Giza gorputz
Giza gorputza gizakiaren egitura osoa da. Zelula mota ezberdin askok osatzen dute, eta elkarrekin, ehunak sortzen dituzte, eta, ondoren, organoak eta organo sistemak.
Giza gorputzaren kanpoan burua, lepoa, gorputz-enborra (toraxa eta abdomena barne), genitalak, besoak, eskuak, hankak eta oinak ditu. Giza gorputzaren barruan organoak, hortzak, hezurrak, muskuluak, tendoiak, lotailuak, odol-hodiak eta odola, hodi linfatikoak eta linfa barne hartzen ditu.
Giza gorputzaren azterketak anatomia, fisiologia, histologia eta enbriologia barne hartzen ditu. Gorputzaren aldakortasun anatomikoa forma ezagunetan egiten da. Fisiologia giza gorputzaren sistema eta organoetan eta horien funtzioetan zentratzen da. Sistema eta mekanismo askok elkarri eragiten diote homeostasia mantentzeko, odolean azukrea, burdina eta oxigenoa bezalako substantzien maila seguruekin.
Osasungintzako profesionalek, fisiologoek, anatomistek eta artistek aztertzen dute gorputza, lanean laguntzeko.
Osaera
aldatuGiza gorputza hidrogenoz, oxigenoz, karbonoz, kaltzioz eta fosforoz osatuta dago. Elementu horiek gorputzeko zelulen bilioietan eta osagai ez-zelularretan daude.
Gizon heldu baten gorputzak, gutxi gorabehera, gorputz osoaren %60 ura da, 42 litro inguru. Zelulaz kanpoko likidoa 19 litro inguru dira (3,2 litro odol-plasma eta 8,4 litro likido interstizial) eta zelulen barneko 23 litro likidok osatzen dute[1]. Zelulen barruko eta kanpoko uraren edukia, azidotasuna eta konposizioa kontu handiz mantentzen dira. Zeluletatik kanpoko gorputzeko uraren elektrolito nagusiak sodioa eta kloruroa dira; zelulen barruan, berriz, potasioa eta beste fosfato batzuk[2].
Osaera kimikoa
aldatuElementua | Ikurra | Masaren ehunekoa | Atomoen ehunekoa | |
Oxigenoa | O | 65.0 | 24.0 | |
Karbonoa | C | 18.5 | 12.0 | |
Hidrogenoa | H | 9.5 | 62.0 | |
Nitrogenoa | N | 3.2 | 1.1 | |
Kaltzioa | Ca | 1.5 | 0.22 | |
Fosforoa | P | 1.0 | 0.22 | |
Potasioa | K | 0.4 | 0.03 | |
Sufrea | S | 0.3 | 0.038 | |
Sodioa | Na | 0.2 | 0.037 | |
Kloroa | Cl | 0.2 | 0.024 | |
Magnesioa | Mg | 0.1 | 0.015 | |
Traza elementuak | < 0.1 | < 0.3 |
Zelulak
aldatuCell type | % cell count | |
Eritrozitoak (zelula gorriak) | 84,0 | |
Plaketak | 4,9 | |
Hezur-muineko zelulak | 2,5 | |
Zelula baskular endotelialak | 2,1 | |
Linfozitoak | 1,5 | |
Hepatozitoak | 0,8 | |
Neuronak eta glia | 0,6 | |
Bronkioetako endotelioko zelulak | 0,5 | |
Epidermiseko zelulak | 0,5 | |
Arnasketako zelula interstizialak | 0,5 | |
Adipozitoak | 0,2 | |
Fibroblasto dermikoak | 0,1 | |
Muskulu-zelulak | 0,001 | |
Beste zelula batzuk | 2,0 |
Gorputzak bilioika zelula ditu, bizitzaren funtsezko unitatea. Heldutasunean, 30 bilioi zelula eta 38 bilioi bakterio inguru daude gorputzean, eta kalkulu horretara iritsi dira gorputzeko organo guztien zelula kopurua eta zelula motak gehituta[3][4]. Gorputzeko larruazalean ere milaka milioi komentsal daude, baita zelula immunitarioak ere. Gorputzeko atal guztiak ez dituzte zelulek osatzen[5]. Zelulak zelulaz kanpoko matrize batean finkatzen dira, eta matrize hori kolagenoa bezalako proteinek osatzen dute, zelulaz kanpoko jariakinez inguratuta.
