Euskal diaspora hainbat arrazoi direla eta euren lurraldea utzi duten euskaldunen edo euskal herritarren sakabanaketari deritzo. Horietariko batzuk euskaldunak dira (etxean euskara gorde dutelako edo euskal etxeetan ikasi dutelako), eta askok lotura berezia sentitzen dute euskal herritarrekiko edo Euskal Herriarekiko, diaspora horretako kide ugari duela hainbat belaunalditatik Euskal Herritik at bizi badira ere. Hori dela eta, bizi diren herrikotzat eta euskal herritartzat dute beren burua diasporako kide askok. Kopuruaren aldetik, euskal diasporako gizatalde nagusiak Venezuelan, Argentinan, Kuban, Txilen, Uruguain, Mexikon, Kolonbian eta Ameriketako Estatu Batuetan bizi dira.

Euskal presentzia Amerikan
Euskal presentzia Amerikan

Euskal diasporako kideei gertutasuna erakusteko asmoz, askotan zortzigarren herrialdea edo zortzigarren probintzia deritzo euskal diasporari[1].

Euskal amerikarrak

aldatu
 
Euskal Jaialdia EEBBko Nevada estatuko Winnemucca udalerrian.

Argentina

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Euskal argentinarrak»

Argentinako biztanleen %10 euskal jatorrikoak dira. Ipar nahiz Hego Euskal Herritik XIX. eta XX. mendeetan arrazoi ekonomikoengatik edo Karlistadetatik ihesi emigratu zuten helmuga nagusi izan zen Argentinara. Hartara, euskal herritarrek eragin handia izan dute Argentinako kulturan nahiz politikan. Esaterako, euskal leku izenak zein deiturak (herrialdeko hainbat presidente, adibidez) ugariak dira Argentinan. Euskal jatorriko argentinarrak duela hainbat belaunalditatik Ameriketako herrialde hartan kokaturik dauden arren, oraindik ere euskal nortasunari eusten diote euskotar-argentinar askok. Argentinako hiri nagusietan, hortaz, aise aurkituko duzu euskal etxeak.

Mexiko

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Euskal mexikarrak»

Mexikoko euskal jatorriko biztanle gehienak bi lurraldetan bildu ziren herrialde hartara heltzean: Nuevo Leonen eta Nueva Vizcayan (gaur egun Durango izena duen estatua).

Sakontzeko, irakurri: «Euskal txiletarrak»

Txileko euskal immigrazioa oso zabala eta kualitatiboki esanguratsua da. Horrela, garai historiko desberdinak bereiz daitezke: aurkikuntza eta kolonia garaia; XVIII. mendeko migrazio fluxu handia; eta migrazio garaikideak (XIX. eta XX. mendeak). Gaur egun Txileko bi euskal etxek Eusko Jaurlaritzaren onarpena dute: 1943an sortutako Valparaisokoak eta 1959ko Santiagokoak. Bi horiekin batera beste euskal etxe batzuk ere badira: Valdivia, Linares, Temuco eta Iquique hirietan. Txilen, euskal toponimoak ugariak dira. Egungo Constitución hiria, bestetik, Nuevo Bilbao izena zuen, eta bere armarrian Bizkaiko armarria dauka.

Ameriketako Estatu Batuak

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Euskal estatubatuarrak»
 
Boiseko Basque Center.

2000ko erroldaren arabera, Ameriketako Estatu Batuetan euskal jatorriko 57.000 lagun bizi dira: Kalifornian 20.868, Idahon 6.637, Nevadan 6.096, Washingtonen 2.665 eta Oregonen 2.627. Kopuru honi buruzko eztabaida handia da, hala ere, 1980ko errolda baino lehen "euskal" kategoria ez baitzen erroldan jasotzen. Hori dela eta, euskaldunak frantziar nahiz espainiar gisa hartuak izan ohi ziren. Zentzu honetan, euskal jatorriko hainbat lagunek erroldetan euren burua frantziar, espainiar edo latinoamerikar legez jasotzen dutela uste da.

Euskal jatorriko gizatalde handiena Boisen (Idaho) kokatzen da. Hiri horretan euskal jatorriko 15.000 bat gizabanako bizi dira.[2]

Saint-Pierre eta Mikelune

aldatu
 
Saint-Pierre eta Mikeluneko bandera ez ofiziala.

Kanadako kostaldean kokaturiko kolektibitate frantziar honetara arrantzale euskal herritar, bretainiar eta normandar ugari iritsi zen. Euskal herritar gehienak Donibane Lohizunekoak ziren.

