Eleberria edo nobela prosan egindako narrazio luzea da, orokorrean fikziozko gertaerak kontatzen dituena. Dena den, zaila da mota guztietako generoak eta formak batzen dituen definizioa eratzea.

XVIII. mendera arte, nobela amodiozko eta intrigazko narrazio motza izaten zen, erromantze epiko luzeari kontrajarria, baina mende horretan, erromantzearen ezaugarriak hartuz joan zen, literaturako genero nagusia bihurtu arte.

Ezaugarriak

aldatu

Hauek dira eleberriak beste genero literario batzuetatik bereizten dituzten ezaugarriak:

  • Gertaerak narratzen ditu, errealak edo fikziozkoak.
  • Narrazioa gailentzen da, nahiz eta halakoak ere egoten diren: deskripzioak, dialogoak, barne monologoak edo eskutitzak.
  • Narratiba gertatzen den giroa asko deskribatzen du.
  • Eleberriak prosan idazten dira.
  • Hitzen estetika zaintzen du.
  • Pertsonaien garapena sakonagoa da ipuin edo kontakizun batean baino.
  • Narratiba luzea: eleberriek, normalean, 60.000 eta 200.000 hitzen artean izaten dituzte, edo 150 orritik 1.200 orrialdera (edo gehiago).

Hor dago ipuin eta kontakizunekiko alde nagusia. Eremu lausoa dago ipuinaren eta eleberriaren artean, eta ezin da zehatz-mehatz bereizi. Batzuetan nouvelle edo eleberri laburra terminoak erabiltzen dira eleberri izateko laburregi baina ipuin izateko luzeegi diruditen lanak izendatzeko; hala ere, horrek ez du esan nahi hirugarren genero bat dagoenik (aitzitik, arazoa bikoiztuko luke, bi muga egongo liratekeelako hura zehazteko, bat egon beharrean).

Helburua

aldatu

Narrazioaren xedearen arabera, lanak bi helburuok ditu:

  • Autorearen bizipenak, kezkak eta ideiak hedatzea, eleberriaren hartzaile den gizartean nolabait eragiteko.
  • Gizarte talde jakin baten ohituren, bizimoduaren eta asmoen berri ematea.

Funtsezko elementuak

aldatu
  • Ekintza: istorioan gertatzen diren gertaeren narrazioa:
    • Sarrera: narratibaren hasierako zatia da. Gaia iragartzen da, eta gatazkak hasiko dira. Era berean, pertsonaien ezaugarri psikikoak eta fisikoak eta ingurunea deskribatuko dira.
    • Korapiloa: narratibaren erdigunea da, non gatazkak eta ekintzak lotuko diren, puntu gorenera iristeko.
    • Bukaera: azken zatitzat jotzen da; izan ere, puntu gorena lortu ondoren, narratibaren gatazkek edo ekintzek ekintza zoriontsuak edo gaiztoak eragiten dituzte. Hori narratiban planteatutako xedearen araberakoa izango da.
  • Pertsonaiak: ekintzak egiten dituzte. Hauek bereizten dira:
    • Pertsonaia nagusiak edo protagonistak: ekintzak gidatzen dituzte, eta narratiba beraien inguruan gertatuko da.
    • Bigarren mailako pertsonaiak: pertsonaia nagusien istorioei eusten diete, beren istorio propioekin.
    • Hirugarren mailako pertsonaiak: zeregin ez oso garrantzitsua duten pertsonaia guztiak dira; zerbait egin eta desagertu egin ohi dira.
  • Ingurunea: pertsonaiak zer lekutan ibiltzen diren. Honelakoak dira:
    • Fisikoa: eszena osatzen duten leku guztiak; esate baterako, etxea, erreka, hiria.
    • Soziala: sinesmenak, bizimoduak, garai edo gizarte bateko pentsamendua.
    • Emozionala: pertsonaien gogo-aldarteak, estutasunak eta besteen inguruko sentimenduak aurkezten dituzte.

