Greta Thunberg
Greta Tintin Eleonora Ernman Thunberg (ˈgreːta ˈtʉːnˌbærj ahoskatua; Stockholm, Suedia, 2003ko urtarrilaren 3a) ikasle eta aktibista politiko suediarra da, zeinaren borroka baita geldiaraztea berotze globala eta klima-aldaketa. 2018ko abuztuan oso ezagun egin zen, hasi zuelako klimaren aldeko lehen eskola-greba Suediako parlamentuko eraikinaren aurrean.[1] 2018ko azaroan TEDxStockholm hitzaldi-sortan egin zuen berba, abenduan Nazio Batuen Erakundean mintzatu zen, Klima Aldaketaren Gaineko Jardunaldietan, eta 2019ko urtarrilean gonbidatu zuten hitz egitera Davoseko Munduko Ekonomia Foroan.
Bizitza
aldatuGreta Thunberg 2003ko urtarrilaren 3an jaio zen.[2] Haren ama Malena Ernman da, opera-kantari suediarra; aita, berriz, Svante Thunberg aktorea,[3] zeina izendatu baitzuten Svante Arrhenius urrutiko senide eta zientzialariaren omenez (berau Nobel sariduna izan zen, eta 1896an kalkulatu zuen zelan karbono dioxido isuriek eragin zezaketen berotegi-efektua).[4] Gretaren aitona, bestalde, Olof Thunberg aktore eta zuzendaria da.[5]
2018ko abenduan, Thunbergek adierazi zuen “diagnostikatu ziotela Asperger sindromea, eritasun obsesibo-konpultsiboa (OCD), eta mututasun selektiboa”. Bere familiaren karbono-aztarna gutxitze aldera, behin eta berriro azpimarratu zuen etxekoak begano egin zitezen eta amore eman zezaten hegazkinez bidaiatzeari.[6] Hori dela-eta, amak, berau opera-kantari ezaguna, uko egin dio ozeanoz haraindiko jirak egiteari, hegazkinez ez bidaiatzearren. Familia auto elektrikoz mugitzen da.
Ikasle-grebak klimaren alde
aldatu2018ko abuztuaren 20an, Suediak bizi izan zituen bero boladak eta suteak gogoan, Thunbergek, artean bederatzigarren mailan, erabaki zuen eskolara ez joatea Suediako hauteskunde orokorrak egin arte 2018ko irailaren 9an. Eskatzen zuen Suediako gobernuak karbonoaren isuriak gutxitzea Parisko Akordioaren arabera. Hori zela-eta, erabaki zuen eskola-egun guztietan protesta egitea Riksdag-en aurrean jarrita, ondoan kartel bat zuela Skolstrejk för klimatet mezuarekin (eskola-greba klimaren alde).[7]
Hauteskundeen ostean, segitu zuen greba egiten ostiraletan soilik, eta horrek mundu osoan piztu zuen arreta. Inspirazio-iturri izan zen mundu osoko ikasleek parte har zezaten ikasle-grebak egiten. 2018ko abendua ezkero, 20.000 ikaslek baino gehiagok egin dute greba 270 hiritan gutxienez, tartean Australian, Austrian, Belgikan, Kanadan, Herbereetan, Alemanian, Finlandian, Danimarkan, Japonian, Suitzan, Britainia Handian eta AEBetan.[8] Thunbergek adierazi du beretzat Parkland eskolako nerabeek, zeinek antolatu baitzuten March for our lives (Gure bizien aldeko martxa) Floridako eskolan tirokatuak izan ondoren, haiek izan zirela beretzat inspirazio-iturri klimaren aldeko grebari ekin aurretik.[9][10]
Bestelako aktibismoa
aldatuGreta Thunbergek parte hartu zuen Rise for Climate (Zutik klimaren alde) manifestazioan Europako Parlamentuaren kanpoaldean, Bruselan. 2018ko urrian, Thunberg eta bere familia auto elektrikoz joan ziren Londresera, non 'Declaration of Rebellion' (Matxinadarako adierazpena) hitzaldia egin zuen Parlamentuko kanpoaldean, Extinction Rebellion mugimenduak antolatuta, akzio zuzeneko talde bakezalea, klimaren alde lan egiten duena.[11]
2018ko azaroaren 24an izan zen Greta Thunbergen TED hitzaldia.[12] Bertan adierazi zuen zelan konturatu zen, zortzi urte zituela, klima aldaketa bazela, eta harrituta zegoela ez zelako albiste inolako telebista-kanaletan, mundu gerra batean gertatuko litzatekeen bezala. Bera ez zihoala eskolara klima-zientzialaria izateko, zenbaitek adierazi zuten moduan, zeren zientziak egina baitzuen bere lana, eta soilik geratzen dira negazionismoa, ezjakintasuna eta ekintzarik eza. Espekulatuz inoiz bere seme-alabek eta bilobek galdetzen bazioten zelan ez zuten ezer egin 2018an, artean posible zenean, ondorioztatu zuen: “ezin dugu mundua aldatu arauen arabera jokatuta, arauak aldatu behar direlako”.[13]
