Askatasun
- Artikulu hau kontzeptu filosofikoari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Askatasuna (argipena)».
Askatasuna, jaretasuna edo libertatea kontzeptu filosofiko zabala eta lauso samarra da. Azalpen ezberdinak eman izan zaizkio pentsamendu-korronte anitzetatik. Jarduera jakin bat egiteko ala ez egiteko gizakiak duen ahalmen gisa definitu ohi da. XVIII eta XIX. mendeetako iraultzen ondorioz, Frantziako iraultza batik bat, justizia eta berdintasunaren kontzeptuekin lotu ohi da.
Askatasun motak
aldatuEguneroko bizitzan askatasunaz mintzatzen garenean eskuarki haren bi alderdi, edo bi ikuspegi, bereizten ditugu.
Barne-askatasuna: inoren eragozpen ezta eraginik gabe, pertsonak bere adimena eta nahimenaren bitartez, hainbat aukeren artean hautatzeko gaitasuna duenean ematen da.[1] Zentzu honetan pertsona bat askea da sentitzen duenean berak hartu duela erabakia, esaterako aukera asko izan arren bat hautatzera behartuta sentitzean askatasun honen murrizketa dagoela esan daiteke. [2]
Kanpo-askatasuna: zentzu honetan askatasuna eta aukera kopurua elkarri lotzen zaizkio.[2] Askatasun fisiko eta publikoari eragiten dio erreferentzia. Fisikoa, leku fisikoetara joateko aukera izatea da eta askatasun publikoak, askatasun zibila, politikoa, adierazpen-askatasuna, askatasun ekonomikoa barne hartzen ditu, besteak beste.[1]
Askatasun hitza modu askotara erabili ohi da, Isaiah Berlinek (1909-1997) bi adieratan banatu zituen “askatasunaren bi kontzeptu” artikuluan: negatiboa eta positiboa.
Askatasun negatiboa: modu jakin batean jokatu edo ez jokatzera behartuta ez egotea da, honi hertsadurarik eza deitzen zaio. Inork ez badu aktiboki galarazten zerbait egitea edo ez egitea askatasun positiboa dago. Askatasun indibidualari dagokionean ikuspuntu ezberdinak daude; esate baterako, estatuak zenbaterainoko esku hartzea izan behar duen hiritarrengan. John Stuart Mill filosofoaren arabera inork kalterik jasotzen ez badu, norbanakoek askatasun indibiduala izan behar dute erabakietan erra badaitezke ere. Norbaitek bere bizitzaren inguruan hartutako erabakiak onak ez badira ere, onartu egin behar dira inori kalterik egiten ez dioten artean, bestela gurasokeriaz jokatuko litzateke. Zaila gertatzen da ordea, kalte egitea zer den zehaztea, hala nola kalte emozionala.
Askatasun positiboa: nork bere bizitza kontrolpean izateko askatasuna da; beraz ez dago beharrezkotasunarekin lotua. Askatasuna ulertzeko modu honen arabera, kontua ez da norberaren nahia betetzeko oztoporik ez egotea, baizik eta gizabanakoa bide zuzenetik ibiltzea, bere bizitzaren inguruko plan zuzen eta egoki bat izatea.[2] Kasu honetan, adibidez, alkoholiko bat hertsatzea ez legoke gaizki beren ekintzen erantzukizuna ez lukeelako izango. Askatasun positiboan norbanakoak bere bizi-aukerak egingo lituzke auto-errealizazioa lortzeko. Isaiah Berlinen arabera ikuspegi positibo honek hertsadura bidegabeak ezartzeko joera izan dezake, askatasuna handitzen ari direla argudiatuz modu jakin batera jokatzera behartu daitekeelako.[1]
Antzinako Grezian
aldatuAskatasuna zentzu metafisikoan, politikoan, juridikoan eta erlijiosoan ulertu izan da, besteak beste. Antzinako Grezian askatasunaren kontzeptua politikan eta erlijioan erabiltzen zen. Hiritarrak askatasuna izango luke eskubide zibil moduan, ez horrela atzerritarrak, emakumeak edo esklaboak.
