Goldea da nekazaritzan lurra iraultzeko eta soroak lantzeko erabiltzen den tresna bat.

Golde motorduna (1901).

Germaniar eta eslaviar hizkuntzetan goldeak hartzen dituen izenak aztertuta, ondorioztatu daiteke goldea aski ezaguna zela Erdialdeko Europan V. mendeaz geroztik.[1]

Europan guztiz hedatu zen Erdi Aroko nekazaritza iraultzan, X-XIII. mendeetan zehar, simaurraren erabilerarekin batera nekazaritzaren ekoizkortasuna izugarri handitu baitzuen.[2] Goldea ez da nahasi behar erromatar goldearekin,[3] goldeak lurra alde batera baztertzen duen lama bat duelako, hau da, lan asimetrikoa egiten du; beraz, lurra irauli egiten du, ez soilik harrotu.

Goldaketak lurra harrotu egiten du eta haziak ereiteko prestatzen du. Gainera, soroetan aurretik landutako laboreetako hondakinak, sastrakak edo simaurra lurperatzeko aukera ematen du, eta materia organikoaren mineralizazioa bizkortzen du, lurzoruaren tenperatura igoarazten baitu.

Golde modernoek, gero eta indartsuagoak diren traktoreek mugituak, paraleloan lan egiten duten gorputz asko izan ditzakete.

Definizioa

aldatu

Goldea lurra lantzeko tresna asimetriko bat da, uztarri bat duena, lur lantze sakon bat egiteko erabilia.[4] Tresna honen osagai nagusiak dira nabarra[5] eta belarria, eta, batzuetan, horiez gain hortza eta txarrantxa ezartzen zaio. Goldearen lana da lur zati bat ebaki eta ardatzaren alde batera itzultzea, belarriaren bitartez.[6]

Elementu horiek guztiak agertzen direnean (uztarria, nabarra, belarria, hortza) eta, zati batez bederen, burdinazkoak direnean ―gutxitan zen hala XVIII. mendea baino lehenago― golde astunaz hitz egiten da.[6] Burdinazkoa ez den zurajeari «golde etxe» deritzo.[7]

Goldearekin lurrean egiten den marra edo ildo sakonari «goldatz» esaten zaio.[8]

Etimologia

aldatu

Hizkuntzalarien artean latinezko culter (labana) hitzaren maileguaren hipotesia urte luzetan eztabaidatu zen arren, badirudi «golde» hitza gor- (gorri) erro batekin lotua dela, «lugorri» hitzaren zentzuan.[9]

Historia

aldatu

Goldea historialarien begitan

aldatu
 
Burdinazko goldea (1637), Tien Kung Jai Wuren marrazkia.

Txinan, K.a. II. mendetik aurrera, burdinurtuz egindako golde belarridunen irudikapenak daude, lur astunak lantzeko egokiak.[10]

Plinio Zaharrak golde gisa kalifikatu daitezkeen lan tresnak deskribatu zituen.[11] Britanian, Rhetian eta Galia iparraldean erabili izan ziren, V. mendeaz geroztik, gutxienez.[12]

1955ean, egitura asimetrikoko tresna gisa definitua izan zen goldea. Harrezkero, ezaugarri horrek bereizten du erromatar goldetik, hura lurra lantzeko egitura simetrikoko tresna baitzen.[13] Puntu horrek esan nahi du, historikoki, goldea ez zela izan erromatar goldearen bilakaera bat, baizik eta lur mota jakin batean lantzeko erabiltzen den tresna jakin baterako bereizketa bat.[6]

André Marbach ikerlariaren arabera, II. mendeaz geroztik hedatua zen Galian eta Europan lurzorua iraultzea nabar simetrikodun goldeaz.[14]

Beste antropologo batzuek egiaztatu izan dutenez, pieza arkeologikoak eta irudikapen ikonografikoak oso bakanak direnez, ezin da XVIII. mendea baino lehenago golde tresnen tipologia bat egin. Aurkitutako golde nabar guztiak simetrikokoak direnez, nahiz batzuetan burdinazko xafla meheekin sendotutako zurezko belarriak izan, ez da nahikoa karakterizazio guztizko bat egin ahal izateko. Ziurrenik, erromatar goldeak modu jakin batean hasi ziren erabiltzen lan disimetrikoa egiteko, esate baterako ildoak zeharka eginez[6] edo lama sakonago bat erantsiz.[15]

