Errubia gorri edo arrosa koloreko harribitxia da. Korindoi mineralaren (aluminio oxidoa) barietate bat da, eta kromo elementuari esker dauka kolore gorrixka.[1] Mohsen gogortasun sailkapenean 9.0ko balioa du[2]. Harribitxi nagusien artean dago, ametista, zafiro, esmeralda eta diamantearekin batera. Harribitxi garesti eta arraroenetako bat da, diamantea baino askoz arraroagoa, batez ere, gorri bizi eta garbia duten piezak[3]. Errubi baten kalitatea, bere koloreak, mozketak eta argitasunak baldintzatzen du, eta ezaugarri hauek, kilate pisuarekin batera, bere balio eta prezioari eragiten diote. Errubi baliotsuenek, odol gorri deritzogun gorri tonu distiratsua daukatenak dira.[4] Orratzen antzeko errutilo inklusiorik gabeko errubi batek, harria tratatua izan dela adieraz dezake. Munduko errubi baliotsuena “Egunsenti Errubia” deitzen da.

Infotaula de mineralErrubia
Ezaugarri orokorrak
KategoriaMineralak
FormulaAl2O3::Cr
Sistema kristalinoTrigonala
Identifikazioa
KoloreaGorria, marroixka edo purpura izan daiteke
HabitoaTaula-formako prisma hexagonala
Gogortasuna
Mohs eskalan
9,0
DistiraBeirakara
PleokroismoaGorri laranjaxka, gorri purpura
MarraZuria
Dentsitate erlatiboa3.97 - 4.05
DisolbagarritasunaEz

Etimologia

aldatu

Errubi hitza “ruber” hitzetik dator, latinez gorria esan nahi du. Harribitxi gorri asko errubi deitzen zituzten XVIII. mendean, zientzia gemologikoaren aurrerapenek mineralak beraien artean zehaztasun gehiagorekin bereiztea ahalbidetu zuen arte. Antzinaroan, errubi, granate eta espinela mineralak "carbunculus" ("ikatz txikia" latinez) deitzen zituzten, eta ez ziren elkarrengandik bereizten. Errubia eguzkitan jartzean, ikatz sutsuaren antzerako kolore gorri bizia jartzen zitzaionez, antzinako greziarrek "antrax" (“ikatz bizia”) gisa ezagutzen zuten.

Konposizio Kimikoa

aldatu
 
Errubien estruktura kristalizatua

Errubiek 9.0ko gogortasuna dute Mohs eskalan. Harribitxi naturalen artean moissanita eta diamantea bakarrik dira errubia baino gogorragoak. Diamanteak 10,0eko Mohs gogortasuna dauka eta moissanitak, errubiaren eta diamantearen artekoa. Zafiroa, errubia eta korindoi purua aluminio oxidoaren barianteak dira, Al2O3ren formarik egonkorrena. Aluminio ioi bakoitzetik 3 elektroi irteten dira sei ioi O2ren talde oktoedriko erregularrera batzeko. Honek, aluminiozko ioi guztiak Korindoi puruan uzten ditu parekatu gabeko elektroi edo energia mailarik gabeko konfigurazio oso egonkor batekin, horrela kristala gardena geratzen da.

Kromo atomo batek aluminiozko atomo bat ordezkatzen duenean ere, 3 elektroi galtzen ditu kromo3+ ioi bihurtzeko eta Al2O3 kristalaren karga oreka mantentzeko. Hala ere, Cr3+ ioiak aluminioak baino handiagoak dira eta norabide ezberdinetan elektroi orbitalak dituzte. O2- ioien kokapen oktoedala distortsionatua dago, eta Cr3+ ioi horien orbital ezberdinen energia mailak apur bat aldatzen dira O2 ioien norabideen ondorioz. Energia-diferentzia horiek espektroaren eremu ultramore, bioleta eta hori-berdeko xurgapenari dagozkio.

 
Errubi-transmisioa espektro optikoetan. Beha itzazu xurgapen more eta hori-berdeko bi zerrenda zabalak eta xurgapen estuko banda bat 694 nm-ko uhin-luzeran, hau da, errubizko laserraren uhin-luzeran.

Errubiko aluminiozko ioien ehuneko bata kromoarekin ordezkatzen bada, hori-berdearen xurgapenaren emaitza harribitxiaren kolore gorria da. Gainera, aurreko uhin-luzeretako edozein xurgatzeak 694 nanometroko uhin-luzera duen argi gorri baten igorpen fluoreszentea estimulatzen du, eta horrek kolore gorria eta distira areagotzen ditu. Kristalean zehar argia behin eta berriz pasatzeko ispiluak edo beste bitarteko batzuk antolatuz gero, errubiz egindako laser batek intentsitate altuko argi gorria sortzen du.[5]

Errubi natural guztiek inperfekzioak dituzte, kolorearen ezpurutasunak eta “zeta” deituriko errutilozko orratzen inklusioak ere. Gemologoek errubi naturaletan aurkitzen diren orratz inklusio hauek sintetikoetatik, simulatzaileetatik edo ordezkoetatik bereizteko erabiltzen dituzte. Normalean, harria berotu egiten da moztu aurretik. Gaur egun, ia errubi guztiak tratatzen dira nolabait, eta tratamendu termikoa da ohikoena. Kalitate altuko traturik gabeko errubiek prima handia dute.

