Frankfurteko eskola
Frankfurteko eskola[1] (alemanez: Frankfurter Schule) hainbat pentsalarik garatu zuten teoria sozial eta filosofiko neo-marxista defendatu zuen pentsaera eskola bat da, Frankfurteko Gizarte Ikerkuntzaren Institutuarekin (alemanez: Das Institut für Sozialforschung) lotua zegoena, Frankfurteko Goethe Unibertsitateko Gizarte Ikerkuntzako Institutuarekin. Weimarko Errepublikan Europako gerren arteko garaian sortua, 1923an sortua, Frankfurteko eskolaren lehen belaunaldia XX. mendeko 30eko hamarkadako sistema sozio-ekonomiko garaikideekin pozik ez zeuden intelektualek osatu zuten, zenbait akademikok eta disidente politikok osatu zuten. Garai haietan boladan zeuden sistema sozio-ekonomiko nagusiak hauek ziren: garai hartako kapitalismoa defendatzen zuen liberalismoa eta ezker-eskuinetik zetozen kritikak: komunismoa eta faxismoa.
Frankfurteko teorikoek defendatu zuten garai hartako teoria sozialak ez zirela gai azaltzeko XX. mendeko gizarte kapitalista liberalen zatiketa politiko nahasia eta politika erreakzionario eta autoritarioak, nazionalsozialismoa kasu. Marxismoa-leninismoa gizarte-antolaketarako sistema filosofikoki zurrun gisa ere kritikatzen zuten Frankfurteko eskolako ikerketa kritiko-teorikoek. Garapen sozialaren bide hobeak bilatzen zituzten. Eskolako kideak batzen zituena giza emantzipazioaren proiektuarekiko konpromiso partekatua zen, teorikoki tradizio marxistaren, psikoanalisiren eta ikerketa soziologikoaren sintesi enpirikoaren bidez bilatua.
Eskola honetako kideek iritzi ezberdinak izan zituzten arren, pentsalariek egitasmo intelektual bat partekatu zuten: intelektual batek gizarteari egin ziezaiokeen zerbitzurik ederrena marxismoaren aldeko aukera egitea zen. Horretarako, Gizarte Ikerkuntzaren Institutua sortu zuten, Friedrich Pollock eta Max Horkheimer izanik fundatzaileen artean. Beharrezkoa zen marxismoaren alde teorikoa errebisatzea, baina ondo egiteko independentzia politikoa, ekonomikoa eta finantzarioa behar zuten; hala nola arlo anitzeko diziplinak parte hartzea: filosofia, soziologia, historia, ekonomia, etab.
Historia
aldatuGizarte Ikerkuntzaren Institutua
aldatuFrankfurteko Goethe Unibertsitatearen baitan sortu zuten 1923an Gizarte Ikerkuntzaren Institutua, (alemanez: Das Institut für Sozialforschung). Frankfurteko eskola" terminoak Gizarte Ikerketarako Institutu horretan argitara eman ziren intelektualen lanak deskribatzen ditu. Goethe Unibertitatean, Frankfurten, 1923an, Carl Grünbergek gidatu zuen proiektua. Grünberg Vienako Unibertsitateko Zuzenbide irakasle marxista hau jotzen da Gizarte Ikerkuntzaren Instituturen sortzaile. Alemaniako unibertsitate bateko lehen ikerketa zentro marxista izan zen, eta Felix Weil (1898 – 1975) ikasle aberatsaren esku-zabalari esker finantzatu zen hein handi batean.
Felix Weilen doktorego-tesia sozialismoa ezartzeko arazo praktikoei buruzkoa izan zen. 1922an, Lehen Lan Aste Marxista antolatu zuen marxismoaren joera desberdinak filosofia koherente eta praktiko batean laburbiltzeko ahaleginetan. Lehen sinposioan György Lukács, Karl Korsch, Karl August Wittfogel eta Friedrich Pollock egon ziren. 'Lehen lan-aste Marxistaren' arrakastak ikerketa sozialerako institutu iraunkor baten sorrera formala bultzatu zuen, eta Weilek Hezkuntza Ministerioarekin negoziatu zuen unibertsitateko irakasle bat Gizarte Ikerketarako Institutuko zuzendari izan zedin, horrela formalki ziurtatuz Frankfurteko eskola unibertsitatearen baitako erakunde bat izango zela.