Kanpoko munduaren aurrean dauden gainazalak edo traktu gastrointestinala (epitelioak) edo barneko barrunbeak (endotelioa) estaltzen dituzten zelulek forma ugari dituzte: zelula lauen geruza sinpleetatik hasi eta biriketan mugitzen diren ile formako zilio txikiak dituzten zeluletaraino, urdaila estaltzen duten zutabe formako zelulak barne. Zelula endotelialak barruko barrunbeak estaltzen dituztenak dira, odol-hodiak eta guruinak barne. Estaldura-zelulek haien bidez gerta daitekeena eta ezin daitekeena erregulatzen dute, barne-egiturak babesten dituzte eta gainazal sentsorial gisa funtzionatzen dute[6].
Genoma
aldatuGorputzeko zelulek DNAri esker funtzionatzen dute. DNA zelularen nukleoan dago. Hemen, DNAren zatiak kopiatu eta zelularen gorputzera bidaltzen dira RNAren bidez[7]. Ondoren, RNA proteinak sortzeko erabiltzen da, eta proteinak zelulen oinarria, jarduera eta produktuak dira. Proteinek zelularen funtzioa eta geneen adierazpena diktatzen dute, zelula bat gai da bere burua erregulatzeko sortutako proteina kopuruaren bidez[8]. Hala ere, zelula guztiek ez dute DNA; zelula batzuek, globulu gorri helduek adibidez, nukleoa galtzen dute heldu ahala.
Ehunak
aldatuEhun mota ezberdin askok osatzen dute gorputza, funtzio espezializatu batekin jarduten duten zelula gisa definituak. Ehunen azterketari histologia deitzen zaio, eta mikroskopio batekin egin ohi da. Gorputza lau ehun mota nagusik osatzen dute: estaldura-zelulak (epitelioak), ehun konjuntiboa, nerbio-ehuna eta muskulu-ehuna dira.
Organoak
aldatuOrganoak, funtzio espezifikoa duten zelula multzo egituratuak dira. Gorputzaren barruan daude gehienak, azala izan ezik. Adibide batzuk bihotza, birikak eta gibela dira. Organo asko gorputzaren barrunbeetan bizi dira. Barrunbe horietan sartzen dira sabelaldea (urdaila duena, adibidez) eta pleura (birikak dituena).
Sistemak
aldatuZirkulazio-aparatua
aldatuZirkulazio-aparatua edo sistema kardiobaskularra odolak elikagaiak (aminoazidoak eta elektrolitoak, adibidez), oxigenoa, karbono dioxidoa, hormonak eta odol-zelulak gorputzeko zeluletarantz eta zeluletatik zirkulatzea ahalbidetzen duen organo-sistema da, nutrizioa emateko, gaixotasunei aurre egiten laguntzeko, tenperatura eta pH-a egonkortzeko eta homeostasia mantentzeko. Odola odol-plasmaz, globulu gorriz, globulu zuriz eta plaketaz osatutako likidoa da. Sistema baskular egituratuan barrena zirkulatzen du bihotzetik, gorputzeko ehun guztietako oxigenoa, mantenugaiak eta hondakinak eramanez.
Digestio-aparatua
aldatuDigestio-aparatua[9] janariaren digestioan, hots, gorputzera sartzen diren elikagaiak organismoaren zelulek bereganatzeko gai bihurtzen dituen prozesuan, parte hartzen duten egitura eta organoen multzoa da.