Sokratesek arabera, aukera morala jakintzak baldintzatzen du; izan ere jakintza duenak ongia egingo du eta gaizkia ez da borondatez egiten. Aristotelesentzat borondatezko ekintza bat askea da indibiduotik jaiotzen denean eta ez dagoenean kanpo faktoreek baldintzatuta. Aukera hau, ordea, zirkunstantzia partikular guztien jakintza izanik egin behar da; horrela aukera zorrotzagoa izateaz gain askeagoa izango da. [3]
Teologia Kristauan
aldatuTeologia kristauak askatasunaren kontzepzio klasikoa asko aldatu zuen askatasun politikoa eta pertsonaletik aldenduz eta jatorrizko bekatuak dakarren esklabotzarekin lotuz. Beraz, gizakia ezingo da errutik eta bekatutik aldendu eta askatasuna mundu hau uztean lortuko da.
Orduan, arazo bat sortuko da; izan ere, giza askatasunarekin duen erlazioa finkatu beharko da. Aukeramen askearen auziak garrantzia izango du eta eztabaida luze baten hasiera izango da; autore hauek landu zuten gaia, besteak beste: San Agustin, Scoto Erigena, Santo Tomas, Erasmo eta Lutero. [3]
Mitologian
aldatuErromatar mitologian Libertasek sinbolikoki erromatar hiritartasuna zutenen eskubideei eta askatasun pertsonalari egiten zien erreferentzia. Emakume bat zen, azpian katu bat zuen eta eskuetan zetro bat eta txapel bat zituen. Libertas, gaur egungo sinbolo askoren inspirazioa izan da, adibidez, Askatasunaren estatua New Yorken.
Jainkosa estatusa K.a. 238. urtean eman zioten erromatarrek. Tiberiusek tenplu bat eraikitzeko agindu zuen Aventino mendian. Ondoren, beste tenplu bat egin zuten (K.a. 58-57) Palatino mendian eta beste bat Erromako zazpi muinoetan, orduan erbesteratuta zegoen Zizeronen etxea zegoen tokian. Bueltatu zenean, Zizeronek lurrak erreklamatu zituen eta tenplua behera bota zuen. K.a. 46. urtean senatuak Julio Cesarren omenez beste tenplu bat egitea adostu zuen; baina azkenean estatua bat eskaini zioten Erromatar foroan. [4] Bazen askatasunaren beste Jainko bat ere, Liber, Liber Pater ere deitu izan dena. Jainko hau ardoaren, askatasunaren eta ugalkortasunaren Jainkoa zen. Plebeioen patroia zen eta Aventinoko triadaren parte izan zen. [5]
Indibiduoaren sorrera
aldatuErdi Aroa eta gizarte aurreindibidualista
aldatuErdi Aroan indibiduoaren askatasunak ez zuen garrantzirik, gizabanakoak funtzio bat zehaztua zuen ordena sozialaren barruan. Ez zuten lanbidea aukeratzen, ezta non biziko ziren ere; askotan janzteko modua eta jango zuten janaria ere zehaztuta zeuzkaten. Posizio ekonomiko jakin batean jaiotzen ziren eta beren bizitza tradizioak determinatzen zuen. Beraz, ez zegoen indibidualismo moderno gisa ulertzen duguna eta ezta askatasunaren kontzepzio modernoa ere. Hau horrela izanda ere, Erick Frommen arabera indibidualismo konkretua zuten beren bizitzen egituraren barruan, bizitza posibleen artean aukeratzeko askatasuna ez zuten arren, aukeramen askea kontzeptu abstraktua da eta aukera konkretuak egin ahal zituzten beren bizitzen mugen barruan.
