Franz Liszt
Franz Liszt (hungarieraz: Liszt Ferenc; Doborján[1], Austriako Inperioa, gaur egun, Austria, 1811ko urriaren 22a - Bayreuth, Alemaniar Inperioa, 1886ko uztailaren 31) erromantizismo garaiko hungariar musikagile, piano-jotzaile eta zuzendaria izan zen[2].
Hungarieraz Liszt Ferencz[Oh 1] zuen izena (Liszt Ferenc erabilera modernoaren arabera)[Oh 2], eta 1859tik 1865era arte, ofizialki, Franz Ritter von Liszt izenez ezagutu zuten[Oh 3].
Liszt ospetsu egin zen Europa osoan XIX. mendean bere interprete-trebezia handiagatik. Bere garaikideek zioten teknikoki garaiko pianista aurreratuena zela, eta, agian, garai guztietako handiena[3]. Konpositore garrantzitsu eta eragin handikoa izan zen, piano-irakasle bikaina, artearen garapen modernoan nabarmen lagundu zuen orkestra-zuzendaria eta baita beste konpositore eta artista (interpretatzaile edo exekutatzaile) batzuen ongile ere, bereziki Richard Wagner, Hector Berlioz, Camille Saint-Saëns, Edvard Grieg eta Aleksandr Borodínena.
Konpositore gisa, Alemaniako Eskola Berriko («Neudeutsche Schule») ordezkari garrantzitsuenetako bat izan zen. Pianorako obra ugari eta era askotarikoak konposatu zituen (rapsodia, estudio, transkripzio, etab.), pianorako eta orkestrarako estilo kontzertantean, baita orkestra-produkzio zabala ere. Bere garaikide eta ondorengoengan eragina izan zuen, eta XX. mendeko ideia eta joera batzuk aurreratu zituen. Bere ekarpen aipagarrienetako batzuk izan ziren olerki sinfonikoaren asmakuntza; eraldaketa tematikoaren kontzeptua garatu zuen bere esperimentuen zati gisa forma musikalean, eta, harmonian, desbideraketa erradikalak egin zituen[4].
Biografia
aldatuJatorria
aldatuFranz Liszten lehen gizonezko arbaso ezaguna bere birraitona da, Sebastian List (sic). XVIII. mendearen lehen erdian Hungarian (Austria Beheretik) sartu ziren hizkuntza germanikoa zuten milaka etorkinetako bat izan zen. 1793an hil zen Rajkan (Moson konderria), 90 urte zituela[5]. Liszten aitona langileburu izan zen Esterhazy Etxeko zenbait finkatan, eta pianoa, biolina eta organoa jotzen zekien[6]. Liszt familia Austria eta Hungaria osoan zehar sakabanatu zen, eta kideak elkarren arteko harremana galduz joan ziren[7].
Adam Lisztek magiarrera egokitu zuen familiaren List deitura, hungariarrek errazago ahozka zezaten. Adamen aitak, Georgek, bere bizitzaren amaieran hartu zuen ortografia-aldaketa, ilobak abizena ospetsu egin ondoren[8][9].
Lehen urteak
aldatuFranz Liszt 1811ko urriaren 22an jaio zen, eta Adam Liszten eta Maria Anna Liszten (Langer, ezkongabeko abizena) seme bakarra izan zen. Bere jaioterria, Raiding herria (Sopron konderria), Hungariako Erresumakoa zen bere garaian [Oh 4]. Austriako Burgenland estatuan dagoen Raidingen, alemana erabiltzen zen. Hala, bai familian, bai Lisz zihoan eskolan, hizkuntza hori baino ez zen hitz egiten. Gutxiengo batek bakarrik hitz egiten zuen hungarieraz, eta, gai ofizialetan, latina erabiltzen zen. Geroago, Lisztek hungariera pixka bat ikasi zuen 1870eko hamarkadan, ikastera behartu zutenean populazioa, baina maila oso eskasa zuen. Hala ere, alemanez, frantsesez eta italieraz hitz egiten zuen, eta ingelesa pixka bat ere[11].