Olivier de Serres (1539-1619) agronomoaren obran zaila da bereiztea goldea eta erromatar goldea. Egiaztatu zuen eskualde bakoitzak bere golde tresnak zituela, eta beharraren arabera aldagarriak izan zitezkeela, hau da, aniztasun handia zegoela.[6]

Erromatar goldearen deskribapen tekniko konparatiboa

aldatu
 
1250 inguruko goldea, Heidelbergeko Sachsenspiegel liburuko marrazkia.

Erromatar goldea erabili ohi zen lur mediterraneo edo erdi-lehorreko eremuetan, 10 cm-ko sakoneran lantzeko lurra.[16] Aldiz, goldea agertu zen klima ozeanikoko lurzoruak ustiatzeko, hezetasunak eta sastrakak arazo gaindiezinak sor zitzaketenez, eta simaurra lurperatzeko. Goldeak 15 eta 30 cm bitarteko sakonera har dezake.

Golde baten funtsezko elementuak, gutxi gorabehera, erromatar nabarrarenak bezalakoak dira: habea, nabarra eta eskulekua edo giderra. Alabaina, beste pieza batzuk gehitu zirenean aldaketa handiak eragin zituen: lehenik, aurrealdea, neurri desberdineko gurpilekin, goldaketak lanean zehar bere egonkortasunari eusteko (gurpil bat landu gabeko lurraren gainetik pasatzen da, bestea aurrez trazatutako ildoaren hondotik); eta aurrealderik ez ez badu, goldeak norabidea erregulatzeko gailu bat izan dezake, nabarrak zabalera lan egin dezan.[17] Hortza ―beste elementu berri bat erromatar nabarrak ez zuena― burdinazko ganibet bat da, lur mokorra ebakitzeko erabiltzen dena, nabarrak altxa dezan eta belarriak albo batera iraul dezan. Goldea askoz astunagoa da erromatar nabarra baino, eta bi eskuleku edo gider behar ditu nekazariak hobeto gidatu dezan. Habean edo golde etxean finkatzen dira lan pieza guztiak. Nabarra eta belarria bata bestearen atzetik daude. Batzuetan, pieza bakar bat osatzen dute, habearen albo batera loturik dagoena; izan ere, goldaketa disimetrian oinarritzen baita.

Golde bakunak, itzulgarriak, aniztunak

aldatu
 
Golde batekin lurra lantzen, bi idirekin uztartuta, gizakiak eskuleku luze batekin zuzentzen ditu. Egurrezko golde horrek burdinazko nabar-hortz bat du (altzairu kolorekoa). Les Très Riches Heures du Duc de Berry, (1440).
 
Lurra goldeaz lantzen sailka. A: ildo-bizkarrez. B: artekan. 1: lur gordailua; 2: lerroak; 3: ildo-bizkarrak; 4: ildoak.

Jatorrizko forman, golde soila guztiz egokituta dago lurra ildo-bizkarretan lantzeko, egin ohi den bezala lursailetan banatuta. Izan ere, goldea itzulgarria ez denez, nekazariak norabidea txandakatu behar du ildo bakoitzean; gordailuko ibilbidea, beraz, ildo bakoitzera luzatzen da ildo-bizkarrez lan egiten denean. Laborantza mota hori bikaina da lurzoru hezeetan, ildaska bat uzten baitu ildo bakoitzari ekiterakoan, drainatzea erraztearren. Aitzitik, ez da beharrezkoa lurzoru osasuntsuko eskualdeetan eta Mediterraneoan, non nahiago baita «laborantza laua»:[18] horretarako, nabarraren eta belarriaren orientazioa alda daiteke, lurra beti norabide berera bota dezaten, hau da, ildo-bizkarra beti alde berean gelditu dadin. Ardatzean bi belarri simetriko dituen erromatar nabar baten inklinazioa aldatzea erraza bada, gauza zaildu egiten da golde batekin, baina berehala sortu ziren nekazariaren lana sinplifikatzeko tresna birakarietatik: belarria mugikorra izan daiteke, eta, goldea ildoaren muturrera iristen den bakoitzean, orientazioa alda daiteke, alde batera zein bestera, txandaka.