Erdi Aroaren amaieran, ordea, burgesiaren sorrera gertatu zen Italia iparraldean eta kapital indibidualak eta iniziatibak garrantzia hartu zuten gizartean. Honek zentzu ezberdina hartu zuen nekazarientzat edo klase aberastuentzat; nahiz eta aberastasuna lortzeko posibilitateak ireki, ordura arte izandako bizitza tradizionalarentzat mehatxu bat izan zen. Aberastasuna eta boterearen arteko harremana estutzen joan zen eta honek aldaketa nabarmenak ekarri zituen nekazari eta artisauentzako. Langile gutxiko gremioetan egiten zuten lan Erdi Aroan eta langileak noizbait lantegiko buru izateko aukera zuen. Erdi Aro amaieran eta Errenazimentuaren hasieran, ordea, gremio bakoitzean lanean hasten ziren langileak asko ziren eta ez zuten aukera hori. Momentu honetan indibiduoa berria sortu zen, bai norbere burua identifikatzeko orduan eta baita bestelako pertsonak identifikatzeko orduan ere.[6]
Erreforma protestantea
aldatuLuteroren sisteman gizakiak independentzia du Jainkoarekiko harremanari dagokionez, hau giza esperientzia indibidualarekin lotzen da. Max Weberrek lanaren inguruko pertzepzioaren aldaketa izan zela aztertu zuen erreforma protestantearekin batera. Lana helburu bat bilakatu zen bere horretan eta honek pentsamendu aldaketa bat sortu zuen. Gizarte guztietan gizakiak lan egin behar du bizirik irauteko, gizarte batzuetan, ordea, lana ez zen duina, beraz esklaboek eta herritar xeheek egiten zuten. Kontzepzio aldaketarekin gizakia lan egitera bultzatzen zuen indarra aldatu zen, kanpo presioaz gain barne presioa handitu zelarik. Askatasunak esanahi ezberdina hartu zuen burgesentzat eta herriarentzat. Lehenengoak askatasunaren aldarri positiboa egin zuen, gizakia bere zoriaren jabe zela aldarrikatuz. Bestetik, herri xeheak askatasuna lortu beharreko helburu gisa ikusten zuen. Protestantismoarekin hasi zen bide hau kapitalismoarekin sakondu zen, irabazi materialak helburu bilakatu ziren. Kontuan izan behar da helburua biziraupena bera izan zela Erdi Aroan eta produkzioa hori lortzeko bitartekaria. Sistema ekonomikoaren garapena bilakatu zen gizakiaren eginkizuna, beraz giza ekintza indibiduotik kanpoko helburu batera bideratu zen. [6] [7]
Indibidualizazioa psikologian
aldatuAskatasunak gizartean duen adiera ulertzeko kontuan izan behar da indibiduoaren sorrera eta autokontzientzia. Gizakia, jaiotzen denean, dependentzia egoera batean dago eta bere behar fisiologikoak asetzeko beharrezko ditu beste pertsonak. Ondoren pixkanaka indibidualizatzen joango da. Prozesu honen aurretik dauden erlazioei “lotura primario” deritze. Hauek askatasuna murrizten badute ere, garapen normalerako beharrezkoa izateaz gain, segurtasuna, orientazioa eta pertenentzia bermatzen dizkie gizabanakoei bizitzako lehen urteetan. Lotura primario hauek mota askotakoak izan daitezke, tribu bat, etxe sozial bat, familia bat; besteak beste.
Umea hezten doan heinean lotura primario hauek indarra galtzen dute eta gizakia askatasuna eta independentziaren bilaketan hasten da. Esan daiteke niaren indarra eta garapena handiagotzen joaten dela indibidualizazio prozesuaren bitartez. Prozesu honek, ordea, gizartearen araberako mugak dauzka eta gizabanakoak nekez gaindituko ditu hauek. Beraz, gizarte oro indibidualizazio maila batez ezaugarritzen da. Prozesu honetan askatasuna irabazten bada ere, bakardadearen gorakada bat egon daiteke. Erick Fromm psikologo eta filosofoaren arabera gizakia gorputz gisa indibiduo bat bilakatzen den momentua izango litzateke zilbor hestearen etetea, baina lotura primarioak indibidualizazio prozesuaren bitartez hautsiko lirateke. [6]
Giza eskubideak