Liszten aitak, musikaren maitale eta Society of Dilettantiko kide, pianoa, biolina, biolontxeloa eta gitarra jotzen zituen. Esterhatziko Nikolas II.aren zerbitzura egin zuen lan, eta Joseph Haydn, Johann Nepomuk Hummel eta Ludwig van Beethoven zuzenean ezagutu zituen, eta noizbehinka lehen biekin aritzen zen errege kaperan[12]. Sei urte zituela, Franz Liszt arretaz entzuten hasi zen bere aita pianoa jotzen, eta, aldi berean, musika erlijiosoa eta musika musika erromaniaz interesa piztu zitzaion. Adamek semearen musika-gaitasuna ezagutzen zuen, eta, zazpi urterekin, lehen piano-eskola eman zion. 1819an, zortzi urte zituela, Franz konposatzen eta inprobisazioak egiten hasi zen, oinarrizko modu batean. Urte horretan bertan, lehen emanaldia egin zuen piano-jotzaile gisa. 1820ko urrian eta azaroan, bederatzi urte zituela, Soproneko eta Bratislavako kontzertuetan agertu zen. Aitak lortu zuen Franz haur prodijio gisa aurkeztea Esterhazy Etxeko gortean[13].
1820ko azaroaren 28ko Städtischen Preßburger Zeitungek zioen:[14]
« | Verflossenen Sonntag, am 26. dieses Monats, in der Mittagsstunde hatte der neunjährige Franz Liszt die Möglichkeit, sich vor einer zahlreichen Versammlung des hiesigen hohen Adels und mehrerer selbsternannter Künstler, in der Wohnung des hochgeborenen Grafen Michael Esterházy auf dem Klavier vorzustellen. Die außerordentliche Fertigkeit dieses jungen Künstlers, sowie auch dessen schneller Überblick im Lesen der schwersten Stücke, indem er alles, was man ihm vorlegte, vom Blatt spielte, erregte allgemeine Bewunderung. | » |
« | Joan den igandean, hilaren 26an, eguerdian, bederatzi urteko Franz Lisztek, piano-jotzaile gisa aurkezteko aukera izan zuen Michael Esterhazy konde ezagunaren etxean, tokiko goi-mailako aristokraziaren eta beren burua artistatzat zuten askoren bilera jendetsuan. Artista gazte honen aparteko trebetasunak, eta pieza zailenak kokatzen zizkieten bitartean begirune batez irakurtzeko bizkortasunak eta erraztasunak mirespena eragin zuten. | » |
Adamek nobleziaren dirua lortu zuen bere semea Vienan hezteko Karl Czerny-ren (Beethoven eta Hummel-en ikasle) eskutik. Franzek Antonio Salierirekin (Vienako gorteko musika-zuzendaria izan zen garaian) konposizioa ere ikasi zuen. Adam, aldez aurretik, Hummel Franzen irakasle izan zedin saiatu zen, baina haren ordainsariak altuegiak ziren Liszt familiarentzat. Czernyk, berriz, Liszti doako eskolak ematea onartu zuen. 1822ko abenduaren 1ean estreinatu zen jendaurrean, Vienan, Landständischer Saal-eko kontzertu batean, eta arrakasta handia izan zuen. Austria eta Hungariako zirkulu aristokratikoetan hartua izan zen, eta Beethoven eta Schubertekin ere bildu zen. [Oh 5] 1823ko udaberrian, Adamek Esterhazy printzeari eskatu zion lanera ez joateko urtebeteko zuen baimena beste bi urtez luzatzeko. Printzeak ezetz esan zionez, bere zerbitzupean egotea utzi zuen. Apirilaren amaieran, familia Hungariara itzuli zen azken aldiz, Adamek harro agertu nahi baitzuen bere seme distiratsuaz Pesten egin ziren hainbat kontzertutan. Maiatzaren amaieran, familia berriro itzuli zen Vienara[15].
1823aren amaieran edo 1824aren hasieran, Liszten lehen konposizioa argitaratu zen, Diabelliren bals baten gaineko bariazioa (orain S.147), zeina Vaterländischer Künstlervereinen (Artisten elkarte patriotikoa) II. zatiaren 24. bariazioa baitzen. Antologia hori Anton Diabellik eskatuta egin zen, eta haren balsen gainean egindako berrogeita hamar bariaziok osatzen zuten, berrogeita hamar konpositore desberdinek osatuak (II. zatian). I. zatia Beethovenek gai berari buruz egindako hogeita hamahiru bariaziok osatzen zuten, eta Diabelli Bariazioak, Op.120 izenez dira ezagunak.
