Transformazio faila

Faila transformatzaile» orritik birbideratua)

Faila transformatzailea bi plaka tektonikoren arteko muga eratzen duen faila mota da, desplazamendu horizontala duena. Erraz bereiz daiteke lurrazaleko hausturengatik.Faila transformatzaileen muturrak ozeano gandorrak, subdukzio zonak edo beste faila transformatzaileak elkartzen dituzte, beraz, faila transformatzaileak beste ertz bati lotuta amaitzen dira. Faila hauek ezagunak dira kontserbazio faila izenez ere, ez baitute litosfera sortzen ez eta suntsitzen ere.[1]

Transformazio faila baten diagrama. Bi plaka erakusten ditu, elkarren aurkako noranzkoetan mugitzen.
Transformazio faila (lerro gorriak).

Bi transformazio faila mota daude: ozeano dortsala segmentutan banatzen dituztenak eta plaka kontinentalen artean ertz pasiboak sortzen dituzten failak, bata bestearekiko horizontalki higitzen dira, litosfera suntsitu eta eratu gabe. Mota honetako transformazio faila famatuena/ospetsuena San Andres faila da, Kalifornian (Ameriketako Estatu Batuak).[1]

Faila transformatzaileen jatorria[2]

aldatu

Faila transformatzaileen jatorria azaltzeko ozeanoa sortu aurretik, gertatu den rift prozesua aztertu behar da. Rift prozesua hasi aurretik, kontinenteak ahultasun gune edo lerro batzuk izan ditzake, idealki, lerro hauek elkarrekiko paraleloak lirateke. Lerro hauekiko paraleloa den estentsio indar bat, hau da, elkarrengandik banatzeko joera duen indar bat, sortzen bada, indarraren norabidearekiko perpendikularrak diren hausturak sortuko dira. Haustura hauen ondorioz, ahultasun-planoak, urratze-faila bat bezala hasiko dira funtzionatzen, beraz, aurretik sortutako ahultasunak berrerabili egiten dira. Rift prozesua bukatzean, hausturek ozeano gandorra osatuko dute eta urratze failak bakarrik gandorren artean aktiboak diren faila transfromatzaile bihurtuko dira.

Laburtuz, faila transformatzaileen jatorria rift prozesuaren ondoriozkoa da. Hau horrela dela Itsaso Gorrian ziurtatzen da, izan ere, bertako ozeano gandorreko faila transformatzaileak kontinenteraino jarraituta, aitzinako urratze failak direla ikusten da

Faila moten arteko desberdintasuna

aldatu

Transformazio failek eta faila transkurrenteak erlazio handia daukate eta horren ondorioz, normalean nahasten dira. Biak desplazamendu irristagaitza edo alboz alboko mugimenduak dira; ordea, transformazio failek beste plaka limitearen edo beste faila motaren batasunean bukatzen dute. Faila transkurrenteak, berriz, batasunik gabe desagertzen dira. Gainera, transformazio failek faila linea guztian deformazio berdina daukate, transkurrenteek desplazamendu gehiago failaren erdialdean izanik. Azkenik, transformazio failek plaka tektoniko baten limite bat osatu dezakete, faila transkurrenteek, berriz, ez.[3]

Faila transformatzaileen funtzionamendua

aldatu

Transformazio failen efektua tentsioa arintzea da. Tentsio hau zenbait gauzengatik sortu daiteke: Lurraren lurrazalean edo zoruan dauden arroka geruzen konpresioagatik, luzapenagatik edo alboko tentsioagatik. Tentsio hau arintzeko, transformazio failek  tentsioa subdukzio zonetara eramaten dute.[3]

Transformazio failak normalean aurkitzen dira gandor ozeanikoen edo hedapen zentroen segmentuak elkartzen. Gandor ozeanikoetan ozeano ohe konstantea sortzen ari da magma basaltikoa dela eta. Ozeano ohe berriak zaharra bultzatzen du eta ondorioz, zaharra kontinetetara pixkanaka-pixkanaka iristen da. Gandorren segmentuen arteko bereizketa honek (nahiz eta kilometro batzuk bakarrik diren), ozeano hondoaren parteak direkzio desberdinetan bultzatzea eragiten du. Ozeano hondoen alboko mugimendu horietan transformazio failak aktibo egon ohi dira.[4]