aldatuAskatasuna Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren (GEAU) muinetako bat da eta osatzen duten atal askotan aipatzen da. Besteak beste, gizakia berez jaiotzaz duina dela esaten da lehen artikuluan eta munduko askatasuna, justizia eta bakea eskubide berdin eta ukaezinetan oinarritzen direla. Askatasun eta eskubide hauek gizaki orori dagozkiola esaten da 2. artikuluan eta ez dela inor bereziko arraza, larru-kolore, sexu, hizkuntza, erlijio, politikako edo bestelako iritzi, sorterri edo gizarteko jatorri, ekonomia maila, jaiotza edo beste inolako gorabeheragatik, 3. artikuluan norbanako guztiek dituzten bizitzeko, aske izateko eta segurtasuna izateko eskubideak aldarrikatzen dira, 13. artikuluan pertsona bakoitzak joan eta etorri askean ibiltzeko eskubidea duela esaten da, 18. atalean pentsamendu eta erlijio askatasuna aipatzen dira eta 19. artikulua adierazpen askatasunari dagokio. [8]
Herrien determinazio askearen eskubidea, autodeterminazio eskubide gisa ezagutzen dena, herri batek bere gobernu formak hautatu eta garapen ekonomiko, sozial eta kulturala bideratzeko eskubidea da. Determinazio askeak izan ditzakeen ulermen ezberdinak “herri” terminoa definitzerakoan dauden arazoei dagozkie. Nazio Batuen Erakundearen Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunean (1966koa) ageri da, nahiz eta ez den ageri, berez, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalean.[9]
Adierazpen askatasuna
aldatuAdierazpen askatasunak izaera bikoitza duela esan daiteke. Batetik, norbere esparruan, gizakiaren duintasunarekin eta tratu bera izateko eskubidearekin lotzen dena. Bestetik, politika-esparruan, izan ere, askatasun horren gauzatzetik, besteak beste, datorkigu benetako demokrazia. Horrenbestez, askatasuna ez da gizakiaren oinarrizko eskubidea soilik, oinarrizko erakunde politiko baten onartze eta bermea ere bada; eta hori, aniztasun politikoa, gure zuzenbide-antolamenduaren oinarrizko balio izateaz gain, estatu demokratikoaren ezinbesteko baldintza ere bada.[10]
John Stuart Mill adierazpen askatasunaren aldekoa da inori kalterik eragiten ez dion heinean, nahiz eta zaila den kalte hau noiz gertatzen den definitzea. Mill saiatu zen definitzen zer den kalte egitea. Kalte egitea ez da molestatzea edo gaitzitzea edo sentimenduak mintzea. Millen arabera, kalte egitea da norbaiten interesa kaltetzea, eta interesa kaltetzea da eskubideetan oinarritzen den interesa kaltetzea.[2] Adierazpen askatasuna gehiegikeriaz eginez gero eta norbaiten eskubideei kalte eginez gero zentsura erabili beharko litzateke. Zentsuraren erabilera zaindu behar da. Izan ere, Millen aburuz zentsura erabiltzen duen orok usteko luke ezin duela akatsik egin edo oker egon auzi baten inguruan. Beraz, faltsua dela uste izateagatik zentsuratzea ez litzateke balekoa izango egiazkoak diren ideiak hedatzea galaraz dezakeelako. Gainera, informazioa inoiz ez bada dudan jartzen dogma bilaka daitekeela uste zuen. Egiaren eta faltsutasunaren arteko talkak egia garaile egingo zuela esaten zuen eta usteak auzian jarriz usteen hobetze bat izango zela halabeharrez. Beraz, adierazpen askatasuna bermatu beharko litzateke baita adierazpenak faltsuak direnean ere; izan ere, gizartearentzat onuragarria izango zela uste zuen. Gaur egun adierazpen askatasunak izan beharreko mugen inguruko eztabaida irekita dago.[1]
Askatasunaren murrizketa eta autoritateak
aldatuAskatasunetik ihes egiteko lehen mekanismoa autoritatea dela dio Erick Frommek. Niaren independentzia ukatu eta norbere buruaz kanpoko zerbaitekin batuz lotura sekundarioak osatuko lituzke gizakiak, galdutako lotura primarioek utzitako hutsunea betetzeko. Horrenbestez, sumisiorako joera bat agertuko litzateke errealak edo fikziozkoak izan daitezken kanpo indarretara. Autoritatea erlazio interpertsonal bat da non dominatzailea eta mendekoa dauden. Hau modu ezberdinetara gerta daiteke; izan ere, autoritateak ez du zertan kanpo indar bat izan, autoritate batzuk niaren parte izan daitezke. Gizakiak arau sozialak barneratzean, barne autoritate bat sortuko litzateke, norberaren nahimena eta askatasuna mugatuz. Autoritatea gorputz kanpokoa denean aginduen ebidentzia egon ohi da eta errazagoa da hau identifikatzea, pertsonaren nira batu den autoritatea, ordea, ikusezina izan daiteke.[6]
