Euskal dantzak
Euskal dantzak Euskal Herriko bertako dantzak dira, Euskal kulturaren eta folklorearen osagai garrantzitsuak. Herri, eskualde edo lurralde batetik bestera dantzak aldatu egiten dira, baita esanahia eta dantza egiteko modua ere (jantziak, partaideak...). Dantza batzuk oso zaharrak dira, Euskal Herrian duela mende asko sustraituak, baina badira antzinako dantzen bertsio eraberrituak ere.
Euskal dantzak hain fenomeno aberatsak eta ugariak direnez, zaila da sailkapenen bat egitea. Ikertzaile bakoitzak bere eredua dauka; horrela, Juan Antonio Urbeltzek aldagai morfologiko eta koreografikoak aintzat hartuta sailkatu ditu; Jose Antonio Quijerak formaren araberako sailkapena egin zuen eta Julio Caro Barojak denboran zehar izandako bilakaeraren araberakoa. XXI. mende arte euskal dantza tradizionaletan gizonezkoen eta emakumezkoen dantza bananduak heldu bazaizkigu ere, bereizketa formal hori XX. mende hasierakoa omen da Oier Araolaza dantzari eta antropologoaren arabera.[1]
Dantza tipologiei dagokienez, hiru eratakoak daudela esan genezake;
- Erromeria edo plazetako dantzak. Herrietako jai eta erromerietan egiten dira, eta nahi duen guztiak parte hartzen du. Gaur egun dantza taldeek egiten dute gehienbat, baina zenbait tokitan (landa guneetan bereziki) dantza irekiak izaten jarraitzen dute.
- Ezpata dantzak. Europako antzerako beste dantzen ezaugarri bertsuak dituzte. Ohorezko dantzak izan ohi dira, egun bereziak gogoratzeko egiten dira gehienetan.
- Festa amaierako dantzak. Ziklo baten amaiera eta ondorengo baten hasiera antzezten dute. Adibidez, inauterietan jaia eta parranda girotik garizumako garaira pasatzea gogorarazten dute.
Jatorria
aldatuEuskal dantzak, Euskal Herrian mendeetan zehar iraun duen adierazpiden kultural bat dira. Dantza hauek esanahi historiko eta kultural sakona dute. Bere jatorria antzinako garaietatik dator, euskaldunak ospakizunetan eta erritualetan biltzen zirenean euren jainkoak eta natura ohoratzeko. Musikaren eta dantzaren bidez, belaunaldiz belaunaldi transmititzen zituzten beren tradizioak eta sinesmenak. Urteetan zehar, euskal dantzak garatu egin dira eta aldaketa sozialetara egokitu dira, baina beti mantendu dute beren esentzia eta izaera bereizgarria.
Zaletasuna
aldatuDantza, urteetan zehar, euskal gizartearen nortasunaren adierazle izan da. Euskaldunek heuren burua maiz agertu izan dute dantzaren bidez. Haien eta dantzaren arteko harremanak sustrai kultural sakonak dituelarik.
Dantza euskaldunentzat hain preziatua izatearen atzean honako arrazoiak topa ditzakegu:
Batetik, eskualde-identidadea; Euskal Herriko kultura-aniztasuna, hainbat probintzia eta komunitaterekin batera, dantza tradizionalen aniztasunean islatzen da. Eskualde bakoitzak bere estiloak eta dantza-bariazioak izan ditzake, eta horrek tradizioaren aberastasunari eta aniztasunari laguntzen dio.
Bestetik, harrotasun kulturala; Euskal dantza harrotasun kulturalaren ikur bihurtu da euskaldun askorentzat. Dantzaren bidez, komunitate zentzua indartu eta kultura bakar eta desberdin bateko kide izatea lortzen baita.
Jantziak
aldatuEuskal Herriko dantza tradizionaletan nagusi diren jantziak ezberdinak izan ohi dira emakume eta gizonezkoen artean.
Dantza edota gizatalde bakoitzak bere desberdintasunak izan arren, hauek dira Euskal dantzarien jantzien oinarrizko atalak:
Emakumeak:
- Abarkak eta artilezko galtzerdiak.
- Gona gorria.
- Aspiro gona.
- Mantal beltza.
- Bizkarrean, zapi zuri-beltz bat edo artilezko zapi bat.
