Frantziako Iraultzan, girondarrak edo girondinoak talde federalista eta moderatua izan zen, jakobino zentralisten aurka agertu zirenak. Girondar gehienak Gironda departamenduko hautagaiak zirenez, izen hori eman zitzaien. Hasieran brissotendar zeritzen, Jacques-Pierre Brissoten jarraitzaile baitziren. Gehienak erdi mailako klaseko intelektual eta legegizon gazteak ziren, burgesiari lotuak, eta jarraitzaile ugari izan zuten salerosleen, merkatarien, industria gizonen eta finantzarien artean.

Girondarrak La Force espetxean.

Girondarrek gerra eta bortxakeria erabiltzea bidezkotzat jotzen zuten, Iraultza Frantzian zein Europan garaile atera zedin. Hala, 1792. urteko apirilean Austriarekin gerran hastea lortu zuten. Hilabete bat lehenago taldeko bi kidek Luis XVI.a erregearen gobernuko finantza ministro eta barne ministro karguak erdietsi zituzten. Girondarrek ez zuten monarkia aginpidetik eraisteko (1792ko abuztuaren 10) laguntzarik eman, eta haiek baino talde erradikalagoak (Parisko Komunak, Parisko langileria eta Robespierre buruzagi zuten jakobinoak) jarri ziren Iraultzaren buru; orduan hasi zen girondarren gainbehera, Frantziako armadak 1793an izan zuen hondamendiaren eta Parisko langileen hobekuntza eskakizunei girondarrek uko egitearen ondorioz herriaren babesa galtzeraino areagotu zena. Bien bitartean, 1792ko irailean, Konbentzio Nazionala zabaldu zen; girondarrak eta “menditarrak” (Parisko biztanleek hautetsiak gehienak) aurrez aurre jarri ziren; zenbait girondar Luis XVI.a hiltzearen (1793ko urtarrilaren 21a) kontrako azaldu ziren eta erregezale izatea leporatu zieten. Herria girondarren kontra matxinatu zen 1793ko udaberrian; ekinaren 2an 29 diputatu girondar atxilotu, eta horietako 21 gillotinan hil zituzten urriaren 31n. Girondar askok alde egin zuten Konbentzioaren aurkako matxinada antolatzeko, baina huts egin zuten, saioak ez zuelako herriaren babesik jaso. “Menditarrek” aginpidea galdu ondoren (1794) Konbentziora itzuli ziren girondar batzuk.

Erreferentziak

aldatu


  Artikulu hau Frantziako historiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.

Kateogria:Frantziako desagertutako alderdi politikoak

Kanpo estekak

aldatu
  NODES
Idea 1
idea 1