Kontatzeko modua

aldatu
  • Narrazioa: hauxe da eleberrietan kontatzeko erabiltzen den modu nagusia; bi modutakoa izan liteke:
    • Lehen pertsonan: pertsonaiak bere istorioa kontatzen duenean (protagonista da narratzailea).
    • Hirugarren pertsonan: narratzaileak istorioa kontatzen du.
  • Deskribapena: pertsonaien alderdi fisiko eta psikologikoak deskribatzeko erabiltzen da, baita giroak eta lekuak deskribatzeko ere.
  • Dialogoa: pertsonaiak elkarrekin komunikatzeko modea.

Adinaren, sexuaren, hezkuntzaren, maila sozialaren eta emozioaren arabera hitz egiten dutenen hizkuntza islatzen da.

  • Bakarrizketa edo barne elkarrizketa: pertsonaiak pentsatzen duena baina esaten ez duena adierazteko modu bat da. Pertsonaiaren barne pentsamenduak.
  • Epistola: ez da oso erabilia, eta ekintzak pertsonaien arteko gutunen bidez kontatzen dira.

Historia

aldatu
 
Charles Dickens.

Esan ohi da Europako eleberria Miguel de Cervantesen On Kixote Mantxakoa lanarekin (1605) hasi zela, bai gaiari dagokionez (jarrera kontrajarriak: zaldunaren ezinezko idealismoa eta zerbitzariaren izaera lurtarra), bai teknikari dagokionez (egilearen personaren erabilera).

Gero, Ingalaterran errotu zen aurrenekoz: Daniel Defoe, Samuel Richardson eta Henry Fielding, denek bateratsu, XVIII. mendearen hasieran idatzi zuten, eta Ingalaterrako genero irakurriena bihurtu zen haien lana. Joera hori azkar hedatu zen, eta XIX. mendean eleberri bikainen iturburu izan zen, Britainia Handian, Frantzian, Errusian eta Estatu Batuetan batez ere.

Hedapen azkar horren zergatietako bat da lehenago literaturaz kanpo egondako bizikizunak ikertzeko eta azaltzeko eleberriak zuen ahalmena. Aurreneko aldiz, eguneroko bizimoduaren txikikeriak idazlearen arduraren gune egoki izan ziren. Eleberriko protagonistak ez zuten zertan heroi izanik; berdin izan zitezkeen errege edo morroi. Hala, Europako eleberriaren erakargarritasuna, eguneroko bizimodua beste edozein literatura formak baino leialago azaldu ahal izatean datza. Bestalde, egiazkotasun hori lortzeko arauen eta konbentzio berrien bilaketak egin du eleberriaren historia. Eta, alderdi errealista hori berezkoa duelako agian, XIX. mendean jo zuen gailurra, eleberri errealistarekin.

Garai horretakoak dira, gutxi gorabehera, Charles Dickens, Mark Thackeray eta George Eliot Ingalaterran; Honoré de Balzac, Gustave Flaubert eta Emile Zola Frantzian; Ivan Turgenev, Leon Tolstoi eta Fiodor Dostoiesvski Errusian, eta Nathaniel Hawthorne eta Herman Melville Estatu Batuetan.

XX. mendean eleberria behinolako segurtasuna galtzen hasi zen, lehenagoko ustea, literatura hizkuntzak eta teknikak giza bizikizunak adieraz zitzakeela alegia, zalantzan jarri baitzen. James Joyce, besteak beste, errealitateak literatura adierazpenari uko egiten dion alderdiak aztertzen hasi zen. Bide horretatik, irakurle arruntarengandik aldendu zen eleberria; prozesu hori mendearen erdi aldeko anti-eleberrian gertatu zen (Frantziako nouveau roman, etab.). Esperimentu horiek zenbaitetan interes handiko lanak eragin badituzte ere, eleberri "literarioaren" eta herrikoiaren arteko tartea handitu egin dute. Zenbait eleberrigilek, Graham Greenek esate baterako, bien arteko zubia egitea lortu dute, baina tarte hori XX. mendearen azkenaldiko eleberriaren ezaugarri nagusietako bat da, hala ere.