- Ilea motots batekin eta zapi batekin bilduta.
Gizonak:
Dantzak lurraldez lurralde
aldatuBizkaiko dantzak
aldatuProbintzia honetan egiten diren dantzen artean, aipatu beharrekoak ditugu jatorriz Durangoko Merinaldekoak direnak, Dantzari-dantza deritzenak. Bederatzi dantzatako zikloa osatzen du Dantzari dantza. Makilaz eta ezpatazko dantzak eta dantzariak bakarrik, binaka, launaka eta zortzinaka aritzen diren dantzak tartekatzen dira. Guztiek oinarrizko melodia eta urrats berak dituzte, koreografiak aldatzen direlarik. Ezaugarri nagusienak beren erritmo arina, beren indarra eta dantzatzen dituzten trebetasun fisikoa dira. Urte askoan gure folkloreko dantzarik adierazgarrienak izan dira, folkloreari ugarik aipatu izan dituztelarik eta aurreko mendeetako bidaiariek beren kroniketan berorien aipamena egin izan dutelarik.
Probintzia honetako beste dantza Kaxarranka deritzona da, Lekeitio herriko dantza tradizionala hain zuzen. Itsas herri honek urtero bere kofrade nagusia hautatzen duenean, orduantxe egiten da dantza hau. Ezaugarririk nabarmenena zera da, dantzari batek lau edo sei gizonek eutsiriko kutxa baten gainean igota egiten duela dantza.
Gipuzkoako dantzak
aldatuGipuzkoak, geografikoki Euskal Herriaren erdialde samarrean kokaturiko probintzia izanik, bere euskal senideekiko dantza-tankera desberdina mantentzen du. Estilo eratsua, dotorea eta ezin hobeki osatua, trebaketa tekniko eta fisiko handia eskatzen du.
Hango dantzen artean, ezpata luze eta txikienak, makilenak, jorraienak, uztaienak eta abarrenak ditugu. Gizarte dantzak, diosalazkoak, gorteiuzkoak, etab. Dantza hauek, gehientsuenak, Joan Ignazio Iztuetak bildumatu zituen 1818-1824 urteetan, nahiz eta askozaz antzinagokoak izan, XV. eta XVI. mendeetan hauen aipamena egiten baita.
Nafarroa Behereko dantzak
aldatuZiur aski, Euskal Herriko folklorerik antzinakoena kontserbatzen duen probintzia dateke Nafarroa Behera. Euskal Jauziak deritzen generoan oinarritzen da bertako dantza, Herri honetako forma, estilo eta musikarik tradizionalekin. Ihauterietako zikloaren barruan egiten da batik-bat, eta pertsonaia anitzetako konpartsa hauetan Bolantzak deritzenak nabarmentzen dira, hauek baitira nagusiki dantzak egiten dituztenak. Dantza-eskema beraren arabera egiten dira, Euskal Jauzietan oinarrituta alegia, baina zenbatezinezko forma eta musikekin, guzti hori beren jantzi koloretsu ikusgarrien pean eta doinu alai eta bizien artean.
Nafarroa Garaiko dantzak
aldatuEuskal Herriko handiena den probintzia Euskal Herriko folklorerik ugarienekoa da. Halaber, kanpotiko eraginengana ageriena egon dena izanik, dantza-tankera eta ohitura asko bereganatu eta moldatu ditu. Dantza hauen artean karakteristiko bezala aipatzekoak dira hegoaldeko (Erribera) makila-dantzak, katean elkarturiko bikoteen gizarte-dantzak (hauei Ingurutxo deritze), Larraindantza, sokadantza, etab. Bestalde, Euskal Jauzien kideko dantzak ditugu, hona nola Baztango Mutil Dantza eta Otsagiko makila-dantzak. Azken herri hau Pirinioetako aran batean kokatua dago eta bere baitan kontserbatzen dituen dantzetan, gaur egun erlijio kutsua badute ere, antzinagoko iragan mitologikoa soma dezakegu. Ituren, Zubieta, Lantz, Erribera eta abarreko Ihauterietan berriz mitologia, erlijiotasuna eta tradizioak topatuko ditugu.