Haur prodijioa
aldatu1823ko irailaren 20an, Liszt familiak Viena utzi zuen Parisa joateko. Bidean, Lisztek, bere eta bere familiaren mantenurako, kontzertuak eman zituen Munich, Augsburg, Stuttgart eta Estrasburgon. Miesichen zioten Wolfgang Amadeus Mozarten antzeko talentua zuela hura haurra zenean[16]. Azkenean, familia Parisa iritsi zen 1823ko abenduaren 11n. Hurrengo egunean, Adam Liszt eta bere semea hiriko kontserbatoriora joan ziren, haurra ikasle gisa onartuko zutelakoan. Luigi Cherubinik, ikastetxeko zuzendariak, esan zien (berak ezarritako arau berri bat zela eta) Parisko Kontserbatorioan herritar frantsesei baino ez zitzaiela ikasten uzten. Adam Liszt, beraz, bere semearen piano-maisu bilakatu zen. Franzek eskala eta estudiokin praktikatzen zuen, metronomo[17] batekin, eta Johann Sebastian Bach-en fuga batzuk ere interpretatzen zituen egunero, tonalitate desberdinetara transposizioak eginez[18].
Lisztek azkar ikasi zuen frantsesa, eta bere hizkuntza nagusi bihurtu zuen. Sébastien Érard-ek egindako piano bat eskuratu zuen, ihes bikoitzaren sistemaz hornitua, garai hartan aitzindaria zen mekanismoa[Oh 6]. Zirkulu pribatuetan interpretatu zuen, eta 1824ko martxoaren 7an eta apirilaren 12an eman zituen kontzertuak Theâtre Italienne-n, halako moldez, non haren ospea azkar handitu baitzen. Parisen Petit Liszt (Liszt txiki) izenez ezagutzen zuten. 1824an, 1825ean eta 1827an, Ingalaterra bisitatu zuen, aitarekin batera, eta han Teacher Liszt (Maisu Liszt) deitzen zioten[Oh 7]. Bonu nagusia 1866an baliogabetu zuten, Liszten ama hil zenean ordura arte interesak hari ordaindu baitzioten. Ohiko tasak % 4 edo % 5 ziren; hau da, urtean, 2.400-3.000 libera.
1824tik, Lisztek konposizioa ikasi zuen Anton Reicha eta Ferdinando Paërrekin[21]. Adam Liszten eskutitzetatik, badakigu semeak hainbat kontzertu, sonata, ganbera-musikako obrak eta beste hainbat obra konposatu zituela. Ia denak galdu egin dira, baina 1824an pianorako egindako lan batzuk argitaratu ziren. Pieza horiek garaiko Vienako eskolaren estilo komunean idatzi ziren. Czerny maisu ohiaren lanak hartu zituen eredu gisa, eta, geroago, Sigismund Thalbergek eta Theodor Döhlerrek, Liszten arerio birtualek ere emulatu zuten[22]. Lehen lan horien erantzuna etsigarria izan zen. 1824ko udaberrian, Paëren laguntzarekin, Liszt opera bat konposatzen hasi zen: Don Sanche, ou Le château de l'amour (On Santxo, edo maitasunaren gaztelua)[23]. Rodolphe Kreutzerrek zuzendua eta Adolphe Nourritek On Santxoren papera interpretatuz, opera 1825eko urriaren 17an estreinatu zen Académie Royale de Musique-n, baina arrakastarik gabe. Liszt, gero, beste ibilbide batek erakarri zuen. Musikarekiko interesa galtzen hasi zen, eta denbora asko ematen zuen erlijio-ideiekin. Aitak, ordea, kontzertuak ematen jarraitzera behartu zuen[24]. 1826an, Marseillan, jatorrizko estudioak egiten hasi zen. Berrogeita zortzi pieza konposatu nahi izan zituen, baina hamabi bakarrik egin eta argitaratu ziren bere opus 6 gisa[25].
