Eibarko gudua (1936-1937)
Eibarko gudua Espainiako Gerra Zibilean jazo zen 1936ko irailaren 27tik 1937ko apirilaren 26 arte, eskuineko indar kolpistak, Gipuzkoa okupatutakoan, Eibar parean aurrera egin ezinik geratu zirenean. Jasandako borroka eta bonbardaketa gogor eta luzeen ondorioz, herriaren gehiena birrinduta geratu zen.
Eibarko gudua | |||
---|---|---|---|
Espainiako Gerra Zibila | |||
Iparraldeko frontea (Espainiako Gerra Zibila) | |||
Hegazkin bonba batek eragindako zuloa | |||
Data | 1936ko irailaren 27tik 1937ko apirilaren 26 arte | ||
Lekua | Eibar | ||
Koordenatuak | 43°11′03″N 2°28′24″W / 43.1842°N 2.4733°W | ||
Emaitza | Frankisten garaipena | ||
Gudulariak | |||
| |||
Buruzagiak | |||
| |||
Bitarte horretan Bizkaia eta Gipuzkoa arteko mugan ezarri zen frontea, Intxortetan zehar (Elgeta), Eibar-Elgoibar lerroan eta Ondarroaz mendebaldera. Ia zazpi hilabetez, jarritako erresistentziak galarazi egin zuen Bizkaian barrena indar kolpistek aurrera egitea; bestalde, era horretan, euskal autonomia eskuratu eta Jose Antonio Agirrek zuzendutako Eusko Jaurlaritza eratu ahal izan zen.
Testuingurua
aldatuEibar arma fabriken egoitza garrantzitsua zen;[1] izan ere, gerrako lehen asteetan, Eibar armak toki askotara banatzeko erdigune bilakatu zen, Orbea fabrikatik. Gainera, Espainiako Errepublikaren eta sozialismoaren aldeko sinbolismo handiko herria zen. 1936ko irailaren 13an, indar kolpistek (falangistak, karlistak, militarrak) mendean hartu zuten Donostia eta, luze gabe, Jose Soltxagaren indarrak ekialdetik mendebaldera hedatu ziren, baita haiengandik ihesi Donostiatik ikaraz errefuxiatu ateratako 30.000-40.000 herritar ere bai.
Ordurako, Mola jeneralak agindutako gerra hegazkin alemaniar eta italiarrek Gipuzkoa hainbatetan bonbardatu zuten, baita Eibar ere abuztuaren 29an lehenengo aldiz. Hurrengo asteetan, gehiagotan ere pairatu zituen bonbardaketak, eta agintariek aterpe inprobisatuak prestatu zituzten, 16 guztira. Herria ebakuatzeko deia egin zuten irailaren 21ean, kolpistek Elgoibar okupatu zutenean.
Erasoaren bilakaera
aldatuIrailaren 25 edo 26an, herria edozein unetan erreketeek okupatzeko zorian zen, eta hura bonbardatzen hasi ziren. Esperantza, baina, ez zuten galdu eta, une horretan bertan, beste toki batean, Lezo Urreztieta itsas ekintzailea arma bete heldu zen itsasontzi txiki batean Bilbora, kolpisten itsas blokeoari iskin eginez. Hanburgotik ekarritako arma kargamentu hori berehala garraiatu zuten ibilgailuetan Eibar eta Elgetako fronteetara, eta gauean banatu zuten herriko defendatzaileen artean. Biharamunean, erreketeek erasoa jo zuten, baina oraingoan bala parrastada batek agurtu zituen, eta mendi maldak haien odolez tindatu zen.[2]
Hala ere, Elgoibar galdu eta hurrengo egunetan, indar kolpistak Eibarko saihetsetatik hedatu ziren hainbat tontorretara, ia herria inguratuz: Arrate, Karakate, Akondia, eta Kalamua. Hilabetetan, gogor zigortu zuten herria posizio horietatik. Herriaren defendatzaileek Santa Marina Zarren maldatik Bilbora bide bat zabalik mantentzeko modua izan zuten 1937ko apiril arte.[3]
Apirilaren 20an, Molaren armadak eraso bortitz bati ekin zion Intxortetan eta Elorriorantz. Hortik iparraldera mugitu ziren Berriz aldera. Agintariek Eibarren ebakuazioa deitu zuten azkeneko aldiz, eta herritar ugarik, altzariak, arropak eta ondasunak aldean hartuta, atzean utzi zituzten beren etxeak, Bilborantz. George Steer-ek kontatzen du milizianoek erretretari ekin ziotela anabasaren erdian eta, apirilaren [24 eta] 25ean, ordurako artilleriak birrinduta zegoen herria Gezi Beltzak italiar hegazkinek gogor bonbardatu zutela, herrian sutea zabalduz:[4] zazpi tona bonba baino gehiago jaurti zituzten.
Bidebarrieta aldea eta beste eremu asko suntsituak izan ziren. Eusko Jaurlaritzaren zenbaketaren arabera, 74 hildako eta 97 zauritu gertatu ziren bonbardaketa horren ondorioz. Gauzak okertzeko, gudua galduta ikusita, herriko defendatzaile aritutako miliziano batzuek kalean barrena sua jaurtitzeari heldu zioten ibilgailu blindatu batetik, ibilgailua matxuratu arte; matxurak eragotzi egin zuen kalte gehiago gertatzea. Apirilaren 26an bertan, Mola eta Soltxagaren armada Eibarrera sartu zen. Ibilgailu blindatuaren gertaera aitzakia hartuta, matxinoek errepublikazaleei leporatu zieten Eibarren suntsipena. Wolfram von Richthofen izan zen irailetik apiril arte Eibarren egindako bonbardaketa batzuen zuzendaria.
Ondorioak
aldatuIntxortetako frontearen galerak eta geroko Elorriorenak Eibarren galera ere ekarri zuen, baita haren bizkarreko eskualde guztiarena kostalderaino, tropa errepublikazaleek atzera egin baitzuten inguratuak ez izateko. Hurrengo egunetan, apirilaren 30 arte, Eibar, Ermua, Markina, Lekeitio, Durango, Gernika eta Bermeo erori ziren, etsai matxinoak Zornotza eta Larrabetzuren atarira heldu ziren, Burdinezko hesiraino.[5] Kolpistak berehala ziren Bilbotik bertan.
Erreferentziak
aldatuBibliografia
aldatu
- Steer, George L.. (2009 (1938)). The Tree of Gernika. Faber and Faber Ltd. ISBN 978-0-571-25513-9..
- Gutierrez Arosa, Jesús. (2007). La Guerra Civil en Eibar y Elgeta. Eibar: Eibarko Udala / Elgetako Udala ISBN 978-84-89-696-46-4..
- . (2005). (Bideoa) Gerra Zibila Euskadin. Euskal Herria: EITB (Noiz kontsultatua: 2017-06-07).[Betiko hautsitako esteka]
Ikus, gainera
aldatuKanpo estekak
aldatu- Eibar 1937, Eibarren hondamendiari buruzko EAJren bideo laburra