Gutxi gorabehera hamaika metroko luzera duen digestio-hodia aho-barrunbean hasi, eta uzkian amaitzen da[10]. Digestioa bera ahoan hasten da; hortzek janaria ehotzen dute, eta listu-guruinen jariatzeek hezetu eta bere deskonposizio kimikoa hasten dute helikadura-bolo bihurtuz. Gero, boloak faringea zeharkatzen du; hestegorritik jarraitzen du, eta urdailera iristen da, litro eta erdiko edukiera duen poltsa gihartsua zeinaren mukosak urin gastriko indartsua jariatzen duen. Urdailean, janaria aztoratu egiten da kimo bihurtu arte.
Urdailaren irteeran, heste meharra dago, sei metro luze neurtzen duena eta bere baitan oso tolestuta dagoena[10]. Bere lehen zatian edo duodenoan, heste-guruinetako jariaketak, behazun-maskuaren behazunak eta pankrearen zukuak jasotzen ditu[10]. Jariatze horiek guztiek elikagaiak deskonposatzen dituzten eta aminoazidoak izeneko substantzia disolbagarri sinpleetan eraldatzen dituzten entzima kopuru handia dute. Digestio-hodiak heste lodian zehar jarraitzen du, metro eta erdi pasatxoko luzera duena. Bere azken zatia ondestea da, uzkian amaitzen dena, non digeriezinak diren elikagaien hondarrak kanpora ateratzen diren.
Sistema endokrinoa
aldatuSistema endokrinoa guruin endokrino nagusiek osatzen dute: hipofisiak, tiroideak, giltzurrun gaineko guruinek, pankreak, paratiroideek eta gonadek, baina ia organo eta ehun guztiek hormona endokrino espezifikoak ere sortzen dituzte. Hormona endokrinoek gorputz-sistema batetik besterako seinale gisa balio dute, askotariko afekzioei dagokienez, eta funtzio-aldaketak eragiten dituzte.
Immunitate-sistema
aldatuImmunitate-sistema osatzen dute globulu zuriek, timoak, gongoil linfatikoek eta kanal linfatikoek, eta horiek ere sistema linfatikoaren parte dira. Immunitate-sistemak mekanismo bat eskaintzen du organismoak bere zelulak eta ehunak kanpoko zelula eta substantzietatik bereizteko eta azken horiek neutralizatzeko edo suntsitzeko, antigorputzak, zitokinak eta Toll motako hartzaileak erabiliz, besteak beste.
Tegumentu-sistema
aldatuTegumentu-sistema organismo bat kanpotik bereizteko organoen multzoa da, hala nola azala, ilea, azazkalak, mukosak eta abar). Gorputzeko organorik handiena da, eta hesi fisiko bat osatzen du kanpoko ingurumenaren eta barne-ingurunearen artean, babesteko eta baldintza ezin hobeetan mantentzeko balio duena.
Sistema linfatikoa
aldatuSistema linfatikoa zirkulazio-aparatuaren parte da, eta honen bezala antzekoa da elkarri loturiko hodiz osatua den aldetik; hartan ez bezala, ordea, sistema linfatikoko hodiak ehunetan itsu hasten dira, eta ez dute zirkuitu jarraitu bat osatzen. Sistema linfatikoaren osagaiak hauek dira: kapilar eta hodi linfatikoak (garraioa) eta organo linfoideetan –gongoil linfatikoak, nodulu linfatikoak, timoa, barea, mukosei loturiko ehun linfoidea– antolaturiko isurkari linfatikoak; organo linfoideetan bereizten edo kontzentratzen dira infekzioak deusezteko eta immunologia erantzuna emateko zeregina betetzen duten zelulak.
