Gripe
Gripea edo influentza influenzavirus-ak eragindako gaixotasun infekziosoa da (jatorri birikoa)[1]. Influenzavirusa RNA motako birusa da eta Orthomyxoviridae familiaren barruan sailkatzen da[2].
- Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.
Sintomak arinak edo larriak izan daitezke[3]. Sintomarik ohikoenak sukar altua, mukia sudurrean, eztarri minbera, giharretako mina, buruko mina, eztula eta nekea dira[1]. Sintoma hauek, tipikoki, birusarekin kutsatu eta bi egunera hasi ohi dira eta, normalki, astebete baino gutxiago irauten du[1]. Eztulak, hala ere, bi aste edo gehiago iraun ditzake[1]. Umeengan goragalea eta botaka gerta daiteke, baina ez da ohikoa helduengan[4]. Goragalea eta botaka egitea ohikoa izan daiteke gastroenteritisa aldi berean ematen bada; honi, askotan, "urdaileko gripea" edo "24 orduko gripea" deitzen zaio, baina izen okerra da[4].
Gripea dutenak, orokorrean, egun gutxi batzuen epean sendatzen dira, baina zenbait kasuetan gaixotasuna larritu daiteke eta hilgarria izatera ere iritsi daiteke[5], batez ere, ume txikietan, haurdun dauden emakumeetan, adin handiko helduetan eta sistema immunitarioan afekzioak dituzten pertsonetan, besteak beste[6]. Hortaz, gripearen ondorioz ager daitezkeen arazoen artean aurki daitezke: birusek sortutako pneumonia, bakterioek sortutako pneumonia, sinusitisa, eta lehenago existitzen ziren beste osasun-arazo batzuen areagotze, batez ere asma edo bihotz-gutxiegitasuna[3][7].
Pertsonengan eragina duten gripe birus motak A Mota, B Mota eta C mota deitzen dira[7]. Normalki, birusa airetik hedatzen da eztul eta doministikuen bidez[1]. Uste denez, distantzia laburretan gertatzen den kutsatzea da[8]. Birusak dituzten gainazalak ukitzen ere hedatu daiteke, ondoren ahoa edo begiak ukitzen baditugu[3][8]. Pertsona batek beste norbait kutsatu dezake sintomak erakutsi aurretik eta bitartean. Kutsatzea eman den edo ez ikus daiteke eztarria, txistua edo sudurrak aztertuz. Test azkar batzuk eskuragarri daude; hala ere, aukerak daude kutsakorrak izateko test horietan emaitza negatiboa lortuta ere. Birusaren RNA detektatzen duen polimerasa bidezko kate-erreakzio bat erabiltzea zehatzagoa da.
Eskuak ondo garbitzeak birusaren hedapena aukerak murrizten ditu. Aurpegi-babesa eramatea ere erabilgarria da. Arrisku larrian egon daitezkeenentzat Munduko Osasun Elkarteak urteroko gripearen aurkako txertoa gomendatzen du. Txerto hau efektiboa da gripearen hiru edo lau moten aurka. Normalki ondo toleratzen da. Txertoa urtero egiten da, eta urte batean sortutakoa ez du zertan izan behar baliagarria hurrengo urtean, birusen eboluzioa oso azkarra baita. Birusen aurkako sendagaiak, adibidez oseltamivir neuroaminidasa inhibitzailea erabili izan dira gripea tratatzeko. Bestelako osasun arazorik ez duten gaixoengan sortzen dituen onurak ez dira sortzen dituen kalteak baino handiagoak. Bestelako osasun arazoak dituzten pertsonengan ez du hobekuntzarik ematen. Antibiotikoak erabilgarriak dira soilik, bakterioekin koinfekzio bat baldin badago[6].