Euskal eleberria

aldatu

Euskal eleberria berandu sortua da. Euskaraz idatzitako aurreneko eleberria, generoaren arau guztiak betetzen zituena, 1898an argitaratu zen: Txomin Agirreren Auñemendiko lorea. Hala ere, badira ia ehun urte lehenagotik eleberri saiotzat edo eleberritzat har daitezkeenak. Horien artean aurrena, Juan Antonio Mogelek idatzi zuen: Peru Abarka (1802an idatzia, 1881ean argitaratua). Bertan, nekazari baten eta kirurgialari baten arteko elkarrizketa ageri da.

Jean Baptiste Azkonagerrek Atheka gaitzeko oihartzunak (1870) argitaratu zuen, kontrabandista baten istorioa kontatuz, baina jatorriz frantsesez idatzita zegoen. Joan Batista Elizanburuk Piarres Adame idatzi zuen (1889) eta Duvoisin kapitainak Baigorriko zazpi liliak (1884). Guztietan ere baserri giroa ageri da nagusi. Txomin Agirreren Joanes artzaina pertsonaia (1912, Garoa) horren eredu garbiena da: gizon tolesgabe, oso eta prestua da, kaleko giro nahasiarekin harremanik nahi ez duena. Guztiak ohiturazko eleberriak dira. Literatura egiteko jarrera hori ez zen oso berandu arte erabat eten.

Hala ere, Yon Etxaidek, Espainiako gerra ondorenean, Joanak joan argitaratu zuen (1955): Etxahun koblakariaren bizitza kontatzen du, era berriagoan, baina etenik sortu gabe. Urte berean agertu zen lehen euskal polizia eleberria, Hamabost egun Urgainen, Jose Antonio Loidik egina eta irakurleengan arrakasta handia lortu zuena.

Baina eleberrigintza modernoaren benetako zantzuak Txillardegirekin etorri ziren (1957, Leturiaren egunkari ezkutua). Lehen aldiz baserri girotik aldenduta, gizaki modernoaren arazoak ukitzen ditu egileak. Munduan egiten zen literaturarekin lotura handia du, Sartreren bidetik, existentzialismoaren ezaugarriak jasotzen baititu Txillardegiren lanak.

1969an Ramon Saizarbitoriak Egunero hasten delako argitaratu zuen, Frantziako mugimenduen ildo beretik. Aro berri bat zabaldu zuen liburu hark euskal eleberrigintzaren barruan, Europako joerekiko irekiagoa. Handik hara idazle askoren jarduna lotuago ibili bada ere nazioarteko idazkerarekin, esperimentalismo saioak sakonduz, baserri girora bueltatzeko joera hedatua izan da, Txomin Agirreren kontrako bidetik ordea. Baserriaren kontraesanak azaltzen dituzte kontakizun horiek, pertsonaia eta egoera benazkoagoak ispilatuz. Bernardo Atxaga eta Anjel Lertxundi bide horretan aitzindari dira.

Generoak

aldatu

XIX. mendetik aurrera, eleberriko hainbat genero garatu dira. Kritikariek gutxiesten badituzte ere, irakurle arrunten artean arrakasta handia lortu dute, gehienetan adituek goraipatutako eleberriek baino arrakasta handiagoa. Azken urteotan, generoko nobela hoberenak "literatura ontzat" jo izan dituzte.

Zenbait genero mota:

Zenbait eleberri garrantzitsu

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Zerrenda:Eleberri ospetsuak»

XI. mendeko lehen eleberritzat hartzen den japonierazko Genji Monogatari liburutik ehunka dira literaturaren historiako lan garrantzitsuak, besteak beste Dekamerona, On Kixote, Robinson Crusoe, Gulliverren bidaiak, Frankenstein, Madame Bovary, Gerra eta Bakea, Denbora galduaren bila, Ulises, 1984 edota Bakardadeko ehun urte.

Ikus, gainera

aldatu

Erreferentziak

aldatu

Kanpo estekak

aldatu
  NODES
ELIZA 1
Idea 1
idea 1
Ideen 1
multimedia 1
os 12
web 1