Lokomozio-aparatua
aldatuLokomozio-aparatua giza gorputza mugitzea ahalbidetzen duen aparatua da. Barneko organoak babesten ditu berak ere, eta azalak estaltzen du bera, kanpoaldetik zainduz. Estu lotuta dago nerbio-sistemarekin ere bai, eta haren bidez burutik etorritako aginduak jasotzen ditu. Sistema hau eskeletoko hezurrek, muskuluek eta artikulazioek, tendoi, kartilagoak eta bestelako ehun konjuntiboek osatzen dute[11]. Lokomozio-aparatuaren funtzio nagusia gorputza bera mantentzea da, mugimendua baimentzen du eta organoak babesten ditu[12]. Hezurdurak, gainera, kaltzio eta fosforo erreserbak ditu bere barnean, sistema hematopoietikoren elementu kritikoa[13].
Nerbio-sistema
aldatuNerbio-sistema giza gorputzaren zati oso konplexu bat da, ekintza eta informazio sentsoriala koordinatzen dituena seinaleak transmitituz gorputzeko zati desberdinetatik. Gizakien kasuan, bereziki garatutako burmuin bat dago, adimen nabarmena ematen diona. Nerbio sistemak gorputzari eragiten dioten inguruneko aldaketak antzematen ditu, gero tandemean egiten du lan sistema endokrinoarekin gertakizun horiei aurre egiteko[14]. Bi zati nagusiez dago osatuta, nerbio sistema zentrala (NSZ) eta nerbio sistema periferikoa (NSP). NSZa garuna eta bizkarrezur-muinaz dago osatuta. NSP gehienbat nerbioez dago osatuta, axoien edo zuntz luzeen sorta itxiak direnak, NSZ gorputzeko beste zati guztiekin lotzen dituztenak. Garunetik seinaleak transmititzen dituztenei nerbio motor edo eferente deritze; informazioa gorputzetik NSZra transmititzen dituztenak, aldiz, nerbio sentsorial edo aferenteak deritze. Bizkarrezurreko nerbioak bi funtzioak dituzte eta nerbio mistoak deritze. Nerbio sistema periferikoa hiru azpisistemetan dago banatuta: nerbio sistema somatikoa, autonomoa eta enterikoa. Nerbio somatikoek borondatezko mugimenduak bideratzen dituzte. Nerbio sistema autonomoa, nerbio sistema sinpatiko eta parasinpatikoan dago banatuta. Nerbio sistema sinpatikoa larrialdi egoeretan aktibatzen da energia mobilizatzeko, nerbio sistema parasinpatikoa, ordea, organismoak erlaxazio egoeran daudenean aktibatzen da. Nerbio sistema enterikoak sistema gastrointestinala kontrolatzen du. Bai nerbio sistema autonomikoak, bai enterikoak nahi gabeko funtzionamendua dute.
Ugal-aparatua
aldatuGizakien ugal-aparatuak sexu-harremanen bidez ernalketa baimentzen du. Prozesu horretan, arrak, zakila tente duelarik, emearen baginan sartzen du, eta espermatozoideak dituen esperma isurtzen du. Esperma hori barrabiletan sortzen da, eta prostataren bidez erregulatzen da uretrarako bidea. Ondoren, espermatozoideak baginan eta umetokian zehar, umetoki edo Falopioren tronpetara bidaiatzen du obulua ernaltzeko. Obuluak obulutegian gordetzen dira, eta menarkiaren ostean ziklo bakoitzean bat askatu ohi da, menopausia iritsi arte; ernaldu gabeko obulua badago, menstruazioa izaten da. Ernalketa eta ezartze arrakastatsua baldin badago, umekiaren haurdunaldia emakumearen umetokian gertatzen da, karenara lotuta. Gutxi gorabehera, bederatzi hilabete irauten duen prozesua da haurdunaldia, erditzearekin amaitzen dena dena ondo bidean. Erditzea umetokiaren muskuluak uzkurtuz, umetokia dilatatuz eta haurra baginatik egotziz amaitzen da. Haurra edoskitzeko, gurasoen zaintza mota garrantzitsu bat emakumezkoen bularreko ugatz-guruinak erabiltzea da
Arnas-aparatua
aldatuSudurrak, nasofaringeak, trakeak eta birikek osatzen dute arnas aparatua. Oxigenoa ekartzen du airetik, eta karbono dioxidoa eta ura kanporatzen ditu airera bueltan. Lehenik eta behin, diafragmak trakean zehar airea biriketarantz bultzatzen du, eta horrek hutsune bat sortzen du. Airea albeolo izeneko zaku txikietan gordetzen da laburki, diafragma berriro uzkurtzen denean biriketatik kanporatu aurretik. Albeolo bakoitza kapilarrez inguratuta dago. Kapilarrek odol desoxigenatua garraiatzen dute, aireko oxigenoa xurgatu eta odol-korrontera eramaten dute.
