Gau Beltza
Gau Beltza[1][2] edo Halloween (NAF: [ˌhæləˈwin, -oʊˈin, ˌhɒl-] ingelesezko All Hallows' Evening —«Santu Guztien arratsaldea»— izenaren laburketa;[3] ingelesez Hallowe'en edo All Hallows' Eve —«bezpera»— ere deitua)[4] urtero urriaren 31n munduko hainbat lekutan ospatzen den jaia da, Arimen Eguna euskal jaiaren antz-antzekoa.[5][6][7] Kristau egutegiaren Santu Guztien Egunaren aurreko gaua da, hilak, martiriak eta santuak gogoan izateko egunetan.[8]
Gau Beltza | |
---|---|
Mota | jaiegun bezpera : Domu Santu egun |
Honen parte da | Allhallowtide (en) |
Egun | Urriaren 31 |
Herrialdea | Irlandako Errepublika |
Osatuta | |
trick-or-treating (en) | |
Hashtag | #halloween, #ハロウィン, #HappyHalloween, #Halloween2024 eta #2022Halloween |
Ikerlari askoren iritziz, Halloweenen jatorria zelten uzta ospakizun baten kristautzea da,[9][10] hots, ziurrenik jatorri paganoa du, batez ere gaeliar Samhain jaian.[4][11][12] Beste ikerlari batzuen ustez, jaia ez zen Samhainetik etorri, eta jatorri guztiz kristaua du.[13]
Euskal Herrian ere ospakizunak egiten ziren Santu Guztien Egunaren bezperan, eta XX. mende arte berezko ohitura zen kuiak, patatak, erremolatxak edo arbiak hustu eta kandelak jartzea, baserrietan bildu eta gaztaina erreak jatea edo umeak eskean ibiltzea.[14]
Gaur, Halloween Ameriketako Estatu Batuetako kulturan errotuta dago eta hortik hedabideen bitartez munduko beste hainbat lekutara iritsi da. Egun horietan, jendeak mozorroak erabiltzen ditu, eskuarki beldurra emateko asmoz, eta maltzurkeriak ez egitearen truke, haurrek gozokiak jasotzen dituzte. Horretarako, etxez etxe joaten dira, Trick or Treat ("Saria edo ziria") esanez. Ohitura da, orobat, kuiak hustu eta barruan kandelak jartzea, sagarrak karameluz estaltzea, beldurrezko ipuinak kontatzea eta beldurrezko filmak ikustea.
Etimologia
aldatuHalloween edo Hallowe'en hitza 1745ean agertu zen lehen aldiz[15] eta jatorri kristaua du.[16] Hitza ingelesezko Hallowed evening edo Holy evening esamoldetik dator, hau da, Domu Santu egunaren bezpera.[17] Era berean, eskozieratik dator[18][19] Eskozieraz eve izena even esaten da, eta e'en gisa edo een gisa laburbiltzen zen askotan. Urteen joan-etorrian, (All) Hallow(s) E(v)en esaldia Halloween bilakatu zen. All Hallows esamoldea antzinako ingelesan agertzen da (ealra hālgena mæssedæg), baina bezperari buruzko esamolderik ez da 1556 arte aurkitu.[19][20]
Historia
aldatuJatorri zelta
aldatuLitekeena da haren lehen jatorria zeltek ospatutako Samhain jaia izatea: izena antzinako irlanderatik dator eta «udaren bukaera» esan nahi du.[21] Antzinako britoiek antzeko jai bat zuten, Calan Gaeaf deitua. Samhainean uzta garaiaren bukaera ospatzen zen, eta horrek zelten urte berria zekarren, urtaro ilunarekin hasten zena.[22][23]
Antzinako zeltek uste zuten Samhainaren etorrerarekin estutzen zela mundu honen eta Beste Munduaren arteko lotura eta, beraz, izpiritu on zein txarrek errazago zuten bien arteko muga zeharkatzea. Familiaren arbasoak gonbidatzen eta omentzen zituzten, izpiritu txarrak aldentzen zituzten bitartean. Uste denez, jantzi eta mozorroen erabilera izpiritu txar horiek uxatzeko erabiltzen ziren. Helburua izpiritu txar baten itxura hartzea zen eta horrela ez zen minik jasotzen. Eskozian, izpirituen ordez, gazteak zuriz jantzita eta aurpegi belztua agertzen ziren.[24][25]