1827ko udan, Liszt gaixotu egin zen[26]. Adam Liszt Boulogne-sur-Mer hirira (Mantxako kanalaren ondoko bainuetxera) joan zen semearekin. Liszt sendatzen zen bitartean, aitak tifus harrapatu zuen, eta urte horretako abuztuaren 28an hil zen. Boulognen lurperatu zuten, eta Franzek ez zuen inoiz haren hilobia bisitatu[27].
Aita hilda, Liszten kontzertu-karrera amaitu zen haur prodijio gisa. Urte batzuk geroago, konpositoreak berak jarrera eszeptikoa izango zuen haur prodijio gisa izandako ibilbideaz. Diru asko eta ospe izena irabazi bazuen ere, orokorrean, ez zuen bere hezkuntza garatzeko aukerarik izan[28]. Gabezia hori sakoneko irakurketaz ordeztu zuen. 1830eko hamarkadatik aurrera, mauka-mauka irakurtzen hasi zen, eta hil zenerako, 1886an, milaka liburu zituen eskuratuak. 1880ko martxoan, Lina Ramanni idatzi zion haur prodijio gisa egindako konposizio-lanari buruz, eta baieztatzen zion ez zuela ezer lortu han ezer ez zegoelako. Bere ustez, bai gazteentzat, bai konpositore zaharrentzat ere, beti zen hobea eskuizkribuak galtzea[29].
Besteak
aldatu1821ean, Carl Czerny eta Antonio Salieriren ikasle izan zen Vienan. 1823-1835 urteetan, Parisen, Anton Reicha eta Ferdinando Paëren ikasle izan zen. Bere garaiko artista eta idazle askoren lagun izan zen: Hector Berlioz, Frédéric Chopin, Richard Wagner, Victor Hugo, Alphonse de Lamartine, George Sand eta Eugène Delacroix, besteak beste.
1848an, Weimarko gorteko kapera-maisu izendatu zuten, eta han izan zen 1859. urte arte. Weimarren, Wagner (Lohengrin, 1850), Schumann, Berlioz, Mendelssohn, Weber eta Schuberten musika-lanak estreinatu zituen. Garrantzi handiko musikagune egin zuen Weimar hiria. Garai hartan idatzi zituen Fausto (1853-1861) eta Dante (1856) sinfoniak; bizitzako aldirik emankorrena izan zuen hura.
1860tik aurrerako musika-lanek erlijioa dute gaitzat: Santa Isabelen kondaira (1862) eta Christus oratorioa (1866). 1869. urtetik aurrera, Erroman, Weimarren eta Budapesten bizi izan zen. Bizitzako azken bost urteetan, irakaskuntza izan zuen zeregin nagusia. Alexander Siloti, Frederic Lamond, Moriz Rosenthal eta Felix von Weingartner ikasle izan zituen, besteak beste.
Liszten musikagintza
aldatuMende-erdi batez liluratu zituen Lisztek musikazaleak pianoan zuen abileziagatik. Abiadura izugarria zuen, eta indar handia. Musikagile gisa, berrikuntzak egin zituen, eta, orkestrarako, genero berri bat sortu zuen: poema sinfonikoa. Azken lanetan, inpresionismoari eta espresionismoari aurrea hartu zien. Liszten ekarpenik handiena, hizkuntza harmonikoa eta tonalitatea zabaltzea izan zen, eta XX. mendeko musikagile askori aurrerabidea erakutsi zien.
Aurrekoez gainera, haren lan aipagarrienak dira pianorako idatzitako Harmonia poetikoak eta erlijiosoak (1834-50), Joaldi traszendentezko estudioak (1838), hiru Kontzerturako estudio handi (1848), hobekuntza-estudioak, Ab irato izenekoak, partitura ezagunei egindako transkripzioak eta bere garaiko opera famatuen bariazioak (Bellini, Donizetti, Verdi), Rapsodia hungariarrak, Maitasunezko ametsak, baladak.
Orkestrarako lanak hiru taldetan bereizten dira. Lehenak hamabi poema sinfoniko biltzen ditu: Prometheus (1850), Orpheus (1854-56) eta Hamlet (1859), besteak beste. Bigarren taldekoak sinfoniak dira, koruekin batera, eta, hirugarrenean, orkestrari trebetasun handiagoa eskatzen dioten lanak: Mefisto balsa, Dibertimentua hungariar erara, Schubert-en martxak eta Rákóczy-ren martxa. Eliz musikaren barruan, Graneko Meza (1855), Missa choralis (1865), Koroatze Meza Hungariarra (1867), kantatak, requiem bat eta organorako Misa pro Organo aipatu behar dira.