Zuberoako dantzak
aldatuEuskal Herriko probintzia txikiena den honek oso dantzatzeko modu berezia eta jakintsua kontserbatzen du, antzinako Euskal Jauzietan oinarritua. Gaur egun ballet herritar baterantz bilakatu dira eta folklorelarien goraipamenik bikainenak jaso izan ditu. Ihauterien zikloaren barnean egiten da eta pertsonaia anitzetako konpartsa batek osatzen du. Pertsonaia hauek bi taldetan banatzen dira: gorria edo onak eta beltzak edo gaiztoak. Hauek, herriak bisitatzerakoan hainbat erritual egiten dute. Oso dantza bereziak ditu bost pertsonaiarentzat, hain zuzen ere guk dantzatzen ditugunak gorrien taldearen barruan.
Dantza ospetsu batzuk
aldatuArku-dantza
aldatuArkuekin egiten den dantza
Auritzeko dantzak
aldatuDantza hauen musika Aita Donostiak jaso zuen Auritzen. Dantzak erabat galduta baziren ere, Galdakaoko Andra Mari taldeak berrosatu ditu.
Lehenengo laurak ingurutxoen multzokoak dira. Ondoren, fandangoa eta porrusalda (arin-arin abestua [2] ) dantzatzeko ohitura dago, Euskal Herriko hainbat lekutan egin ohi den bezala.
Hurrengo bi zatiak joko-dantzak dira. Lehenbizikoa Orbaitzetako Goikoa baserrian jasoa, Almirantearena jaunari (1977an, 76 urte zituelarik). Bigarrena ere Aita Donostiak jasotakoa da eta Europako beste hainbat joko-dantzaren estilokoa da. Azken honetan, hain zuzen ere, badakigu buruzagia edo kapitainak zartailu bat zeramala eta berak egiten zituen mugimenduak errepikatzen ez zituen dantzaria zigortzen zuela.
Aurreskua
aldatuAurreskua euskal dantza herrikoia da, dotoreziaz hornitua. Euskal Herriko dantzarik ospetsuenen artean sailkatzen da. Txistua eta danbolinaren laguntzaz dantzatzen da. Herriko festetan, San Joan bezperan eta hainbat ekitaldietan (ezkontzak, inaugurazioak, kongresuak…) egiten den soka-dantza deritzanaren atal bat da. Soka-dantza zaharretan du jatorria. Gainera, askotan Aurreskua Agurra izenez ere ezagutzen da, ez dira ezberdintzen, baina aurreskua dantza sail askoz ere handiagoa da. Dantza honek ospea irabazi du, bai nazioan bai nazioartean, eta euskal kultura tradizionalaren adierazpide esanguratsu gisa nabarmendu da.[3]
Axeri dantza
aldatuHernanin dantzatu ohi da.[4] 14 edo 16 gazteren arteko jolasean datza. Guztiak soka bati lotuta daude, aurrean gidari bat dutelarik. Eskuan puxikak edo maskuriak eramaten dituzte; ondorioz dantza honek ere beste izen batez ezaguna da Maskuri Dantza. Kaletarrei ezustekoak eta "jipoiak" emateko asmotan, soka tarteka atarietan eta izkinetan gordetzen da.
Adunan (abuztuaren 15ean) eta Andoainen (ekainaren 24an) ere dantzatu ohi da, nahiz eta ezberdin dantzatzen den.[5] Axeri-dantza Adunako ohitura eta tradiziorik zaharrenetako bat da, herriko festetan dantzatzen dena, abuztuaren 15ean. Urte batzuez galdua izan zen arren, gaur egun dantzatzen da, Andoaingo antzera.
Axuri beltza
aldatuNafarroa Garaiko Jaurrieta herritik dator, Aezkoa eta Zaraitzu artean. Kantatuz egiten den dantza bakarrenetakoa. Eskusoinuarekin jotzen da musika.
Dantzari-dantza
aldatuDurangaldeko dantza da jatorriz, txistu eta danbolinaren doinuak jarraituz egiten da. Zortzi atal ditu: Zortzinangoa, Banangoa, Binangoa, Launangoa, Ezpata jokoa (txikia eta handia), makil jokoa, ikurrin dantza eta txotxongiloa.
Eltziegoko dantzak
aldatuAzken 50 urtean, bost dantza finkatu dira Eltziegoko dantza gisa:[6]
- Karrika-dantza: Plazako Ama Birjinari parrokiaraino joan-etorrian laguntzeko erabiltzen da. Gainerako dantzen sarrera eta amaiera gisa ere erabiltzen da.