Gripea mundu osoan zehar hedatzen da urteroko zikloetan, hiru eta bost milioi kasu larrirekin eta 250.000 eta 500.000 arteko hilkortasunarekin. Ipar zein Hego hemisferioko latituderik altuenetan agerraldiak batez ere neguan izaten dira, ekuatoretik gertu dauden eremuetan urteko edozein sasoian gertatzen diren bitartean. Heriotzak batez ere gazteen artean, zaharren artean eta osasun arazoak dituztenen artean gertatzen dira. Gripearen agerraldi masiboak edo pandemiak ez dira ohikoak. XX. mendean hiru pandemia gertatu dira: 1918ko gripe pandemia edo espainiar gripea (~50 milioi hildako), 1957ko Asiako gripe pandemia (bi milioi hildako) eta 1968ko Hong Kongeko gripe pandemia (bi milioi hildako). Munduko Osasun Elkartek A/H1N1 gripearen agerraldiari pandemia izaera eman zion 2009ko ekainean. Gripearen birusak gizakia ez ezik, hegaztiak eta beste ugaztunak ere infektatzen ditu.
Historia
aldatuGripearen aipamenik zaharrena Hipokrates-ek egin zuen, duela 2.400 urte inguru, gaitz honen sintomak deskribatu zituenean. XIX. mendearen erdialdean gaur egungo izena eman zitzaion gaitzari, aurreko mendeetan izurrite latzak Asian, Europan eta Afrikan gertatu baziren ere.
Aro modernoaren pandemiarik gogorrena, dudarik gabe, gripe espainiarra deitutakoak sortu zuen, 1918-1919 bitarteko urteetan. Izurrite horren ondorioz 50 eta 100 milioi arteko gizon-emakumeak hil ziren mundu osoan, eta pandemia hori XIV. mendean Europa eta Asia astindu zituen Izurri Beltzarekin alderatuta izan zen. Hilkortasun handiko pandemia izan zen, aparteko birulentzia zuen birus batek eragindakoa.
Geroztik bi pandemia nagusi gertatu dira, aurrekoaren aldean askoz leunagoak: 1957. urteko gripe asiarra eta 1968. urteko Hong Kong-eko gripea. Gaur egun (2009. urtean) pandemia berri baten atarian gaude, H1N1 birusak (A gripearen eragilea) sortutakoa; 2009ko martxoan hasi zen izurrite berri hau Mexikon, eta hilabete gutxitan mundu osora zabaldu zen. Hilkortasun tasa txikia badu ere, gripe hau erraz kutsatzen da, ume eta gazteen artean batez ere.
Egitura
aldatuGripearen birusak lipidoz osatutako kanpo bilgarria du, ostalariaren zelula mintzetik eratorritakoa. Bilgarri horren barnean kapsidea helikoidal du, birusaren genomak kodetutako proteinez egina. Barne proteina horien arabera, gripearen birusa 3 motetan sailkatzen da: A, B eta C. Kapsidearen barruan berriz, material genetikoa dago. Influenzavirusaren genoma 7 edo 8 RNA[9] zati desberdinez osatuta dago (birus mota hauen berezko ezaugarria). Zati bakoitzak birusaren egiturarako edo funtziorako ezinbestekoa den proteina desberdin bat kodifikatzen du. Beraz, zati horiek birus berriak sortzeko informazioa dute:
- PB2: Transkriptasa. Funtzioa: Kapelara lotura
- PB1: Transkriptasa. Funtzioa: Kapelaren luzapena
- PA: Transkriptasa. Funtzioa: Proteasa jarduera
- HA: Hemaglutinina. Funtzioa: Zelulara ainguratzea
- NP: Proteina nuklearra. Funtzioa: RNA-ra lotura eta RNA-aren garraioa
- NA: Neuraminidasa. Funtzioa: Birusen askatzea
- M1/M2: Matrizeko proteinak. Funtzioa: M1, birioiaren osagai nagusia; M2, ioi-kanala
- NS1/NS2: Proteina ez estrukturalak: Funtzioa: NS1, RNA-aren garraioa eta itzulpena; NS2, funtzio ezezaguna.
Genomaren egitura berezi horrek aldakortasun genetikoa areagotzen du. Hori dela eta, egitura genetiko desberdinetako birusak agertzen dira etengabe (A motako birusen artean, batez ere), RNA-ren zatien arteko birkonbinazio genetikoa gertatzen delako.