Errubi batzuetan hiru edo sei puntuko izar bat ikus daiteke. Errubi hauek kaboxoietan mozten dira efektua behar bezala ikusteko. Asterismoak argi-iturri bakar batekin hobeto ikusten dira eta harrian zehar mugitzen dira, inguruko argia mugitzen edo harria biratzen den heinean. Efektu horiek argia "zetaz" (egituraz orientatutako orratz sortilen inklusioak) kanpo islatzen denean gertatzen dira. Kasu honetan, inklusioek harri preziatuaren balioa handitzen dute. Gainera, errubiek kolore aldaketak izan ditzakete, baina hau oso gutxitan gertatzen da, baita txatoyantzia edo "katu begi" efektua ere.[6]

Errubi vs. zafiro arrosa

aldatu

Oro har, gorri tonu guztietako harribirritxi korindoiei errubi deitzen zaie, arrosa barne. Hala ere, gutxieneko kolore-saturazio bat bete behar da errubi deitzeko; bestela, zafiro arrosa deituko zaio harriari. Errubi eta zafiro arrosaren bereizketa nahiko berria da, XX. mendean sortu baitzen. Sarritan, errubiaren eta zafiro arrosaren arteko ezberdintasuna ez da argia, eta eztabaidak sor ditzake. Ezberdintasun horien zailtasunaren eta subjektibotasunaren ondorioz, hainbat merkataritza-erakundeek, hala nola Kolorezko Harribitxien Nazioarteko Elkarteak, errubiaren definiziorik zabalena hartu dute, tonurik argienak barne hartzen dituena.[7]

 
Zafiro arrosa
 
Errubia

Ezaugarri fisikoak

aldatu
 
Tanzaniako errubi gorria

Kolorea

aldatu
 
Nepaleko errubi arrosa

Errubiaren kolorea da kalitate-faktorerik garrantzitsuena. Jatorri ezberdineko errubi motaren arabera tonalitate ezberdinak aurki daitezke. Kolore bilatuena gorri bizia edo urdin tonua duen gorria da. Tonu gorri berezi hau odol gorri edo “usoaren odol” gisa ezagutzen da.

 
Indiako errubi morea

Oro har, errubiaren kolorea argiegia denean zafiro gorri gisa sailkatzen da. Baina, errubi arrosaren eta zafiro gorriaren arteko sailkapena eskualdearen arabera aldatzen da. Alegia, meatzaritza eremu batzuetan, errubi arrosak errubitzat hartzen dituzte eta beste batzuetan zafiro gorritzat. Dena den, errubia, harribitxi dikroikoa denez (bi kolore: gorri purpura eta gorri laranjatua), ez du inoiz gorri puruaren % 80 baino gehiago izango; laranja, arrosa, purpura edo bioleta bezalako bigarren mailako koloreak aurki daitezke harribitxietan.[8]

Argitasuna eta disdira

aldatu

Oro har, errubietan inklusioak ikus daitezke, eta hauek, harriaren izaeraren ezaugarri garrantzitsutzat onartzen dira. Alegia, ia ezezagunak dira inklusiorik gabeko errubi harriak. Hala ere, inklusioek, harribitxiaren gardentasuna edo distira murrizten dutenean, errubiaren balioa murritz dezakete.

Alejandrita eta esmeralda harrietan bezalaxe, errubiaren kasuan kromoa da kolorearen eta inklusioen arduraduna. Zafirorekin batera, errubia II. motako harribitxien taldekoa da, hau da, harribitxiak naturan aurkitzen direnetik begi hutsez antzeman daitezke haien inklusioak. Nahiz eta, normalean, errubiak zafiroak baino inklusio gehiago eduki, inklusio txikiagoak izaten dituzte.

 
Asterismoa duen kaboxoi foramako errubia

“Zeta” deituriko inklusio mikroskopiko hauek errubian zehar argia modu delikatuago batean bana dezakete, honela, haren edertasuna eta, beraz, haren balioa areagotuz. Errubiak kolore gorri fluoreszente indartsua duenean, harribitxiak distiratu egiten du. Normalean, harri puruak oso distiratsuak izaten dira, baina ez "argitsuak". Alegia, harribitxiaren angelu ezberdinak argipean jartzean, errubi harriak tonalitate uniformea mantendu beharko luke. Harri gehienek argi naturalarekin edo argi zuriko iturri baten azpian ikusiz gero erakusten dute disdira ederrena, eta harribitxi horietako askok kolore gorriko fluoreszentzia handia hedatzen dute.

Forma eta itxura

aldatu

Errubiei, normalean, ebaki konbinatu bat egiten diete: ebaki distiratsuko koroa eta pabiloiekin egindako “step” ebaketa. Forma ohikoenak obaloak eta kaboxoiak dira. Asterismo edo izar efektua erakusten duten errubiak normalean kaboxoietan mozten dira, efektu optikoa nabarmentzeko. Beste ebaki batzuk ere badaude, hala nola, ebaketa zirkularra, triangelu-ebaketa, esmeralda mozketa, udare mozketa eta markesa ebaketa.

Hala ere, forma hauek nekez aurki daitezke tamaina handietan, ezta obalo eta kaboxoiak ere, ez baitute harribitxiaren pisu gordina mantentzen. Kilo bat baino gehiagoko errubiak oso arraroak dira, horregatik prezioak asko igotzen dira tamainarekin.

Errubi sintetikoak eta imitazioak

aldatu
 
Errubi artifizialak
 
Verneuilen zuzi baten zirriborroa, errubi sintetikoak egiteko erabiliko zuena

1837an, Gaudinek lehen errubi sintetikoak sortu zituen, tenperatura altuko potasa-argiak eta kromo pigmentu pixka bat fusionatuz. 1847an, Ebelmendarrek zafiro zuria sortu zuten aluminioa azido borikoaz fusionatuz. 1877an, Frenicek eta Freilek kristalezko korindoia egin zuten eta horrekin, harri txikiak moztu zitezkeela konturatu ziren.