- Dantza: V itxurako koreografia batekin hasten da; gero, zortzi itxurako mugimenduak egin ondoren, besoak luzatuta, lurrarekin paralelo; azkenik, batzuek besteen aurrean jarrita bukatzen dute.
- Lau kaleen dantza: makil dantzaren egitura du, eta lau aldiz errepikatzen da, gurutzatze eta desgurutzatze saio etengabean.
- Zuhaitza: dantza ikusgarria eta bakarra Euskal Herri osoan. Zinta dantzaren erakoa da, baina honetan ez dira zintak lotzen, baizik eta zuhaitzetik zintzilik uzten dira. Dantzariak belaunikatzen joaten dira, eta zuhaitza besarkatzen dute; azkeneko zintak zintzilik utzitakoan, hasierako tokietara itzultzen dira.
- Jota: aurrekoek ez bezalako egitura du, eta oso dantza herrikoia da.
Erriberako dantzak
aldatuCortes herriko jaietan dantzatzen dira "paloteado" famatuak. Ikuskizuna lau dantzak osatzen dute: Paloteado, Vals, Trenzado eta Jota.
Erronkariko ttun-ttuna
aldatuIngurutxoen multzoan sar genezake dantza hau ere. Erronkarin garrantzi handia ematen zioten janzkerari. Horrela, ezkonduak eta ezkongaiak, gizon ala emakume, desberdin janzten ziren.
Ezpata-dantza
aldatuJai handietako dantza da. Dantzari askok parte hartzen dute normalean. Dantzariak batzuek ezpata luzeak daramatzatek eta beste batzuek ezpata txikiak (azkendariak). Euskal Herrian hainbat lekutan egiten dira ezpata-dantzak, Europako beste hainbat tokitan bezalatsu.[7]
Iribasko ingurutxoa
aldatu"Ingurutxo" izenarekin hainbat dantza eta doinu badira Nafarroan. Ezaugarrietako bat kriskitinak erabiltzea da.
Larrain dantza
aldatuLarrain-dantza gizon-emakumeen dantza da, plazan dantzatzekoa. Gaztelaniaz baile de la era izenaz da ezaguna. Itxuraz, Lizarran du jatorria, baina garai batean galduta egon zen.
Garai batean udalaren mende zegoen Larrain dantza-taldeak errekuperatu zuen. Gaur egun dantza-talde horrek Larraitza du izena, eta ez da udal taldea.
Kaxarranka
aldatuLekeition San Pedro egunean (ekainaren 29an) egiten da dantza hau. Arrantzaleen kofradiako morroiak beste arrantzale batzuek lepo gainean hartzen duten kaxa baten gainean egiten du dantza. Alkandora eta praka zuriak, faja gorria, lepoko gorria janzten ditu eta eskuan txistera beltz bat eta San Pedroren giltzak bordatuta dituen bandera eramaten ditu. Dantzak lau zati ditu: Herriari agurra, fandangoa, arin-arina eta azken agurra.
Sorgin dantza
aldatuInauteriko dantza da. Gipuzkoako Orian gorde da; XX. mendean, industrializazioarekin, han ere galtzeko zorian izan zen, baina industrian lan egitera etorritako bergararren ekimenari esker, eta Santutxuko Gaztedi dantza taldeari esker iraun du.[8][9] Aretxabaletako aratustetan dantzatzen den txino dantza ere sorgin dantzaren aldaera bat izan daiteke[10].
Lapurdiko kaskarotak
aldatuEmakumezkoen dantza. Dantzariek otarre zapal bat daramate, arraina eramatekoa.
Lapurdiko inauteria
aldatuLapurdiko Inauterian dantzariak (piltzarrak edo zirtzilak) maskara eramaten dute. Amaieran Zanpantzar pertsonaia epaitzen dute, eta sutan erre. Pertsonaia hauek hartzen dute parte:
- Bandedaria
- Kaskarotak
- Besta gorriak
- Ponpierak
- Kotillun gorriak
- Jaun - Anderiak
Herri batetik beste batera joaten dira eta hasieran maska-dantza egiten dute. Gero Xinple izeneko dantza (Zuberoko godalet-dantzaren doinuaz). Gero, diru eske dabiltzan bitartean, fandangoa, arin-arina edo makil dantzak dantzatzen dira.