Gernu-aparatua
aldatuGernu-aparatua gorputzetik sustantzia toxikoak ateratzen arduratzen den hiru sistemetako bat da, digestio-aparatua eta arnas aparatuarekin batera. Kasu honetan, gernuaren (pixa edo txiza) bidez egiten du aipatutako funtzio hori. Bestela, aparatu kardiobaskularraren laguntzarekin lortzen ditu toxiko horiek bereganatzea odolaren bidez, giltzurrunean sartuz. Giltzurrunak odolean dauden hainbat elementu iraizten ditu, urarekin batera, eta puxikan gordetzen ditu. Gernu asko metatzen denean, pixa egiten da uretraren bidez. Arretan zakila erabiltzen da, ugal aparatuak erabiltzen duen hodi berberarekin. Emeen kasuan, txiza bulbatik ateratzen bada ere, baginatik gertu dagoen zulo batetik egiten du.
Anatomia
aldatuGiza anatomia giza gorputzaren forma aztertzea da. Giza gorputzak lau gorputz-adar ditu (bi beso eta bi hanka), buru bat eta lepo bat, gorputz-enborrari lotzen zaizkionak. Gorputzaren forma hezur eta kartilagozko eskeleto indartsu batek zehazten du, gantzez (ehun adiposoa), muskuluz, ehun konjuntiboz, organoz eta beste egitura batzuez inguratuta. Bizkarrezurra, eskeletoaren atzealdean kokatua, malgua da eta bizkar-muina inguratzen du, garuna gorputzaren gainerakoarekin konektatzen duten nerbio-zuntzen multzoa. Nerbioek bizkarrezur-muina eta garuna gorputzaren gainerakoarekin lotzen dituzte. Gorputzeko hezur, muskulu eta nerbio nagusi guztiak izendatzen dira, aldaketa anatomikoak izan ezik, hala nola hezur sesamoideoak eta muskulu osagarriak.
Odol-hodiek odola garraiatzen dute gorputz osoan, eta bihotzaren taupadei esker mugitzen da. Benulek eta zainek oxigeno gutxiko odola jasotzen dute gorputz osoko ehunetatik. Odola gero eta handiagoak diren zainetan metatzen da, gorputzeko bi zain handienetara iritsi arte, goiko eta beheko kaba zainetara, eta horiek odola drainatzen dute bihotzaren eskuineko aldera. Hortik, odola biriketara ponpatzen da, eta han oxigenoa jasotzen du, eta bihotzaren ezkerraldera drainatzen du berriro. Hortik, gorputzeko arteriarik handienera ponpatzen da, aortara, eta, gero, gero eta txikiagoak diren arteria eta arterioletara, ehunetara iritsi arte. Hemen, odola arteria txikietatik kapilarretara pasatzen da, gero zain txikietara, eta prozesua berriro hasten da. Odolak oxigenoa, hondakin-produktuak eta hormonak garraiatzen ditu gorputzeko leku batetik bestera. Odola giltzurrunetan eta gibelean iragazten da.
