Henri Rousseau
Henri Julien Félix Rousseau (Laval, 1844ko maiatzaren 21a – Paris, 1910eko irailaren 2a) frantziar margolaria izan zen, inpresionismo ondoko olatukoa. Bere lanik ezagunenak oihaneko eszenak dira, Rousseauk Frantzia inoiz ez utzi edo benetako oihan bat inoiz ez ikusi arren. Haren margolanak Naïf edo inozo estilokoak izanik, bizi zela maiz iseka jasan behar izan zuen. Izan ere, umeen antzera margotzea leporatzen zioten. Le Douanier (aduanazaina) deitzen zioten bere lanbideagatik. Ondoren, bere kabuz ikasi zuen jeniotzat hartu izan da.
Henri Rousseau | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Laval, 1844ko maiatzaren 21a |
Herrialdea | Frantzia |
Bizilekua | Laval |
Heriotza | Paris, 1910eko irailaren 2a (66 urte) |
Hobiratze lekua | Bagneuxko hilerria Jardin de la Perrine (en) |
Heriotza modua | : Gangrena gaseosoa |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | frantsesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | margolaria, grabatzailea eta artista |
Parte-hartzailea
| |
Lantokia(k) | Paris |
Lan nabarmenak | |
Influentziak | Jean-Léon Gérôme eta Léon Bonnat |
Mugimendua | postinpresionismoa Primitibismoa Naïfa |
Izengoitia(k) | Le Douanier Rousseau, Le Douanier eta Celník |
Genero artistikoa | paisaia margolaritza figure painting (en) izadi hila |
Bizitza
aldatuLaval hirian jaio zen, Frantziako Loirerria eskualdean, 1844ko maiatzaren 21ean. Hala-holako ikaslea izan zen, eta ikasketak bukatu gabe utzi zuen eskola. Gero lau urte eman zituen soldadutzan. 1862-1865 bitartean, Frantziatik Mexikora Maximiliano enperadoreari laguntzera joandako gudarostetik onik itzuli ziren soldaduen istorioak entzun zituen han, eta soldaduok herrialde hartaz egin zuten deskripzioetan oinarriturik margotu zituen bere lehenengo paisaje exotikoak, oihan tropikaletako ikuspegiak eta. Margolan horien bizitasuna eta indarra gorabehera, Rousseau ez zen sekula Mexikon izan, hala zabaldu bazen ere.
1868an, soldadutzatik bueltan, Parisa joan zen bizitzera. Handik urtebetera ezkondu egin zen Clemence Boitardekin, zurgin baten alaba. 1871n lanean hasi zen Parisko udal-zerga bulegoetan, eta han sortu zen gerora bere burua ezagutarazi zuen aduanazaina izengoitia. Ez da bere haurtzaroko marrazkirik gorde, baina uste izatekoa da Rousseauk haur zenetik margotu izango zuela eta bere asmoa bere garaiko pintore akademikoak bezala margotzea izango zela. 1884n baimena eman zioten Louvren margolanak kopiatzeko. 1886an parte hartu zuen lehenengo aldiz erakusketa batean, pintore gazteek erakusketa ofizialen hertsikeriatik ihesi urtero antolatzen zuten Independenteen Aretoan. Bertan Une soirée au carnaval (Inauteri gaua) margolana agertu zuen.
Bere lehen lanak etorkizun handiko margolaria zela erakutsi bazuen ere, Rosseauren lana oharkabean joan zen hurrengo zazpi urteetan, behin eta berriz barregarri uzten saiatzen ziren kritikari batzuentzat izan ezik. Artean pintore amateurra zen, eta pintatzen, zerga bulegoan lan egiten eta familiaren artean banatzen zuen denbora.
1888an emaztea hil zitzaion, eta urte gutxiren barruan familia osoa galdu zuen, alaba bat izan ezik, ahaideekin utzi zuena. Urte gogor haietan ordea, inoiz baino margolan gehiago egin zuen. Eta orduan Rousseauren bizitzan garrantzi handia izan zuen gauza bat gertatu zen Parisen: 1889ko Erakusketa Unibertsala. Han ikusitakoak sekulako zirrara egin zion, eta bere hurrengo lanak erakusketan ezagutu ahal izan zituen paisaje exotikoetan -Senegal, Tonkin, Tahiti eta abar- inspiratu ziren. Izan ere, bere garaiko margolari inpresionistak bezala, Rousseauk ere landa ikuspegi asko egin baitzuen. Garai hartako bere lanik apaigarriena bere buruaren erretratu bat da: Moi-même, Portrait-paysage (Neroni: paisaje-erretratua, 1890, Arte Modernoko Museoa, Praga). Lehen planoan zutik azaltzen da bera, eskuan margoen paleta duela, Parisko ikuspegi batez inguratua (itsasontzi bat ibaian, zubi bat eta etxeak).
1893an zerga bulegoko lana utzi zuen, buru-belarri margotzen hasteko. Handik gutxira Alfred Jarry ezagutu zuen, Lavalgoa hura ere, idazle gazte inkonformista bat, surrealismoaren aitzindarietako bat izango zena. Jarry xundituta zegoen margolari autodidaktaren lanarekin, eta Le Mercure de France abangoardiako aldizkariaren inguruko intelektual talde bat aurkeztu zion. Hain zuzen ere, aldizkari horretan argitaratu zen lehenengo aldiz Rousseauren lanari buruzko laudoriozko artikulu bat, haren La Guerre (Gerra, 1894, Louvre, Paris) lanaren gainean. Gerrari buruzko alegoria bat zen. Lan harekin landa ikuspegien margolari xume bat baino zerbait gehiago zela erakutsi zuen, eta handik aurrera benetako margolaritzat ezagutu zuten.