Luzaideko inauteria
aldatuInauteri hau Nafarroako Luzaidetik heldu zaigu. Hainbat pertsonaia biltzen ditu:
- Banderariak
- Bolantak
- Joaldunak
- Makilaria
- Zapurrak
- Zigantiak
Pertsonaia horien dantzak bukatu ondoren, neskalagunekin elkartzen dira eta soka-dantza egiten dute.
Otsagiko dantzak
aldatuNafarroako Otsagabian dute jatorria. Boboa izeneko pertsonaiak gidatzen du. Zati hauek ditu:
- Paseoa.
- Enperadorea.
- Katxutxa-dantza.
- Modorro.
- Painolo-dantza.
- Jota.
Sagar dantza
aldatuArizkunen (Nafarroa Garaia) gorde da. Dantzariek sagar bana eramaten dute eskuan eta amaieran jaurti egiten dute.
Jatorriz gizonezkoen dantza bazen ere, gaur egun emakumezkoek dantzatzen dute.
Xemeingo ezpata dantza eta mahai gainekoa
aldatuMarkina-Xemeingo (Bizkaia) Arretxinaga auzoan, irailaren 29an (Done Mikel eguna), dantza berezi hauek egiten dira. Eguerdiko mezaren ostean, ezpata dantza egiten da; tradizioaren arabera ongiaren eta gaizkiaren arteko borroka adierazten du. Izan ere, San Migel goiaingeruak Satanasen aurka eduki zuen borroka islatzen du.
Gauerdian, mahai gaineko dantza egiten da. Dantza hau Mendexan ere egiten da, abuztuaren 1ean. Mahai baten gainean dantza egiten dute dantzariek, Horra hor goiko abesten den bitartean.
Txulalai
aldatuArabako Páganos herrian San Blas egunean dantzatzen den dantza herrikoia.
Zahagi dantza
aldatuZahagi dantza Goizuetan (Nafarroa Garaia) dantzatu ohi da.
Zinta-dantza
aldatuAntzina gizonezkoek dantzatzen bazuten ere, gaur egun emakumezkoen dantza da. Makil batetik zintzilik dauden zintei heldu eta dantzaren bitartez txirikordatu egiten dute, gero askatzen joateko.
Zubietako Inauteria
aldatuZanpantzarrak edo joaldunak Zubieta eta Ituren herrien artean ibiltzen dira. Inauteri hau urtarrilaren azken astearte eta asteazkenean ospatu ohi da. Zanpantzarre ibilaldiaz gain soka-dantza eta dantza soltea ere dantzatzen dira.
Zuberoako maskarada
aldatuZuberoan inauteriak hartzen duen molde berezia maskaradak dira. Pertsonaia nagusiak hauek dira:
- Txerrero
- Gatüzain edo Gatero
- Kantiniersa
- Zamalzain
- Marixalak
- Kestüak
- Entseñaria
- Jauna eta Anderia
- Laboraria eta Laborarisa
- Txorrotxak
- Bühamiak
- Kaüterak
Maskaradak hiru zati ditu: Barrikada, Branlia (Kontrapas, Braletik jauzia, Karakoiltzia) eta Ofiziorenak.
Fandangoa
aldatuFandangoak, jatorri espainiarreko dantza bat da eta haren lehen erreferentziak XVIII. mendean daude. Euskal Herrirako bidea aurkitu zuen, non berezitasunez errotu zen. Hasieran, dantza hau bikoteka egiten zen, hiruko erritmoa jarraituz. Hala ere, Barrokoan, fandangoa dantza erotiko gisa etiketatu zen, bereziki gizon eta emakumeen artean dantzatzen zenean.
Kritikak jaso arren, erakargarri gertatzen zitzaien herritarrei, eta beraz, arrakasta handiz hedatu zen Euskal Herrian XIX. mendean. Miguel Angel Sagasetak dioenez, fandangoa 1870 inguruan sartu zen Lapurdin, eskualdean marka ezabaezin bat utzita.
Euskal Herriko mendebaldean, fandangoa jota izenez da ezagunagoa. Fandangoak ez bezala, jotak, trikitixak bezala, kantatzen den kopla bat dauka, eta horrek bereizten du fandangotik. Fandangoak bestalde, erritmo hirutarra du beti, 3/4 nahiz 3/8 konpasetan.