Gorputzak hainbat barrunbe ditu, sistema organiko ezberdinak dituzten gune bananduak. Garuna eta nerbio-sistema zentrala gorputzaren gainerako zatietatik hesi hematoentzefalikoak babestutako eremu batean bizi dira. Birikak pleura-barrunbean daude. Hesteak, gibela eta barea sabelaldeko barrunbean daude.
Altuera, pisua, forma eta gorputzaren beste proportzio batzuk aldatu egiten dira, bai banaka, bai adinarekin eta sexuarekin. Hezurren, muskuluen eta ehun adiposoaren banaketak eragiten dio gorputzaren formari[15].
Fisiologia
aldatuGiza fisiologia giza gorputzaren funtzionamendua aztertzea da. Osasun egoera onean dauden gizakien funtzio mekanikoak, fisikoak, bioelektrikoak eta biokimikoak barne hartzen ditu, organoetatik hasi eta horiek osatzen dituzten zeluletaraino. Giza gorputza elkarri eragiten dioten organo sistema askok osatzen dute. Horiek elkarreragiten dute homeostasia mantentzeko, gorputza egoera egonkorrean mantenduz, odolean azukrea eta oxigenoa bezalako substantzien maila seguruekin.
Sistema bakoitzak homeostasia eragiten du, bere buruarena, beste sistema batzuena eta gorputz osoarena. Sistema konbinatu batzuek izen bateratuak hartzen dituzte. Adibidez, nerbio-sistemak eta sistema endokrinoak elkarrekin funtzionatzen dute sistema neuroendokrino gisa. Nerbio-sistemak gorputzetik jasotzen du informazioa, eta garunera transmititzen du nerbio-bulkaden eta neurotransmisoreen bidez. Aldi berean, sistema endokrinoak hormonak askatzen ditu, odolaren presioa eta bolumena erregulatzen laguntzeko, adibidez. Sistema horiek, elkarrekin, gorputzaren barne-ingurunea erregulatzen dute, odol-fluxua, jarrera, energia-hornidura, tenperatura eta oreka azidoa (pH) mantenduz[16].
Garapena
aldatuGiza gorputzaren garapena heldutasunerako hazkunde-prozesua da. Prozesua ernalketarekin hasten da, non eme baten obariotik askatutako obulu bat ar baten esperma-zelula batek sartzen baitu. Ondoriozko zigotoa mitosiaren eta zelula-bereizketaren bidez garatzen da, eta ondoriozko enbrioia umetokian ezartzen da, non enbrioiak garatzen jarraitzen baitu fetu-etapa batean, jaio arte. Hazkunde eta garapen handiagoak jarraitu egiten du jaiotzaren ondoren, eta garapen fisikoa eta psikologikoa sartzen dira, faktore genetikoek, hormonalek, ingurumenekoek eta bestelakoek eraginda. Horrek bizitza osoan irauten du: haurtzaroan eta nerabezaroan helduarora arte.[17]
Gizartea eta kultura
aldatuIkerketa profesionala
aldatuOsasungintzako profesionalek giza gorputzari buruz ikasten dute, ilustrazioak, ereduak eta erakustaldiak oinarri hartuta. Gainera, medikuntza eta odontologia ikasleek esperientzia praktikoa bereganatzen dute, gorpuen disekzio bidez, adibidez. Giza anatomia, fisiologia eta biokimika oinarrizko medikuntza zientziak dira eta medikuntzako ikasleei fakultatean irakasten zaizkie lehen urtean.
Irudikatzea
aldatuMendebaldeko gizarteetan, giza gorputzaren irudikapenen testuinguruetan sartzen dira informazioa, artea eta pornografia. Informazioa zientzia eta hezkuntza barne hartzen ditu, baita marrazki anatomikoak ere. Kategoria horietako batean erraz sartzen ez den edozein irudi anbiguo gaizki interpreta daiteke, eta liskarrak sortu[18]. Eztabaidarik polemikoenak arte ederren eta irudi erotikoen artekoak dira, zeinek zehazten baitute zein irudi dauden baimenduta edo debekatuta.
