Egon Schiele
Egon Schiele (Tulln, Austria, 1890eko ekainaren 12a – Viena, 1918ko urriaren 31), austriar margolari figuratiboa, espresionismoaren ordezkari goiztiarra izan zen. Gustav Klimt eta Oskar Kokoschkarekin batera, austriar espresionismoa delakoa osatu zuen.
Egon Schiele | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Egon Leo Adolf Ludwig Schiele |
Jaiotza | Tulln an der Donau (en) , 1890eko ekainaren 12a |
Herrialdea | Cisleithania |
Talde etnikoa | Austriarra |
Heriotza | Viena, 1918ko urriaren 31 (28 urte) |
Hobiratze lekua | Ober Sankt Veiter Friedhof (en) |
Heriotza modua | berezko heriotza: Espainiako gripea |
Familia | |
Ezkontidea(k) | Edith Schiele (en) |
Bikotekidea(k) | ikusi
|
Haurrideak | ikusi
|
Hezkuntza | |
Heziketa | Academy of Fine Arts Vienna (en) |
Hizkuntzak | alemana |
Irakaslea(k) | Christian Griepenkerl (mul) Gustav Klimt |
Jarduerak | |
Jarduerak | margolaria, grabatzailea, marrazkilaria, litografoa, argazkilaria, arkitektoa eta eskultorea |
Parte-hartzailea
| |
Lantokia(k) | Neulengbach Viena eta Český Krumlov |
Influentziak | Gustav Klimt |
Mugimendua | espresionismoa |
Genero artistikoa | erretratua figure painting (en) Autorretratua paisaia margolaritza allegory (en) |
Austriako espresionismoko margolari nagusietako bat izan zen, margolaria, marrazkilaria eta irarlea, eta haren irudien erotismoagatik nabarmendu zen. Vienako Arte eta Lanbide eskolan egin zituen ikasketak (1907-1909). Garai hartan harreman handia izan zuen Alemaniako Art Noveaurekin (Alemanian Jugendstil deitua), eta Gustav Klimt ere ezagutu zuen, Klimt Vienako Sezesioa taldeko buru zela. Izan ere, Schieleren estilo sotilak asko zor dio Klimten dotoretasun dekoratiboari. Nolanahi ere, Schielek garrantzi handiagoa eman zion espresioari dekorazioari baino, eta lerroaren ahalmen hunkigarria indartu zuen tentsio sukartsu batez.
Hasiera-hasieratik, giza irudia landu zuen batez ere (autorretratu asko egin zituen), eta gai erotikoak tratatzen zituen modu irekiak harridura handia sortu zuen. Vienako Akademiaren kontserbadurismoaz asperturik, 1909an Vienako Neukunstgruppe (Arte-talde berria) taldea sortu zuten artistetariko bat izan zen. 1910etik aurrera, erakusketak egin zituen Europan zehar; 1918an areto bat eskaini zioten bere lanari Vienako sezesionisten erakusketan. Handik gutxira hil zen, Vienan bertan, 28 urte besterik ez zuela, Europa osoan 20 milioi hildako eragin zuen Espainiako gripeak jota (3 egun lehenago, haren emazte Edith ere hil zuen gripeak, 6 hilabeteko haurdun zegoela).
Biografia
aldatuEgon Schiele Tullnen jaio zen, Austrian, 1890eko ekainaren 12an. Aita, Adolf Eugen Schiele izan zuen, Alemania iparraldeko jatorria zuen estazio-burua, eta, ama, berriz, Marie —ezkon aurretik, Soukoup—, Krumautik (egungo Český Krumlov) etorritakoa, Bohemiatik. Sendi burgesetik zetorren Schiele, funtzionariotzari lotutakoa. Bi arrebarekin hazi zen: Melanie (1886−1974) eta Gertrude (1894−1981).[1]
Eskolan zela marrazki ugari egiten zituen ordurako. Klosterneuburg institutuan Max Kahrer margolaria izan zen haren hasierako babesleetako bat, eta askotariko arte-teknikak irakatsi zizkion. Emaitza txarrak zirela eta, amak eskolatik ateratzea erabaki zuen eskolaldia amaitu baino lehen. Marrazteko zeukan abileziak arte-ikasketak egitera eraman zuen.[1]
1905ean, aita hil egin zen, eta Egon gaztea Leopold Czihaczek osabaren etxera bidali zuten. Alferrik saiatu zen osaba iloba burdinbidegintzara bideratzen, eta mutilaren artista-gaitasunak begi bistakoak zirela onartu beharrean izan zen. Aintzat hartuko zituen Schielen amak eginiko laguntza eskaerak, tutoreak Vienan burutu beharreko ikasketak bere gain hartzea nahi baitzuen. Garai horretan hasiko zen margolaritzan, autorretratuak batez ere. Vienako Arte Ederren Akademiara sartzeko azterketa gainditu zuen 1906ko urrian, aita hil eta ia bi urtera. Bertan Christian Griepenkerl historia-margolaria izan zuen irakasle.[1]
Gazte-gaztetan, burdingintzatik bizi zen familiaren eragina nabarmendu zen bere lanean eta baita geroago ere, paisaia asko treneko leihatilatik ikusita agertzen baita. Vienan bizi zenean, maiz hartzen omen zuen handik Bregenzerako bidea, hiriari erreparatu gabe, itzulerako trena hartzeko helburuaz.
