Aurresku

Euskal dantza, gizonezkoek sokan dantzatzen dutena eta emakumezkoak sokan tartekatzera gonbidatzen dituztena

Aurreskua euskal dantzarik ospetsuenetakoa da, omenaldi edo erreberentzia moduan jende aurrean dantzatzen dena. Gaur egun erritu bat bihurtu da edozein motatako jaialditan aurreskua dantzatzea Euskal Herri osoan. Esaterako, ezkontzetan, inaugurazioetan, kongresuetan, ekintza publikoetan, eta abar. Horregatik euskal kulturan tradizio bat bilakatu da.

Aurreskulari bat agurrean salto egiten.

Aurreskua, gaur egun ezagutzen dugun moduan, dantzari edo aurreskulari batek dantzatzen du, txistulari batek lagunduta. Txistulariak txistua jotzen du esku batekin, euskal tradizioko airezko instrumentua. Beste eskuarekin danbolina jotzen du. Era tradizionalean dantzatzen bada, lau zatitan banatuta dago: lehenengoa, Aurrez-aurrea; bigarrena, Esku-aldatzea; hirugarrena, Zortzikoa; eta laugarrena, Agurra.

Tradizioak hala eskatuta, dantzaria gizonezkoa izaten zen eta modu tradizionalean jantzita[1] joaten zen. Alkandora eta praka zuriak, txapela beltza eta gerriko berdea edo gorria. XXI. mendean nesken tradizio berria sortu da eta emakumezkoen tradiziozko jantziak[2] erabili izan dira.

Sorrera

aldatu

Ohorezko aurreskuak, gaur egun dantzatzen dena, soka-dantza deituriko dantza baten du jatorria. Biribil batean dantzatzen zen, normalean mutilek osatzen zuten eskutik helduta edo zapi bat eutsiz, soka bat osatuz. Dantza hau Euskal Herrian gehien dantzatu dena izan da denbora luze batez, jaialdi handietan alkate eta diputatuek animatzen ziren. Horregatik aldaketa ugari jasan ditu eta hainbat izen jaso ditu. Dantzari guztien artean garrantzia zutenak bi ziren. Lehenengo mutila, aurreskua deiturikoa, eta azken gizona, atzeskua. Dantzaren hasieran, gizonek buelta bat ematen zuten plazatik txapela eskuan izanda. Horren ostean, aurreskua dantzan hasten zen. Aurreskuaren postua izateak ohore handi bat suposatzen zuen. Horregatik batzuetan eztabaidak sortzen ziren postu hori lortzeko.

Dantza honen ostean, aurreskua eta atzeskua plazaren erdian kokatzen ziren eta dantza bat hasten da, aurrez aurre deiturikoa. “Desafio” izena ere eman zaio, gaztelaniazko hitza erabiliz. Ondoren, sokan zeuden bi edo lau mutil askatzen ziren eta plazako emakume bat aukeratzen zuten aurreskulariarentzako. Normalen alkatearen alaba zen, edo antzeko boterea zuen emakumeren bat. Dantzaria aurreratzen zen eta neskaren aurrean zati bat dantzatzen zuen, hain zuzen, oso zaila zen zatia. Bukatzean, dantza hura berriro errepikatzen da baina atzeskuarekin. Dokumentatua dago Gizaburuagan 1652 urtean, iraileko Andra Mari jaietan, egin zen dantza; Lekeitioko bikarioa izan zen aurreskua eta Bizkaiko Ahaldun Nagusia ere bertan zela aipatzen da. Alkateak eta agintariak ere azaltzen dira herriko jaietako une garrantzitsuetan. Bestalde, gazteen artean zabaldurik, XVIII. Mendean elizgizonek ezarritako debeku eta aurkako adierazpenen testigantzak daude, gizon, gazte eta emakumeek “eskuetatik uztartuta” egiten zuten dantza honen kontra. [3].

Garapena

aldatu

Aspaldian, dantza honen pausuak bat-batean inprobisatu egiten ziren, baina denborak aurrera egin ahala, finkatu ziren pausuak, gaur egungo dantza zoragarria lortu arte. Dantza hau ondo egitea ez da batere erraza, forma fisiko ezin hobeko dantzari batek soilik dantza dezake, hainbat orduko entsegua igarota.

Urteak aurrera egin ahala, antzinako soka-dantzak eboluzio bat jasan du, gaur egun aurreskua bilakatu arte.

