Higanota (frantsesez: huguenot) XVI. eta XVII. mendeetan Frantziako Eliza Erreformatu Protestanteko kideak izendatzeko hitza da. XVII. mendeaz geroztik, protestante deitu ohi zaie.

Higanotak Kalbinen jarraitzaileak ziren.

Higanoten ideien zabaltzeak eta berauek zapaltzeko ahaleginek 1562 eta 1598 urteen artean Europa osoan erlijio gerrak eragin zituzten, eta Frantzia osoan eta Ipar Euskal Herrian nabarmena izan zen higanoten kontrako erasoa.

Etimologia

aldatu

Higanot hitzaren jatorria ez da argia eta oraindik ere eztabaidak sortzen ditu adituen artean. Frantziako erlijio gerrak hasi aurretik agertua zen, luterano edo erreformista hitzen aldaera gaitzesgarri gisa.

Garai hartako Étienne Pasquier historialariaren arabera, huguon edo huguet izpiritu gaiztoaren izenetik eratorria zen, higanotek errituak gauez egiten zituztela eta iluntasuna gurtzen zutela argudiatzen baitzen (dena den, protestantismoa jazarria izanki, ez da hain bitxia fede horretakoak gauaren ilunean bildu izana).

H. G. Koenigsberger historialari modernoaren arabera, hitzaren jatorria alemanezko Eidgenossen (konfederatu) hitzetik dator, higanot askok Suitzako konfederazioaren babesa baitzuten.

Azkenik, eta aurrekoak alde batera utzi gabe, Hugo edo Hugues izenetik eratorria dela uste dute zenbaitek. Hugues Besançon suitzarrari edo Hugo Kapetarrari erreferentzia egiten dio, agian.

Historia

aldatu

Erreformaren hedapena Frantzian eta Nafarroan

aldatu

1517an Luterok Alemanian proposaturiko Erreforma XVI. mendean Europa osoan azkar hedatu zen, eta 1525ean protestanteak erretzen hasi ziren Frantzian. Erreformaren sustatzaile nagusia Joan Kalbino zen, eta haren jarraitzaileei kalbinista deitu zitzaien, higanot edo frantsesezko huguenot izen baztertzailea erabiltzen ez zenean.

 
Anne du Bourg higanotaren exekuzioa 1559an.

Frantzian gogorra zen Erreformaren kontrako jarrera. Frantzisko I.a ez zen berez haren aurkari sutsua, baina katolikoek botere handia zutenez, ezin zuen jazarpena geldiarazi. Eraso nagusia 1534an hasi zen, eta erreformazale askok, Joan Kalbin tartean, ihes egin behar izan zuten: errepresioa zela eta, Suitzara edo Nafarroara, babes bila.

Erreformistek zenbait nobleren babesari esker iraun zuten: Nafarroan Margarita zen agintean, eta ez zituen begi txarrez ikusten erreformistak. 1547an Franzisko I.a hil ondoren, haren seme Henrike II.a Frantziakoa boterera heldu zen, eta haren heriotzak, 1559an, Frantzisko II.a ezarri zuen boterean. Errege horren agintaldi laburrean, higanoten kontrako jazarpena estutu zen. 1561ean erregea hildakoan, tentsioak baretzeko, protestanteak legez onartu ziren, baina horrek higanoten kontrako nobleen haserrea piztea ekarri zuen.

Erlijio-gerrak

aldatu
 
San Bartolomeko sarraskia, François Duboisen margolana.
Sakontzeko, irakurri: «Frantziako Erlijio Gerrak»

1562an Frantzian erlijio gerrak hasi ziren nobleziaren bi alderdiren artean, higanoten aldekoak eta katolikoen aldekoak. Borboiko etxea zen higanoten aldeko indar nagusia, eta Guise leinua, katolikoen aldekoa. Wassyko sarraskiak eman zion hasiera, eta hurrengo 30 urteetan higanoten kontrako erasoak etengabekoak izan ziren.

Karlos IX.ak (Frantzisko II.aren ondorengoa, Hernike II.aren semea) 1572an higanoten hilketa egiteko agindu zuen, eta San Bartolome gaueko sarraskia bideratu zuen: hilabete iraun zuten eta milaka protestante hil zituzten Parisen eta beste hirietan. Sarraskia piztu zuen elementu bat Nafarroako Henrike eta Frantziako Margaritaren arteko ezkontza izan zen, Parisen higanot nabarmen ugari bildu baitzituen ezteiak.

Gerrak 1598 arte iraun zuen; urte hartan, Henrike III.a Nafoarroak eta IV.a Frantziakoak Nantesko Ediktua izenpetu zuen, eta higanotei askatasun politikoa eta erlijiosoa eman zien. Horrek gerra bukatu eta jazarpen politikoa geldiarazi bazuen ere, protestanteek ez zuten gorroto nabariaren kontrako babes handirik jaso, eta hurrengo urteetan askok Frantziatik ihes egin zuten.