Samhainaren aroa negua prestatzeko unea zen. Etxeetan elikagai nahiko eduki behar zen, pertsonentzat zein aziendarentzat. Suak egiten ziren garai horretan, etxeko su nagusia salbu, beste su guztiak itzaltzen ziren jai egun horretan. Sakrifikatutako animalien hezurrak ere sutara bota behar ziren.[26] Praktika ohikoa zen ere igarleak egotea, horretarako behar ziren elikagai eta edariak hartuta. Asturiasen otorduak egiten ziren arbasoak ehortzita zeuden lekuetan. [27]
Erromatarren tradizioan txertatzea
aldatuAntzinako Erromak zelten lurraldeak okupatu zituenean, beste askotan gertatzen zen bezala, jaia euren kulturara asimilatu zuten. Berez, Erroman urriaren bukaeran eta azaroaren hasieran, "uzta jaialdi"ak antolatzen ziren, Pomonaren omenean (fruitu arbolen jainkoa). Bi tradizio horien nahastetik Halloweenen garrantzi handia duten sagarrak gehitu bide ziren.
Jaiaren kristautzea
aldatuGaur egungo Halloweengo ohiturek aldaketa handiak izan dituzte, kristautasunaren eraginez. Santu Guztien Egunaren bezperan ospatzen da Halloween, eta haren biharamunean, Hilen Eguna, kristauen egutegi liturgikoan.[29] Eliza primitiboaren garaitik[30] jai nagusia da, Eliza Kristauaren barruan, Gabonak, Aste Santua eta Pentekoste egunak diren bezala. Bigiliak aurreko gauean hasten dira elizetan. Hiru egun horiek ingelesez Hallowmas izenaz ezagutzen dira eta kristauen ustez, santuak eta hildakoak gurtzeko egunak dira, arimak Zerura iristeko errezatzeko egunak. Santu Guztien Eguna lehen aldiz 699an ospatu zen, maiatzaren 13an.[31] 835an azaroaren 1era igaro zen, Samhainaren data berean, Gregorio IV.aren aginduz. Batzuek uste dute hori zelten eragina izan zela; beste batzuek, germaniarren ideia bat. Autore batzuen arabera, praktikoagoa zen data hori hartzea, udan erromes ugari heltzen baitziren Erromara, eta udan Erromako Sukarra izeneko gaixotasun bat errazago hedatzen zelako.[32]
Ohiturak Euskal Herrian
aldatuSantu Guztien Egunaren bezperan eta egunean bertan eta Hilen Egunean Halloween jaiaren antzeko hainbat ohitura zeuden Euskal Herrian. Hain zuzen, kuiak hustutzea, janari eskean ibiltzea edo baserriz baserri kantuan ibiltzea ohitura izan dira herri askotan XX. mendea arte:[6]
« | Animen egunian, oittura zarra zan Eibar-en, jan da eran tabernan eittia moskortu arte. Baita kaleko neska mutillak, alkarregaz, baserrixetan gastaña erriak jatia. | » |
—Toribio Etxeberria, Eibar, 1887.[33] |
Berdin egiten zuten Zizurkilen[6] nahiz Oiartzunen.[34] Beste kontakizun batzuek ere kuien hustuketaren berri ematen dute:
« | Gabean edo iluntzean ipinten zan kalabazea, begiak eta ahoa egin, barruan kandelea sartu isiotuta, kanpatorrean. Kalabazea hustu egiten zan, zuloa egin azpitik, haziak-eta kendu, eta gero ipinten jakon kandelea barruan eta begiak eta ahoa aterata ipinten jakozan, zein da buru baten formea. Eta sartzen jakon kandelea erdian, eta hareek begietatik eta surretik-eta, argia ikusi egiten zan. Ganera orduan ez egoan argirik kaleetan, dana ilunetan. Eta ha ba, izentazinoa kalaberearena izango zan, nik pentsau, gazteak gintzazan eta, baina hortxe ipinten zan kalaberearen... | » |