Hala ere, eskuz egin beharreko etengabeko aldaketak astun gertatzen zirenez. animaliek tiratutako golde behar bezain sendoak lortu zirenean, beste nabar-belarri-hortz multzo bat gehitu zitzaion, beste aldera orientatuta; horrela, nahikoa da goldea alde batera bultzatzea, ildoa alde horretara ateratzeko.[16] Goldea nabarmen zamatu zen, jakina, baina horrek hobetu egin zuen lurrari hobeto heltzea. Goldea gorputz bakarreko izaten jarraitzen da, beraz, une jakin batean gorputz bakar batek egiten baitu lan.

Zenbait aldaera daude: balantza, itzulera laurdena, kontrako gorputzeko brabantea, biratze motaren arabera.[19] Gerora, golde itzulgarriak egin ziren, gorputz anitzekoak, habe nagusi batean luzeko eta alboko tarte batean jarriak.[20]

Laborantza laua munduko eskualde guztietan nagusitu da industria labore handiekin, potentzia handiko materiala erabiltzeko egokitzat jotzen diren azalera uniforme handiak sortzen baititu.

Mekanizazioa

aldatu

Mekanizazioa da, lehenik, askotariko doikuntzak sartzea goldean. Hasieran, traktoreek tiratzen zituzten goldeak animaliek egingo zuten bezala. Gerora, baina, uztartze sistema berriak asmatu ziren, jasogailu mekanikoki lagunduekin, golde astunetarako. Orduan, goldatzeko gurpildun trena kendu egin zen. 1919an Harry Ferguson irlandar ingeniariak hiru puntuko igogailu hidraulikoa asmatu zuelarik, goitik behera aldatu zen laborantza. Goldea erraz manipulatzeko aukera ematen du, eta traktorearen aurreko aldetik (lasta ezar daiteke) karga transferitzeko aukera ematen du, atzeko ardatzera, nabarmen handituta atzeko gurpil eragileen itsaspena, orduan oso gutxi baitziren lau gurpil eragileko traktoreak.[21] Horrela, beldar traktoreen antzera egin zezaketen lana gurpil traktoreek. Horrez gain, kontrol mekaniko automatizatu bat gehitu zen, lan sakonera edo esfortzua kontrolatzeko. Multzoari Ferguson system izena eman zitzaion, 1948an nazioarteko arau bihurtu zena.[22]

Golde garaikideak

aldatu
 
Goldearen eskema
1: habea
2: kakoa
3: erregulatzaile bertikala
4: hortza
5: zizela
6: nabarra
7: belarria

Golde soil baten deskribapena

aldatu

Gaur egungo golde belarriduna (batzuetan nabar-goldea deritzona) altzairuz egina dago, eta bastidore bat du, lotura piezak eta uztardura sistema dituena, baita lan pieza bakoitza biltzen duen laborantza gorputz bat edo gehiago ere.[4]

Bastidorea

aldatu

Bastidorea osatzen duten piezak dira: habea, luzetarako pieza horizontala, gainerako piezei eusten diena; besteak beste euskarriak, habearekiko perpendikularki finkatuak eta lanerako piezak finkatzen zaizkienak; aurre-gurdia ere sartzen da hor, gurditxo bat zena hasieran, eta, askotan, uztardura sistemara mugatzen dena gaur egun (golde garraiatuen kasuan), eta, batzuetan, laguntza gurpilak ere bai, garraiatzeko eta lan egiteko sakonera doitzeko erabiltzen direnak; eta segurtasun sistema. Golde nabarraniztunen kasuan, zenbait habe egon daitezke uhalen bidez konektatuta.

Laborantza gorputzak

aldatu

Nekazariaren gorputza osatzen dute, batez ere, nabarrak, belarriaren luzapen gisa, eta hortzak. Batzuetan zizel batez osa daiteke, laborantza gorputz txiki moduko bat, funtsezkoa ikuspegi agronomikotik begiratuta.