Vienako lehen garaia eta Klimekiko antzekotasunak
aldatu1906an, Vienako Arte Ederren Akademian sartu zen, bertan marrazketa eta deseina ikasi zituen. Freud, Mahler, Wittgenstein edo propio Klimten hiria zen Viena -Schielen erreferente bilakatuko zen azken hau- behintzat-. Interes handia jarri zuen anatomiako eskoletan, baina berehala egin zuen ihes historizismo eta kontserbadurismo zantzu orotatik.[2]
1909an, hango giro kontserbadore eta itxiak erabat jota zeukan artista; erakusten zuten diziplinak betiko bideak jarraitzera eramaten zuten, modeloen azterketa, konposizioak eta jantziak betiko moldeetan egiten ziren, eta, ezin ase, bera eta beste kide batzuen artean, Akademia utzi eta Neukunstgruppe (Arte berriaren taldea) sortu zuten.[1]
1907an, Gustav Klimt margolaria ezagutu zuen. Asko miretsi zuen Schielek hura, eta eragin handia izan zen beretzat. Hark eman zizkion bereak egingo zituen printzipio sortzaileak, lerro lodiz bere margoen marrazkiak nabarmenduz, gorputz biluziaren errepresentazioan bereziki. Klimtekin batera sartu zen Schiele joera berrian, Vienako Sezesioa zeritzon erkidego artistikoan. Joseph Maria Olbrich eginiko euren erakusketa-eraikin zuten, eta hau zen haien lema, eraikinean idatzita jarraitzen duena:
« | Der Zeit ihre Kunst - der Kunst ihre Freiheit. (Garai bakoitzari bere artea. Arteari bere askatasuna)[3] | » |
Klimt izango zen taldearen margolari nabarmenena eta bere lehen lehendakaria. Oso estimatu zuen honek Schiele eta mezenas aberats bat baino gehiago aurkeztu zizkion, hasiberriari nolabaiteko finantza egonkortasuna eskainiz. Behin, Schielek marrazki elkarbanatzea proposatu zion Klimti, ondo iruditu zitzaion porposamena honi, eta gehiago ere erosi zizkion.
Etxean ez zuten asko sustatu Schieleren arterako trebetasuna, aitaren moduan treneko langile izatea espero baitzuten. Dena dela, Schielek Gustav Klimt (1862–1918) margolariaren babesa bilatu zuen; Schiele baino 28 urte zaharragoa zen, eta, neurri batean, gidariarena egin zuen bai artegintzan bai bizitzan. Biek modu bertsuan landu zuten erretratugintza: konposizioa antzekoa da, izan ere, formatu luzanga, lerro arinak eta edergarriak baliatu zituzten, are antzeko arropak irudikatu. Nolanahi ere, Klimtek kolorea erabiltzen zuen pertsonaien arropak apaintzeko; Schielek, berriz, pertsonaien barnea, haien aldartea, aditzera emateko. Schieleren lanetan bihurritutako gorputzak, jarrera asimetrikoak eta ingerada gorabeheratsuak maiz agertzen dira, eta adierazten dute egituran eta lerroan interesa zuela. Klimtek, sarri, edertasuna goratzen zuen haren lanetan; Schielek, ordea, itsustasuna, sexualitate gorria eta eritasuna nabarmentzen zituen nahita.[4]
1908an, Schielek lehen norbanako erakusketa burutu zuen 1903an Josef Hoffman eta Koloman Moserrek sortutako Wiener Werkstätten. Oinarri teorikoa arte orokorraren lana-ren inguruan ezarri zuen, betiko esparruetara mugatzen ez zen artea, eguneroko bizitzari eragiten zien esparru formal eta espiritualak ere hartzen zituena baizik.