 

Faila transformatzaile motak[4]

aldatu

John Tuzo Wilsonek (1965) transformazio failen artean 6 mota ezberdindu zituen, transformazio failek batzen dituzten plaken arteko mugen arabera. Muga horiek bi ozeano-gandorren artean koka daitezke , gandorraren eta fosaren artean edo bi fosen artean.

 

Gandor-gandor faila transfromatzaileak

aldatu

Mota honetako failek plaken arteko muga dibergenteen ozeano gandorretako bi zati elkartzen dituzte, eta zalantzarik gabe, transformazio failen artean arruntenak dira. Faila hauek, 100 km-ko batez besteko tartearekin, ozeano guztietako gandorretan zehar aurki daitezke, baina agian egitura nabarmenenak Ozeano Atlantikoko eta Indiako Ozeanoko ekuatore inguruan eta Ozeano Bareko hegoaldean aurki daitezkeenak dira.

Faila hauek eremu aktibo bat eta eremu ez aktibo bat izaten dute. Eremu aktiboa gandor ozeanikoen arteko gunea da, bertan, plakek aurkako norabidea baitute eta ez aktiboa gandor ozeanikoen kanpo geratzen dena, bertan, bi plakek norabide berdina baitute.

Orokorrean, ozeanoen zabalkuntza gandorrekiko perpendikularra da eta faila transformatzaileekiko paraleloa, beraz, failaren tamaina denboran zehar ez da aldatuko.

 

Gandor-fosa faila transfromatzailea

aldatu

Itsas hobiko polaritatearen arabera mota honetako bi transformazio faila bereizten dira. Alde batetik, gandorra duen blokea subdukzio eremuaren bloke zamalkatzailea den kasua . Baldintza horietan transformazio faila luzatu egiten da denboran zehar eta luzapenaren abiadura gandorrak duen zabalkuntza-abiaduraren erdia izango da. Hego Amerikako hegoaldeko muturretik ekialdera mota honetako failen adibide bi aurki daitezke.

 

Bestetik, ozeano gandorra duen blokea fosan hondoratzen denean. Kasu honetan, faila transformatzaileren luzera aldaketa, gandorren zabalkuntzarekin erlazionatuta egoteaz gain, subdukzitzen den proportzioarekin ere lotuta egongo da. Beraz, gandorraren zabalkuntza subdukzitzen den proportzioa baino handiagoa bada, faila luzatu egingo da eta subdukzitzen den proportzioa gandorraren zabalkuntza baino handiagoa bada, faila transformatzailea txikitu egingo da. Mota honetako failaren adibidea Txile hegoaldeko gandorra eta Hego Amerikako subdukzio eremua lotzen dituen faila izan daiteke.

 
 

Fosa-fosa faila transfromatzaileak

aldatu

Mota honetako hiru transformazio faila bereizten dira muga konbergenteetako fosen polaritatearen arabera. Lehena, subdukzio eremuak elkarrengana okertzen direnean. Failaren tamaina proportzio berean luzatuko da, bi eremuetako subdukzio tasa berdina izango baita.

Bigarren aukera, subdukzio eremuak kontrako okerdura badute, faila transformatzailea txikitu egingo da, bloke hori subdukzitu baita. Gaur egun ez da horrelako egiturarik ezagutzen.

Azkenik, subdukzio eremu biak norabide berdinean okertuta badaude. Beraz, failaren tamainak ez du aldaketarik jasaten. Honen adibidea, Ozeano Bareko plakaren iparraldeko mugan dago, Aleutiarretako eta Kuriletako subdukzio-eremuen artean.