Autoritate politikoari erreparatuz, gaur egungo estatuei begiratzen badiegu, xehetasunak alde batera utzita, jendea autoritatepean bizi da. Autoritatea errespetatzen ez denean zigor sistema bat dago eta dialektika honek, oro har, onarpen bat du gizartean. Autoritate politikoaren premia onartzen bada ere, autoritate honen esku hartzearen inguruan eztabaida handia dago. David Humen ustez, badago autoritate minimo bat, konfiantza handiko giroan gertatzen dena, esaterako, familia giroan. Hor badaude arauak, baina autoritate politikoa minimoan dagoela esan genezake. Beste muturrean, mendeko egoera bat dago non autoritateak herritarrari labaina lepoan jartzen dion, kasu honetan autoritatea maximoa litzateke. Autoritatea minimizatzearen aldekoak dira anarkistak. Piotr Alekséyevich Kropotkin (1842-1921) anarkistak irudikatzen du egoera bat non gizakiak talde txikitan banaturik dauden, non denek ezagutzen duten elkar, non oinarrizko sentimendu batzuek kontrolatzen duten jendea. Horrenbestez, autoritate politikoaren premiarik ez dagoen. Agian, beste mutur batean kokatu daiteke Thomas Hobbes (1588-1679) pentsalariaren ikuskera, Leviathan (1651) obra klasikoan jasotzen dena. Hobbesek autoritate politikorik gabeko egoera irudikatzen du, “egoera naturala” deitzen dio eta gerra egoerara garamatzala argudiatzen du giza izaeraren ikuspegi ezkor bat baitu. Hori dela eta, aukerarik onena tirania litzateke. John Locke (1632-1704) eta Jean Jacques Rousseau (1712-1778) filosofoek ere gizarte kontratua ekarri dute gogora egoera naturaletik egoera zibilera doan jauzia azaltzeko. Azpimarratu behar da, dena dela, hiru pentsalari horiek oso modu desberdinetan irudikatzen dutela egoera naturala eta egoera horren ondorengoa. Esaterako, egoera zibilean, Rousseauren ustez jendeak nahimen orokorraren zati gisa ikusi behar du norbere burua; hau nahimen bakarra duen banako organiko gisa irudikatzen du.[2]
Liberalismoa
aldatuLiberalismoak gobernuaren edo autoritate politikoaren (eta bestelako kanpo eragileen) esku hartzetik edo eraginetik babestu nahi du norbanakoaren askatasunaren eremua. Liberalismoaren arabera, norbanakoaren askatasuna da babestu beharreko balio nagusia.[2] Askatasunak, batetik, norberaren nahiak gauzatzea ahalbidetzen die gizabanakoei, eta bestetik, berriz, gizakiaren behar iraunkorra da, gizakiaren “izaerak” edo “funtsak” berezko duen zerbait; liberal guztiak bat datoz horretan. Askatasuna, beraz, gizakiaren beharrizanik funtsezkoena da, baina, horretaz gain, beste helburu batzuk erdiesteko bidea ere bada. Jabetza da xede horietako bat. Horregatik, gizartean bizi diren gizabanako guzti-guztientzat ahalik eta askatasunik handiena lortzen saiatu dira liberalak historian zehar (Antzinako Erregimenak askatasunari jarri zizkion oztopoen kontra borrokatuz, besteak beste).
Liberal batzuen iritziz, esaterako, askatasuna babestuko bada, Estatuak gizartean eta gure bizitzan esku hartzen jarraitu behar du, baina legea betearazteko eta ordenari eusteko bakarrik. Haien ustez, beraz, botere publikoek askatasuna, jabetza eta segurtasuna bermatzearekin zerikusirik duten eginkizunak soilik bete beharko lituzkete. Auzitegiak, polizia eta armada dira Estatuak finantzatu eta atxiki beharreko erakunde bakarrak. Beste liberal batzuen ustez, ordea, Estatuak nahitaez bermatu behar dizkie herritar guztiei hezkuntza publikoa, osasuna, langabezia-asegurua eta haien ongizaterako beharrezkoak diren beste baliabide batzuk. Liberal horiek diotenez, justizia sozialaz arduratzen ez den askatasuna askatasun formala da, erretorikoa, edukirik gabea. Hala ere, aldeak alde, liberal guztiek goian aipaturiko oinarriak aldarrikatzen dituzte; printzipio horiek gauzatzeko moduak bereizten ditu elkarrengandik, hau da, bide desberdinak proposatzen dituzte balio horiek sustatzeko eta gordetzeko. [11]
Libertarioa
