Federico Mayor Zaragoza
Federico Mayor Zaragoza (Bartzelona, Katalunia, 1934ko urtarrilaren 27a - Madril, 2024ko abenduaren 19a) kataluniar zientzialari eta politikaria izan zen.
Biografia
aldatuLehenengo ikasketak Bartzelonan egin zituen, baina Madrilgo Unibertsitatean eskuratu zuen doktoregoa, 1958an, farmaziako ikasketak egin ostean. 1959-1963 bitartean bertako irakasle-laguntzaile izan zen, eta Granadakoan biokimikako katedra eskuratu zuen 1963an. 1968an erretore izendatu zuten, eta Hezkuntzako Nazio Kontseilari izan zen 1969-1972 bitartean.
Politikaren eta zientziaren alorrean eskuratu izan dituen beste hainbat karguz gainera, Hezkuntza eta Zientzietako idazkariordea izan zen 1973tik 1975era. 1977an Espainiako gobernuan sartu zen, UCD alderdiaren zerrendetan, independente gisa, baina 1978an kargua utzi eta UNESCOren zuzendari-laguntzaile izendatu zuten. 1981ean Hezkuntza eta Zientziako ministro izan zen, 1982an PSOE alderdia gobernura iritsi zen arte. 1987an Europako Legebiltzarreko kide izendatu zuten CDS alderdiaren eskutik, eta urte hartan bertan egin zuten UNESCOren idazkari nagusi. 1993an zuzendari-karguan berretsi zuten. Lan handia egin zuen Estatu Batuak eta Erresuma Batua UNESCO erakundera erakartzeko, eta kargua hartu zuenetik, lan handia egin zuen Giza Eskubideen alde: gizabanakoaren formazioaren eta elkartasun intelektualaren ezaugarri nagusitzat azpimarratu ditu eskubide horiek.
Zientzietako zenbait lanez gainera, 1987an Mañana siempre es tarde liburua eman zuen argitara; hor, garapenaren kontzeptua eta ikerketa zientifikoaren eta hezkuntzaren etorkizuneko beharrak lotu zituen. Erakunde, akademia eta elkarte ugarietako kide da: Sociedad Española de Bioquímica (1964), Asociación Americana para el Fomento de la Ciencia (1965), Erresuma Batuko Biokimika Elkartea (1966), Real Academia Nacional de Farmacia (1975), Erromako Kluba (1981), Real Academia de Bellas Artes de San Fernando (1994), Txinako Zientzia Akademia (1994), Errusiar Zientzia Akademia (1999), Real Academia Nacional de Medicina (2002) eta Europar Zientzia eta Arte Akademia.
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Federico Mayor Zaragoza |
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.