Erbinudea, satandera edo ogigazta (Mustela nivalis) ugaztun haragijale txikia da, mustelidoen familiakoa. Europan (Euskal Herrian ere), Ipar Amerikan eta Asiako erdialdean bizi da.

Erbinude arrunt
Pleistozeno Berantiar-Gaur egun

Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
KlaseaMammalia
OrdenaCarnivora
FamiliaMustelidae
GeneroaMustela
Espeziea Mustela nivalis
Linnaeus, 1766
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Ernaldia35 egun
Gizakiak ateratzen dizkion produktuaklettice (en) Itzuli
Habitatbaso
Masa1,4 g
Haginkadaren indarra164
Kumaldiaren tamaina4,7
Eguneko zikloaeguneko eta gaueko

Daukan itxurak erbinude zuria ekartzen digu gogora, baina txikixeagoa da. Inoiz edo behin, atzeko hanketan bermatuta eta zutik ikusiko dugu lurraldea arakatzen, ea harrapakinik dagoen. Oso jatuna da eta anker ospea dauka harrapakinak hiltzeko moduarengatik[1].

Naturan 7-8 urte artean bizi daiteke, baina kaiolan, naturan baino gehixeago ere bai.

Ezaugarriak

aldatu

Mustelido hau ugaztun haragijaleen artean dagoen espezie txikienetarikoa da. Bizkar-arrea eta sabel-argia ditu.[2] Gorputza txikia, luzexka eta malgua du; lepoa luzea, burua zapala, belarriak txikiak eta biribiltsuak, begiak eta sudurra ilunak eta hankak eta buztana motzak ditu. Zeharo zuriak diren aleak ere ezagutzen dira; kasu horietan buztan-punta ez da sekula ere beltza izaten.

Hanketan, 5 hatz ditu. Oso hatz-marka txikia uzten du, 1,5 cm ingurukoa. Bost hatz eta hiru lobulu markatzen ditu. Aurreko hanken marka atzekoena baino txikiagoa da.

Gorotzak, nabarrak edo beltzak, luzeak eta meheak dira, eta ibiltzen den bideetan lagatzen ditu, baita harri gainetan ere.

Ahoan, 34 hortz ditu.Soinu dezente egiten ditu, urrumak, txilioak (kri kri), kurrukak, ufak...; batez ere, asaldatuta dagoenean.

Elikadura

aldatu
 
Erbinudearen erasoa, erbi baten garondoan kosk egiten, irudikatutako museo bateko erakusketan.

Oso animalia "ankerra" izateko ospea du, ehizatzeko duen ohiturengatik. Harrapakina ikusten duenean, astiro-astiro hurbildu, eta kosk egiten dio garondoan; behin kosk eginik, hortxe geratzen da zintzilik, harrapakina hil arte. Oso metabolismo-eskakizun handia duenez, ehizan egon behar du beti[1]. Batez ere, karraskari txikiak ehizatzen ditu: saguak, lursaguak, muxarrak... Baina beste animalia batzuk ere jaten dituen, ugaztunez gain: txoriak, intsektuak, anfibioak, narrastiak... Gai da, halaber, animalia handiagoak ehizatzeko ere ere, bereziki etxekotutako espezien artean etxaldeetan aurkitzen ahal baditu: untxiak, oiloak, usoak...

Harrapakin gisa

aldatu

Mustelido honek arerioak ere badauzka. Gaueko eta eguneko hegazti harrapariek, azeriak, basakatuak, katajinetak eta bera baino handiagoak diren beste mustelidoek erbinude dute elikagai. Kumeak oso txikiak direnean, muskerrek eta sugeek jan ditzakete.

Ugalketa

aldatu

Emeak arrak baino askoz ere txikiagoak dira, eta lau pare titi dituzte[1]. Emea arreske dagoenean (urtarriletik urrira, baina, batez ere, udaberri aldera), arrak bata bestearen atzetik ibiltzen dira, borrokatan, txilioak botatzen dituzten bitartean. Irabazten duen arrak emea estaltzen du, lepotik oratuta. Memento horretan izaten da ernalketa; ernalketak ez du atzerapenik izaten, beste mustelido batzuetan ez bezala. Estalketaren ondoren, arrak bakarrik uzten du emea.