Hortza

aldatu

Hortzaren zeregina da lur mokorrak bertikalki moztea; egungo goldeetan hautazko elementua da. Nabarraren gainean eta pixka bat aurretik jarrita, euskarri baten bidez finkatzen zaio habeari. Oro har, orri zuzen bat da, baina disko zorroztuaren itxurako hortz zirkularrak ere badaude, belardi lanetarako egokiagoak. Kasu batzuetan, hortzaren ordez hegats bat jartzen da nabarrari soldatuta.

Nabarra

aldatu

Nabarrak lurra horizontalki mozten du ildoaren funtsean. Ebakidura hori pieza trapezoidal horren alderik luzeenean dagoen ertz ebakitzaileak egiten du. Nabarra altzairu tratatuz egina egoten da, hau da, manganesoz edo boroz gozatutako altzairuz, eta gainazal tratamendu osagarri bat izan dezake: altzairu karbonoz gogortua, wolfram karburoaz indartua. Aurreko aldean, alda daitekeen punta bat edo zizeilu bat eraman dezake, erabileraren arabera alda daitekeena.

Lorezaintzan, motokultore edo mikrotraktoreekin, 6, 7, 8, 10 edo 12 hazbeteko nabarrak erabili ohi dira. 10 hazbeteko nabar bakarreko golde batek 20 cm-ko sakoneran lan egiteko, 12 zaldiko trakzio potentzia behar du.[23]

Labore handietan, 12, 14, 16 edo 18 hazbeteko nabarrak erabiltzen dira. 14 hazbeteko bost nabar dituen golde batek 25 cm-ko sakoneran lan egiteko gutxienez 130 zaldi behar ditu.[23]

Zizela

aldatu

Zizelak lurrazaleko tira bat moztu eta aurreko ildoaren hondoan jartzen du, goldearen gorputz nagusia igaro aurretik. Hala, alboko lur banda hori belarriak iraulitako banda nagusiaren azpian gelditzen da. Horri esker, hondakin organikoak lurperatuta gelditzen, hala nola simaurra edo aurreko labore hondakinak, baita belar txarrak ere, eta laborearen itxura erregularrago bihurtzen da. Azpiratze hori zizel motaren eta kokapenaren arabera izango da sakonago edo azalago.[24] Horrela, azalera erregularragoa eta garbiagoa da.

Nabarra eta belarriak elkarrekin bermatzen dira falka edo ziri horizontal baten gainean, eta bera euskarriaren gainean finkatuta.

Kontrafalka eta orpoa

aldatu
 
Kverneland goldea, lehen planoan lur gurpila duela. Goian: kontrafalka itzulgarria.

Falkak higadura pieza edo kontrafalka bat eraman dezake. Laborantza gorputzen azkenengo edo azken bi falken muturrean orpoa dago, higadura pieza bat, batzuetan doigarria. Golde osoarekiko orpoaren posizioak bermatzen du makinaren horizontaltasuna. Hala ere, nahi izanez gero, lurzoruaren izaeraren arabera alda daiteke, makina lurrean errazago sar dadin, edo, bestela, mugatu egin daiteke, lan potentzia murrizteko.

Lur gurpila

aldatu
 
Golde bakuna, erraz erregula zitekeena (palanka handiak) aurrealde asimetrikoaz, hortz zirkularraz eta esertokiz hornitua. Lur gurpil sendoak eta gidariaren pisuak albo indarra konpentsatzeko aukera ematen zuten. Goldea eta eserlekua horizontalak ziren lanean. Agian, lehen John Deerek fabrikatutakoa, osorik altzairuz eta burdinurtuz (Estatu Batuak).

Lur gurpilek osatzen dute goldearen sakonera kontrolatzeko sistema. Askotan, ezinbestekotzat jotzen dira hiru gorputz baino gehiagoko goldeetan, baina batzuetan alboratu egin daitezke. Horrela, goldea garraiatu daiteke, erdi-eramangarri bihurtuta.

Betidanik, goldeen aurrealdearen garaiera doigarria zen, lan sakonera zehaztu ahal izateko, orpo huts batek baino askoz modu eraginkorragoan.

Golde diskodunek ez dute falkarik, baina lur gurpil bat behar dute nahitaez, goldearen alboko bultzada konpentsatzeko. Oro har, disko lau bat izan ohi da, zeiharka ezarria.