Emakumeak ere aurreskulari

aldatu
 
Emakume[Betiko hautsitako esteka] aurreskulariak. (Kutxateka, Fondo Fotocar/Vicente Martín eta UEU/IgorMarkaida)[4]

Oier Araolaza dantzari eta dantza-ikertzaileak bere doktorego-tesian generoa eta euskal dantza aztertu zuen.[5] Ikerketa horren arabera, XIX, mendearen bukaeran aldaketa esanguratsu bat hasi zen gertatzen gizartean eta euskal dantzan. Aurreko hiru mendeetan debekuen bidez lortu ez zena, lortu zen orduan: emakumeek aurreskuak dantzatzeari utzi zioten. Lehen Mundu-Gerraren ondotik nagusitzen hasi ziren genero-ikuspegi bereizleak. Hortik aurrera aurreskua tradizioz gizonezko dantza esklusibo gisa aurkeztu zen eta aurreskua gorputz-adierazpen eta erritual maskulinotzat transmititu zen. Ordura arte sagar-dantza, arku-dantza eta zinta-dantzak gizonezkoek ere dantzatu arren (eta zenbaitetan gizonezkoek bakarrik), genero-marka femeninoz etiketatu ondoren gizonen errepertoriotik desagertu ziren pixkanaka. Genero-kategorizazioaren araberako dantzen sailkapena ezartzen joan zen modu horretan XX. mendearen hasieran, emakumeen eta gizonen dantzak guztiz bereiziz eta bakoitzari zegozkion dantzakera-ereduak eraikiz eta indartuz.[4][6]

Argitara eman diren aurresku-irudi nabarmenetan, Santurtzin 1921ean filmatu zirenetan, emakumeak ziren dantzariak.

Otxandioko emakumeek aurreskua dantzatzen zieten errementariei jaietan, sukaldarien egunean, 1936ko bonbardaketak tradizioa errotik eten zuen arte. Sabina Oiangureni esker, dantza hori berreskuratuko dute 2017ko uztailaren 22an.[7][8]

Historian zehar emakume dantzarien kontrako testigantzak ez dira gutxi izan Araolazaren liburuak erakusten duenez: Axularrek dantza bekatutzat hartu zuen, Añibarrok desonesqueriaren adigarritzat, eta Aita Donostiak patriarkatua arriskuan ikusi zuen, autoritate zibil, politiko eta militarrek ere geraraz ezin zezaketen dantza zela eta.[9]

Gainera, testigantza horiek beste gauza bat frogatzen dute Miren Aizpururen ustez: Poulain de la Barrek esan bezala, «gizonek emakumeei buruz idatzi duten guztia susmagarria da, gizonak aldi berean epaile eta alderdi baitira». Epai horietan ez da beti emakumea mendeko subjektu bezala deskribatu, edo bigarren mailako izaki legez; bai, ordea, subjektu pasibo moduan. Emakumea dantzatua, gurtua izan dela azpimarratu dute behin eta berriz (gizonek, oro har), inork emakumeei galdetu gabe gurtuak izan nahi duten edo ez, euren erabakitzeko autonomia erabat deuseztzat joz. Maiz era horretako kontakizunek errealitatea desitxuratu bazuten ere, lan honek erakusten du diskurtsoak zenbateraino itxuratu duen errealitatea, gizonen gozamenerako plastilina bailitzan.[9]

Tradizioak eta txapelketak

aldatu
 
Gizon-dantza (Donostiako Plaza Berria, 1900 edo)
 
Aurreskua umeek dantzatua (Donostiako Plaza Berria, 1916)

Euskal Herrian tradizio bat bilakatu da ezkontzetan aurreskua dantzatzea. Aurreskulariak bere txistulariarekin azaltzen da eliza edo espetxearen kanpoan. Ezkonberriek zeremonia aurrera eramaten duten bitartean, txistulariak partitura jotzen du akatsak ez izateko. Bitartean aurreskulariak luzaketak egiten ditu, baita dantza gainetik birgogoratu ere. Ezkontzako gonbidatuak ateratzen diren heinean, zirkulu erdi bat osatzen dute, dantzaria erdian egoteko elizarekin aurrez aurre, eta txistularia albo batera. Ezkonberriak ateratzen direnean musika hasten da eta normalean, dantzariak txapela botatzen du. Beste batzuetan ordea, emakumeari buruan jartzen zaio.