Kumaldiak 34-37 egun irauten du. Maiatz-ekainean, 4-8 kumeak jaiotzen dira ilerik gabeak eta itsuak dira, 1-3 g pisatzen dute eta hilabete pasatu ondoren hasten dira gordelekutik ateratzen jolasteko. Hilabete eta erdi edo bi hilabete pasatu direnean hasten dira ehizan, eta 3-4 hilabetera emeek, eta 4-6 hilabetera arrek, sexu-heldutasuna lortzen dute, nahiz eta hurrengo urtera arte ez duten, normalean, kumerik egiten. Garai horretan independizatzen dira.

Erbinudea Euskal Herrian

aldatu
 
Erbinudearen izenak euskaraz, tokian tokiko euskalkiak dokumentatu ahal izan diren eremuan.

Erbinudeak ez du arazo handirik Euskal Herrian bizitzeko. Daukagun azpiespeziea Mustela nivalis nivalis da. Ugaria da basoetan, eta, baserrietako oilategietan sartzen denean sortzen dituen arazoez aparte, ez du traba handirik eragiten oso txikia delako. Babestutako espeziea da, ezin da ehizatu edo tranpekin hil[1].

Erbinudearen izenak

aldatu

Euskararen eremua, mustelido honek hainbat izen jasotzen ditu, etimologia desberdinekoak.

Tokian tokiko euskalkiak dokumentatu ahal izan diren eremuan, honako formak jaso izan dira euskaraz (bakoitza bere aldagaiarekin), nolabait etimologikoki bilduta[3]:

Forma hauetan zenbaitek aldagaiak dituzte, gainera, Europako beste hizkuntza batzuetan, mito eta folkloreko elementu askorekin lotuak baitaude animalia hauek[4].

"Andere" eta bereziki "andere ederraren" gaia hainbat hizkuntzatan ageri da: bretinieraz kaerell (kaer, ederra); albanieraz nusehalë (nuse emaztegaia eta halë laguna); errumanieraz nevăstuică (nevasta, emaztegaia); grekeraz nifytsa (ninfa edo emaztegaiaren izenarekin lotua halaber), galizieraz donicela (latinezko andereñotik)... Kasu batzuetan, haurrak mundura dakartzan emakumearen gaiarekin lotzen da etimologia: comadreja da gaztelaniaz (comadre, emagina), eta euskarazko erbi-inude horretan inude terminoa horrekin lotzen da. Koldo Mitxelenaren iritziz[5], herri-etimologia izan liteke erbinude eta jatorriz erdi-un(h)ide izan zitekeen, erditzean laguntzen zuena, alegia.

Bizkaierazko ogi-ta-gaztai forma bereziak, berriz, inguruko erromantze batzuetan du kalkoa. Aragoieraz eta Iberiako beste erromantze batzuetan (baliteke Nafarroakoan ere) paniquesa da erbinudea[6], eta etimologia horixe bera du. Mezkiritzen jaso izan da euskaraz panikesa forma, hain zuzen[3]. Gaskoieraz, aldiz, palet jaso izan da (ogi-esnea, litzateke kasu honetan). Zera izan daiteke etimologia honen jatorria: baserri eta etxaldeetan erbinudea oilategietara lapurretan sar ez zedin, ogi eta gaztarekin igurtzen ziren sarbide eta zirrikituak, horrek animalia hau uxatzen duelakoan[6].

Erreferentziak

aldatu
  1. a b c d «Erbinudea (Mustela nivalis) Satandera - Ogigazta - Andderederra - Arranobe» Arranobe - Euskal Herriko fauna (Noiz kontsultatua: 2018-04-28).
  2. Lur entziklopedietatik hartua.
  3. a b «Euskararen Herri Hizkeren Atlasa (EHHA)» Euskaltzaindia (Noiz kontsultatua: 2018-04-27).
  4. a b (Ingelesez) «r/etymologymaps - The word for "weasel" in European languages» reddit (Noiz kontsultatua: 2018-05-02).
  5. (Gaztelaniaz) Mitxelena, Koldo. (). Fonética histórica vasca. Gipuzkoako Foru Aldundia, 483 or. ISBN 8479070161. PMC 28114467..
  6. a b (Gaztelaniaz) «ALGUNOS APUNTES MITOLÓGICOS SOBRE LA MUSTADIELLA» www.celtiberia.net (Noiz kontsultatua: 2018-05-02).

Kanpo estekak

aldatu
  NODES