Hemaglutinina (HA) eta neuraminidasa (NA) birus-partikularen kanpoaldean dauden glikoproteina kate handiak dira. HA-k, infektatuko den zelulari atxikitzeko eta birusaren material genetikoa zelula barruan sartzeko prozesuan parte hartzen du. NA-k ordea, sorturiko birus berriak infektatutako zelulatik kanporatzeko prozesuan parte hartzen du[10]. Gripearen birusaren aurkako sendagaiak bi proteina hauei zuzenduta daude[11]. Gainera gorputzeko antigorputzek hauen aurka egiten dute, antigeno moduan funtzionatzen dutelako. Hemaglutinina eta neuraminidasa moten arabera, gripearen birusak zenbait azpimotetan sailkatzen dira, H eta N nomenklatura sortuz[12].
Sailkapena
aldatuGizakiak infektatzeko gaitasuna duten 3 motatako influenzavirus daude: A, B eta C. Sailkapen hau, mota bakoitzak aurkezten dituen nukleoproteinen (NP) eta matrizeko proteinen (M1/M2) araberakoa da.
Influenzavirus A
aldatuA motako birusak beste bi motekin alderatuz, patogenorik erasokorrenak dira. Urtero sasoiko epidemiak sortzeaz gain, gaixotaun pandemikoak eragin dituzten gripe birus mota bakarra dira. A motako gripearen birusak aldaketa antigeniko ugari pairatzen ditu eta horren ondorioz, talde honen barnean azpimota asko daude. Azpimota horiek HA motaren eta NA motaren arabera sailkatzen dira. Gaur egun, 18 HA mota (H1–H18) eta 11 NA mota (N1–N11) desberdin ezagutzen dira. Gizakiak kutsatzeaz gain, A motako birusek ugaztun-espezie ugari (txerria horien artean) eta hegaztiak (bereziki basa-hegaztiak) kutsatzen dituzte ere. Hortaz, birusak beste espezie batzuetara transmititu daitezke, eta horrek epidemia larriak eragin ditzake giza kontsumorako hegazti edo ugaztunetan; edo animalietatik zuzenean gizakiarengana jauzi egin dezakete pandemia bat eraginez[6].
Influenzavirus B
aldatuInfluenzavius B-ak urtero, sasoiko gripe-kasu gutxi batzuk soilik eragiten ditu. Ez du inoiz pandemiarik eragin, izan ere, ez dituelako A motako gripe-birusak jasaten dituen aldaketa antigeniko berdinak jasaten. Gizakiaz gain, fokak dira B motako birusaren ostalari bakarrak eta hortaz, horrek birusaren aldakuntza txikiagoa eta espezieen arteko trasmisio txikiagoa dakar. Nahiz eta B motako gripeak orokorrean larritasun ertaineko gaixotasuna eragiten duen, badira urtero B gripeak eragindako kasu hilgarriak, batez ere, ume txikietan[9].
Influenzavirus C
aldatuC motako gripearen birusak, gizakiak eta txerriak kutsatzen ditu. Animalietan gaixotasun larriak eta tokiko epidemiak eragin ditzake. Gizakietan, ordea, C motako birusak beste bi motatakoekin alderatuz, maiztasun txikiagoarekin eragiten du, eta oro har, haur txikietan, hauei sintoma arinak eraginez[13].
Epidemiologia
aldatuGripearen birusek urtero larritasun ezberdineko epidemiak eragiten dituzte. Epidemia horiek sasoi hotzetan gertatzen dira eskualde epeletan (Ipar hemisferioan abendutik apirilera; Hego hemisferioan ekainetik irailera), hezetasun eta tenperatura baxuko giro-baldintzek birusaren transmisioa areagotzen dutenean[6].
Hala ere, gripearen birusek pandemiak ere eragin dituzte historian zehar. Sasoiko gripearekin alderatuta, pandemiak 20-30 urtean behin gertatu dira eta, oro har, sintoma larriagoekin lotzen dira, biztanleria gazte osasuntsu bati eragiten diotenak eta hilkortasun-tasak areagotzea eragin dezaketenak[6].
Hortaz, gripe-pandemiak mehatxu handia dira osasun globalarentzat, eta sortzen ari diren anduiak, animali biltegietan zein giza populazioan, agintariek eta Osasunaren Mundu Erakundeak zorrotz zelatatzen dituzte.