Garai hartako margolan inportanteena, baina, Le Gitan endormi (Ijitoa lokartua, 1897, Arte Modernoko Museoa, New York) du: emakume bat basamortuan lotan, ilargiaren argitan, mandolina eta pitxar bat alboan dituela, eta lehoi handi bat ondoan zutik. Margolan hori izan zen ametsezko munduak sortzeko zuen gaitasunaren lehen erakusgarria. Teknikari dagokionez, oso margolan primitiboa da: emakumea zurrun datza lurrean, bere makilari helduta, haur baten irribarrea aurpegian. Bere soineko barratuaren marrak eta lehoiaren adatseko ileak banakotasunez, xaloki baina apaingarriro, ia abstraktutasunez, eginak daude. Nolanahi dela ere, adierazkortasun handiko lana da. Ijitoaren irribarrea, lehoiaren begirada finkoa, naturaz gaindiko paisaje mortua, eta lehoiaren isats mutur tenteak, bakea eta arriskua adierazten dute aldi berean, misterioa eta fantasia, adierazkortasun handiko eta lilura xarmagarriko halako giro sorgindu bat sortuz.
Garai hartan Rousseauk uste osoa zuen bere lanean, eta pintore handitzat zeukan bere burua. Bere lanek akademia margolarien trebetasun teknikoa falta zutela ez ohartzeaz gainera, akademia pintoreenak bezalatsukoak zirela ustea zuen. Margolaritza ofizialaren onespenaren zain zegoen oraindik, nahiz eta haren lana abangoardiako pintore gazteek baizik ez zuten aintzat hartzen. Gazte horien artean Robert Delaunay (1885-1941) eta Pablo Picasso (1881-1973) margolariak zeuden, eta Guillaume Apollinaire (1880-1918) idazlea, zeinak asko miresten baitzuen haren izaera xaloa eta aldi berean harroa.
1905eko Salon d'automne erakusketan (erakusketa erdi-ofiziala, pintore akademizisten artean izan zen haustura batetik sortua) parte hartzera gonbidatu zuten. Le Lion ayant faim (Lehoi gosetia, bilduma pribatua, Suitza) aurkeztu zuen eta orduko pintore ezagunenen lanak eskegi zituzten gela berean ipini zuten. Rousseauri lagun egin zioten pintore horiek margolaritza joera berri baten sortzaileak ziren, fauvistak, hain zuzen: Henri Matisse, André Derain eta Maurice de Vlaminck. Pintore horien lanek, kolore garbikoak eta ohiko errealismorik gabeak izanik, bazuten antzik Rousseaurenarekin. Eta, halako batean, hari buruz hitz egiten hasi ziren kritikariak. Orduko artelanen salerosle nagusia zen Ambroise Vollardek haren zenbait lan erosi zituen. Hala, Rousseau pertsona ezaguna egin zen pixkanaka abangoardiako artisten eta intelektualen artean, eta 1908an Picassok bazkari bat antolatu zuen bere estudioan haren omenez. Han izan ziren garai hartako artista eta kritikari onentsuenak.
Lehoi gosetiaren arrakastaren ondoren, paisaje exotikoak egiten segitu zuen, eta bere ikusmolde primitiboaz estilo bere bereki bat erdietsi zuen gisa horretako eszenetan. Landare mota asko, exotikoak, margotu zituen, xehetasun guztiekin. Landare multzo trinkoaren erdian kolore askotako txoriak hegaka eta animalia misteriotsuak ageri dira ikusleari begira-begira. Sarritan gertaera trajikoren bat jartzen zuen erdian -Lehoia ehizari erasoka, adibidez-, bera hain zale zen garai hartako margolaritza tradizio akademikoaren kontaketa historiko eta dramatiko handiosoaren arabera.
1910ean, hil baino pixka bat lehenago, oihanaren margolan horietako hoberena egin zuen, Le Rêve (Ametsa, Arte Modernoko Museoa, New York): emakume bat biluzik, felpazko viktoriar sofa gorri batean erdi etzanda, oihan sarri-sarri baten erdian; era askotako landareak eta zuhaitzak, marrazki zehatzekoak, koadro guztia beteaz, eta lore erraldoiak emakumearen buruaren jiran; kolore biziko hegazti exotikoak, eta bi lehoi eta elefante bat landare artean kirika; eta lehoien atzean musikari beltz bat flauta jotzen. Margolan honek, Rousseauren gaitasun deskriptibo eta adierazkorraren erakusgarri izateaz gainera, bere irudimen ahaltsu eta berezia ere agerrarazten du.
Rousseau 1910eko irailaren 2an hil zen, Parisen. Haren lanak arrasto sakona utzi zuen, naif margolarien artean ez ezik, ondoko margolaritza joera askotan.
Irudi galeria
aldatu-
Inauteri gaua, 1886
-
Autoerretratua, 1890 aldean.
-
Lehoi gosetia antilopearen gainera oldartuta, 1905
-
Suge liluratzailea, 1907
-
Tigrea eta bufaloa borrokan, 1908
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2012/10/10 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Henri Rousseau |