Akademiako estilo zorrotza alboratu eta espresionismo aldera aldatu zen: lagunen erretratu eta autorretratuen artean, gorputz biluzia aurkeztu zuen, baina distortsio figuratibo bortitza erakutsiz. Klimtek figura eta apaingarri aurrez aurre jartzen bazituen, Schielek esanahi garrantzitsuagoa eman zion jokoari, eta lerroak erakutsi zuen esanahi hori, ez zuen ezkutatzen, askatu baizik, eta lerro honek berak zituen balio ornamentalak.
1909an, Schielek II. Nazioarteko Erakusketan erakutsi zuen bere lana. Kunstschaun egokitu ziren 54 aretotan izan zen, ordura arte Austrian ikusi zen ekitaldi artistikorik handiena izan zelarik. Pintura eta eskultura erakutsi zituzten, egunero erabiltzen ziren gauzakiak, loreak, eszenografia edo jantzia. Klimtek egin zuen inagurazio-hitzaldia eta europar abangoardian kokatzen ziren artista asko izan ziren bertan: Ernst Barlach, Paul Gauguin, Max Klinger, Pierre Bonnard, Max Lieberman, Henri Matisse, Edvard Munch, Vincent Van Gogh. Baita belgikar Georges Minne eskultorea eta Ferdinand Hodler margolaria ere, Schielen arte espresionistan eragin handiena izango zutenak. 4 erretratu aurkeztu zituen Oskar Kokoschkak ere lanak aurkezten zituen areto berean.
Neukunstgruppeko kideekin batera Vienako Pisko galerian gauzatutako erakusketan parte hartu zuen, baina, Franz Ferdinand Austriakoa bisitan izan bazuten ere, ez zuten espero zuen arrakasta lortu.
Neulengbach
aldatu1910 aldera, Erwin Osen eszenografoa ezagutu zuen eta estudio bat alokatu zuten lehen aldiz Krumaun —amaren herrian—. Biluzik agertzen da garai hartan egindako autorretratuetan eta antzeko gaia erakusten du Osen bere lagunari eginiko erretratuek. Vienatik alde egiteko beharra zuen.
1911n, 17 urte besterik ez zuen Valerie Neuzil (Wally) ezagutu zuen Vienan. Harreman sentimentala izan zuten elkarrekin eta bere obra hoberenen modelo ere izan zen. Schiele eta Wally inspirazio bila joan beharra sentitu zuten eta Krumaura aldatu ziren bizitzera. Bizitzeko era hark talka egin zuen herrixka txiki hartako biztanleekin. Modeloarekin elkarbizitzan, gazteegi ikusten zituzten neskak margotzen... Eskandalu usaina zegoen han, eta berehala alde egin zuten Krumautik eta Viena mendebaldean zegoen Neulengbachera joan ziren. 1912an izan zen eskandalurik handiena, maitalearen gaztetasuna zela medio, adinez txikikoak galbideratzeagatik salatu zutenean. Hori gutxi ez eta etxera hurbiltzen ziren umeei erretratuak egiten zizkien, biluzik gehienetan, edo jarrera zantarretan. Ia-ia pornografiatzat hartu zen beraren lana, eta 3 astez eraman zuten espetxera, ondoren, 3 egun espetxean egoteaz gain, estudioan zituen lanak erretzeko agindua jaso zuen.
Schiele Vienara itzuli eta estudio berrian instalatu zen. Bere lagun Klimti esker, makina bat enkargu jaso zuen, eta goi-mailan kokatu zen Austriako eszena artistikoan, eta nazioarteko erakusketa askotan parte hartu zuen Budapesten, Municheko Hans Goltz galerian edo Koloniako Sonderbund erakusketan ere.
Ekoizpen artistikoa zuzendu egin zen garai honetan. Bildumagile handiak ezagutu zituen, August Lederer industrialaria tartean. Haren seme Erichen erretratua eskatu zion honek eta 1912ko Eguberriak Györeko etxean pasatzeko gonbidapena egin zion. Handik idatzi zituen gutunek industriari horren bizitzaren luxua deskribatzen du, beti erabiltzeko prest egon ohi zen karroa edo zilarrezko botoiak zituzten uniforme gris haiekin jantzitako zerbitzariak.