Horrela, fandangoak, bere historia aberatsarekin eta debekuei aurre egiteko gaitasunarekin, euskal kulturarekin bat egin zuen, herri batzuetan jota liluragarri bihurtuz. Fenomeno horrek denboran eta espazioan zehar kultura-adierazpenen dinamika eta moldagarritasuna erakusten du.[11]
Euskal dantzen modernizazioa
aldatuGaur egun, Euskal Herri osoan 250 dantza talde baino gehiago daude, eta horien artean Bizkaia probintziak 100 baino gehiago biltzen ditu. Tradizionalki, dantza taldeek euskal dantza tradizionalak biltzen zituzten; hala ere, azken urteetan talde askok tradizionalak eta garaikideak uztartzen dituzte, oinarri hartuta berriak sortzeko asmoz.[12]
Gaur egun Euskal Herriko dantza taldeetan gizon-kopuruak behera egin du, hau da, emakumeak dira nagusi. Lehen, hamar kidetik bost gizonak ziren, baina orain proportzio hori nabarmen aldatu da, eta, gehienez ere, hamarretik bat gizona da. Tradiziozko dantzak berreskuratzea ere ohiko praktika da, adibidez Eltziego dantza bezalakoak.[13]
Azken urteotan, Euskal Herriko Dantza taldeek egoerazko arazo bat izan dute, batez ere errelebo eza delako, taldeen etorkizuna galaraz dezakeena. Egoera zail honetan, Euskal Dantzarien Biltzarrak gazteen aldeko apustu handia egin du, herrialde ezberdinetako dantzariak bultzatuz eta hartu-emanak sustatuz.[14]
Dantza taldeak
aldatuKemen dantza taldea (Irun)
Kemen dantza taldea, 1973 urtean sortu zen, Irun-Hondarribiako Txingudi Ikastolako gurasoen ekimenez. Urte batzuk geroago, taldea bitan banatu zen. Alde batetik, ikastolako Adaxka dantza taldea sortzen da, eta, bestetik, Kemen, helduen taldea. Formalki banatuta egon arren, dantza proiektu bera da. Izan ere, Adaxka osatzen duten haurrak Kemen dantza taldearen etorkizuna dira, bere harrobia.
Taldea sortuz geroztik zabaltzen eta handitzen joan da, eskualde mailan talde garrantzitsu bezala egonkortu arte. Gaur egun, Kemen dantza taldea, 360 lagun inguruk osatzen dute.[15]
Beti Jai Alai (Bilbo)
Beti Jai Alai, 1968ko apirilean ezarri zen formalki Bilboko Basurtu auzoan. Lehen jendaurreko aurkezpena urte bereko apirilaren 21ean egin zen, Bilboko Udalaren Kirol Pabiloian. Dindirri taldeak babestutako ekitaldi honetan, hainbat artistak hartu zuten parte, besteak beste, Salba Ugarte, Txilibrin eta Balbino Ojanguren trikitilariek, Boni Fernándezek zuzendutako Udal Txistulari Bandak, Argoitia anai kantariek, San Anton Orfeoiak, Errekaldeberriko Arraizpe Abesbatzak eta Amaia, Gazteak Alai eta Goi Alde euskal dantza taldeek.