Frimyk eta Auguste Verneuilek errubi artifiziala sortu zuten, BaF2 eta Al2O3 kromo pixka batekin gori-gori fusionatuz. Verneuil garai hartan garatzen ari zen sugar fusio prozesuak, beranduago, bere izena izango zuen. 1902an, Verneuilek bere metodo berriaren xehetasunak argitaratu zituen eta berehala, errubi sintetikoaren ekoizpen industriala hasi zuen. 1903an, Verneuilek sugar fusio prozesu hau erabiliz, merkaturako errubi sintetikoak sor zitzakeela iragarri zuen. 1907an, 1.000 kilogramo harribitxi ekoiztea lortu zuen eta 2.000 libra irabazi zituen. 1910ean, Verneuilen laborategia 30 labeko ekoizpen lantegia bihurtu zen.[9]

 
Maimanen errubizko laserra

Baina badaude errubi sintetikoak sortzeko beste prozesu batzuk: Czochralskiren trakzio prozesua, fluxu prozesua eta prozesu hidrotermikoa. Errubi sintetiko gehienak sugarren fusiotik sortzen dira, kostu txikikoak direlako. Baliteke errubi sintetikoen inperfekzioak begi hutsez ez ikustea, baina hurbiletik aztertzean, ildaska kurbak eta gas-burbuilak ager daitezke. Errubiaren inperfekzioak zenbat eta ugariagoak izan, orduan eta baliotsuagoa da. Inperfekziorik ez dituzten harribitxiak artifizialak direla susmatzen da. Dopatzaile sintetikoak gehitzen zaizkie harribitxi batzuei errubi gisa identifikatuak izateko, baina gehienek proba gemologikoak pasa behar dituzte jatorria zehazteko.[10]

Errubi sintetikoek erabilera teknologikoak eta gemologikoak dituzte. Errubi sintetikoen hagatxoak laserrak eta maserrak egiteko erabiltzen dira. 1960an, Theodore H. Maimanek lehen laserra martxan jarri zuen. Maimanek errubi solido sintetiko bat erabili zuen 694 nanometroko (nm) uhin luzera duen laser argia sortzeko. Errubi sintetikoekin egindako laserrak gogortasun handia behar den beste aplikazio batzuetan erabiltzen dira oraindik.

Imitaziozko errubiak ere merkaturatzen dira. Espinela gorriak, granate gorriak eta kolore gorriko beirak errubi gisa saldu izan dira faltsuki. Harribitxiaren imitazioak erromatarren garaikoak dira. XVII. mendean harriak gorriz koloreztatzeko teknikak garatu ziren, labearen behealdean artile eskarlata errez.[11]

Erauzketa

aldatu

K. a. 480. mendetik aurrera, antzinako greziar eta erromatarrek Sri Lankako errubiak ezagutzen zituzten. Honek Sri Lanka errubiaren erauzketa iturririk antzinakoena bihurtu zuen. Sri Lankan, errubi tonurik argienak (askotan "zafiro arrosak") dira ohikoenak. Historikoki, errubiak Thailandian ere atera izan dira, Pailin eta Samlout Kanbodiako barrutian, baita Afganistan, Australia, Brasil, Kolonbia, India, Namibia, Japonia eta Eskozian ere. Bigarren Mundu Gerraren ondoren, Madagaskarren, Nepalen, Pakistanen, Tanzanian eta Vietnamen aurkitu ziren errubi aztarnategiak.

Errubiak Afganistanen eta Pakistanen ere erauzten dira[12]. Pakistango Kaxmirrean milioika errubiko erreserba handiak daude, bilioi erdi dolarrekoak.[13] Hala ere, 2017tik aurrera meategi bakarra zegoen (Chitta Kathan) inbertsio faltagatik. Afganistanen, errubiak Jegdaleken erauzten dira.

Ipar Mazedoniako Errepublika errubi naturalak dituen Europako herrialde bakarra da.[14] Prilep hiriaren inguruan aurki daitezke meatzal guneak. Errubi mazedoniarrek kolore bakarreko harribitxiak dituzte, mugurdi kolorekoak. Errubia mazedoniar armarrian ikus daiteke.

Errubi batzuk Montana, Ipar Carolina, Hego Carolina eta Wyoming estatuetan aurkitu dituzte. Batzuetan, espinela (beste harribitxi gorri bat) errubiekin batera egoten da harribitxi edo marmolezko hartxintxar berean. Nahiko ohikoa da esperientzia gutxiko meatzariek, espinela gorriak errubiekin nahastea. Hala ere, kalitate hobereneko espinela gorria, errubi baten batez besteko preziora hurbil daiteke.

Baina errubiaren jatorri "klasikoa" Myanmarko Mogok harana da, Birmaniako iparraldean dagoena. Historian zehar, harribitxi hau hain nabarmena izan da herrialdean, ezen antzinako errege birmaniarrei "Errubiaren jauna" titulua jartzen baitzieten. Herrialde hau, bertan erauzten dituzten kolore klasikoko eta gardentasun handiko errubi harriei esker, munduko errubi erauzketa toki garrantzitsuenen artean dago. 1990eko hamarkadan, Myanmar erdialdean, Mong Hsu ingurua errubiak ekoizten hasi zen, eta berehala bihurtu zen munduko errubi meatzal gune nagusia. Myanmarren berriki aurkitutako errubi aztarnategia Namyan (Namyazeik) dago, iparraldeko Kachin estatuan. Gaur egun Rubia Möng Hsu herrian dago, Birmaniatik ipar-ekialdera, baina azken urteotan errubi on gutxi aurkitu dira bertan.[15]

Motak jatorriaren arabera

aldatu

Errubi-harribitxi mota ezberdinak daude merkatuan. Harribitxi honen motak meatze eremuaren arabera sailkatzen dira. Jarraian, errubi harribitxien motak eta haien jatorria eztabaidatuko ditugu.

 
Errubi birmaniarra

Errubi birmaniarra

aldatu

Errubi birmaniarrak edo Myanmarreko errubiak munduko errubi estimatuenetakoak dira. Mota honetako harribitxiak kalitate bikainekoak dira, gorri disdiratsua eta inklusio txikia daukate. Birmaniar errubiek beti izaten dute inperfekzioren bat gorputzean, beraz, birmaniar errubi bat erosten den bakoitzean, lehenik eta behin, harrian inklusio txikiren bat dagoela ikuskatu behar da, originala izan dadin.

 
Errubi Tanzaniarra

Errubi afrikarra

aldatu

Afrikako errubiek, oro har, tamaina eta kalitate ezberdinak dituzte. Odol gorri edo gorri ilun kolorekoak dira, baina, bertan jasotzen diren errubi kolorerik onenak gorri ilunekoak dira. Mozambiken, bereziki, errubi asko erauzten dituzte eta herrialdearen iparraldean aurkitutako asterismodun errubiengatik dira ezagunak.