Infekzioa
aldatuGripea oso kutsakorra da. Birus eragilea airearen bidez transmititzen da pertsonen artean; arnas jariakinetan aurkitzen denez, kutsapena gaixoak kanporatzen dituen tanten bidez gauzatzen da, hitz egiterakoan edo eztula eta doministiku egiterakoan, batez ere. Birusez kutsatutako objektuak ere (fomiteak) gaitzaren iturburua izan daitezke.
Birusak gehiago irauten du giro lehor eta hotz batean. Horregatik, hain zuzen ere, izurrite gehienak neguko hilabeteetan gertatu ohi dira.
Aerosolen bitartez iristen dira birusak goiko arnas aparatura, eta bertako zelula epitelialak infektatzen dituzte (hemaglutininen bidez atxikitzen dira birusak zelula epitelialei). Hortik, infekzioa beheko arnas traktura pasa daiteke (sudurretatik eta eztarritik biriketara), bronkioetako epiteliori erasoz.
Transmisioa eta sintoma klinikoak
aldatuGripearen birusa arnas tanten bidez transmititzen da gizabanakoen artean. Transmisioa, batez ere, kutsatutako pertsona batekin kontaktu estua izaterakoan (1 m-ra) ematen da. Hala ere, infekzioa arnas tantez kutsatutako gainazal batekin kontaktua izaterakoan ere eman daiteke[9]. Sintomak, infekzioa gertatu eta 24-48 orduren ostean (inkubazio epea) agertzen dira[6]. Helduak, oro har, infekziosotzat hartzen dira sintomak agertu aurreko egunetik 5-10 egun bitartera. Haurrek eta immunodeprimatutako pazienteek epe luzeagoan jarraitzen dute kutsakor izaten[9].
Gripearen sintomak pertsona bakoitzarentzat desberdinak izan daitezke. Gehiengoak, ez du sintomarik edo sintoma arinak aurkezten ditu. Kasu hauetan, gaixotasunetik berreskuratzea oro har, egun gutxitan (2 aste baino gutxiago) lortzen da[6].
Sintoma arinak bat-batean hasten dira eta 3-5 egun iraun dezakete. Horien artean aurki daitezke: hotzikarak, eztula (lehorra, iraunkorra; bularreko ondoezarekin edo gabe), diaforesia, ondoeza (orokorrean), nekea, sukarra (bat-bateko agerpena; egonez gero, 3-4 egun iraun dezake), buruko mina (frontala edo retroorbitala), mialgia (muskulu/gorputzeko mina; batez ere besoak, hankak eta bizkarra), sudur-kongestioa edo errinorrea, mina artikulazioetan, faringitisa (eztarriko mina), doministikuak eta ahultasuna. Gainera, haur txikiek eta heldu ahulagoek goragalea edo oka eta beherakoa izan dezakete ere[5].
Kasu bakanetan ordea, sintoma moderatuak edo larriak (bizia arriskuan jartzen dutenak) ager daitezke. Sintoma larrien agerpenean eragina duten faktoreen artean pertsonen adina (ume txikiak edo pertsona zaharrak) eta egoera kroniko komorbidoen presentzia daude. Konplikazioak, gripearen birusak berak eragin ditzake edo bestela, gripearen birusarekin batera erasotzen duten bakterio inbaditzaileek eragin ditzakete[5]. Streptococcus pneumoniae eta Staphylococcus aureus-ekin egindako koinfekzioak dira ohikoenak[6].
Infekzioaren konplikazio moderatuen artean bronkitisa, otitisa eta sinusitisa aurki daitezke. Konplikazio larrien artean hurrengoak ager daitezke: deshidratazioa, hantura, entzefalitisa (garuna), miokarditisa (bihotza), miositisa (muskulu-ehuna), rabdomiolisia (muskulu eskeletikoa) eta organo desberdinen porrota (giltzurrunak, sepsia, pneumonia, arnasketa organoak)[5].
Tratamendua
aldatuGripearen tratamendua sintomak arintzeko botiken erabileran datza. Sukarra jaisteko antipiretikoak ematen dira, eta buruko zein giharretako mina leuntzeko analgesikoak. Atseden hartzea gomendatzen da beti. Tratamendu sintomatikoan parazetamolak emaitza onak ematen ditu. Aspirina ez zaie umeei eman behar, Reye sindrome larria eragin baitezake.