Oharrak
aldatu- ↑ ˈfɛrɛnʦ (fʁanʦ) ahoskatua
- ↑ Hungarieraz, abizena izenaren aurretik jartzen da. Liszten Hungariako pasaportean, bere izena Ferencz gisa zuen idatzia. Hungarieraren 1922ko ortografia-erreformak cz digrafoa c izatera aldatu zuen hitz guztietan, abizenetan izan ezik, beraz, Ferenc erabiltzera eraman zuen hura hil eta denbora askora.
- ↑ Franz Joseph I.a enperadoreak Ritter (zaldun) izendatu zuen Franz Liszt, 1859an, baina titulua ez zuen inoiz jendaurrean erabili. Titulua beharrezkoa zuen Sayn-Wittgenstein printzesarekin ezkontzeko, hark bere pribilegioak galdu gabe, baina, ezkontzak huts egin ondoren, Lisztek bere osaba Eduardi eman zion titulua 1865ean. Franz von Liszt zen Eduarden semea.
- ↑ Lisztek maiz esan zuen (Hungariar magiarra) zela, inoiz ez zuen esan frantses edo alemana zenik. Etengabe aipatzen du Hungaria bere aberritzat. Bere bizitzan ongintza-kontzertuak eman zituenean, jantzi nazionala jantzita agertu zen batzuetan[10]
- ↑ Bigarren kontzertu batean, 1823ko apirilaren 13an, Beethovenek Liszti kopetan musu eman zuela jakin zen. Hala ere, Lisztek berak kontatu zuen istorio hori aurrerago, eta gertaera hori beste une batean gerta izana zitekeela esan zuen. Nolanahi ere, Lisztek bataio artistikotzat hartzen zuen.[13]
- ↑ Mekanismo berri horren abantaila zen notak hainbat aldiz errepika zitezkeela tekla erabat askatu gabe. 1824ko martxoaren 17an, Adam Lisztek, Czernyri bidalitako gutun baten arabera, ordura arte Erardek hiru piano baino ez zituen eginak. Lisztentzat laugarren bat egin nahi izan zuen. Ikus[19]
- ↑ Bere diru sarreren kuota nahiko handia zen, zeren bere aita 60.000 libera inbertitzeko gai izan zen bere antzinako nagusiaren, Esterházy printzearen, bonuetan Ikus[20]
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Austrian Raiding deitua
- ↑ (Gaztelaniaz) Balaguer, Menene Gras. (1983). El romanticismo: como espíritu de la modernidad. Editorial Montesinos ISBN 978-84-85859-69-6. (Noiz kontsultatua: 2024-05-07).
- ↑ Horren adierazgarri bat aurki daiteke:(Saffle 1994, 209 orr. ). Safflek 1840ko hamarkadan idatzi zuenez: «Inork ez du zalantzan jartzen hura (Liszt) bizirik dagoen piano-jotzailerik handiena izan zela, ziurrenik garai guztietako pianistarik handiena». Safflek iturririk eman ez zuenez, bere ikuspuntu gisa soilik har daiteke bere deklarazioa.
- ↑ Searle 1980, 11:28-29 orr. .
- ↑ Walker 1987, 33-34 orr. .
- ↑ Walker 1987, 34 orr. .
- ↑ Walker 1987, 35 orr. .
- ↑ «How Hungarian was Liszt?» web.archive.org 2011-07-08 (Noiz kontsultatua: 2024-05-07).
- ↑ «Notes for Franz LISZT\LIST» web.archive.org 2012-12-15 (Noiz kontsultatua: 2024-05-07).
- ↑ Walker 1987, 48 orr. .
- ↑ Walker 1987, 13-14, 57, 101 orr. .
- ↑ Gerhard J. Winkler: Adam Liszt: Charakterstudie eines Vaters. En Franz Liszt. Ein Genie aus dem pannonischen Raum. Katalog der Landessonderausstellung aus Anlass des Liszt-Jahres 1986, Burgenländisches Landesmuseum 1986, p. 61.
- ↑ a b Searle 1980, 11:29 orr. .
