Gabriel Fauré
Gabriel Urbain Fauré (Pamiers, Frantzia, 1845eko maiatzaren 12a - Paris, Frantzia, 1924ko azaroaren 4a) frantses musikagilea, organista, pianista eta irakaslea izan zen. Bere garaiko konpositore frantses arrakastatsuenetakoa izan zen, eta bere estiloak XX. mendeko hainbat konpositorerengan eragina izan zuen. Bere lan ezagunenen artean Pavane, Requiem, Sicilienne, pianorako nokturnoak eta Aprés un rêve edo Clair de Lune abestiak daude.
Bere lehenengo obrak ezagunenak izan arren, Faurék estilo armonikoki eta melodikoki konplexuagoa garatu zuen ondorengo urteetan.
Biografia
aldatuNiedermeyer eta Saint-Saënsen ikasle izan ondoren, kapera-maisu (1877) eta organo-jotzailea (1896) izan zen Madeleine elizan.
Kontserbatorioko irakasle eta zuzendari izan zen (1905-1920). Bere ikasle izan ziren, besteak beste, Maurice Ravel, N. Boulanger, G. Enesco, F. Schmitt, Ch. Koechlin eta R. Ducasse.
1903az geroztik, gorreriak jota, bizitza latza izan zuen. Hezkuntzaz klasikoa eta tradizionalista zen, eta kantu gregorianoaren moduak erabili zituen harmoniaren esparrua zabaltzeko. Organo-jotzailea izan arren ez zuen organorako konposatu, baina melodian, pianorako eta ganbera-musikan gailendu zen.
Debussyrekin eta Ravelekin aldera daiteke bere obren edertasunagatik eta sakontasunagatik. Bera izan zen, Frantziako musikarien artean, antzinako Greziako eskalak estilo modernoan erabili zituen lehena. Prométhée (1900) eta Pénélope (1913) operak idatzi zituen, musika sinfonikoa, ganberakoa, pianorako 50 lan inguru (barkarola, nokturno eta impromptusak), eta Requiem bikain bat.
Frantziatik kanpora ez zuen entzute handirik izan aski berandu arte, baina gaur egun Frantziako musikagilerik handienen artean daukate.
Musika
aldatuAaron Coplandek idatzi zuenez, nahiz eta Fauréren musika lanak "hasierako", "erdiko" eta "bukaerako" periodoetan banatu daitezkeen, ez dago berebiziko desberdintasunik hauen artean, beste musikagile askori gertatzen zaien moduan. Coplandek Fauréren lehen lanetan bere bukaerako estiloko aurrekariak identifikatu zituen, eta baita hasierako estiloko zantzuak bere azken lanetan ere: "Gaiek, armoniek, formek esentzialki berdinak izaten jarraitu dute, baina lan berri bakoitzarekin are freskoago, pertsonalago eta sakonagoak dira"[1]. Fauré jaiotzean Berlioz eta Chopin konposatzen zebiltzan oraindik, eta azken hau Fauréren lehenengoetako influentzia izan zen. Bere azken urteetan, Schoenbergen musika atonalaren aurrekari izango ziren konposizio teknikak garatu zituen[2]; eta ondoren, jazzeko teknikak diskretuki marrazten hasiko zen[3].
Baina Fauréren influentzia, lehen lanetan batez ere, Chopin ez bakarrik, baina Mozart eta Schumann ere baziren. The Record Guide-ren autoreen arabera (Sackville-West eta Shawe-Taylor), Faurék Mozartengandik bereganatu zituen sotiltasuna eta edertasuna, Chopinengandik askatasun tonala eta linea melodiko luzeak, eta Schumannengandik "bat-bateko zoriontasun uneak garapen sekzioetan, eta laburki baina magia handiz mugimendu osoak argitu ditzakeen kodak"[4]. Bere lana egitura harmonikoak sakonki ulertuz sortzen zuen, zeina École Niedermeyer eskolan bereganatu zuen, Niedermeyerren ondorengo izan zen Gustave Lefévreren eskutik
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Kanpo estekak
aldatu- «Gabriel Fauré konposatzailearen Requiem Op. 48» antaka eta Urmaiz abesbatzak - Goierri. gitb.eus