Bere talentua ukaezina zen, jada, eta, bat-batean, eskandalua iritsi zen. Adinez txikia zen bat bahitu zuen salaketa jaso zuen eta biluzi erotikoak erakusteaz ere bai. Espetxeratu zuten, eta jendaurrean erre zituzten hainbat marrazki. Akuarelak margotu zituen espetxean egon zen bitartean, eta, atera zenean, Berlin, Erroma, Brusela eta Parisen egin zituen erakusketak.[2]
1913an, Austriar Artisten Ligan sartu zen eta erakusketa askotan hartu zuen parte; horren adibidea da Viena, Hamburg, Stuttgart edo Berlingo Sezesioko Zuria eta Beltza nazioarteko erakusketa. Azken hiri honetan, Die Aktion aldizkariko sortzaile eta argitaratzaileak Schielengan erreparatu zuen eta lankide egin zen. 1916an, ale berezi bat dedikatu zioten Egonen lan osoa erakutsiz.
Ezkontza eta heriotza
aldatuSchielek burgesiako kide ziren Edith eta Adele Harms ahizpak ezagutu zituen. Paseatzera gonbidatu zituen, ama fidagaitz agertzen baitzen eta, lasaitzeko xedean, Wally amorantea eraman zuen berarekin. Bi ahizpen atzetik ibili bazen ere, 1915eko ekainaren 17an, Edithekin ezkondu zen azkenean. I. Mundu Gerra garaian izan zen ezkontza eta Egon Schiele elite intelektualaren barnean kontsideratu zuten, eta ez zuten frontera bidaltzerik izan. Hala ere, Pragara bidali zuten administrazioko lanak burutzera eta, urtebete geroago, Vienara, lantegia erabili ahal izateko pribilegioarekin.[1]
Kartzelan eman zituen 3 asteak traumatikoak izan ziren Egon Schielentzat; erretiratuta zegoen militar baten alaba eraman zuen etxera, erretratatzeko xedean; ez zen bahiketarik frogatu; ezta sexu-gehiegikeriarik ere; baina Neulengbachen ezin zituzten esamesak eta eskandalua ahaztu. Ez zuten hiritik etorritako artista haren bizitza bohemioa ulertu eta gorroto zioten haren lanari. Gorroto zioten bere pertsonari ere.[5] Hala ere, gaitz erdi, salaketa ezetsi baitzuten azkenean.[6]
Ezkondu zen urtean, 1915ean, Schiele Neskatxa eta heriotza margolana egin zuen, bikote baten besarkada desesperatua erakutsiz, zimurtutako oihal zurixka baten gainean, heriotza balitz bezala. Irudiak airean daude eta gizonezkoa autorea bera da, garbi, emakumea Wally den bitartean. Emakumeak gizona besarkatzen du bi eskuekin, baina gizonak eskuineko eskuaz apartatuko balu bezala ikusten da, inguraketa eta distantziaren tentsioa. Horrela egin zion Schiele agurra Wallyri.
1918an, berriro hartu zuen parte Vienako Sezesioaren erakusketan; berak egin zuen erakusketaren kartela eta aurkeztu zituen 50 koadroetatik gehienak saldu zituen.[7] Zürich, Praga eta Dresdenen egin zituen erakusketak urte berean.
1918ko udazkenean, 1918ko gripe pandemia izan zen (20 milioi hildako izan ziren Europan), eta Vienari ere egin zion eraso. Edith haurdun zegoen, 6 hilabeteko, eta urriaren 28an hil zen. 3 egun geroago, 1918ko urriaren 31n, Egon Schiele bera ere hil egin zen. Gripeak eraman zuen 28 urte besterik ez zuenean.[1] Bi heriotzen artean, Schielek Edithen bozeto batzuk egin zituen, azken lantzat hartu direnak. Hilabete batzuk azkarrago, urte bereko otsailean, laguna eta maisu izan zuen Gustav Klimt ere hil egin zen.[8]
Ezaugarriak
aldatuGaiak beti du obsesio erotiko bilakatzen den sentsualitate handia; baita bakardadeak sortzen duen larritasuna ere. Lerro zorrotza erabiltzen zuen Schielek bere errealitatea erakusteko, eta gizabanakoaren suntsiketa fisiko eta moral lazgarria ageri da bat-batean. Koloreak balioa hartzen du bere kasa eta efikazia handia hartuz akuarela ez gutxitan.