Urteetan zehar, Beti Jai Alai hazi egin da, hirurogei pertsona inguruko talde gisa finkatu arte. Euskal Herriko hainbat eskualdetako (Zuberoa, Lapurdi, Araba, Gipuzkoa, Bizkaia eta Nafarroa) dantza, musika, instrumentu, kantu eta jantzi tradizionalak biltzen ditu bere errepertorioak, nahiz eta Bizkaiko talde baten nortasuna nabarmentzen duen.[16]
Adurtza Dantza Taldea (Gasteiz)
1974an sortua, urteetan zehar pertsona ugarik parte hartu dute. Gaur egun, adin eta genero desberdinetako bost dantzari talde ditu: Txikiak, Ertainak, Helduak, Beteranoak eta emakume talde bat, guztira 100 dantzari, sei musikarirekin. Taldearen ikuspegia talde-lanean oinarritzen da, eta Euskal Herriko kultura sustatzen eta zabaltzen dihardu etengabe.[16]
Kresala Dantza Taldea (Donostia)
Kresala akademia euskal dantza tradizionalaren eskola garaikidea da, eta ehun ikasle baino gehiago ditu, sei urtetik hemezortzi urtera bitartekoak, hainbat ziklotan banatuta. Ikasleak asteroko eskoletara joaten dira ikasturtean zehar, aurredantzako, hastapeneko, maila ertaineko eta aurreratuko mailetan antolatuta. Irakaskuntza dantzaren prestakuntza tekniko eta estilistikoan zentratzen da, bere energia eta freskotasunagatik nabarmenduz.[16]
Ortzadar Euskal Folklore Elkartea (Nafarroa)
1974an, Iruñeko hainbat dantza taldetako kideek Ortzadar Euskal Folklore Elkartea sortu zuten. Gaur egun, elkarteak 120 pertsona baino gehiago ditu, guztiak bazkideak, eta aktiboki parte hartzen dute hainbat jardueratan, hala nola dantza, musika, jantziak, irakaskuntza, jardunaldiak eta ikerketa.[16]
Erreka-Ortu Euskal Dantza Taldea (Barakaldo)
Barakaldoko Errekaortu auzoan dagoen Erreka-Ortu Euskal Dantza Taldeak euskal dantzak sustatu eta transmititzen ditu, bere eragina Euskaditik haratago hedatuz, Segovia, Palentzia, Leon, Madril, Bartzelona, Manresa, Burgos, Valladolid eta Malaga bezalako lekuetara iritsiz eta Frantzian aritzeko mugak zeharkatuz. 1932an sortua, parentesi bat izan zuen Gerra Zibilean, baina gatazka amaitu ondoren ekin zion berriro bere jarduerari. Bere lehen Estatutua 1966an ezarri bazen ere, taldeak ibilbide luzea izan du euskal kultura dantzaren bidez sustatuz, 1967an sortutako danbolina nabarmenduz.
Gaur egun, antzinako dantzak kontserbatzen eta mantentzen aritzen dira, musika eta jantzi egokiekin konbinatuz. Taldeak adin guztietarako eskolak ematen ditu, euskal kultura hainbat lekutan zabaltzen lagunduz.[16]
Itxartu Dantza Taldea (Algorta-Getxo)
1976an sortu zenetik, Itxartu Dantza Taldea kultur gotorlekua izan da Algorta-Getxon, euskal herentzia aberatsa sustatu eta zaintzeko. Hasieran Algortako Euskal Dantzari Taldea sortu zen, eta 1986an formalizatu zen, Ismael Moralen lehendakaritzapean, Eusko Jaurlaritzako Kultura Fundazioen Erregistroan izena emanda. Denbora pasa, Itxartu Taldeak bere jarduerak dibertsifikatu zituen, kulturaz haraindi hedatuz kirola, aisia eta gastronomia barne hartzeko, horrela bizitza komunitarioan aktore integral bihurtuz.
Ia 40 urte hauetan, Itxartu Taldeak milaka pertsona, gazte zein heldu, inplikatu ditu bere ekimenetan. Bere etengabeko konpromisoak marka ezabaezina utzi du komunitatean, euskal kultura zaintzeko eta garatzeko grinak eta ahaleginak duten garrantzia nabarmenduz.[17]
Mutxiko elkartea (Hendaia)
Euskal Herriko dantzari eta musikari talde tradizionala da. 1996ko apirilean sortu zen, Hendaian. Elkartearen helburua Euskal Herriko dantza tradizionalak ikastea, irakastea, praktikatzea eta zabaltzea da.[18]
Andra Mari eusko dantzari taldea (Galdakao)
1955ean, Eliza katolikoaren babesarekin, Galdakaoko zenbait gaztek Andra Mari Eusko Dantzari Taldea sortu zuten, urte gutxi pasata, eta aparteko lan baten ondoren, Euskal Herriko kultur munduan leku bat aurkitu eta finkatu zuten.
1965etik gaur egun arte, talde honek Europako eta mundu osoko beste herrialde askotara zabaldu du bere euskal kultura tradizionala, parte hartu duen nazioarteko jaialdi guztietan.