Funtzionamendua

aldatu
 
Golde itzulgarria, itzulera-laurdenekoa. Ildoaren amaieran, 90° biratzen da goldea, beste gorputzarekin itzultzeko. Golde garaikideetan, 180º-ko itzulera nagusitu da. Golde honetan belarriek itsats bana dute.

Golde gorputz baten lan zabalera da kontrafalkaren bi arrastoen artean perpendikularki neurtutako distantzia, edo hurbileko bi gorputzetako kontrafaklken arrastoaren arteko distantzia; eskuarki, hazbetetan neurtzen da (hazbete 1 = 2,54 cm).[25] Laborantza handietarako, 12, 14 eta 16 hazbetetan lan egiteko egindako golde gorputzak daude. Laborantza klasikoan, traktoreak alde bereko gurpilak laborantzaren ildoan eraman ohi ditu. Alabaina, goldeak oso zabalak direnean, edo beldar traktoreekin nahiz pneumatiko oso zabalekin, komenigarria izan daiteke traktorea ildotik kanpo jartzea, osorik edo partzialki.

Itzulgarritasuna

aldatu

Golde modernoak itzulgarriak izan ohi dira gehienetan: noranzko batean ildo bat hondeatu denean eta lursaila kontrako noranzkoan landu behar denean, golde lau batean nahitaezkoa da lurra aurreko ildoaren norabide berera iraultzea, hau da, aurrez egindako ildoaren kontrako aldera. Goldea, gorputz bakoitzak bere baliokide simetrikoa duelarik, traktorearen sistema hidraulikoaren bidez altxa eta beste aldera itzultzen da. Nolanahi ere, zenbait sistema dago:[26]

  •  
    Motokultorea, txandakako goldeaz.
    Txandakatze sinplea (gorputz bakarra): albo bakoitzean den bi gorputzetako bat jaisten da, txandaka.
  • Balantzazkoa, antzina erabiltzen zena txirrikaz lan egiten zuten goldeetan.
  • Luzetarako kommutazioa, aitzinamenduarekiko perpendikularra den ardatz horizontal baten inguruan biratuta; desagertzeko bidean dagoen sistema da.
  • Alboko kommutazioa 90º, txandakakoa.
  • Alboko kommutazioa 180°, itzulgarria, sistema hedatuena.

Egutegi errepublikanoa

aldatu

Goldearen izena eman zitzaion Frantziako egutegi errepublikano edo iraultzailearen lainote hileko hamargarren egunari,[27] oro har, egutegi gregorianoko urriaren 31ri.