Beraz, gripea orokorrean berez sendatzen da, baina badira gripearen aurkako zenbait sendagai.
Gripearen birusen aurkako tratamendu antibiral nagusienak neuraminidasa (NA) inhibitzaileak dira. Neuraminidasa inhibitzaileek infektatutako zelula batetik birioiak ateratzea ekiditen dute, ondoko zelulen infekzioa saihestuz. Elikagai eta Sendagaien Administrazioak onartutako 2 neuraminidasa inhibitzaileak oseltamivir eta zanamivir dira[9]. Tratamendu hauek gaixotasunaren sintomak agertu eta 48 orduko epean dira eraginkorren, eta horregatik gripearen detekzio goiztiarra funtsezkoa da. Gripearen tratamenduak, birusaren sudur-isuria, gaixotasunaren iraupena eta pneumoniarekin lotutako konplikazioak izateko arriskua murrizten ditu[9].
Gripearen sintomak aurkezten dituzten pertsona guztiei, sintomak agertu eta 48 orduko epean badaude, tratamendua eskaini ahal zaie, komorbiditateak dituzten ala ez kontuan hartu gabe[9].
Osasunaren Mundu Erakundearen gomendiotan, konplikazioak izateko arrisku handia duten paziente guztiek eta arnas gaixotasun larriak dituzten paziente guztiek tratamendua jaso behar dute sintomak agertzeko unea edozein dela ere. Arrisku handiko pazienteen artean, komorbilitate larriak dituztenak, biriketako gaixotasun kronikoak dituztenak, <2 edo >65 urte dituztenak, obesitate morbosoa dutenak, zaharren egoitzetan bizi direnak eta haurdun dauden edo erditze osteko emakumeak aurkitzen dira[6].
Konplikazioak izateko arriskua ez duten pazienteei ez zaie tratamendu antibiralik eskaini behar sintomak agertu eta 48 ordu pasa badira, erresistentzia potentziala izateko arriskua terapiaren onura baino handiagoa delako[9].
Gripearen aurkako beste tratamendu antibiral batzuk Amantadina eta errimantadina dira.
Bestetik, gripea infekzio birikoa denez, antibiotikoek (bakterioen aurkako sendagaiak, baina birusen aurka baliorik ez dutenak) ez dituzte sintomak leuntzen eta ez dute gaixotasuna sendatzen. Antibiotikoak soilik baliogarriak dira, bakterioen koinfekzioek gaixotasuna larritzen duten kasuetan[6]. Hortaz, ez dira helburu profilaktikoekin (prebentziorako) administratu behar, izan ere, alferrikakoak izateaz gain, mikrobio erresistenteen agerpena bultzatzen dutelako.
Profilaxia
aldatuGripearen profilaxia txertoaren ezarpenean datza. Prebentziozko txertoa gripearen morbositatea murrizteko funtsezko tresna da.Txertoa 1940. hamarkadan hasi zen erabiltzen, eta gaur egun formolez inaktibatutako birus osoekin egiten da.
Txertoa ez da soilik gomendatzen arrisku handiko gaixoei edo esposizio arrisku handia dutenei (ad: osasun langileak), baizik eta populazio osoari (6 hilabete edo gehiago), infekzio arriskua deuseztatzeko eta artaldearen immunitatea hobetzeko balio duelako[6].
Arrisku handiko taldeak (gripearen ondorio larrienak - nfekzio sekundarioak edo beste konplikazio batzuk- pairatu dezaketenak) honako hauek dira:
- adineko jendea (65 urte baino gehiago dutenak)
- immunogutxituak (diabetikoak, HIESa dutenak, transplantatuak...)
- gaixo kronikoak (kardiopatiak dituztenak, biriketako, gibeleko edo giltzurrunetako gaitzak dauzkatenak...)
Aldakortasun genetiko handia dutenez, gripearen birusek andui kopuru oso altua dute; horrek txertoaren behin betiko eraginkortasuna zailtzen du. Txertoa urtero prestatu behar da, neguan agertzen diren birus mota nagusiekin.