—Herminia Lazpita, Berriz.[35] |
« | Santu Guztien inguruko gauren batetan (...) herriko gaztetxoak alde batetik bestera ibiltzen omen ziren jendea beldurtzen. Egun batzuk lehenago inguruko baratzetan kalabazak lapurtzen zituzten, gero hustu eta barruan kandelak sartzeko. Kalabazak atarietan-eta jartzen zituzten. Kanta bat ere bazen horren inguruan: «Xesteron kontra, animen alde...» (Xestero Mutrikuko ehortzailearen izena zen). XX. mende hasierako urtetan egiten zela behintzat badakigu. | » |
—Mutrikun jasoa.[36] |
Kuiak husteaz gain, bada ohitura eskean joateko, Santa Agedan egiten den bezala. Utergan, esaterako, honako abestia kantatzen dute haurrek:
« | dominé-dominé castañé y si no zikiñé |
» |
—Mikel Goñi, Uterga.[37] |
Ohikoa zen aldi berean mozorrotzea, askotan euskal inauterietan erabiltzen ziren antzeko jantziekin. Nahikoa zen izara bat mozorroa egiteko.[38]
Mutrikun Gaba Beltza ospatzen da antzinatik: herriko etxeetan kui hutsak kandelarekin jartzen dira eta herriko kondaira zahar bateko Talaixako Mamua jaisten da herrira.[39]
Ipar Amerikara heltzea
aldatu1840n jai hori Ameriketako Estatu Batuetara eta Kanadara iritsi, eta hango kulturetan errotze handia izan zuen. Irlandatik iritsitako migratzaileek Irlandako gosete handiaren ondorioz, jaiaren hainbat bertsio hedatu zituzten. Eurek eraman zuten kuiaren pertsonaia jack-o'-lantern edo "Jack xuhurra".
Hala ere, jaia ez zen ofizialki eta masiboki egiten hasi 1921 arte: urte hartan, Minnesotan Halloweeneko lehen desfilea egin zen eta, handik gutxira, berriro egin zen beste estatu batzuetan. Hurrengo hamarkadetan, jaiak garrantzia hartu zuen.
Nazioarteratzea
aldatu1970eko hamarkadan, Halloween jaiaren AEBetako bertsioa nazioarteratu zen zinemaren bidez eta 1980ko hamarkadan telebistaren bitartez. 1978an John Carpenterrek Halloween gaua filma egin zuen, B serieko terrorezko zinemako funtsezkoa izan zena. Horren ondoren, ohitura hori mundu osoan hedatu zen.
Erreferentziak
aldatu- ↑ «Zer da?» Gau Beltza (Noiz kontsultatua: 2020-10-31).
- ↑ Alijostes Bordagarai, Koldo. «Gau Beltza, gau ikaragarria! -» Alea.eus (Noiz kontsultatua: 2022-10-31).
- ↑ Thomas Thomson, Charles Annandale. (1896). A History of the Scottish People from the Earliest Times: From the Union of the kingdoms, 1706, to the present time. Blackie.
- ↑ a b Merriam-Webster's Encyclopædia of World Religions. Merriam-Webster.
- ↑ «Nork esan du Halloween euskal ohitura zaharra ez denik?», Ahotsak.com, 2013-10-31.
- ↑ a b c Oier Araolaza. (2009). «Halloween euskal festa bat da (III): Kalabaza hustutzen» Dantzing bloga.
- ↑ Oier Araolaza: «Halloween Resurrection 2012: Halloween euskal festa bat da (IV)», Dantzing bloga, 2012-11-02.
- ↑ Davis. (2006). Don't Know Much About Mythology: Everything You Need to Know About the Greatest Stories in Human History but Never Learned. HarperCollins, 231 or..
- ↑ BBC – Religions – Christianity: All Hallows' Eve. British Broadcasting Corporation (BBC).