- ↑ Originaletik hartua:(Burger 1986, 17 orr. )
- ↑ Walker 1987, 86-87 orr. .
- ↑ Ikus 1823ko urriaren 17ko kritika:(Schilling 1844, 232 orr. ). Kritika Augsburgen berrinprimatu zen; ikus(Burger 1986, 29 orr. )
- ↑ Ikus Adam Liszten gutuna, 1824ko uztailaren 29ko Czernyri zuzendua(Burger 1986, 36 orr. )
- ↑ Ikus:(Rellstab 1842, 64 orr. ). Orri bereko ohar baten arabera, Lisztek puntu hori berretsi zuen Rellstab bera bertan zegoela. Lisztek esan zuen trasposizioa oso gogorra izan zela beretzat.
- ↑ Burger 1986, 32 orr. .
- ↑ Liszt 1933, 437 orr. .
- ↑ Walker 1987, 94 orr. .
- ↑ Walker 1987, 105-110 orr. .
- ↑ Walker 1987, vii orr. .
- ↑ Rellstab 1842, 65 orr. .
- ↑ Walker 1987, 184, 409 orr. .
- ↑ Rellstab 1842, 66 orr. .
- ↑ Walker 1987, 125 orr. .
- ↑ Adibidez, ikus Lisztek Daniel semeari 1854ko apirilaren 20an emandako gutuna:(Jung 1987, 130 y sig. orr. )
- ↑ Ramann 1983, 408 orr. .
Bibliografia
aldatu- Bory, Robert. (1930). Une retraite romantique en Suisse, Liszt et la Comtesse d'Agoult. Lausana.
- Burger, Ernst. (1986). Franz Liszt, Eine Lebenschronik in Bildern und Dokumenten. Múnich.
- Cooper, Martin. (1946). «The Symphonies» in Abraham, Gerald Music of Tchaikovsky. Nueva York: W. W. Norton & Company ISBN n/d..
- Demko, Miroslav. (2003). Franz Liszt compositeur Slovaque. L'Age d'Homme, Suiza.
- Ehrhardt, Damien (ed.). (2008). Franz Liszt – Musique, médiation, interculturalité. (Etudes germaniques 63/3).
- Franz, Robert (hau da, Janina, Olga). (1874). Souvenirs d'une Cosaque. (10ª. argitaraldia) París.
- Gibbs, Christopher H.. (2006). Franz Liszt and his World. Princeton: Princeton University Press.
- Göllerich, August. (dtarik gabe (1887-88)). Musikerbiographien, Achter Band, Liszt, Zweiter Theil. Reclam, Leipzig.
- Hamburger, Klara (ed.). (1978). Franz Liszt, Beiträge von ungarischen Autoren. Budapest.
- Jerger, Wilhelm (ed.). (1996). The Piano Master Classes of Franz Liszt 1884-1886, Diary Notes of August Göllerich. Traducido al inglés por Richard Louis Zimdars Indiana University Press.
- Jung, Franz Rudolf (ed.). (1987). Franz Liszt in seinen Briefen. Berlín.
- Legány, Deszö. (1984). Franz Liszt, Unbekannte Presse und Briefe aus Wien 1822-1886. Viena.
- Legány, Dezsö. (1983). Ferenc Liszt and His Country, 1869-1873. Budapest: Occidental Press.
- Legány, Dezsö. (1992). Ferenc Liszt and His Country, 1874-1886. Budapest: Occidental Press.
- Liszt, Franz. (2000). Briefwechsel mit seiner Mutter. Editado y anotado por Klara Hamburger Eisenstadt.
- Liszt, Franz. (1933). Daniel Ollivier ed. Correspondence. París. | izena2=Marie |bestelakoa=Tomo I: 1833-1840 (1933); Tomo II: 1840-1864 (1934)}}
- MacDonald, Hugh. (1980). «Symphonic Poem» in Stanley Sadie The New Grove Dictionary of Music and Musicians. 20 (1ª. argitaraldia) Londres: Macmillan ISBN 0-333-23111-2..
- MacDonald, Hugh. (1980). «Transformation, thematic» in Stanley Sadie The New Grove Dictionary of Music and Musicians. 20 (1ª. argitaraldia) Londres: Macmillan ISBN 0-333-23111-2..