Errubi thailandiarra

aldatu

Thailandiako errubiak Bangkokeko hego-ekialdetik datoz. Thailandiako errubiak baino ospetsuagoak diren bakarrak birmaniar errubiak dira. Bertako errubiak kalitate bikainekoak dira, baina tonu ilunagoak dituzte normalean, marroiz eta gorri morez tindatuak, burdina eta kromoaren konbinazioaren ondorioz.

Errubi tanzaniarra

aldatu

Tanzaniako errubiak bere purutasun eta fintasunarekin liluratzen du. Bere balioa etengabe igotzen ari da, kopuru txikitan aurkitzen delako. Harribitxi hauek Songea eskualdetik ateratzen dira.

Tanzaniako errubi harrien itxura hessonitar harriaren nahiko antzekoa da bere koloreagatik. Kolorearen intentsitatea txikiagotu egiten da tamainarekin, beraz, Tanzaniako errubi harrien tamaina zenbat eta txikiagoa izan, orduan eta baliotsuagoak dira; harriaren tamaina handitu ahala, harriaren kolorea desagertzen hasten baita. Dena den, euren lehiakide ospetsuenen harriak baino eskuragarriagoak dira. Alegia, errubi hauek ez dira birmaniar eta thailandiar errubiak bezain garestiak.

 
Afganistateko errubia
 
Madagaskarreko errubia

Madagaskarreko errubia

aldatu

Madagaskarreko errubiak beste motak baino aukera merkeago bat dira. Baina, nahiz eta nahiko berriak izan, bertatik ateratzen diren zeta delikatuko harriak egunetik egunera harribitxien merkatuan presentzia gehiago daukate. Madagaskarreko errubiek efektu optiko bereziak dituzte: asterismoa (izar efektua) edo chatoyancea (katu begi efektua).

Andilamena eta Vatomandry-ko meatzaritza-eskualdeetan daude Madagaskarretik ateratzen diren errubi berezienak. Eremu horietan dagoen errubien kalitatea desberdina da, alegia, eskualde hauetan errubiak arroka igneoen barietate zabal batean aurki daitezke. Harribitxi hauek gorri-laranja eta gorri kolorea izaten dute.

Afganistango errubia

aldatu

Afganistango meatzal-lekuak Badakshan eta Jagdalek eskualdeetan daude. Jagdaleken sortzen den  errubi motakolore gorri ilun eta gorri-morekoa da. Jagdaleko errubiek munduko beste leku batzuetan aurkitzen ez dituzten ezaugarriak dituzte.[16]

Tratamendua

aldatu

Harribitxiak saldu aurretik tratamenduen bitartez errubien kalitatea hobetzea ohiko praktika da. Hauek dira harriei gehien egiten zaizkien hobekuntzak: kolorea aldatzea, gardentasuna hobetzea (errutilo-inklusioak disolbatuz), pitzadurak estaltzea edo erabat betetzea. 1990eko hamarkadaren amaieran, kostu txikiko materialen ekoizle garrantzitsu batek termikoki tratatutako errubien ekoizpena handitzea eragin zuen eta, ondorioz, errubiaren prezioek behera egin zuten.

Tratamendu termikoa

aldatu

Errubiei tratamendu termikoa aplikatzea da tratamendurik zaharrena eta ohikoena. Korindoi izeneko aluminio eta oxigeno atomoz osatua dagoen errubia milioika urtetan zehar lurraren gainazalaren bero eta presiopean egon da. Beroak eta presioak mineral hau arroka igneoen pitzaduretan sartzen den likido bihurtzen dute. Likidoa hozten den heinean, kolorerik gabeko kristal bihurtzen da. Hala ere, beste mineral batzuen arrastoek (askotan % 1 baizik ez), kolorerik gabeko korindoi hau, gorri, arrosa, hori eta urdin bihur dezakete. Oligoelementua kromoa bada, korindoia gorri bihurtzen da eta horrela, errubiak sortzen dira. Oligoelementua burdina eta titanioa bada, berriz, urdin koloreko zafiroak bihurtzen dira.

Prozesu hori tenperatura kontrolatua duten labeetan egiten da. Tratamendu termiko hauetan, harribitxiek 1800 °C (3300 °F) inguruko tenperaturak izaten dituzte. Errubi batzuk bero-prozesu baxuago bat jasaten dute, 20-30 minutuz ikatz gainean berotzen 1300 °C (2400 °F) inguruko tenperaturan. Zeta partzialki hausten da eta kolorea hobetu egiten da.

Nahiz eta metodo zaharra izan, Asiako hegoaldeko eta hego-ekialdeko mendi-hegaleko herrixketan ikus daiteke oraindik. Groenlandiako harribitxiek Myanmarretik ateratzen diren harrien kolore antzekoa dute eta modu etiko eta arduratsuan ateratzen dira. Tratamendu termiko tradizional hau ia erabat onartua dago harribitxien munduan.[17]

Berunezko beiraren tratamendua

aldatu

Beiraz edo hausturaz beteriko errubiak kalitate gutxiagoko errubiak dira. Pitzadura asko dituztenak zuritu egiten dira eta, ondoren, berunezko beiraz berotzen dira tenperatura baxuetan. Beirak hutsuneak betetzen ditu eta errubi gardena sortzen du. Azken urteotan ohikoagoa bihurtu den beste tratamendu bat berunezko beira betetzea da. Tratamendu honetan, berotze-prozesuan zehar material gehigarriak sartzen zaizkio harribitxiaria. Errubiaren barrunbeak berunezko beiraz (edo antzeko materialez) bete eta hausturak estal ditzakete harria gardenagoa bihurtzeko.