- ↑ "Halloween." History.com
- ↑ Nicholas Rogers. (2002). Halloween: From Pagan Ritual to Party Night. Oxford University Press.
- ↑ Austrian information. .
- ↑ BBC – Religions – Christianity: All Hallows' Eve. British Broadcasting Corporation (BBC).
- ↑ Animen Gaua (=Halloween) kalabaza eta kandelekin ospatzen zen aroa. Sustatu.com.
- ↑ (Ingelesez) Online Etymology Dictionary: Halloween. Etymonline.com.
- ↑ Colin Buchanan. The A to Z of Anglicanism. Scarecrow Press, 8 or..
- ↑ Steve Luck. (1998). The American Desk Encyclopedia. Oxford University Press, 365 or..
- ↑ SND: Hallow. Dsl.ac.uk.
- ↑ a b (Ingelesez) Simpson, J.A. & E.S.C. Weiner. The Oxford English Dictionary : Second Edition - (20 Volumes Set, Complete.). (II. argitaraldia) Oxford: Clarendon Press ISBN 978019861186..
- ↑ DOST: Hallow Evin. Dsl.ac.uk.
- ↑ «Samhain and the Celtic Origins of Halloween» Halloween: From Pagan Ritual to Party Night. New York: Oxford University Press, 11-21 or..
- ↑ (Ingelesez) Hutton, Ronald. (1996). Stations of the Sun: A History of the Ritual Year in Britain. Oxford University Press ISBN 0-19-288045-4..
- ↑ (Ingelesez) Danaher, Kevin. (1972). The Year in Ireland: Irish Calendar Customs. Dublin: Mercier, 190–232 or. ISBN 1-85635-093-2..
- ↑ Campbell, John Gregorson (1900, 1902, 2005) The Gaelic Otherworld. Ronald Black. Birlinn Ltd. ISBN 1-84158-207-7 pp.559-62
- ↑ Arnold, Bettina. (2001-10-31). Halloween Customs in the Celtic World. University of Wisconsin-Milwaukee.
- ↑ O'Driscoll, Robert (ed.) (1981) The Celtic Consciousness New York, Braziller ISBN 0-8076-1136-0 pp.197-ruyur216: Ross, Anne «Material Culture, Myth and Folk Memory» (on modern survivals); pp.217-242: Danaher, Kevin «Irish Folk Tradition and the Celtic Calendar» (on specific customs and rituals)
- ↑ El Comercio].
- ↑ (Ingelesez) Village Halloween Parade: «History of the Parade».
- ↑ (Ingelesez) Rogers, Nicholas (2002). Halloween: From Pagan Ritual to Party Night, 22 eta 27. orrialdeak. New York: Oxford University Press. ISBN 0-19-516896-8.
- ↑ (Ingelesez) New Proclamation Commentary on Feasts, Holy Days, and Other Celebrations (Bill Doggett, Gordon W. Lathrop), Fortress Press, 92. orrialdea.
- ↑ Hutton, 364. orr.
- ↑ (Ingelesez) Butler's Saint for the Day (Paul Burns), Liturgical Press, 516. orrialdea.
- ↑ Orotariko Euskal Hiztegia. Euskaltzaindia.
- ↑ Rufino Arbelaitz Sarasola. Oiartzuarren Baitan.
- ↑ Kanpantorrean kalabazak ipintea. Labayru.
- ↑ Nagore Irazustabarrena. (2001-10-28). «GABA BELTZA: HERIOREN FESTA MUTRIKUN» Argia (1827).
- ↑ Iruzkina Sustatun
- ↑ Nork esan du Halloween euskal ohitura zaharra ez denik?. ahotsak.com.
- ↑ «Trick or treat», Talaixako Mamua Mutrikuko Gaba Beltzean ala Gaztainerre Eibarko suetan, naiz.info, 2013-11-01.
Ikus gainera
aldatuKanpo estekak
aldatu- gaubeltza.eus
- Joseba Aurkenerena: Gau Beltza euskaldunen artean. [1]
- "Gau Beltza ala Halloween? Proposamena", Hik Hasi aldizkaria, 291 zk., 2024ko urria, 50-52. or.