- Motta, Cesare Simeone. (2000). Liszt Viaggiatore Europeo. Moncalieri ISBN 88-7760-058-6..
- Mueller, Rena Charin. (1986). Liszt's «Tasso» Sketchbook: Studies in Sources and Revisions. Tesis doctoral Universidad de Nueva York.
- Nohl, Ludwig. Musikerbiographien, Vierter Band, Liszt, Erster Theil. Reclam, Leipzig, without date (1881-82).
- Ollivier, Daniel. (1941). Autour de Mme d'Agoult et de Liszt. París.
- Prahács, Margit (ed.). (1966). Franz Liszt, Briefe aus ungarischen Sammlungen, 1835-1886. Budapest.
- Prahács, Margit. «Franz Liszt und die Budapester Musikakademie» Franz Liszt, Beiträge von ungarischen Autoren (Hamburgo (ed.)): 49 eta ondorengoak...
- Raabe, Peter. (1931). Liszts Schaffen. Cotta, Stuttgart y Berlín.
- Ramann, Lina. (1983). Arthur Seidl ed. Lisztiana, Erinnerungen an Franz Liszt in Tagebuchblättern, Briefen und Dokumenten aus den Jahren 1873-1886/87. Friedrich Schnapp-ek gaibegiratutako testua Maguncia.
- Rellstab, Ludwig. (1842). Franz Liszt. Berlín.
- Rosen, Charles. (1995). The Romantic Generation. Harvard University Press.
- Saffle, Michael. (1994). Liszt in Germany, 1840-1845, Franz Liszt Studies Series No.2. Stuyvesant, Nueva York: Pendragon Press.
- Sauer, Emil. (1901). Meine Welt. Stuttgart.
- Searle, Humphrey. (1980). «Liszt, Franz» in Stanley Sadie The New Grove Dictionary of Music and Musicians. 20 (1ª. argitaraldia) Londres: Macmillan ISBN 0-333-23111-2..
- Searle, Humphrey. (1966). The Music of Liszt. Tarjeta número 66-27581 del catálogo de la Biblioteca del Congreso de Estados Unidos (revisión de la 2ª. argitaraldia) Nueva York: Dover.
- Searle, Humphrey. (1970). «The Orchestral Works» in Alan Walker Franz Liszt: The Man and His Music. Nueva York: Taplinger Publishing Company ISBN 0-8008-2990-5..
- Schilling, Gustav. (1844). Franz Liszt. Stuttgart.
- Shulstad, Reeves. (2005). «Liszt's symphonic poems and symphonies» in Kenneth Hamilton The Cambridge Companion to Liszt. Cambridge y Nueva York: Cambridge University Press ISBN 0-521-64462-3..
- Spencer, Piers. (2002). «Symphonic poem [tone-poem»] in Alison Latham The Oxford Companion to Music. Oxford y Nueva York: Oxford University Press ISBN 0-19-866212-2..
- Steinbeck, Arne. (1971). Franz Liszt's approach to piano playing. Tesis doctoral University of Maryland, College Park.
- Stradal, August. (1929). Erinnerungen an Franz Liszt. Bern, Leipzig.
- Temperley, Nicholas. (1980). «Symphony: II. 19th century» in Stanley Sadie The New Grove Dictionary of Music and Musicians. 20 (1ª. argitaraldia) Londres: Macmillan ISBN 0-333-23111-2..
- Walker, Alan. (1987). Franz Liszt. 1: The Virtuoso Years (1811-1847) Nueva York: Cornell University Press ISBN 0-394-52540-X..
- Walker, Alan. (1989). Franz Liszt. Volumen 2: The Weimar Years (1848-1861) Nueva York: Cornell University Press ISBN 0-394-52540-X..
- Walker, Alan. (1997). Franz Liszt. Volumen 3: The Final Years (1861-1886) Nueva York: Cornell University Press ISBN 0-394-52540-X..
- Walker, Alan. (2001). «Liszt, Franz» in Stanley Sadie The New Grove Dictionary of Music and Musicians. 29 (2ª. argitaraldia) Londres: Macmillan ISBN 0-333-60800-3..
- Watson, Derek. (1989). Liszt. Schirmer Books ISBN 0-02-872705-3..
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Franz Liszt |