Prozesua lau urratsetan egiten da:

  1. Landugabeko harriak leundu egiten dituzte, prozesuan eragina izan dezaketen azaleko ezpurutasun guztiak desagerrarazteko.
  2. Gogortasunak hidrogeno fluoruroarekin garbitzen dira
  3. Lehenengo beroketa prozesuan ez da berunezko beira gehitzen. Berotze-prozesuak hausturen barruko inperfekzioak desagerrarazten ditu. Hau 1400 °C (2500 °F) arteko tenperaturan egin daitekeen arren, gomendagarriena 900 °C (1600 °F) inguruko tenperaturan egitea da, errutilo zetak bertan jarraitzen baitute.
  4. Bigarren berotze-prozesua labe elektriko batean egiten da eta hainbat kimiko gehitzen zaizkio. Berunezko beira da gaur egun gehien erabiltzen dena, baina beste hainbat soluzio eta nahasketa arrakastatsuak izan dira. Errubia oliotan murgildu, gero hautsez estali, baldosa batean txertatu eta labean sartzen da 900 °C inguruan ordubetez. Hauts laranja ore garden eta horixkan bihurtzen da eta haustura guztiak betetzen ditu. Hoztu ondoren, orearen kolorea erabat gardena geratzen da eta errubiaren gardentasuna asko hobetzen du.

Errubiaren kolorea hobetu nahi izanez gero, beira-hautsa kobrearekin edo beste oxido metaliko batzuekin nahastu daiteke; baita sodioa, kaltzioa, potasioa eta antzeko elementuekin ere. Bigarren beroketa-prozesua hiru edo lau aldiz errepikatu daiteke, baita nahasketa desberdinak aplikatu ere. Errubiak berotzen direnean (konponketak egiteko), ez dira azido borazikoarekin edo beste edozein substantziarekin estali behar, horrek gainazala marka dezakeelako. Tratamenduaren eraginkortasuna identifikatzeko barrunbeetan eta hausturetan burbuilak dauden bilatu behar da 10x-ko lupa erabiliz.

Tratamendu honek errubia hobetuko du, baina haren balioa murriztuko du, betegarritzat hartzen baita. Tratamendu hau harribitxiak modu erregularrean ekoizteko eta prezio oso eskuragarrietan saltzeko premia dagoenean egiten da.

Harribitxiaren garbiketa eta zaintza

aldatu

Errubiak gogorrak eta iraunkorrak dira, eta, beraz, ez dute zaintza berezirik behar. Errubia modu seguru, erraz eta eraginkorrean garbi daiteke xaboi-ur epelarekin eta eskuila edo oihal leun batekin.

Hausturak eta hedapena betetzeko tratamenduak dituzten harribitxiak zapi heze batekin bakarrik garbitu behar dira. Haustura betegarria duten errubiak erraz kalte daitezke berotutako errubiekin alderatuta. Garbitzaile kimikoak eta azidoak sahiestu behar dira, adibidez, limoi zukuak barrubetetako errubi baten koloreari eragin diezaioke. Ez saiatu barrubetetako errubi bat berriz leuntzen, eta ez berotu horrelako errubiak bitxigile-zuzi batekin.

Harribitxi gehienekin bezala, garbitzaile ultrasonikoak eta lurruneztagailuak saihestu egin behar dira. Kendu beti bitxigintzako edo harri bitxiko edozein pieza kirola egin edo garbitu aurretik. Ez jarri errubiak azidoaren eraginpean, eta gorde itzazu beste harribitxi batzuetatik urrun, marrak saihesteko. Hobe da harribitxiak oihal leun batean biltzea edo oihalez forratutako bitxigile baten barruan gordetzea.

Errubia bezain baliotsua den harribitxi bat izanez gero, garbiketa eta azterketa osoa egiteko harribitxia bitxigintza profesional batera eramatea merezi du.[18]

Prezioa

aldatu

Koloretako harribitxien prezioa finkatzean kolorea, argitasuna, ebakia eta kilatea kontuan hartu behar dira, baina, errubiaren kasuan, oro har, garrantzitsuena kolorea da. Errubia kolore gorridun korindoi (corinvindum) minerala da, eta gorri horren kalitateak asko eragiten du prezioan.

Errubiak gorri bizi purua eta kolore uniformeko tonua izan behar du harriaren materia osoan zehar, ez ilunegia, ezta beste kolore nabardura argiekin. Errubiek askotan inperfekzioak izaten dituzte. Hau erabakiorra ez izan arren, bistako pitzadurak arazo bat izan daitezke eta harriaren itxura uherrak prezioa debalua dezake.

Errubiak harribitxi garestiak dira, beraz, ebakitzaileek ez dute materialik alferrik galtzen eta horregatik harribitxia mozteko modu eraginkorrena bilatzen dute. Errubiak forma ezberdinak izan ditzake, baina ebaki borobilak eta obalatuak dira ezagunenak, kolore gorria eta distira nabarmentzen dutelako. Harribitxien ebakitzaileak harri landugabearen tonua eta saturazioa kontuan hartu behar ditu, hau da, harriaren zati onak maximizatu eta zati pobreak - edozein kolore lau, adabaki ilun edo orban - minimizatu.

Gainera, errubiak harri pleokroikoak dira, eta horrek, angeluaren arabera, bi kolore erakuts ditzaketela esan nahi du. Harria kolore gorri bizikoa izan daiteke angelu batetik, eta beste batetik laranja kolore apur bat eduki dezake; horrela ebakitzaileak gorriaren baliorik handiena lortzen du.

Azkenik, errubiaren tamaina edo pisua kilateetan neurtzen da. Kilate bat baino gehiagoko errubiak oso bakanak dira izatez, eta tamaina handitu ahala nabarmen handitzen da bere balioa. 2 kilateko errubi bat kilate bateko errubi harribitxi baten prezioaren bikoitza baino askoz garestiagoa izango da, eta 5 kilateko errubi bat, berriz, kilate bateko harribitxi baten prezioa baino 25 aldiz garestiagoa. Betiere, kolorea eta kalitatea bezalako ezaugarriak berdinak izanik. Errubien tratamenduek modu esanguratsuan eragiten diote prezioari.