Gaur egun onartutako txertoak bi motatakoak dira: 1) muskulu barnean administratzen diren arrautza- edo zelula-kultiboetan hazitako birus azpiunitate inaktiboak, edo 2) haurren sudur barneko administraziorako erabiltzen diren gripe-birus bizi eta atenuatuak. Lehenengo motatako txertoak tribalenteak edo tetrabalenteak izan daitezke, eta influenzavirus A motako 2 anduiren (H1N1 eta H3N2) eta influenzavirus B motako 1 edo 2 anduiren antigenoak dituzte, hurrenez hurren[6].
Erreferentziak
aldatu- ↑ a b c d e (Ingelesez) «Influenza (Seasonal)» World Health Organization (Noiz kontsultatua: 2018-05-18).
- ↑ Moghadami, Mohsen. (2017-01). «A Narrative Review of Influenza: A Seasonal and Pandemic Disease» Iranian Journal of Medical Sciences 42 (1): 2–13. ISSN 0253-0716. PMID 28293045. PMC 5337761. (Noiz kontsultatua: 2022-03-14).
- ↑ a b c (Ingelesez) «Key Facts About Influenza (Flu) | Seasonal Influenza (Flu) | CDC» www.cdc.gov 2017-10-16 (Noiz kontsultatua: 2018-05-18).
- ↑ a b G., Engelkirk, Paul. (2011). Burton's microbiology for the health sciences. (9th ed. argitaraldia) Wolters Kluwer Health/Lippincott Williams & Wilkins ISBN 9781605476735. PMC 435728489..
- ↑ a b c d (Ingelesez) Keilman, Linda J.. (2019-06). «Seasonal Influenza (Flu)» Nursing Clinics of North America 54 (2): 227–243. doi: . (Noiz kontsultatua: 2022-03-15).
- ↑ a b c d e f g h i j k l (Ingelesez) Peteranderl, Christin; Herold, Susanne; Schmoldt, Carole. (2016-08-03). «Human Influenza Virus Infections» Seminars in Respiratory and Critical Care Medicine 37 (04): 487–500. doi: . ISSN 1069-3424. PMID 27486731. PMC PMC7174870. (Noiz kontsultatua: 2022-03-15).
- ↑ a b Harrison's principles of internal medicine.. (18th ed.. argitaraldia) McGraw-Hill 2012 ISBN 9780071748896. PMC 288932926..
- ↑ a b Brankston, Gabrielle; Gitterman, Leah; Hirji, Zahir; Lemieux, Camille; Gardam, Michael. (2007-04). «Transmission of influenza A in human beings» The Lancet Infectious Diseases 7 (4): 257–265. doi: . ISSN 1473-3099. (Noiz kontsultatua: 2018-05-18).
- ↑ a b c d e f g h (Ingelesez) Labella, Angelena M.; Merel, Susan E.. (2013-07). «Influenza» Medical Clinics of North America 97 (4): 621–645. doi: . (Noiz kontsultatua: 2022-03-15).
- ↑ (Ingelesez) Suzuki, Yasuo. (2005). «Sialobiology of Influenza: Molecular Mechanism of Host Range Variation of Influenza Viruses» Biological & Pharmaceutical Bulletin 28 (3): 399–408. doi: . ISSN 0918-6158. (Noiz kontsultatua: 2022-03-15).
- ↑ (Ingelesez) Wilson, J. C.; Itzstein, M. von. «Recent Strategies in the Search for New Anti-Influenza Therapies» Current Drug _targets 4 (5): 389–408. doi: . (Noiz kontsultatua: 2022-03-15).
- ↑ (Ingelesez) Hilleman, M. (2002-08). «Realities and enigmas of human viral influenza: pathogenesis, epidemiology and control» Vaccine 20 (25-26): 3068–3087. doi: . (Noiz kontsultatua: 2022-03-15).
- ↑ (Ingelesez) Matsuzaki, Yoko; Katsushima, Noriko; Nagai, Yukio; Shoji, Makoto; Itagaki, Tsutomu; Sakamoto, Michiyo; Kitaoka, Setsuko; Mizuta, Katsumi et al.. (2006-05). «Clinical Features of Influenza C Virus Infection in Children» The Journal of Infectious Diseases 193 (9): 1229–1235. doi: . ISSN 0022-1899. (Noiz kontsultatua: 2022-03-15).