Dantzari-dantza

Durangaldeko dantza, zortzi atal ditu hasierako 'Agintariena' sarreraren ondoren

Dantzari-dantza Durangaldeko dantza da, txistu eta danbolinaren doinuak jarraituz egiten da.

Berriz, dantzari-dantzako ezpata-dantza (2019-06-29)

Herriko eta auzo edo kofradietako jaietan zortzi lagunek egiten dituzte dantzok, txistulariak lagunduta. [1][2]

Zortzi atal ditu hasierako Agintariena (edo Ikurrin dantza) sarreraren ondoren:

  1. Zortzinangoa
  2. Ezpata joko txikia
  3. Banangoa
  4. Binangoa
  5. Ezpata joko handia
  6. Launangoa
  7. Makil jokoa (edo Makil dantza)
  8. Txotxongiloa (edo Txakarrenkoa).

Jatorria

aldatu
 
Txelu Etxebarria: dantzari, txistulari eta idazle.
 
Ezpata-dantza Lezoko plazan (1947)

Dantza ziklo hau noiz edo zergatik sortu zen azaltzeko ez dago erreferentzia historikorik eta, hortaz, baliteke historiaurreko dantzak, nahiz oraintsu sortutako koreografiak izatea. Hori dela eta, interpretazio asko sortu da, ezkutuan eduki lezaketen sinbolismoari dagokienez…., hortaz, arazo hauek direla eta, ezin zaio dantza honen sorrera-data zehatz bat ezarri.[3]

Durangoko Merinaldea, Bizkaian, ohituretan aberatsa eta tradiziotan ugaria da. Tradizio horietariko bat Dantzari-dantza izenez ezagutzen den dantza-sorta dugu.

Humdboldt alemaniarrak 1881ean argitaratutako liburuan ematen du dantzaren berri. Euskal Herrian zehar egindako bidaian, Durangon ikusi zuen dantzaldiaren zehaztasunak ematen ditu: dantza-zatiak, doinuak, etab.

Ordutik hona tradizioak etenik gabe jarraitu du bizirik, eta zabaldu ere egin da Euskal Herriko bazter guztietara. Txelu Etxebarria begoñatarrak, dantzari eta zuzendari artistiko gisa 28 urtez aritu ondoren, Ikasitako guztiarekin 1969an bere lehen liburua argitaratuko zuen Bizkaiko dantzei buruz. [4][5] Hasierako bertsioan dena gaztelaniaz eta Dantzari-dantzaz bakarrik, geroko bertsioetan euskarazko zatiak eta beste dantza batzuk joan zen gehitzen. 1984an Bilbao Bizkaia Kutxaren Temas vizcaínos bilduman (Bizkaiko gaiak) Bizkaiko dantzak izenburuko liburuxka atera zuen, euskaraz eta 112 orrialderekin (ISBN: 978-84-505-0236-7).[6][7][8] 1990an, denbora horretan aurkitutako aldaketak kontuan izanik, berrikuste sakona egin ondoren “Bizkaiko dantzak – 1990 urtea” bere bigarren liburua plazaratu zuen.[9]

Kokapena

aldatu

Durangaldean kokatu dugu Dantzari-dantza. Abadiño, Berriz, Garai, Iurreta, Izurtza eta Mañaria ez ezik, Durango, Elorrio eta Otxandio ere aitatzen dira halako dantzen agertoki.[1]

Urtero, herriko edo auzoko zaindariaren jaietan, bertako dantzari-taldeak udal-agintariaren aurrean dantza egiten du. Prozesioaren edo eliz-ospakizunaren ondoren dantzatzen da Dantzari-dantza ziklo osoa. Abadiñon, esaterako, San Torkuato jaietan egiten da (maiatzaren 15ean); Berrizen, San Petri jaietan (ekainaren 29an) eta Santa Elisabetetan (uztailaren 2an); Garain, Santiago jaietan (uztailaren 25ean) eta Santa Anatan (uztailaren 26an); Mañarian, Andre Mariaren Jasokundearen jaietan (abuztuaren 15ean); Izurtzan, Ama Birjinaren Jaiotzaren jaietan (irailaren 8an); eta Iurretan, San Migeletan (irailaren 29an eta errepikapena).[2]

Herriko talde batek izaten zuen herriko jaietan Dantzari-dantza dantzatzeko ardura. Orain urte gutxi arte, txistulariak edo alkateak aukeratzen zuen taldea, banderadunaren laguntzaz. Eta txistulariak berak egiten zuen jaien aurreko trebatze-lana. Txistularia pertsonaia garrantzitsua izaten zen udalerrietan. Aurretik, egun batzuk lehenago, elizateko auzoetako edo kofradietako gazteak toki jakin batean biltzen ziren, aukeraketara makurtzeko. Horrela, dantzari-talde ofizialeko kide izateko ohorea lortzen zen.[2]

Dantza sorta

aldatu

Dantzari-dantza ez da dantza bakar bat dantza-sorta bat baizik. Agintariena edo ikurrin-dantzarekin hasten da, agintarien aurrean haiei egiten zaien begirunezko dantza da, talde bakoitzak bere bandera astintzen duela. Ondoren, Zortzikoa, Banangoa, Binangoa, Launangoa, Ezpata-jokoa (txikia eta handia), Makil-jokoa eta Txotxongiloa egiten dira jarraian. Banangoa,[10] Binangoa, Launangoa eta Zortzinangoan, dantzari-kopuruen arabera txandaka egiten dute, bakoitzak bere trebezia erakutsirik. Ezpata-jokoan eta Makil-dantzan tresnak erabiltzen dira. Eta Txontxongiloak, lapur bat atxilotu eta hil zutenekoa gogoratzen omen du.[1]

Erreferentziak

aldatu
  1. a b c DANTZARI-DANTZA - Urte sasoiak. Labayru eta Ikastolen elkartea (Noiz kontsultatua: 2022-01-30).
  2. a b c Larrinaga, Josu. «Dantzari-dantza - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2022-01-30).
  3. «Mutilen dantzak» garaltxu 2010-12-18 (Noiz kontsultatua: 2022-01-30).
  4. Etxebarria y Goiri, J. L. de. (1969). Danzas de Vizcaya = Bizkai'ko dantzak. La editorial vizcaina PMC 920130590. (Noiz kontsultatua: 2022-01-30).
  5. «Jose Luis Etxeberria Txelu euskal dantzetan bizitza» EITB Euskal Irrati Telebista (Noiz kontsultatua: 2022-01-29).
  6. Etxebarria Goiri, Txelu. «Bizkaiko Dantzak = Danzas de Bizkaia» www.katalogoak.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2022-01-30).
  7. «j.l. de etxebarria y goiri -bizkai'ko dantzak / - Comprar Libros de Biografías en todocoleccion - 16391570» www.todocoleccion.net (Noiz kontsultatua: 2022-01-30).
  8. Etxebarria y Goiri, J. L. de. (1984). Bizkai'ko dantzak danzas de Vizcaya. Caja de Ahorros Vizcai��na PMC 434432027. (Noiz kontsultatua: 2022-01-30).
  9. «Zuzendari ohiak» Coro Garaizarko Matsorriak (Noiz kontsultatua: 2022-01-29).
  10. San Pedro 2011 - Dantzari Dantza: Banako. (Noiz kontsultatua: 2022-01-30).

Kanpo estekak

aldatu
  NODES