Korschek eta Lukácsek lehen lan-aste marxistan lanean parte hartu zuten eta bertan landu zuten Korschen Marxismoa eta filosofia (1923) izeneko lana. Bi intelektual horiek Alderdi Komunistako kide aktibo izateak iragarri egin zuen Gizarte Ikerketarako Institutuan geroago egingo ziren lanak; Korschek parte aktiboa izan zuen beti Frankfurteko eskolaren argitalpen-abenturan. Bestalde, komunistek Lukácsen Historia y klase-kontzientzia (1923) liburua arbuiatzera behartu zuten zuzentasun politikoaren izenean eta intelektualek Alderdi Komunistarekiko independentzia politiko, ideologiko eta intelektuala ezinbesteko baldintza zela jakintza sortzeko adierazi zuten.
Frankfurteko eskolaren tradizio filosofikoa – Gizarte Zientzien diziplina anitzeko integrazioa – Max Horkheimer filosofoarekin lotzen da, 1930ean zuzendari bihurtu zena, eta Theodor W. Adorno (filosofoa, soziologoa, musikologoa), Friedrich Pollock, Erich Fromm (psikoanalista), Walter Benjamin (literatura kritikaria, filosofoa), Franz Leopold Neumann eta Herbert Marcuse (filosofoa) bezalako intelektualak errekrutatu zituena.
Gerra handien arteko garaia (1918-1939)
aldatuTeoria kritikoa
aldatuTeoria Kritikoaren proiektua praxiarekin estu lotuta zegoen, modu irekian ulertutako materialismo marxista baten testuinguruan. Marxismoarekin identifikatuta, Alemaniatik ihes egin behar izan zuten naziek boterea eskuratu zutenean. Institutua lehenik Genevara eraman zuten eta azkenik, 1934an Estatu Batuetan finkatu ziren, Columbiako Unibertsitatean hain zuzen. Nazismoa gertakari historiko gisa funtsezkoa da pentsalari multzo honen ibilbide intelektuala eta bizitza-esperientzia ulertzeko. Denboraren poderioz, Max Horkheimerrek gidatutako institutuan marxismoak utzi egin zion hasierako urteetan zuen garrantzia izateari. Hobeto esanda, hasierako urteetako marxismo ortodoxoa materialismo historikoaren oinarrizko printzipioez hustu zen:
- Langile-klasearen potentzial iraultzailean sinesteari utzi zitzaion.
- Klase-borroka historiaren motorra zela zioen printzipioari ere bai.
- Azpiegitura ekonomikoa ez zen jadanik gizarte-analisiaren zentroan kokatuko.
1950ean Frankfurtera bueltatu ziren Institutuko kide gehienak, Herbert Marcuseren salbuespen garrantzitsuarekin. Bueltan gauzak asko aldatu ziren, eta horrek pentsamendu mailan ere norabide aldaketa eragin zuen. Gizarte errealitatea erabat aldatuta zegoen:
- Aliatuak ez ziren Alemaniaren kontra borrokatu nazismoa deuseztatzearren, botere-kontuengatik baizik.
- Proletalgoa sistema industrialean integratuta zegoen, gutxienez kontzientzia subjektiboaren aldetik.
- Herrialde sozialistetan sozialismoa dominazio-tresna bilakatu zen.
Hori guztia ikusita, egin beharrekoa ez zen jada ekonomia burgesaren kritika, baizik eta gizarte industriala, liberal zein sozialista izan, sostengatzen zuen arrazionaltasunaren kritika.
Eskolakideen arteko ika-mika filosofikoak handiak izan ziren, politikoak ere garrantzitsuak izan ziren. Marcuse ezker berriaren intelektual nagusia bilakatzen zen bitartean, Hokheimer, Habermas-ek desakordio garratzak izan zituzten ezker aktibistarekin. Kritika latzak jaso zituzten: elitismoa, kontserbadurismoa, errebisionismoa izan ziren ezker politiko eta sozialetik egotzi zitzaizkien joerak.
Frankfurteko Eskolako kideen egitasmoaren akuilua giza askapena zen, gizarte injustiziarekin amaitzea zen Teoria Kritikoaren motibazio-indarra, eta arrazoian oinarritutako gizartearen alde egin zuten. Beharrezkoa zen zientzia-eredu burgesetik aldentzea, produkzio-prozesuaren mesedetan eraikia izan baitzen.
Teoria Kritikoaren helburua hauxe izan zen: prozesu sozialen arrazionaltasuna argitara ekarriko duen gizartearen gaineko jakintza eraikitzea.