Beste austriar margolari batzuek egin ohi zuten eran, Alfred Kubin edo Oskar Kokoschka bezala, espazioak gizakiaren dimentsio existentzial tragikoa aurkezten digu, bizitza eta heriotzaren arteko etengabeko borrokan, eta ziurgabetasuna, batez ere. Gustav Klimten eragina jaso zuen hasiera batean, baina 1910 aldera bere margolanak introspekzio psikologikoaren bidaia bilakatu ziren.
Autorretratuak
aldatuAutorretratua izango da bere haustura- eta ihes-bidea. Mende bat igaro eta gero, XX. mendearen hasierako pezak liluratzen gaituzte, aurkezten duen modernitatearekin, keinuen lotsagabekeria eta atrebentziarekin, punkaren arora arte ez duguna berriz ikusiko.[2]
Schielek 100 erretratu inguru egin zituen, garaiko margolarien artean gauza bitxia izan zelarik, ez baitzuten bere buruari begiratzeko joerarik. Aitaren falta konpentsatzeko ahalegina izan zitekeen bere nortasunaren bilaketa hau... Aitak beti goraipatu zituen semearen marrazkiak eta bere egoaren erakusketa izan zitekeen hau, etxeko gizonak bere harrotasuna aldarrikatzen zuelarik.
1910etik aurrera, ordea, irudia itxuragabetuz joan zen, eta jarrera gero eta arloteagoak erakusten zituzten, berariaz zahartuta edo despertsonalizatuta.
Irudia oso argala zen beti, gorputza makurtuta erabat, ile motza eta menderakaitza eta mimika tetrikoa erakusten zuen.
Hala ere, ez zuen bere irudiarekin harro sentitzen zenik ematen, eta erakusten zuenak egoera hondatu baten patetismoa zirudien gehiago. Biluzi hark ez zuen akademiako ideal klasikoa jarraitzen, ezta erretratua bilatzen ere, eta hori baino gehiago, nahaste psikosozial batetik jaiotako irudia zirudien. Gero eta ohikoagoa zen bere irudia biluzik ateratzea, inongo oinarririk gabe, hondo lau eta monokromo batean, gorputz irregular eta okerra marrazten zuten lerroek irudiari espresio gehiago ematea lortzen zutelarik. Irudiaren naturaltasunak ihes egiten du, ordea, eta pintzelada zabal eta kromatismo bortitzak gehiago laguntzen dute horretan.
Giza irudiak
aldatuEgon Schielen arreta artistikoa zabaldu zuena giza irudia izan zen gehien bat, emakumearenak batez ere; era ezberdin askotan erakutsi zuen hura: biluzi bortitza, emakume indartsu eta harroak, hondo psikologiko handiko erretratuak, maitasunik gabeko besarkada erotikoan lotutako bikoteak...
Gorria, marroi iluna, hori argia edo beltz-beltzak erabili zituen, atsekabez beteriko ama-semeen irudi desesperatuak. Inkontzientea erakutsi nahi zuen, ia neurotikoa den lerro urduriaz. Estetikari ihes egin eta molde tradizionala hautsi nahi du artistak. Bere egoa ateratzen da, materia tolestarazi eta bere zuloetatik irten nahi duten begiak edo erabat bihurritutako eskuak agertzen dira. Hauetan ikus daiteke oinazea, sufrimendua, arimaren tristura. Schielek aitaren galera goiztiarra nozitzen jarraitzen du eta betirako markatuko dizkio emakumeekin dituen harremanak eta erotismoa. Bere emakumeen gorputzak probokazioaren bila dabiltza, ez hanka eta ez buru duten posturetan. Schielen erotismoak ez dauka moralitate zirkinik, protagonistek ume aurpegia dute eta ez dute lots zipitzik erakusten. Goitik ikusita, aldamenetik, postura arraroetan...
Marrazkilari trebea, ez zion dekorazioari lekurik egiten eta ikuslea interpretazio psikoanalitikoa egitera bidaltzen du zuzen-zuzenean. Errebeldia eta ezinegon existentzialaren atzetik, erreprimitutako instintuen bila dabil artista, exhibizionismoa eta voyeurismoa aztertuz, patologia izan daitekeen egoera afektibo batean murgiltzen delarik.
Dramatismoa landu zuen eten gabe eta bere arteak aurrez aurre jartzen gaitu bizitzaren esanahiarekin, ordena desafiatuz. Bere lagun Erwin Osenek gaixo mentalekin izan zituen esperientziak izan zituen inspirazio-sorburu, Steinhofeko eroetxean zeuden gaixoen marrazkiak. Jean Martin Charcot neurologoaren urgazle izan zen Paul Richer doktorearen marrazkiekin ere konpara ditzakegu, katalogatutako aldarte patologikoen bereizgarri izan zirenekin, alegia. Artistak tipologia horiek erabili zituen modelo batzuengan, berak ere bai, Charcoten manikien antzera.