Anatomiaren historia
aldatuAntzinako Grezian, Corpus Hipokratikoak eskeletoaren eta muskuluen anatomia deskribatzen zuen. Galeno Pergamokoa II. mendeko medikuak anatomiari buruzko ezagutza klasikoak bildu zituen Erdi Aro osoan erabili zen testu batean[19]. Errenazimentuan, Andreas Vesalius (1514-1564) disekzio bidezko giza anatomiaren ikerketa modernoan aitzindaria izan zen, De humani corporis fabrica liburu itzaltsua idatziz[20]. Mikroskopioa asmatuta eta ehunen eta organoen egitura zelularra aztertuta, anatomiak are gehiago egin zuen aurrera. Anatomia modernoak erresonantzia magnetikoa, ordenagailu bidezko tomografia, fluoroskopia eta ekografia bezalako teknikak erabiltzen ditu gorputza aurrekaririk gabeko xehetasunarekin aztertzeko[21].
Fisiologiaren historia
aldatuGiza fisiologiaren azterketa Hipokratesekin hasi zen Antzinako Grezian, K.a. 420 inguruan, eta Aristotelesekin (K.a. 384-322), zeinak pentsamendu kritikoa aplikatu eta egituraren eta funtzioaren arteko harremana nabarmendu baitzuen. Galeno izan zen esperimentuak erabiltzen lehena gorputzaren funtzioak aztertzeko. Fisiologia hitza Jean Fernel (1497-1558) mediku frantsesak sartu zuen. XVII. mendean, William Harveyk (1578-1657) zirkulazio-sistema deskribatu zuen, eta aitzindaria izan zen behaketa zehatza eta esperimentazio arduratsua uztartzen[22]. Matthias Schleiden eta Theodor Schwannen zelulen teoriarekin hasi ziren ezagutza fisiologikoak abiadura handian metatzen, 1838an; horren arabera, organismoak zelulez osatuta daude. Claude Bernardek (1813-1878) milieu interieur (barne-ingurunea) kontzeptua sortu zuen, eta Walter Cannonek (1871-1945) geroago esan zuen homeostasian egoera geldikorrean araututa zegoela. Knut Schmidt-Nielsen eta George Bartholomew fisiologoek fisiologia alderatura eta ekofisiologiara zabaldu zituzten beren ikerketak[23]. Oraintsuago, fisiologia ebolutiboa azpi-diziplina bereizi bihurtu da[24].
Erreferentziak
aldatu- ↑ «Fluid Physiology: 2.1 Fluid Compartments» web.archive.org 2005-05-03 (Noiz kontsultatua: 2024-11-10).
- ↑ Barrett, Kim E., ed. (2015). Ganong's review of medical physiology. (25. ed. argitaraldia) McGraw-Hill ISBN 978-0-07-182510-8. (Noiz kontsultatua: 2024-11-10).
- ↑ a b (Ingelesez) Sender, Ron; Fuchs, Shai; Milo, Ron. (2016(e)ko abu. 19(a)). «Revised Estimates for the Number of Human and Bacteria Cells in the Body» PLOS Biology 14 (8): e1002533. doi: . ISSN 1545-7885. PMID 27541692. PMC PMC4991899. (Noiz kontsultatua: 2024-11-10).
- ↑ (Ingelesez) Hatton, Ian A.; Galbraith, Eric D.; Merleau, Nono S. C.; Miettinen, Teemu P.; Smith, Benjamin McDonald; Shander, Jeffery A.. (2023-09-26). «The human cell count and size distribution» Proceedings of the National Academy of Sciences 120 (39) doi: . ISSN 0027-8424. PMID 37722043. PMC PMC10523466. (Noiz kontsultatua: 2024-11-10).
