Elektroentzefalograma
Elektroentzefalograma, entzefalograma edo EEG, garunaren jarduera elektrikoaren erregistroa da, zehazki, garunaren neuronek sortutako bulkada elektrikoak neurtzen ditu.
Elektroentzefalograma gaixotasunak diagnostikatzeko erabiltzen den azterketa neurologikoa da. Paziente baten kontzientzia-egoera aztertzeko erabiltzen da, eta baita garun-heriotza ziurtatzeko ere.
Elektroentzefalogramak sortutako seinaleen abantaila nagusia, denboran duten bereizmen handia da. Honek, neuronen jarduera elektrikoen aldaketak momentuan neurtuak izatea ahalbidetzen du. Aldi berean, desabantaila nagusia seinaleek espazioan duten bereizmen txikia da. Hau dela eta, ezin da zehazki jakin neurtutako seinale elektrikoa garunaren zein gunetan sortu den.
Jatorri fisiologikoa
aldatuEhun nerbiosoak potentzial elektriko aldakorrak sorrarazten ditu, eta hauek organismoaren kitzikaberatasunaren oinarri dira. Deskarga elektriko batek sortzen dituen seinale elektrikoak dira potentzial elektrikoak, eta hauek mintz zelularrean zehar hedatzen dira. Elektroentzefalogramak garun-azalaren aktibitate elektrikoa hartzen du kontuan. Aktibitate hau, talamoaren eta garun-azalaren arteko elkarrekintzen ondorioz sortzen da.
Ekintza potentziala, hau da, sistema nerbiosoak informazioaren garraiorako erabiltzen duen ekintza elektrikoa, neurona-mintzean zeharreko ioi-trukaketaren ondorioz sortzen da, eta honek potentzial elektrikoan aldaketak sorrarazten ditu. Ekintza potentzial hauek ehun ezberdinetan zehar informazioa hedatzeko funtsezko transmisio-bidea da.
Garun-azalaren zelula piramidalak ekintza potentzialaren edo seinale elektrikoaren erantzule nagusiak dira. Zelula hauek neurona mota bereziak dira, beren axoiak beste eremu kortikaletan proiektatzen dira, konexio- edo proiekzio-zuntzen moduan. Neurona hauetako bakoitzak dipolo elektriko txiki bat eratzen du, eta dipolo honen polaritatea bulkada motaren araberakoa izaten da.
Pazientea eta elektroentzefalografoa konektatzen duten gailuek, hau da, elektrodoek, jasotako seinaleak ezberdinak izango dira, iturri elektrikoen eta elektrodoen arteko eroankortasun elektrikoaren arabera.
Seinalearen ezaugarriak
aldatuAzaldu den moduan, elektroentzefalogramak garunaren jarduera elektrikoa neurtzen du. Kitzikapen elektrikoa dela eta, uhin elektrikoak sortzen dira, eta uhin hauek potentzial elektrikoak sorrarazten dituzte neuronetan. Entzefaloak lau uhin nagusi sortzen ditu (beta, alpha, theta eta delta uhinak), pertsonaren kontzientzia-egoeraren arabera, uhin mota ezberdinak nabarmenduko dira.
- Beta uhinak: Uhin hauen frekuentzia 13-30 Hz-eko tartean egon ohi da. Uhin hauek nagusi dira adimen-jardueratan, hau da, pertsona adi dagoenean. Paziente batek estresa, herstura edo egonezina sufritzean, beta uhinen maila altuegia erregistratuko da.
- Alpha uhinak: 8-13 Hz-eko frekuentziak izateagatik bereizten dira. Pertsona esnatuta baina erlaxaturik dagoenean agertzen dira, adibidez ibilaldi batean.
- Theta uhinak: Uhin hauek 4-7 Hz-eko tartean daukate frekuentzia. Uhin geldoak eta tentsio baxukoak dira, pertsona lasaitasun sakonean dagoenean agertzen direnak.
- Delta uhinak: tentsio handieneko eta frekuentzia baxueneko (0,5-4 Hz) uhinak dira. Lo sakonean agertzen dira. Inoiz ez dira deuseztatuko, honek pazientearen garun-heriotza adieraziko bailuke.
Seinalea jasotzeko ekipamendua
aldatuEntzefaloaren aktibitate elektrikoak sorturiko seinale elektrikoa jasotzeko sare batean pilaturiko elektrodoak erabiltzen dira. Kasko moduko sare hau buru-gainazalean kokatzen da. Elektrodoek seinale elektrikoa erregistratzen dute eta elektrokardiografoan hau anplifikatu, prozesatu eta gordetzen ditu.
Seinalea jasotzeko elektrodo mota ezberdinak erabil daitezke: gainazalekoak (buruaren gainazalean kokatzen dira), basalak (garezur oinarrian kokatuak) edo kirurgikoak (kirurgia bitartez kokatuak).
Garunaren jarduera elektrikoak izen ezberdinak hartzen ditu, seinale hau erregistratzeko erabilitako elektrodoen arabera. Elektrodo kirurgiko kortikalak erabiltzean, elektroentzefalogramari elektrokortikograma, ECoG, deritzo. Aldi berean, garun barneko elektrodo kirurgikoak erabiltzean, estereo-elektroentzefalogramari buruz, E-EEG, ariko gara. Bestalde, gainazaleko edo oinaldeko elektrodoak erabiltzean, entzefalograma edo elektroentzefalograma deitzen zaio.
Erabilera klinikoa
aldatuAskotan, garuneko lesioak edo anomaliak antzemateko erabiltzen da elektroentzefalograma. Lesio hauen identifikazioan, diagnostikoan, eta jarraipenean laguntzeko ere erabiltzen da. Antzematen diren gaixotasunen artean ohikoak dira: epilepsia, alzheimerra eta amnesia.
Bibliografia
aldatu- http://www.newbrainnewworld.com/?Brainwaves_and_Brain_Mapping Kontsulta-data: 2016ren apirilaren 14ean
- https://en.wikipedia.org/wiki/ElectroencephalographyKontsulta-data: 2016ren apirilaren 14ean
- http://www.psych.westminster.edu/psybio/BN/Labs/Brainwaves.htm[Betiko hautsitako esteka] Kontsulta-data: 2016ren apirilaren 14ean