Harribitxiak erosi eta saltzeko orduan gehien erabiltzen den terminoetako bat 'kilate' hitza da. Merkatari zaharrek algarrobo baten haziak erabiltzen zituzten pisu unitate gisa. Merkatariek antzeko tamainako algarroba-haziak biltzen zituzten oreka eskala batean kontrapisu gisa erabiltzeko. Algarroba hazi bat gutxi gorabehera 200 miligramokoa da (0,2 gramo) eta hori da kilate baten pisu zehatza.[19]

Errubien prezioak
Tratamendua Pisua kilateetan Prezio-tartea
Berunezko beiraren tratamendua kilate 1 15€ - 80€
Tratamendu termikoa kilate 1 250€ - 10.000€
Tratamendu gabekoa kilate 1 2.000€ - 20.000€

Historian zehar izan duen eragina

aldatu

Errubia koloreko harribitxi baliotsuenetako bat da, izan ere, errubi handiek tamaina bereko diamanteek baino prezio altuagoak lor ditzakete. Errubia, mendeetan zehar bere gogortasun bikainagatik (9 Mohs eskalan), tonu gorriagatik eta distiragatik estimatua izan da. Errubia kromotik kolore gorria lortzen duen korindoi mineralaren barietate bat da. Gorria ez den beste edozein koloretan aurkitzen dugun korindoia zafiro gisa sailkatzen da. Bere forma garbian korindoia erabat koloregabea da. "Korindon" hitza Tamil "Kuruvindam" hitzetik dator, "zafiro errubi" esan nahi duena.[20]

Mitologia eta metafisika

aldatu

Errubiak historia hasi zenetik gurtuak izan diren harriak dira, eta botere izpirituala egotzi zaie. Harribitxiaren jabeari boterea, autoestimua eta konfiantza ezartzen zaizkio, horregatik, gobernari eta noble nagusien harria izan zen.

Antzinako kultura europar eta hinduentzat, "Eguzkiaren harria" (antzinako sanskritoan "ratnaraj") bezala ezagutzen zen. Antzinako sanskritozko testuak, biblia eta beste dokumentu historiko batzuetan errubiari erreferentzia egiten diote, historia aberatsa eta errubienganako goraipena adieraziz. Antzinako indiarrek Krishnari errubi baten eskaintza egiten zioten, enperadore gisa berraragiztatuko zela uste baitzuten.

Antzinatik, errubiak harria aldean daraman pertsona lagundu eta babestu egingo duela uste izan da. Ziotenez, harriaren kolore gorriak eta gorri-morexkak zorigaitza saihesten zuen eta beraz, jabeak zorigaitzetatik babesten zituen. Birmaniako biztanleek talisman gisa erabiltzen zuten gaixotasunen, zorte txarraren eta zaurien aurka. Adibidez, gerlari birmaniarrek errubiek garaiezinak egingo zituztela uste zuten, horregatik, errubiak azalaren azpian sartzen zituzten.

Erdi Aroko europarrek errubiek osasun ona, oparotasuna, jakinduria eta maitasun bizitza arrakastatsua ziurtatzen zutela uste zuten. Hortaz gain, errubiak botere igarleak zituela uste zuten eta ezbeharren bat gertatuz gero harriaren kolorea ilundu egiten zela. Gainera, errubia eltzean jarri eta ura irakiten jarriz gero izurritea eta kiratsa ekidin zezakeela esaten zen. Alegia, errubia, garai hartan, ama lurraren bihotzaren odol tanta gisa ezagutzen zen. XIX. mendean Ralph Waldo Emersonek "Eden upeletik isurtzen diren ardo tanta izoztuak" zirela esanez deskribatzen duen poesia bat idatzi zuen.

Marco Poloren istorioaren arabera, Kublai Khanek Zeilango erregeari hiri bat eskaini zion errubi handi baten truke. Ingelesezko "Ruby" izena latinezko "Ruber" hitzetik dator, gorria esan nahi duena. Historian zehar errubi baten kolorerik desiratuena urdin tonu bat duen kolore gorri bizia izan da, "usoaren odola" bezala ezagutzen dena. Thailandian, errubia "tabtim" bezala ezagutzen da, hitz horrek, "granada" esan nahi du thailandieraz. Hau, harribitxi gorri distiratsu hauek granada heldu baten barruan jangarriak diren hazien itxura dutelako da.[21]

Gainera, maitasuna, pasioa, sexualitatea eta lizunkeria irudikatzen duen harribitxia zen. Desira eta energia areagotzen dituela zioten, bizitzaren plazer sentsualaz gozatzeko aukera ematen eta bikote erromantikoak erakartzen dituelako. Errubiaren kolore gorri biziak ere desioarekin lotura eman dio eta, batzuek, efektu afrodisiakoa duen maitasunaren harria dela esaten dute.

Errubia uztailean jaiotzen direnen harria da eta Karramarroa zeinu astrologikoarekin lotuta dago. Errubia ezkontzaren hamabosgarren eta berrogeigarren urteurrena ospatzeko opari gisa erabiltzen da. Harribitxiari eskainitako eguna asteartea da (hortik dator Rolling Stones taldearen "Ruby Tuesday" abestia); marte eta pluton planetak ditu esleituta.[22]

 
Txakren kokapena giza gorputzean

Txakrak: Indiarren sinesnem tradizionala

aldatu

Indiarren sinesmen tradizionalen sisteman, errubia oinarrizko Muladhararekin erlazionatzen da. Txakra hau Kundaliniarekin lotuta dago, energia izpirituala, desiraren boterea, Jainkoaren kontzientzia, gogamenaren irekiera eta egoaren energia naturala irudikatzen du. Feng shuian, errubiak yangaren suzko energia ematen duela uste da. Errubia, funtsezko elementuekin duen loturagatik, bere kabuz energia proiektatzeko gai omen da. Existitzen diren harribitxi "hornitzaile" gutxietako bat dela esaten da.