XVII eta XVIII. mendeetako jazarpenak

aldatu

XVII. mendean berriro izan ziren istiluak higanoten eta katolikoen artean, eta zenbait hitzarmen izenpetu zituzten. 1685ean Luis XIV.a Frantziakoak Nantesko Ediktua indargabetu zuen, eta higanotak erlijio katolikoan sartzera behartu zituen. Berriro koroak estuturik, higanot askok ihes egin behar izan zuten. Gehienak inguruko herrialde protestanteetan babestu ziren.

1787an berriro eskuratu zituzten protestanteek beren eskubide guztiak, eta 1789an Frantziako Biltzar Nazionalak erlijio askatasuna ezarri zuen.

Errege higanotak Nafarroan

aldatu

Joana III.a

aldatu
 
Joana III.ak protestantismoa ofizial egin zuen Nafarroan.

Protestantismoak babesa zuen Nafarroan Joana III.aren agintalditik, 1560an kalbindar sinesmena publikoki aitortu baitzuen. Erlijio gerran zehar, 1571n, protestantismoa sinesmen ofizial bihurtu zuen bere lurretan[1], eta higanoten bandoa babestu.

Protestantismoaren filosofiari jarraituz, Biblia herritarren hizkuntzetara itzultzeko biartekoak ezarri zituen: horrel, haren aginduz euskarara eta gaskoiera itzuli zen. 1563an Joannes Leizarraga artzain kalbindarrari eman zion Biblia euskarara itzultzeko agindua: handik 8 urtera, 1571n, Jesus Krist Gure Jaunaren Testamentu Berria, lehen euskarazko Biblia, inprimatu zen.

Joana III.ak kalbinismoan hezi zituen seme-alabak, baina ez zion bake bideari aterik itxi. Erlijio gerra apaltzeko xedez, bere seme Hernike III.a eta Margaritaren arteko ezkontza bultzatu zuen, nahiz eta emaztegaia katolikoa izan. Ezkontza egin zen arren, ez zuen bakerik ekarri, ezkontza egunean bilduriko gonbidatu higanoten kontra izan baitzen, hain zuzen ere, San Bartolome gaueko sarraskia.

Henrike III.a

aldatu
 
Henrike III.a Nafarroakoak protestantismoa utzi eta katolizismora bihurtu behar izan zuen Frantziako errege izatekotan.

Protestantea zen 1572an Henrike III.a Nafarroako errege bihurtu zenean. Gaztetatik higanoten bandoan aritu zen borrokan, taldeko buruetako bat izanik (15 urterekin ofizialki izendatu zuten alderdiko buruzagi)[2].

Karlos IX.aren anaia Henrike III.a hil zutenean, ondorengotza gerra piztu zen, 1589tik 1594 arte iraun zuena. Henrike III.a Frantziakoak ez zuen ondorengo zuzenik (Frantzisko I.aren azken semea zen, gainera), eta legez Henrike III.a Nafarroakoari zegokion erregetza. Errege nafarra protestantea zen, ordea, eta katolikoak izendapenari kontra egin zioten eta gerra piztu. Henrikek arerioak militarki garaitu, Espainiaren inbasio bati aurre egin eta erlijio katolikora bihurtu behar izan zuen koroa eskuratzeko. 1594an Henrike III.a Nafarroakoa eta Frantziako IV.a bihurtu zen ofizialki[2].

Famatua bihurtu da kalbinismoa baztertu eta katolizismoa besarkatzeko zeremoniara zihoala bota omen zuen erranaldia: Paris vaut bien une messe ("Parisek egiaz meza bat merezi du")[3][4].

Henrike izan zen Nanteseko Ediktuaren bidez higanoten kontrako jazarpena geldiarazi eta erlijio gerrak bukatu zituena.

Higanotak gaur egun

aldatu

Gaur egun milioi bat protestante inguru bizi dira Frantzian, biztanleen % 2 inguru, nahiz eta guztiek ez duten beren burua kalbinistatzat. Beste herrialdeetan ere badira jazarpenari ihes eginikoen ondorengoak.

Erreferentziak

aldatu
  1. «Joana III.a Nafarroakoa - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2019-11-17).
  2. a b «Enrike III.a Nafarroakoa eta IV.a Frantziakoa - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2019-11-17).
  3. (Frantsesez) «Dépôt légal du ministère de la Culture - Ministère de la Culture» www.culture.gouv.fr (Noiz kontsultatua: 2019-11-17).
  4. (Frantsesez) Delorme, Philippe. « PARIS VAUT BIEN UNE MESSE » HENRI IV, 1593. (Noiz kontsultatua: 2019-11-18).[Betiko hautsitako esteka]

Ikus, gainera

aldatu
  NODES
Idea 2
idea 2
Note 15