Kontinentetako faila transformatzaileak[5]

aldatu
 

Faila transformatzaile kontinentalak desplazamendu handia (ehunka kilometrotatik gorakoa) dute. Aspaldiko ahultasun planoei jarraituz hedatzen dira eta ozeanoetakoekin konparatuz hauen ezaugarri nagusia plaken arteko mugimendua eta failaren norabidea ez dela zeratan paraleloa izan behar da. Horregatik, konpresio eta tentsio eremuak garatzen dira.

Faila transformatzaile kontinentalak 3 eremutan banatzen dira:

  • Faila transformatzailea bera: haustura nagusia
  • Faila transformatzailearen eremua: haustura nagusiarekiko nahiko paraleloak diren eta honekin lotura zuzena duten failak
  • Faila transformatzaileen sistema: bertan kokatzen diren okerdura handiko failak.

Faila transformatzaileen adibideak

aldatu

Faila transfromatzaileak ez daude bakarrik ozeanoetan, nahiz eta hauek izan ohikoenak ozeano gandorrak lotzen dituztelako, kontinentean hainbat faila transfromatzaileen adibide daude:

  • San Andres faila: Kalifornia iparraldean dagoen Mendocino puntu hirukoitzetik Kalifornia hegoaldeko Rivera puntu hirukoitzera luzatzen da faila eta 3000km inguru ditu. Ipar mendebaldean, norabide failaren eremua du eta hego ekialdean, zeharkako riftinga jasaten du. Faila sistema kontinentearen barruan kokatzen da eta hau aitzinako ahultasun baten ondorio izango da, bestela, faila kontinente ertzean kokatuko litzateke, ozeano lurrazalaren eta kontinente lurrazalaren erreologia ezberdina delako.[3]
  • Itsaso Hilaren faila transformatzailea: Suezko golkoa-Itsaso Gorriaren zabalkuntza eta Taurus-Zagros mendikateetako konpresiozko lurraldeak banatzen dituen faila transformatzailea da. Faila hau Paleogenoan zehar garatu zen, Itsaso Gorriaren sorrerarekin batera, Afrika eta Arabiako plakaren apurketa gertatu zenean. Egitura hau Itsaso hileko rifta bezala ezagutzen da, nahiz eta ez den rift bat faila transformatzaile bat baizik.
  • Zeelanda Berriko faila alpinoa: Zeelanda berriko bi uharte nagusien artean hedatzen da Alpine faila transformatzailea. Aurkako bergentzia duten bi subdukzio-eremu elkartzen ditu; iparraldean mendebalderanzko subdukzioa duen Kermadec subdukzio-eremua eta hegoaldean ekialderanzko subdukzioa duen Macquaire subdukzio-eremua. Faila sistema konplexua da faila sekundarioek aldakortasun handia baitute. Gutxi gora behera, 800-1000km inguruko desplazamendua egokitzen du faila honek. Antartikako, Australia-Indiako eta Ozeano Bareko plaken mugimenduen ondorioz sortutako faila da
  • Pakistango Chamango faila
  • Anatoliako faila, Turkiako iparraldean
  • Charlotte erreginaren faila, Ipar Amerikan

Erreferentziak

aldatu
  1. a b (Gaztelaniaz) Falla transformante. 2018-11-14 (Noiz kontsultatua: 2018-12-03).
  2. 1938-, Moores, Eldridge M.,. (1995). Tectonics. W.H. Freeman and Company ISBN 0716724375. PMC 32469317. (Noiz kontsultatua: 2019-03-20).
  3. a b c (Ingelesez) Transform fault. 2018-10-28 (Noiz kontsultatua: 2018-12-03).
  4. a b Apraiz, Arturo. (2005). Plaka-tektonika: Lurraren funtzionamendua ulertzeko teoria. UEU, 273-280 or. ISBN 84-8438-075-0..
  5. P., Kearey,. (2009). Global tectonics.. (3rd ed.. argitaraldia) Wiley-Blackwell ISBN 9781405107778. PMC 132681514. (Noiz kontsultatua: 2019-02-10).

Kanpo estekak

aldatu
  NODES
Idea 8
idea 8