. (2001-11-29). Ancient Egyptians: People of the Pyramids. Oxford University Press, USA ISBN 9780195122213. (Noiz kontsultatua: 2019-01-15).
  7. Semple, Ellen Churchill. (1929-07). «Ancient Mediterranean Pleasure Gardens» Geographical Review 19 (3): 420.  doi:10.2307/209149. ISSN 0016-7428. (Noiz kontsultatua: 2019-01-15).

Kanpo estekak

aldatu
  NODES
Done 1
see 1