Erreferentziak

aldatu
  1. (Frantsesez) Duby, Georges. (2014). L'économie rurale et la vie des campagnes dans l'Occident médiéval : France, Angleterre, Empire, IXe-XVe siècles : essai de synthèse et perspectives de recherches. Paris: Flammarion ISBN 978-2081329843. OCLC .881062953.
  2. (Frantsesez) Mazoyer, Marcel; Roudart, Laurence. (2002). Histoire des agricultures du monde : du néolithique à la crise contemporaine. Paris: Éditions du Seuil ISBN 978-2020530613. OCLC .300189713.
  3. «Erromatar goldea» Anakel editorial (web.archive.org) 2024-06-12 (Noiz kontsultatua: 2024-06-12).
  4. a b (Frantsesez) Guilleman, Émilie et al.. (2012-05-02). «Charrue à versoirs» AGER, INA P-G (archive.wikiwix.com) (Noiz kontsultatua: 2024-06-15).
  5. Euskaltzaindia. «Bilaketa > golde nabar» Euskaltzaindiaren Hiztegia (www.euskaltzaindia.eus) (Noiz kontsultatua: 2024-06-15).
  6. a b c d e Reigniez 2002, 77-88. orr. .
  7. Euskaltzaindia. «Bilaketa > golde etxe» Euskaltzaindiaren Hiztegia (www.euskaltzaindia.eus).
  8. Euskaltzaindia. «Bilaketa > goldatz» Euskaltzaindiaren Hiztegia (www.euskaltzaindia.eus) (Noiz kontsultatua: 2024-06-15).
  9. Euskaltzaindia. «Bilaketa > golde» Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoa (www.euskaltzaindia.eus) (Noiz kontsultatua: 2024-06-15).
  10. (Frantsesez) Cartier, Michel. (1978-04). «L'exploitation agricole chinoise de l'antiquité au XIV e siècle : évolution d'un modèle» Annales. Histoire, Sciences Sociales 33 (2): 365-388.  doi:10.3406/ahess.1978.293933. ISSN 0395-2649. (Noiz kontsultatua: 2024-06-15).
  11. (Frantsesez) Pline l'Ancien; Littré, Émile (1801-1881). (1877). Histoire naturelle de Pline : avec la traduction en français. Tome 1 / par M. É. Littré,.... Gallica - Bibliothèque national de France (Noiz kontsultatua: 2024-06-15).
  12. (Ingelesez) Weller, Judith A.. (1999). Roman traction systems. web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2024-06-15).
  13. Bourrigaud & Sigaud 2007, 21 orr. .
  14. (Frantsesez) Marbach, André. (2001-03-17). Recherches sur les instruments aratoires et le travail du sol en Gaule Belgique. Catalogue des pièces métalliques d'instruments aratoires de la Gaule. Université Paul Verlaine - Metz (Noiz kontsultatua: 2024-06-15).
  15. (Frantsesez) Soleil, Pascale; Aufaure, Cécile. (2001). Archéologie sur toute la ligne : les fouilles du TGV Méditerranée dans la moyenne vallée du Rhône. Valence: Somogy éditions d'art ISBN 978-2850565137. OCLC .50080144.
  16. a b (Frantsesez) Le travail du sol pour une agriculture durable. web.archive.org 2023-11-04 (Noiz kontsultatua: 2024-06-15).
  17. (Frantsesez) Boüard, Michel de. (1965). «Points de départ d'une enquête historique sur la charrue en Normandie» Annales de Normandie 15 (1): 53–76.  doi:10.3406/annor.1965.4581. (Noiz kontsultatua: 2024-06-16).
  18. (Frantsesez) Soltner, Dominique. (1989). Les bases de la production végétale. T. I: Le sol. Angers, 334-348. or. OCLC .31155649.
  19. Charrue à versoirs. ..
  20. (Frantsesez) Chapuis, Stéphane. (2013). «La Charrue à versoir ou à disque» Fédération Régionale des Coopératives Agricoles (web.archive.org).
  21. (Frantsesez) «Same fête les quatre roues motrices» Journal Paysan Breton (web.archive.org) 2024-03-01 (Noiz kontsultatua: 2024-06-19).
  22. (Ingelesez) «La Légende Ferguson TE-20 "Petit Gris" & FF-30 "Ventre Rouge" 60th Anniversary Limited Combination Kit» Model Roundup for Hard to Catch Kits (web.archive.org) 2021-01-26 (Noiz kontsultatua: 2024-06-19).
  23. a b (Frantsesez) «Charrues pour tracteur» Agrieuro (web.archive.org).
  24. Jean Roger-Estrade, AgroParisTech. (Dernière mise à jour le 2/05/12). Charrue à versoirs. ..
  25. (Frantsesez) Aboudrare, Abdellah. (2009). Agronomie durable - Principes et pratiques. Ouarzazate: Organisation des Nations Unis pour l'Alimentation et l'Agriculture - FAO (web.archive.org).
  26. (Frantsesez) Soltner, Dominique. (2021). Les bases de la production végétale : le sol, le climat, la plante. Tome II, Le climat : météorologie, pédologie, conservation des sols, bioclimatologie, agronomie du carbone. Bressuire: Sciences et techniques agricoles ISBN 978-2907710169. OCLC .1242720994.
  27. (Frantsesez) France. (1793). Convention nationale. Rapport fait à la Convention nationale, dans la séance du 3 du second mois de la seconde année de la République Française, au nom de la Commission chargée de la confection du Calendrier ; Par Ph. Fr. Na. Fabre-D'Eglantine,... Imprimé par ordre de la Convention nationale. De l'imprimerie Nationale (Noiz kontsultatua: 2024-06-21).

Bibliografia

aldatu

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu
  NODES
Idea 6
idea 6
Note 1