Cornell Unibertsitatea
Cornell Unibertsitatea Ivy League ospetsuaren zati den goi hezkuntzako erakunde akademiko bat da. Bere egoitza nagusia New Yorkeko Ithaca hirian dago. Beste egoitza batzuk New Yorken eta Katargo hiriburua den Dohan ditu. 2011n bere ikasle kopurua 13.931koa zen, Ivy Leagueko unibertsitateen artean ikasle gehien dituena delarik. Unibertsitaterik hoberenetakotzat hartzen da, munduko unibertsitaterik hoberenen rankingeko Top 15ean baitago.
Cornell unibertsitatea Western Union ere sortu zuen Ezra Cornellek eta Andrew Dickson Whitek sortu zuten arraza edo erlijio ezberdintasunik gabe onartzen zituzten erakunde ez sektario misto bat bezala. Ameriketako Estatu Batuetako Gerra Zibilaren ondoren sortua, bere sortzaileek unibertsitateak ezagutzaren arlo guztietan irakastea eta ekarpenak egin zitzan saiatu ziren, zientzia tradizionaletatik hasi eta zientzia aplikatuetara. Garairako ez ohikoak ziren ideal hauek Ezrak unibertsitaterako 1865eko bere esaldi ospetsuan adieraziak izan ziren: "Pertsona orok hezkuntza edozein ikasketatan topatu ahal izango duen erakunde bat aurkitu nahi nuke". Unibertsitatea zazpi fakultate eta graduaurreko eskolatan eta graduondoko beste zazpitan banatua dago, euren programa akademikoak definitzeko erabateko autonomiarekin. XX. mendearen erdialdetik, unibertsitate hau bere baliabideak, campusa eta munduan duen eragina handitzen joan da.
Cornellek 255.000 ikasle ohi baino gehiago, Rhodes Bekadunaren 28 garaile eta ikasle edo irakasle bezala unibertsitatera afiliatutako 40 Nobel Saridun ditu. Cornellek AEBetako beste edozein unibertsitatek baino doktoretza lizentziadun gehiago sortzen ditu. Doktoretza baten jarraitzen duten bizi zientzien arloetan graduatu gehien ere sortzen ditu eta euren doktoretza estatubatuar erakundeetan jarraitzen duten graduatu gehien sortzen dituenen artean munduko laugarren postuan dago. Ikerketa funtsezko elementua da unibertsitatearen misioan. 2006an Cornellek 649 milioi $ gastatu zituen ikerketa eta garapenean. 2007an Cornellek AEBetako unibertsitateen artean bosgarren postuan egon zen funts bilketari dagokionez, ekarpen pribatuei dagokionez 406,2 milioi dolar bilduz.
Historia
aldatuCornell Unibertsitatea 1865eko apirilak 27an sortu zen Senatuaren lege proiektu baten pean, honen bidez, New Yorkeko estatuak unibertsitateari lurrak ematen zizkiolarik. Ezra Cornell senatariak Ithacako bere etxaldea eskaini zuen egoitza bezala eta bere ondare pertsonaleko 500.000 dolar hasierako dohaintza bezala. Andrew Dickson White senatari eta hezitzaileak lehen presidente izatea onartu zuen. Hurrengo hiru urteetan Whitek lehen bi eraikinen eraikuntza gainbegiratu eta munduan zehar bidaiatu zuen ikasle eta irakasleak erakartzen.
Unibertsitatea 1868ko urriak 7an inauguratua izan zen eta 412 gizon matrikulatu ziren hurrengo egunean. Bi urte beranduago, emakumezkoak onartu zituen ikasle bezala, Ivy Leagueko lehen unibertsitate mistoa izan zelarik.
Cornell izan zen Ekialde Urruneko egungo hizkuntzak irakatsi zituen lehen unibertsitatea. Cornellek eman zuen kazetaritzako lehen titulazioa, baita albaitaritza, ingeniaritza elektriko eta ingeniaritza industrialeko lehen doktoretzak ere. Cornellek ere, giza baliabideko eta ostatu administrazioko lehen eskolak ere ezarri zituen.
2004an unibertsitateak Weill Cornell Medikuntza Eskola ireki zuen Katarren, AEBetatik kanpo irekitako lehen estatubatuar medikuntza eskola. India, Singapur eta Txinako erakunde garrantzitsuekin aliantzak sortzen jarraitzen du, eta nazioarteko lehen unibertsitatea dela dio. 2006an, Bill Gatesek, Bill eta Melinda Gates Fundazioaren bidez, 25 milioi dolarreko dohaintza egin zion unibertsitateari informatikarako eraikin berri bat eraikitzeko.
Kanpo estekak
aldatu- (Ingelesez)Cornell Unibertsitateko webgune ofiziala