Euskal asiarrak

aldatu

Asiako euskal diaspora Amerikakoarekin alderatuz ezezaguna da. Asian, hala ere, euskal diaspora esanguratsua bada, Filipinetan batez ere.

Asiako lehen misiolari kristauetako batzuk euskaldunak ziren, hala nola Frantzisko Xabierkoa jesuita, Japoniatik Shangchuan uharte txikira (Txinako hegoaldean) lehorreratu zen 1552an eta hemendik Txinako kontinentera sartu nahi zuen misioak aurrera eramateko. Hala ere, bertan gaixo egon eta hil zen. Frantzisko Xabierkoa izan ezik, Aro Modernoan, euskal jatorriko pertsona gehiago agertu ziren Txinako lurraldeetan, besteak beste, Martín Aradakoa misiolari agustindarra 1575ean, Martín Leiolakoa misiolari frantziskotarra 1581ean eta 1585ean, Manuel Agote Filipinetako Errege Konpainiaren agentea 1790ko hamarkadan.

1990ko hamarkadatik, Txinako eta munduko merkatu-ekonomiaren, bigarren eta hirugarren sektorearen hazkundeak euskaldunak hartara joatea bultzatzen du. Enpresen presentziari dagokienez, 2015erako, 187 EAEar jatorriko enpresa zeuden bertan, fabrikak, merkataritza-sozietateak eta zerbitzuetakoak barne. Adibide aipagarrietako batzuk Mondragon Korporazioa, Orbea, Forjas, Iraeta eta Ormazabal izan daitezke. Geografikoki, enpresetako gehienak kostaldetik hurbil daude, hala nola, Jiangsu probintzian, Shanghai-n, Beijing-en, Tianjin-en, Hong Kong-en eta Shenzhen-en, hain zuzen, garapen ekonomiko eta kontzentrazio demografiko nabarmeneko zonaldeetan, non merkatu handia eta lan-esku ugari dauden. XXI. mendearen lehen hamarkadatik euskal enpresen presentzia handiagotuz joan da. Izan ere, 2003an, Eusko Jaurlaritzako Sociedad para la Promoción y Reconversión Industrial (SPRI) agentziak Shanghain ireki zuen ordezkaritza bulegoa, EAEko enpresen nazioartekotzea bultzatzeko Txinan. 2007an, Mondragon Korporazioak parke industriala inauguratu zuen Kunshan hirian (Zhejiang probintzia), hain zuzen, Shanghairen alboan. Kronologiari erreparatuta, EAEko enpresetako gehienak 2005 eta 2007 bitartean ezarritakoak dira, hain zuzen, 2008ko munduko krisi ekonomiko baino lehen eta EAE zein Txinako ekonomiaren hazkunde handiko urteetan.[3]

Enpresetaz gain, zerbitzu arloetako langile kualifikatuak agertu dira Txinan, esate baterako, bankagintzakoak, gazteleraren irakasleak eta futbol entrenatzaileak (adibidez, Guangzhou Evergrande Futbol Klubaren harrobietan).

Are gehiago, kopuru oso txikikoak badira ere, epe luzean bizi diren edo bizi izan diren beste perfiletako euskaldunak ere badaude, kazetariak, artistak eta akademialariak barne.

Euskal etxeak

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Euskal etxeak»

Euskal etxeak diasporako euskal herritarrak biltzeko guneak dira, nagusiki kultur helburuak dituztenak: hizkuntza eta dantza ikastaroetatik mus txapelketetaraino. Munduan zehar 150 euskal etxetik gora dago. Gehienak Argentinan daude (62 etxe), eta Buenos Aires aldean hedatzen dira batez ere. Izan ere, Argentinako biztanleen %10 inguruan euskal jatorrikoa da. Juan de Garay Fundazioak komunitate honekin lan nabarmena egiten du. Bilaketa genealogikoaren zerbitzua eskaintzen du, besteak beste. Ameriketako Estatu Batuak dira bigarren herrialdea zerrendan, 30 zentrotik gora dituztela, eta NABO (The North American Basque Organizations) erakundeak hauek guztiak koordinatzen ditu. Espainiakoan 10 euskal etxe daude, eta Frantziakoan bi.

Euskal diaspora herrialdeka/eskualdeka

aldatu
Herrialde/eskualde Euskaldun kopurua
Ameriketako Estatu Batuak 2513[4]
Kanada 6965[5]
Finlandia 17[6]
Errusia 9[7]
Krimeako penintsula 1[8]
Zeelanda Berria 54[9]
Australia 65[10]
Hungaria 3[11]

Iruditegia

aldatu

Erreferentziak

aldatu

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu


  NODES
eth 1