Ikuspegiak
aldatuVan Goghek txunditu zuen zeharo Schiele. Hura omentzeko beta hartu zuen La salle de l'artiste à Neulengbach egin zuenean, Logela Arlesen (1888) inspiratuta, edo Ekiloreak lanaren bere bertsioa, marroi ilun batean, petalo zimurtuek dekadentzia besterik iragartzen ez dutena. Haien luzera eta mimikak ia gizatiarrak diren sentimenduen isla dirudite.
Amaierarako lerroa urduriagoa bilakatzen da eta paisaiak marrazten ditu, 1917ko Lau Zuhaitz lanak bezala; kolore epelagoak erabiltzen ditu eta hondoa emozio bortitzen eszenategia da. Lerro horizontal eta bertikalak daude konposizio honetan eta hostoak erori zaizkion arbola bat, gainontzekoek hostoez lepo dauden bitartean, udazkeniko melankolia zantzua lortzeko xedean.
Adinarekin Schielen paiasaiak ere aldatu egin ziren. Hasierakoak estilo tradizionalean kokatu daitezke, Klosterneuburgekoak adibidez. 1910ean, Hiri hila izeneko bi koadro margotu zituen, Georges Rodengachen Brugues-la-morte (1892) eleberrian inspiratuta. Eraikuntza zuen gai, inguruaren deskribapena baino gehiago; Krumauko paisaia (1916) edo Arropa zabalik duen aldiriko etxea (1917) dira adibide.
Schielen azkenekotako margolan garrantzitsua Familia (1918) izan zen. Garai horretan Edith emaztea haurdun zegoen eta artistak egoera biografikoa azaldu nahi du; biluzi talde bat aurkezten digu, gizona -bere burua- besaulkian eserita dago; bere aurrean, lurrean eserita, andre bat dago, mantan bildutako haur txiki bat magalean. Helduak eta umearen aurpegiak argiztapen berezia dute hondo ilun batean; tonu kromatikoek gorputzen bolumenak nabarmentzen dituzte eta ez dira kolorez betetako lerro lodiak, lehen egiten zuen bezala. Schiele ez zaigu izan ohi zuen bezain oldarkor agertzen, baina malenkoniak ez du alde egiten, bai gizonak eta baita emakumeak ere pentsamenduetan murgilduta dirudite, begirada galdua...
Bizitza motz eta arazotsua izan zuen, miserian eta baztertua maiz, baina utzi zuen ondarea aberatsa izan zen erabat. 2.500 marrazki baino gehiago ditugu paperean eta 300 bat egur edo oihal gainean; haren liburuxkek marra eta kolorearen alkimista honen laborategia dirudite.[2]
« | Arteak ez du modernoa izan behar; betierekoa izan behar du[9] | » |
Erreferentziak
aldatu- ↑ a b c d e f «Egon Schiele | Guggenheim Bilbao Museoa» schiele.guggenheim-bilbao.eus (Noiz kontsultatua: 2021-04-23).
- ↑ a b c d (Gaztelaniaz) «La alquimia expresionista de Schiele en el Guggenheim» El Diario Vasco 2012-10-01 (Noiz kontsultatua: 2021-04-23).
- ↑ https://www.wien.info/es/sightseeing/sights/art-nouveau
- ↑ «Guggenheim Bilbao Museoa» Guggenheim Bilbao (Noiz kontsultatua: 2021-04-23).
- ↑ (Gaztelaniaz) Hermoso, Borja. (2018-02-24). «Viena grita contra la censura y ‘rehabilita’ a Egon Schiele» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2021-04-23).
- ↑ (Gaztelaniaz) Hermoso, Borja. (2012-10-01). «Desolación Schiele en Bilbao» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2021-04-23).
- ↑ (Gaztelaniaz) García, Ángeles. (2005-12-06). «Un paseo por el erotismo amargo de Egon Schiele» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2021-04-23).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Egon Schiele, cien años de un moderno censurado» ELMUNDO 2017-11-15 (Noiz kontsultatua: 2021-04-23).
- ↑ (Gaztelaniaz) Hermoso, Borja. (2011-02-28). «El espejo atormentado de Schiele» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2021-04-23).