70eko hamarkadan bere lan-interesen garapenaren ondorioz, Andra Marik Euskal Herri osoko erritu, musika eta antzinako dantzak ikertu, aztertu eta berreskuratzeko lanei ekin zien. Horretarako, dantza doinuak eta erritualak originalak ziren eta diren herrietara jo zuen taldeak, herriko biztanleengandik zuzenean ikasi ahal izateko. Horrekin guztiarekin batera, galduta zeuden edo galtzeko zorian dauden dantzen edo ospakizunen, datu guztiak bildu nahi ditu, euskal kultur aniztasunaren iraupena bermatzeko helburuarekin.[19]
Aiara Dantza Taldea (Aiaraldea)
aldatuAiara Dantza Taldea 1983an sortu zen Amurrioko jaietan, herrian desagertu berri ziren beste bi taldeak ordezkatzeko premiaz. Nolanahi ere, taldea bere horretan eta testuinguru formalean ez zen 1984ko urtarrilera arte legezko egin. taldearen xedea euskara sustatzea eta euskal kultura berpiztea eta bultzatzea da. Amurrioko eta inguruetako 180 bat dantzarik osatzen dute.[20]
Ikus, gainera
aldatuErreferentziak
aldatu- ↑ Idiakez, Mikel Garcia. (2020-03-22). «"Mutilen eta nesken dantzak bereiztea duela ehun urteko sorkuntza kontzeptuala izan zen"» Argia (Noiz kontsultatua: 2020-03-19).
- ↑ https://www.argia.eus/argia-astekaria/2026/gose-haize-berridun-hauspoa
- ↑ (Gaztelaniaz) «Aurresku, danza ceremonial y tradicional vasca» Bizkaia Talent (Noiz kontsultatua: 2023-11-29).
- ↑ http://www.kulturweb.com/adm/ficha.asp?tipoficha=2&que=161&id=671&L_Id=117&idioma=eu Axeri dantza
- ↑ https://web.archive.org/web/20150706035054/http://www.aduna.net/eu/html/1/1480.shtml
- ↑ «Dantzak», Eltziegoko Udalaren webgunea.
- ↑ OSKORRI - HAUXE DA DESPEDIDIA - Kontzertua - Concierto. (Noiz kontsultatua: 2021-10-19).
- ↑ Gaizka BARANDIARAN: «Lasarte-Oriako "Sorgin dantza"», Euskonews & Media, 32. zenbakia, 1999-05-07.
- ↑ Historia | Gaztedi Dantzari Taldea. (Noiz kontsultatua: 2019-01-06).
- ↑ «Txino dantza, Aretxabaletako altxorretako bat» EITB Euskal Irrati Telebista (Noiz kontsultatua: 2021-11-19).
- ↑ «Euskal dantza: galderak & erantzunak» EKE (Noiz kontsultatua: 2023-11-29).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Danzas Tradicionales Vascas» Amarauna@eu||| (Noiz kontsultatua: 2023-11-29).
- ↑ Euskal dantzak Gaur Egun. (Noiz kontsultatua: 2023-11-29).
- ↑ (Gaztelaniaz) Sarriugarte, Unai. (2023-03-02). «Euskal Herriko gazteen lehendabiziko dantza topaketa, Asparrenan» El Correo (Noiz kontsultatua: 2023-11-29).
- ↑ Kemen Dantza Taldea. (Noiz kontsultatua: 2023-11-29).
- ↑ a b c d e (Gaztelaniaz) I, L.. (2022-06-26). «Erreka-Ortu Euskal Dantza Talde, todo un referente de las euskal dantzak» Deia (Noiz kontsultatua: 2023-11-29).
- ↑ Itxartu. (Noiz kontsultatua: 2023-11-29).
- ↑ (Gaztelaniaz) MUTXIKO ELKARTEA – GRUPO DE DANZA TRADICIONAL VASCA – Mutxiko Elkartea. (Noiz kontsultatua: 2023-11-29).
- ↑ (Gaztelaniaz) Andra Mariren historia | Andra Mari Eusko Dantzari Taldea. (Noiz kontsultatua: 2023-11-29).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Historia» Aiara Dantza Taldea (Noiz kontsultatua: 2024-01-18).
Kanpo estekak
aldatu- Dantzan.eus
- 66 dantza talderen webgunea. dantzanet.net
- Ezpatadantza OSKORRI - HAUXE DA DESPEDIDIA - Kontzertua. Oskorriren azken kontzertuan, Elkar argitaletxea, Youtube
- Faustino Aranzabal: "Euskal dantza erbestean".