2018ko abenduaren 4an Thunberg mintzatu zen COP24 Nazio Batuen klima aldaketarako goi bileran, eta abenduaren 12an hitz egin zuen NBEren batzar nagusiaren aurrean.[14]
2019ko urtarrilaren 23an Thunberg iritsi zen Davosera, trenean 32 orduz bidaiatuta,[15] kontraste bizian gainerako gonbidatuekin, ordezkari gehienak iritsi baitziren Munduko Ekonomia Forora 1.500 hegazkin pribatu baino gehiagotan,[16] eta han segida eman zion bere kanpainari. Davosen esan zuen: “Zenbait jendek, zenbait konpainiak eta bereziki zenbait erabakitzailek badakite zelako balio preziaezin sakrifikatu dituzten, segitzeko irabazten diru kopuru imaginaezinak. Uste dut gaur hemen zaudeten asko talde horretakoak zaretela”.[17] Aste horretan aurrerago, ohartarazi zien lider globalei: “gure etxea sutan dago”. Eta gehitu zuen: “Nahi dut ikara zaitezten. Nahi dut senti dezazuen nik egunero sentitzen dudan beldurra. Gazteei zor diegu, haiei esperantza emateko”.[18]
2019ko otsailaren 21ean berba egin zuen Europako Ekonomia eta Gizarte Batzordean, eta baita Jean-Claude Juncker EBko buruarekin, eta bietan eskatu zuen klimarako helburuak betetze aldera, EBk %80 gutxitu behar dituela CO2 isuriak 2030erako. Geroago, bat egin zuen klimarako protestekin, Bruselan bertan.[19]
2019ko abenduan hurbildu zen Madrilen burutu zen Nazio Batuen COP25-i alternatiba gisa antolaturiko Klimaren aldeko Goi-bilera Sozialera eta erakartzen duen arreta mediatikoa hegoalde globaleko eta komunitate indigenetako gazteengana bideratzeko, isilik geratu zen.[20][21]
Sariak eta ohoreak
aldatu2018ko maiatzean Greta Thunberg irabazletako bat izan zen Svenska Dagbladet lehiaketan, berau klimari buruzko artikulu-eztabaida bat, gazteentzat antolatua.[22] Halaber, izendatu zuten Children's Climate Prize sarirako, Telge Energi konpainiak emandakoa garapen jasangarria bultzatzen duten haur eta gazteei. Berak ez zuen onartu, finalistak Stockholmera joan behar ziren-eta hegazkinez. [23]2018ko azaroan eman zitzaion Fryshuset beka Urteko Gazte Eredugarriari. 2018ko abenduan Time aldizkariak izendatu zuen Thunberg munduko 25 neraberik eraginkorrenen artean. Emakumearen Nazioarteko Egunean Thunberg izendatu zuten Suediako emakumerik inportanteena 2019an. Saria oinarritu zen Inizio institutuak Aftonbladet egunkariarentzat egindako galdeketa batean.
Harreman eztabaidatuak
aldatuHark sustatutako klimaren aldeko grebak oso popular bihurtu zirenean, zenbait jende eta erakunde saiatu ziren haren sinesgarritasuna zalantzan jartzen[24] edo haren nortasunaz probetxu ateratzen.[25] 2018ko urtearen bukaeran, Ingmar Rentzhog, We Don't Have Time Foundation (WDHT), irabaz asmorik gabeko fundazioaren buruak erakarri zuen Thunberg ordaindu gabeko aholkulari gisa, eta erabili zuen Thunbergen izena eta irudia haren baimen barik milioiak biltzeko WDHTren enpresa subsidiarioarentzat, We Don't Have Time AB, berau irabaz asmokoa, zeinaren Rentzhog presidentea baitzen. Thunbergek ez zuen dirurik jaso konpainiak emanda.[26] Eten egin zuen borondatez WDHTrekin zuen aholkulari-eginkizuna, esanez: “ez dela ezelango erakunderen parte… erabat independentea dela… (eta) egiten duena erabat doan egiten duela”.[27]
Erreferentziak
aldatu- ↑ (Ingelesez) Crouch, David. (2018-09-01). «The Swedish 15-year-old who's cutting class to fight the climate crisis» The Guardian ISSN 0261-3077. (Noiz kontsultatua: 2019-03-13).
- ↑ (Frantsesez) Sympatico. «À 15 ans, elle remet les dirigeants mondiaux à leur place!» Sympatico (Noiz kontsultatua: 2019-03-13).
- ↑ (Ingelesez) «School Strike for Climate: Meet 15-Year-Old Activist Greta Thunberg, Who Inspired a Global Movement» Democracy Now! (Noiz kontsultatua: 2019-03-13).