- ↑ (Ingelesez) Sfriso, R.; Egert, M.; Gempeler, M.; Voegeli, R.; Campiche, R.. (2020-04). «Revealing the secret life of skin ‐ with the microbiome you never walk alone» International Journal of Cosmetic Science 42 (2): 116–126. doi: . ISSN 0142-5463. PMID 31743445. PMC PMC7155096. (Noiz kontsultatua: 2024-11-10).
- ↑ Standring, Susan, ed. (2008). Gray's anatomy: the anatomical basis of clinical practice. (40. ed., anniversary ed., 1. print. argitaraldia) Churchill Livingstone Elsevier ISBN 978-0-8089-2371-8. (Noiz kontsultatua: 2024-11-10).
- ↑ Barrett, Kim E., ed. (2015). Ganong's review of medical physiology. (25. ed. argitaraldia) McGraw-Hill ISBN 978-0-07-182510-8. (Noiz kontsultatua: 2024-11-10).
- ↑ «Gene Expression | Learn Science at Scitable» web.archive.org 2010-10-31 (Noiz kontsultatua: 2024-11-10).
- ↑ Digestio-aparatu Euskalterm. Euskara.euskadi.net
- ↑ a b c María Cascales Angosto y Antonio L. Doadrio Villarejo. «Fisiología del aparato digestivo[Betiko hautsitako esteka]». p. 1. Consultado el 8 de junio de 2023.
- ↑ (Ingelesez) «MeSH Browser» www.nlm.nih.gov (Noiz kontsultatua: 2018-05-30).
- ↑ (Ingelesez) «Muscles - Bone, Joint, and Muscle Disorders - Merck Manuals Consumer Version» Merck Manuals Consumer Version (Noiz kontsultatua: 2018-05-30).
- ↑ (Ingelesez) «Merck Veterinary Manual» Merck Veterinary Manual (Noiz kontsultatua: 2018-05-30).
- ↑ Principles of Anatomy and Physiology Wileyplus Registration Card + Print Companion.. John Wiley & Sons Inc 2016 ISBN 978-1-119-34373-8. PMC 1000581460. (Noiz kontsultatua: 2021-09-08).
- ↑ (Ingelesez) «Anatomy of the Human Body Archives» Collection at Bartleby.com (Noiz kontsultatua: 2024-11-10).
- ↑ «Physiological Society |» web.archive.org 2017-08-19 (Noiz kontsultatua: 2024-11-10).
- ↑ (Ingelesez) ((The Editors of Encyclopaedia Britannica)). «Human body/Basic form and development» Encyclopedia Britannica.
- ↑ (Ingelesez) Eck, Beth A.. (2001-12-01). «Nudity and Framing: Classifying Art, Pornography, Information, and Ambiguity» Sociological Forum 16 (4): 603–632. doi: . ISSN 1573-7861. (Noiz kontsultatua: 2024-11-10).
- ↑ (Ingelesez) «Galen | Biography, Achievements, & Facts | Britannica» www.britannica.com 2024-10-10 (Noiz kontsultatua: 2024-11-10).
- ↑ «Lister Hill National Center for Biomedical Communications» lhncbc.nlm.nih.gov (Noiz kontsultatua: 2024-11-10).
- ↑ «Anatomical Imaging» web.archive.org 2016-03-03 (Noiz kontsultatua: 2024-11-10).
- ↑ (Ingelesez) Tyler, H. Richard. (2004-09-01). «Soul made flesh The discovery of the brain — and how it changed the world» The Journal of Clinical Investigation 114 (5): 604–604. doi: . ISSN 0021-9738. PMC PMC514597. (Noiz kontsultatua: 2024-11-10).
- ↑ Feder, Martin E., ed. (1987). New directions in ecological physiology. Cambridge University Press ISBN 978-0-521-34138-7. (Noiz kontsultatua: 2024-11-10).
- ↑ (Ingelesez) Garland, T; Carter, P A. (1994-10). «Evolutionary Physiology» Annual Review of Physiology 56 (1): 579–621. doi: . ISSN 0066-4278. (Noiz kontsultatua: 2024-11-10).