Bedrich Smetana
Bedrich Smetana[1] (txekieraz: Bedřich Smetana, ˈbɛdr̝ɪx ˈsmɛtana ahoskatua; Litomyšl, 1824ko martxoaren 2a - Praga, 1884ko maiatzaren 12a) musikagile erromantikoa eta pianista izan zen. Txekiar musikaren sortzailetzat hartzen da. Smetanaren musikan herri-ikuspegiak tartekatzen dira bohemiar bizimodu, kantu eta dantzekin.
Bizitza
aldatuSei urte zituela eman zuen lehen piano-kontzertua. 1848. urtean musika-eskola bat sortu zuen Pragan Liszten laguntzarekin. Hungariar musikagilearen adiskidetasunak eragin handia izan zuen Smetanaren bizitzan. 1856-1861. urteetan Göteborgeko elkarte filarmonikoaren zuzendari izan zen, eta 1866-1874. urteetan Pragako Herri Antzokiaren orkestrako zuzendari. 1874. urtean erabat gorra geratu zen, eta kargu guztiak utzi zituen.
Lanak
aldatuLan aipagarriak ditu, besteak beste: operak: Brandenburgotarrak Bohemian (1866); Andregai saldua (1866); Dalibor (1868); Bi alargunak (1874); Musua (1876); Sekretua (1878); Libuse (1881); Deabruaren horma (1882); poema sinfonikoak: Rikardo III (1858); Wallensteingo eremua (1859); Nire aberria (1874-1879), sei poema sinfonikoko zikloa, Moldova famatuarekin; ganbera-musika: harizko tresnetarako bi kuarteto, piano eta harizko tresnetarako hirukote bat, eta bohemiar herri-dantzak pianorako.
Erreferentziak
aldatuWikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Bedrich Smetana |
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.