Aurreskua ere tradizioa bihurtu da jaialdietan, hiriko jaietako berbenan, jaiotzetan, eta hainbat festetan. Abuztuaren 15ean, Begoña egun handian, Bilboko alkateak soka dantzan parte hartzen du aurreskua dantzatzen.[10] 2020koan pandemiarengatik Euskal Museoan egin behar izan zen (Publiko berezia urte berezi baterako![11]).

Beste alde batetik, aurresku txapelketak sortu dira. Hiru txapelketa nagusi ezagutzen dira:

Lehenengoa, aldi berean garrantzitsuena, Euskadiko Aurresku Txapelketa da. Sestaon egiten da, uztailaren azken astean, Inazio Deunaren egunez. Dantzari bakoitzak bere aurreskua dantzatzen du publikoaren aurrean eta txistularia buelta emanda dago, horrela aurreskulariak musika jarraitu behar du. Lehendabiziko txapelketa 1978an izan zen.

Bigarren, Bizkaiko Aurresku txapelketa da. Ondizen ospatzen da, Leioan. Arauak berdinak dira baina lau modalitate daude: 15 urte azpiko mutilak, 15 urte azpiko neskak, 15 urte baino gehiago dituzten mutilak eta 15 urte baino gehiago dituzten neskak. Nagusientzat sariak handiagoak dira. Lehenengoak 300 euro eta txapela jasotzen du, bigarrenak 200 euro, eta hirugarrenak 150. Txikien irabazleak 250 euro jasotzen ditu, bigarrenak 150 eta hirugarrenak 100. Partaide guztiek 30 euroko dieta jasotzen dute. Ander Navarro[12] lamiakotarra txapelketa gehien irabazi duen dantzaria da.

Hiriko jaietako txapelketak hirugarrenak dira. Arauak berdina dira baina irabazle bakarra dago, txapela eta 100 euro jasotzen dituena. Trapagaranen, Erandion, Sondikan, Lemoan, Gallartan, eta beste hainbat lekutan ospakizun hau aurrera eramaten da. Partaideentzat 20 euroko dieta egon izan da.

Aurreskulari ospetsu batzuk

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. «Bergara 1926 Uztai handi eta aurresku txapelketa» (+ bideo) dantza.eus (Noiz kontsultatua: 2018-04-23).
  2. «Haizea Ormaetxea - Bizkaiko aurresku txapelduna 2009» (+ bideo) dantza.eus (Noiz kontsultatua: 2018-04-23).
  3. Iñaki Irigoien.- ‘’Aurreskua’’, lan honen sarreran: ‘’Jacques Pavlovsky: Aurresku’’. ISBN 84-88916-10-1. 5-8 orr.
  4. a b Araolaza Arrieta, Oier. (2020). Genero-identitatea euskal dantza tradizionalaren eraikuntzan. UEU arg ISBN 978-84-8438-754-1. (Noiz kontsultatua: 2020-12-20).
  5. Araolaza Arrieta, Oier. (2020). Genero-identitatea Euskal Dantza tradizionalaren eraikuntzan. (Noiz kontsultatua: 2020-12-19).
  6. «Gregorio Santa Cruz — Patrimonio Cultural de Eibar - Egoibarra.eus» egoibarra.eus (Noiz kontsultatua: 2020-12-19).
  7. Guenetxea, Jone. (2017). Emakumeen aurreskua berriro ere plazara. Tokikom.
  8. Guenetxea, Jone. (2017). 82 urteren ostean, emakumeen aurreskua berreskuratuko dute. Tokikom.
  9. a b Aizpuru Bilbao, Miren. (2021). «Genero-identitatea euskal dantza tradizionalaren eraikuntzan» Uztaro: giza eta gizarte-zientzien aldizkaria (Uztaro 119): 189–192. ISSN 1130-5738. (Noiz kontsultatua: 2021-12-04).
  10. «Bizkaia | Beti Jai Alai» betijaialai.eus (Noiz kontsultatua: 2021-04-01).
  11. Aurreskua Begoñan, 25 urte. (Noiz kontsultatua: 2021-04-01).
  12. «Ander Navarro Bizkaiko txapelduna 2009» (+ bideo) dantza.eus (Noiz kontsultatua: 2018-04-23).

Kanpo estekak

aldatu
  NODES