- ↑ (Ingelesez) Watts, Jonathan. (2019-03-11). «Greta Thunberg, schoolgirl climate change warrior: ‘Some people can let things go. I can’t’» The Guardian ISSN 0261-3077. (Noiz kontsultatua: 2019-03-13).
- ↑ (Ingelesez) Santiago, Ellyn. (2018-12-14). «Greta Thunberg: 5 Fast Facts You Need to Know» Heavy.com (Noiz kontsultatua: 2019-03-13).
- ↑ (Ingelesez) hermesauto. (2018-12-05). «Climate crusading schoolgirl Greta Thunberg pleads next generation's case» The Straits Times (Noiz kontsultatua: 2019-03-13).
- ↑ (Ingelesez) Gessen, Masha. (2018-10-02). The Fifteen-Year-Old Climate Activist Who Is Demanding a New Kind of Politics. ISSN 0028-792X. (Noiz kontsultatua: 2019-03-13).
- ↑ (Ingelesez) Berria.eus. «Milaka ikaslek greba egin dute Erresuma Batuan, klima aldaketaren aurkako neurri eske» Berria (Noiz kontsultatua: 2019-03-13).
- ↑ CNN. (2018-12-23). Teen activist on climate change: If we don't do anything right now, we're screwed. (Noiz kontsultatua: 2019-03-13).
- ↑ (Ingelesez) Editorial. (2019-02-07). «The Guardian view on teenage activists: protesters not puppets | Editorial» The Guardian ISSN 0261-3077. (Noiz kontsultatua: 2019-03-13).
- ↑ (Ingelesez) «'This Is Our Darkest Hour': With Declaration of Rebellion, New Group Vows Mass Civil Disobedience to Save Planet» Common Dreams (Noiz kontsultatua: 2019-03-13).
- ↑ «TEDxStockholm | TED» www.ted.com (Noiz kontsultatua: 2019-03-13).
- ↑ Jones, Nigel. (2018-12-30). «Why we all need to be more like Greta» Medium (Noiz kontsultatua: 2019-03-13).
- ↑ (Ingelesez) «You Are Stealing Our Future: Greta Thunberg, 15, Condemns the World’s Inaction on Climate Change» Democracy Now! (Noiz kontsultatua: 2019-03-13).
- ↑ (Ingelesez) «Time to 'get angry', teen climate activist says in Davos» news.yahoo.com (Noiz kontsultatua: 2019-03-13).
- ↑ (Ingelesez) «Record number of private jets to fly into Davos conference addressing climate change» The Independent 2019-01-23 (Noiz kontsultatua: 2019-03-13).
- ↑ (Ingelesez) Hertsgaard, Mark. (2019-01-28). The Climate Kids Are Coming. ISSN 0027-8378. (Noiz kontsultatua: 2019-03-13).
- ↑ (Ingelesez) «Children as young as five due to miss school for climate change protest» The Independent 2019-02-11 (Noiz kontsultatua: 2019-03-13).
- ↑ (Ingelesez) «Climate activist Thunberg urges EU to double carbon reduction _targets» news.yahoo.com (Noiz kontsultatua: 2019-03-13).
- ↑ berezia), Iñaki Petxarroman (berriemaile. «Greta Thunbergen bozgorailutik mintzatu dira munduko gazte indigenak» Berria (Noiz kontsultatua: 2019-12-09).
- ↑ «Greta Thunbergek ez du prentsaurrekoan hitz egin eta munduko gazteei ahotsa eman die» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2019-12-09).
- ↑ (Suedieraz) «Greta Thunberg: ”Vi vet – och vi kan göra något nu”» Svenska Dagbladet 2018-05-30 ISSN 1101-2412. (Noiz kontsultatua: 2019-03-13).
- ↑ (Suedieraz) Gelin, Gustav. (2018-11-01). «Därför nobbar Greta Thunberg klimatpriset» ETC (Noiz kontsultatua: 2019-03-13).
- ↑ Txantiloi:En-UK Childs, Simon; Clarke, Joe Sandler. (2019-02-07). «The Climate Change Deniers Trying to Discredit Greta Thunberg» Vice (Noiz kontsultatua: 2019-03-13).
- ↑ Oroschakoff, Kalina. (2019-02-11). «Teen climate icon used for fundraising without her knowledge» POLITICO (Noiz kontsultatua: 2019-03-13).
- ↑ (Ingelesez) «Start-up used teen climate activist to raise millions: Swedish paper» www.thelocal.se 2019-02-09 (Noiz kontsultatua: 2019-03-13).
- ↑ «Greta Thunberg» www.facebook.com (Noiz kontsultatua: 2019-03-13).
Ikus, gainera
aldatuKanpo estekak
aldatu- Greta Thunberg Facebooken
- Fridays for Future webgunea
- Climate Strike webgunea