 
Mudlahara txakraren sinboloa (errubiaren txakra)

Errubia harri gorria denez, baita espinela, turmalina eta jaspea ere, gorputzeko odol-fluxuarekin eta bihotzeko presio arterialarekin lotzen dute. Oinarrizko txakrarekin lotua dagoenez, urdailaren eremuan, bizkar baxuan eta digestio-sisteman eragina du. Diotenez, sexu-arazoak, hilekoaren aurreko sindromea eta menopausiaren arazoak arin daitezke kristal boteretsu honekin.[23]

Ahalmen sendatzaileak

aldatu

Errubiak harriaren jabea zaurietatik babesteko gaitasuna omen du, eta baita odoleko gaixotasunak sendatzekoa ere, hilekoaren mina eta zirkulazio arazoak barne. Bere eramaileari energia, indar emozionala, jarrera positiboa, kontzientzia eta kontzentrazio handiagoa eskaintzen diola ere esaten da.

Osasun-propietateak

aldatu

Gemoterapian erabiltzen da, genitalek eragiten dituzten nahasmenduak tratatzeko, buruko nahasmenduen ondorioz gizabanakoak duen desioa tratatzeko eta gorputzeko minak murrizteko, dohai biziak eta etengabeak baitituzte.

Meditazioaren propietateak

aldatu

Eguzki-plexuaren txakra, txakra baxua eta bekokiartea dira harribitxi eder hau jartzeko kokapen gogokoenak, bere eramaileari energia emateko gai delako eta, beraz, izpirituaren gorputz-adierazpenak indartsuagoakdira errubi harritik gertu.[24]

Garapen pertsonala

aldatu

Errubia erabiltzeak gaitasun hobeak ematen dizkio pertsonari benetan zer nahi duen jakiteko, nahien zalantzak uxatzeko, harreman intimoak sustatzeko eta ezkutuko pasioa gogorarazteko. Harribitxi horretatik sortzen den segurtasuna kontu handiz erabili behar da, handitasun-nahiak eta egoa gehiegi elikatu nahi ez badugu.

Erlazionatutako harribitxiak

aldatu

Errubia talde korindoiarreko kide bat denez, zafiroarekin estuki lotua dago, eta horregatik partekatzen ditu propietate batzuk, hala nola gogortasuna, konposizioa eta errefrakzio bikoitza. Korindoi harribitxien barietateak zafiro urdina, fantasiazko zafiroa, zafiro izarra eta kolorez aldatzen den zafiroa dira.

Katu begi errubia, izar errubia eta trapitxe errubiak ere eskuragarri daude, baina nahiko arraroak dira. Errubi trapitxeek izar finko bat edo asterismo efektu bat daukate, eta hauek, askotan, harribitxien piezetan moztu egiten dira.

Errubia beste harribitxi gorri batzuen antzekoa izan daiteke, almandar granatea eta piropo granatea kasu. Espinela, topazioa, turmalina eta zirkoia ere nahastu daitezke errubiarekin. Errubia beste mineral batzuekin ere sor daiteke, hala nola errubi zoisita eta errubi fuksita.[25]

Errubi ezagunak

aldatu
 
Washingtongo Smithsonianen Historia Naturalaren Museo Nazionalakmunduko errubia
  1. Ingalaterrako koroaren bitxiak munduaren inbidia dira, eta mundu guztiko opariak eta erosketak bildu ditu mendeetan zehar. Harribitxi eder asko ditu: 2.868 diamante, 273 perla, 17 zafiro, 11 esmeralda, baina soilik bost errubi.[26]
  2. Ingalaterrako Isabel erreginaren harribitxi gustukoena, bere bitxi guztien artean, Printze Beltza izeneko errubia da, 1367an Pedro Gaztelakoa erregeak Eduardo printzeari oparitua.
  3. Kolore eta edertasun bikaineko harri ospetsuen artean "Edwardes errubia" dago, 167 kilate pisatzen ditu eta Londresko Historia Naturaleko Britainiar Museoan erakusten da.
  4. 138.7 kilateko pisua duen 'Rubi Estrella Rosser Reeves' Washingtongo Smithsoniar Institutuan ikus daiteke.
  5. 'Rubi DeLong Star'-ak 100 kilate pisatzen ditu, eta New Yorkeko Historia Naturalaren Amerikako Museoan erakusten da.
  6. Errubiak, erregeen intsigniaren funtsezko elementuak dira, baita beste bitxigintza ospetsu bat ere. San Venceslaoren koroa bohemioak 250 kilateko errubi fazetatu gabea du.
  7. Britainiar koroaren bitxien parte diren 'Printze Beltzaren errubia' eta 'Timur errubia'  errubi granateak zirela uste zen XIX. mendearen hasiera arte, baina, benetan, espinela errubiak dira.
  8. Richard Burtonek Elizabeth Taylorri errubi eraztun ospetsu bat oparitu zion. 8.24 kilateko errubia zen, diamantez inguratua eta urrez estalia. Van Cleef & Arpelsek egin zuen eta 4.2 milioitan saldu zuten 2011n. Elizabeth Taylorrek bere hirugarren senarraren errubi bat eta Cartier diamante bat ere jaso zituen.[27]
  9. 'Rubi Esperantza' historian zehar saldu den errubizko eraztun garestiena izan zen.  32.08 kilateko kaboxoi errubi birmano bat zuen eta 6.74 milioi dolarretan saldu zuten.
  10. 2013ko azaroaren 26an, Etceterak egindako errubi birmanoa zuen diamantezko lepoko bat, 6.4 milioigatik saldu zen Hong Kongeko Christie's hirian. Eta hau, enkante batean, errubiekin egindako lepoko baten truke ordaindu izan den preziorik altuena da.
  11. Washingtongo Smithsonianen Historia Naturalaren Museo Nazionalakmunduko errubi harribitxirik handi eta finenetako batzuk ditu. 23,1 kilateko (4,62 g) errubi birmaniarra daukate diamantedun platinozko eraztun batean, Peter Buck filantropo eta enpresariak eman zuen hildako (Carmen Lúcia)[28] emaztearen omenez. Harri bitxi honek kolore gorri-gorria du, gardentasun paregabearekin konbinatua. Harria Birmaniako Mogok eskualdetik (gaur egun Myanmar) atera zuten 1930eko hamarkadan.
  12. 2007an, Garrard & Co bitxigile londrestarrak 40,63 kilateko errubia aurkeztu zuen bere webgunean.[29]
  13. Liberty Bell” munduko errubi handiena da. 8 kilo baino gehiago pisatzen ditu, hau da, 40.000 kilate baino gehiago. 2011n lapurtu zuten.
  14. Sunrise Ruby” munduko errubirik garestiena da. Koloreko harribitxirik garestiena da ere, eta diamantea ez den harribitxirik garestiena. 2015eko maiatzean, Suitzan egin zen enkante batean, erosle anonimo batek 30 milioi dolarren truke erosi zuen.[30]

