Emakumeen aurkako indarkeria

Emakumeen aurkako indarkeria emakumeari emakume izateagatik egindako indarkeria da. Zehatzago, sexu-bereizkerian oinarritzen den eta emakumea helburu duen edozein indarkeria ekintza da, emakumeei kalte edo sufrimendu fisiko, sexual edo psikologikoa eragiten diena edo eragin diezaiekeena, baita halako ekintzak egiteko mehatxuak, hertsadura edo askatasun-kentze arbitrarioa ere, bizitza publikoan zein pribatuan gertatuak.[1] Giza eskubideen aurkako zuzeneko erasoa izateaz gainera, emakumeari ondorio fisiko nahiz psikologiko larriak ekartzen dizkio. Emakumeen aurkako indarkeriak indarkeria fisiko zuzenaz gainera (adibidez, kolpe, jipoi, labankada nahiz itotzeak, unekoak nahiz modu jarraituan, tortura gisa), ondorio fisiko zuzenak ez dituzten indarkeria modu psikologikoak ere biltzen ditu (irainak, mesprezuak, mehatxuak, emakumearen beraren nahiz pertsona maitatuen aurkakoak, emakumearenak diren objektuen lapurreta edo txikizioa, familiarrak eta lagunak ikustea debekatu nahiz mugatzea, xantaiak); maiz, emakumearen aurkako indarkeriak sexu-osagaia du (bortxaketak eta bestelako sexu abusuak). Nolanahi ere, emakumeen aurkako indarkeria tratu txar fisiko, psikologiko nahiz sexuala batera gertatzen dira askotan. Beste alde batetik, emakume izatera heldu gabe, neskatxa nahiz sexu femeninoko haurrei bere kondizioa dela eta egindako indarkeria ekintzak ere emakumeen aurkako indarkeriatzat jotzen dira.

Emakumeen aurkako indarkeria genero-bereizkeria edo emakumearen gutxiespena instituzionalizatuta egoten den eremuetan gertatu ohi da: etxean (etxeko indarkeria), bikote-harremanetan nahiz gizarte eta kultura instituzioetan (derrigorrezko ezkontzak, sexu esklabotza, mutilatze edo mozte genitalak, harrikatzeak). Emakume izateagatik edo emakumearen gizarte-eredu bati jarraitzeagatik, norbere buruaren aurka egiten dituen ekintzak (adibidez, suizidioak eta argaltzeko dieta kaltegarriak) eta jarrerak ere (autoestimu eskasa) emakumeen aurkako indarkeria dira.

Datuak

aldatu

2014ko datuen arabera, Europan, sexu jazarpena jasan duten emakumeak %55 dira, hau da, 100 milioi emazte. Lanean hiru emakumetik batek jasan du[2]. Bestalde, herrialdeak alderatuz, bikotekideak eraginda 15 eta 49 urte arteko emakumeen %71k jasan dute indarkeria fisiko edo sexuala herrialde batzuetan eta bazter batzuetan, berriz %15 da[3].

Munduan, emakumeen %35ek jasan izan dute indarkeria fisiko edo sexualen bat bizitzan, hau da, 1.000 milioi emakumek. Bikotekideek sortutakoak kasuen %30 izan dira[4]. Azkenik, Europan, umeen %12k jasan dituzte sexu abusuak eta indarkeria fisikoa haurren %27k jasan du[5].

Arazoari aurre egiteko mekanismoak

aldatu

2014ko abenduaren 30ean jakin zenez, genero bortizkeriaren kostuaren %3 baliatzen zen prebentzioan Europan. Gainera, emakumeen aurkako indarkeriak urtean 225.800 milioi euroko kostua zuen Europako Batasunean. Justiziarako erabiltzen zen diru gehiena, eta, ondoren, osasun zein gizarte zerbitzuetarako[6].

Nafarroa

aldatu

2014ko abenduaren 30ean, indarkeria sexistari aurre egiteko lege aurreproiektua aurkeztu zuen Nafarroako Gobernuak. Gazteen arteko delituen «larriaz» kezka adierazi zuen eta 2002ko araua eguneratu eta prebentzioarekin berrikuntza zen. Eraso psikologiko eta ekonomikoak andreen aurkako indarkeriaren parte izatera igaro ziren[7].

Interneten

aldatu
« Terminologia joria da: sexting, sextortsioa, grooming... Ni ez naiz horiek erabiltzearen zale, finean badakigulako zer den jazarpen sexista edo sexu erasoa, eta Interneten gauza bera da. Horregatik nahiago dut ziberindarkeria matxistaz edo ziberjazarpenaz hitz egin. Hala ere, bada alderik online eta offline kasuen artean. [...] Online munduan gertatzen denak hor irauten du, ez da desagertzen. »
Estibaliz Linares. Berria. 2021-06-13[8]

Erreferentziak

aldatu
  1. Nazio Batuen Erakundeko Batzorde Orokorrak onartutako Emakumeen aurkako indarkeriaren desagerpenerako adierazpena dokumentuko 1. artikuluan oinarrituriko definizioa.
  2. «100», Berria, 2014-11-23
  3. «%71», Berria, 2014-11-23
  4. «1.000», Berria, 2014-11-23
  5. «%12», Berria, 2014-11-23
  6. Maddi Ane Txoperena Iribarren, «Genero bortizkeriaren kostuaren %3 baliatzen da prebentzioan Europan», Berria, 2014-12-31
  7. Oihan Vitoria, «Eraso psikologiko eta ekonomikoak, andreen aurkako indarkeriaren parte», Berria, 2014-12-31
  8. Orzaiz, Ion. «Estibaliz Linares: «Ziberjazarpenak min handia eragin dezake, edonora iristen baita»» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-06-14).

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu
  NODES
Idea 1
idea 1
INTERN 3