Esentzia olio
Esentzia olioa[1] landareen konposatu kimiko lurrunkorrak dauzkan isurkari hidrofoboa da. Horregatik, olio lurrunkor ere deritze. Olio hauek giro-tenperaturan isurkariak dira, baina, berotzean, laster lurrundu egiten dira, eta erraz pizten. Esentzia olioak zein landaretatik atera ziren, eta landare horren olio izena edukitzen dute (e. b. teondo-olioa eta iltze-olioa). Horregatik deritze esentzia-olio, landare baten lurrinaren esentzia barnebiltzen dutelako. Isurkari hauei olio deitzen bazaie ere, olio lurrunkorrek ez daukate koiperik.
Ezaugarriak
aldatuLandareen hainbat ataletik ateratzen dira: loretik, fruituetatik, hazitik, hostoetatik, oskoletik, azaletik edo zuretik (enbor, adar edo sustraietakoa). Gehienetan, landareak ez du % 1 baino esentzia-olio gehiago edukitzen, baina, intxaur muskatuaren eta iltzearen kasuan, % 10 baino gehiago edukitzen dute. Batzuetan, landarearen atal bakoitzak olio lurrunkor ezberdinak edukitzen du.
Landare-erreinuaren zati txiki bat (% 10 inguru) baino ez da osagai lurrintsu hauek sortzeko gai. Esentzia-olioa gehienbat honako familia hauen kideetatik ateratzen da: perrexil hezearenetik (Apiaceae), izarkarenetik (Asteraceae), Burseraceae, nekostarenetik (Cupressaceae), zapart-belar zuriarenak (Lamiaceae), giloriarenetik (Myrtaceae) eta errudarenak (Rutaceae). Olio lurrunkorren osagai nagusiak monoterpenoak eta hidrokarburo ziklikoak dira, bai eta haien alkohol-, aldheido- eta ester-deribatuak ere.
Olio lurrunkor mota batzuk nahiko garestiak dira, zenbaitetan landare askok olio-kopuru txiki bat ekoitzi behar izaten du-eta. Dena dela, badira olio hauen artean merkeagoak direnak, esaterako, laranja-olioa, ezen laranjen azalak zuku-industriaren hondakinak izaten baitira. Arrosa-olioa, ostera, garestia da, hura ekoizteko, horretarako berariaz landatutako makina bat arrosa behar direlako. Lurrinetarako olioa merkeagoa da, baina usain ahulagoa izaten du. Lurrin-olioak kimikoki formulatuak daude, eta usain gozo bat antzeratzekotan ekoizten dituzte.
Egitura kimikoa
aldatuTerpenoide lurrunkorrez osatuta daude batez ere, 10 karbonoko (monoterpenoideak) eta 15 karbonoko (seskiterpenoideak) egituretan elkartutako isopreno-unitatez osatuak. Usainaren eragile diren substantzien egitura kimikoan talde funtzional bereizgarriak izaten dira: aldehidoak, zetonak, esterrak, etab.
Olio bakoitza gutxienez 100 konposatu kimiko desberdinek osatzen dute, honela sailkatuta: aldehidoak, fenolak, oxidoak, esterrak, zetonak, alkoholak eta terpenoak. Oraindik identifikatu gabeko konposatu asko ere egon daitezke.
Erreferentziak
aldatu- ↑ Zurgintza hiztegia (2021) ikus Euskaltermen