Erreferentziak

aldatu
  1. «Ruby gemstone information» www.gemdat.org (Noiz kontsultatua: 2020-05-07).
  2. «Corundum Mineral Data» webmineral.com (Noiz kontsultatua: 2020-05-07).
  3. (Ingelesez) Bauer, Max. (1968). Precious Stones: A Popular Account of Their Characters, Occurrence, and Applications, with an Introduction to Their Determination, for Mineralogists, Lapidaries, Jewellers, Etc. With an Appendix on Pearls and Coral. Dover Publications ISBN 978-0-486-21910-3. (Noiz kontsultatua: 2020-05-07).
  4. «Red Ruby | Causes of Color» www.webexhibits.org (Noiz kontsultatua: 2020-05-07).
  5. «ARTICLES BY R.W. WISE: Connoisseurship; The Finer Points, Part II» web.archive.org 2012-04-26 (Noiz kontsultatua: 2020-05-07).
  6. (Ingelesez) Read, Peter G.. (2005). Gemmology. Butterworth-Heinemann ISBN 978-0-7506-6449-3. (Noiz kontsultatua: 2020-05-07).
  7. «Modern Jeweler: Articles - Pink Sapphire» web.archive.org 2012-01-31 (Noiz kontsultatua: 2020-05-07).
  8. (Gaztelaniaz) «▷ RUBÍ piedra: Propiedades y significado | Blog de Joyería Artesanal» Marybola 2018-08-30 (Noiz kontsultatua: 2020-05-07).
  9. (Ingelesez) Team, Farlang. «Handbook of Precious Stones - Bahadur - Full Text & Illustrations» Farlang (Noiz kontsultatua: 2020-05-07).
  10. (Ingelesez) «Lapidary or the History of Pretious Stones - Thomas Nicols» Farlang (Noiz kontsultatua: 2020-05-07).
  11. «GIA Global Dispatch» web.archive.org 2012-06-14 (Noiz kontsultatua: 2020-05-07).
  12. «Blood stones: Terrorism, drug smuggling and Pakistan's gemstone trade» www.macleans.ca (Noiz kontsultatua: 2020-05-07).
  13. (Ingelesez) «Rubies, the buried treasures of Pakistani Kashmir» France 24 2017-10-15 (Noiz kontsultatua: 2020-05-07).
  14. «This is the New Coat of Arms of Republic of Macedonia - Independent.mk» web.archive.org 2017-03-30 (Noiz kontsultatua: 2020-05-07).
  15. (Ingelesez) Wenk, Hans-Rudolf; Bulakh, Andrei. (2004-04). Minerals: Their Constitution and Origin. Cambridge University Press ISBN 978-0-521-52958-7. (Noiz kontsultatua: 2020-05-07).
  16. (Ingelesez) «Ruby Information - The gemstone of passion and seduction» www.gemselect.com (Noiz kontsultatua: 2020-05-07).
  17. (Gaztelaniaz) «Rubí | Las Piedras Preciosas de Juwelo» Juwelo (Noiz kontsultatua: 2020-05-07).
  18. (Ingelesez) Matlins, Antoinette Leonard. (2010). Colored Gemstones: The Antoinette Matlins Buying Guide : how to Select, Buy, Care for & Enjoy Sapphires, Emeralds, Rubies, and Other Colored Gems with Confidence and Knowledge. Gemstone Press ISBN 978-0-943763-72-9. (Noiz kontsultatua: 2020-05-07).
  19. «Ruby Gemstone | Gemstone Education» www.withclarity.com (Noiz kontsultatua: 2020-05-07).
  20. (Ingelesez) «Ruby: The gemstone Ruby information and pictures» www.minerals.net (Noiz kontsultatua: 2020-05-07).
  21. (Ingelesez) «Información sobre el rubí - GemSelect» www.gemselect.com (Noiz kontsultatua: 2020-05-07).
  22. «Ruby Meaning, Powers and History» www.jewelsforme.com (Noiz kontsultatua: 2020-05-07).
  23. (Gaztelaniaz) «RUBI - Usos y propiedades | MINERALES DEL MUNDO» mineralesdelmundo.com (Noiz kontsultatua: 2020-05-07).
  24. (Gaztelaniaz) «PIEDRA RUBÍ: Descubre su Significado, Propiedades y Características» Cuarzos.info 2019-02-17 (Noiz kontsultatua: 2020-05-07).
  25. «El rubí: Características, piedras famosas y precio» www.germanjoyero.com (Noiz kontsultatua: 2020-05-07).
  26. «Treasures collection worlds finest jewels Garrard» web.archive.org 2012-07-29 (Noiz kontsultatua: 2020-05-07).
  27. (Ingelesez) «RESULTS: The Legendary Jewels, Evening Sale & Jewelry (Sessions II and III)» www.christies.com (Noiz kontsultatua: 2020-05-07).
  28. «National Museum of Natural History: The Carmen Lúcia Ruby» web.archive.org 2008-03-09 (Noiz kontsultatua: 2020-05-07).
  29. (Ingelesez) «'Pigeon blood' ruby sells for $30m» BBC News (Noiz kontsultatua: 2020-05-07).
  30. «Silk Road, North China» The Megalithic Portal (Noiz kontsultatua: 2020-05-07).

Kanpo estekak

aldatu
  NODES
chat 1
todo 2