aldatu“Libertario” terminoa polisemikoa da. Etimologikoki askatasunaren aldekoa izango litzateke eta autoritario edo deterministaren antonimoa; hau askatasunari ematen zaion esanahiaren araberakoa izango da filosofia politiko edo metafisikoari lotua egonik. “Libertario” hitzaren erabilera aukeramen askearen aldeko gisa erabili zen Ingalaterran XVIII. mendean, baina filosofia politikoan anarkismoari edo libertarismoari egiten dio erreferentzia. Biek indibiduoaren askatasuna defendatzen dute baina oinarri filosofiko eta tradizio historiko ezberdinetatik. [12]
Mijail Bakuninen ustez, giza zoriontasuna, duintasuna eta inteligentzia garatu daitezen, kondizio bakarra askatasuna da. Askatasun formala, estatuak erregulatutakoa, gehiengoaren esklabotzan oinarritua dagoela uste zuen, gutxi batzuen pribilegioen errepresentazioa izanik. Hau gaitzesteaz gain, Rousseauren askatasunaren kontzepzioa fikziozkoa eta egoista dela uste zuen, izan ere estatuak norbanakoaren askatasuna hutsera mugatuko luke. Bakuninek defendatzen duen askatasunak gaitasun material, intelektual eta moralak garatzea bermatuko luke eta askatasun honen muga bakarra giza natura indibidualarenak lirateke. Hauek ordea, ez dira mugak, ez baitira kanpo indar batek sortuak. Askatasun indibiduala lortzerik ez gizateriaren askatasuna lortu gabe, beste pertsonen askatasunak ez luke norbanakoarena mugatuko, askatasun indibiduala lortzeko kondizioa litzateke. [13]
Existentzialismoa
aldatu“Betiko existitzera kondenatua nago, nire esentziaz haratago […] libre izatera kondenatua nago”
Jean-Paul Sartrek ez zuen pentsatzen existentzia determinatzen zuen izaki gorenik zegoenik; gizakia, bere existentziaren erantzulea izango litzateke nahiz eta jaiotza espontaneoa izan. Modu honetan bere ekintza eta hautuen arduraduna izango da. Beraz, erantzukizun osoa jartzen du Sartrek norbanakoarengan, baita norbere buruaren osaerarena ere, ekintzen bitartez norbere existentziaren zentzua definitzen joango litzateke gizakia. Beraz, askatasunak bi dimentsio izango lituzke; lehena objektiboa, gizaki oro aske baita eta bigarrena subjektiboa, askatasuna bizitzeko moduari dagokiona. Sartrek aske izatea hautatzeko autonomia bezala ulertzen du. Gizakiak denbora osoan hautatu behar du, zeren ekintza bat ez egitea ere hautu bat litzateke; beraz, banaezinak dira gizakia eta askatasuna. [14]
Erreferentziak
aldatu- ↑ a b c d Warburton, Nigel. (D.L. 2011). Oinarrizko filosofia. Universidad del País Vasco, Servicio Editorial = Euskal Herriko Unibertsitatea, Argitarapen Zerbitzua ISBN 978-84-9860-543-3. PMC 796359925. (Noiz kontsultatua: 2021-05-24).
- ↑ a b c d e f Arrieta Urtizberea, Agustín. (D.L. 2015). Filosofiarako sarrera bat. Universidad del País Vasco = Euskal Herriko Unibertsitatea ISBN 84-9082-285-9. PMC 1010849900. (Noiz kontsultatua: 2021-05-24).
- ↑ a b (Italieraz) Libertà. 2021-05-12 (Noiz kontsultatua: 2021-05-24).
- ↑ (Italieraz) Libertas (divinità). 2020-11-19 (Noiz kontsultatua: 2021-05-24).
- ↑ (Italieraz) Liber. 2021-05-09 (Noiz kontsultatua: 2021-05-24).
- ↑ a b c d Fromm, Erich. (1992). El miedo a la libertad. Editorial Paidos Mexicana ISBN 84-493-0853-4. PMC 31204698. (Noiz kontsultatua: 2021-05-24).
- ↑ Giner, Salvador. (2013). Historia del pensamiento social. (13a ed. argitaraldia) ISBN 978-84-344-0923-1. PMC 847572407. (Noiz kontsultatua: 2021-05-24).
- ↑ www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2021-05-24).[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ (Gaztelaniaz) Sorily, Figuera Vargas; Andrea, Ariza Lascarro. (2015-07). «Derecho a la autodeterminación de los pueblos indígenas en el ordenamiento jurídico colombiano» Revista de Estudios Sociales (53): 65–76. doi: . ISSN 0123-885X. (Noiz kontsultatua: 2021-05-24).
- ↑ Adierazpen-askatasun. 2021-03-02 (Noiz kontsultatua: 2021-05-24).
- ↑ (Gaztelaniaz) Liberalismo. 2021-05-23 (Noiz kontsultatua: 2021-05-24).
- ↑ (Gaztelaniaz) Libertario. 2021-04-03 (Noiz kontsultatua: 2021-05-24).
- ↑ author., Bakunin, Mikhail Aleksandrovich, 1814-1876,. Dios y el estado. PMC 1248607309. (Noiz kontsultatua: 2021-05-24).
- ↑ (Ingelesez) Horla, El. Jean-Paul Sartre Una filosofía de la libertad.. (Noiz kontsultatua: 2021-05-24).