Hipnosia kontzientziaren egoera berezia da, artifizialki eragina, erlaxazio sakon batekin eta aparteko sugestionagarritasunarekin agertzen dena [1]. Herri-irudipenak lo egoera batekin lotu badu ere, hipnosiak ez du zerikusirik lo fisiologikoarekin [2].

Photographic Studies in Hypnosis, Abnormal Psychology (1938). Emakume gazte baten hipnosi prozesua erakusten da.

Prozedura mekanikoak, fisikoak edo psikikoak –sugestioak– erabiliz beste batengan sortzen da egoera hipnotikoa. Nerbio sistemaren gain eragina duten zenbait eragileren ondorio da. Hipnotizatua dagoen pertsona oso sugestionagarria da eta hipnotizatzailearen aginduak betetzen ditu, bere kode moralaren aurka joaten ez baldin badira (hipnotizatuak ez baitu guztiz galtzen bere buruaren kontrola).

Hipnosian hiru fase bereizten dira:

  • Egoera hipnoidea edo hipnosiaren 1. gradua: hipnotizaturik dagoen pertsonak bere gorputza oso astuna sentitzen du, eta nekez irekitzen ditu begiak. Oso erlaxatuta dago eta esna dagoenean baino sentikorragoa da sugestioekiko.
  • Tarteko maila edo hipnosiaren 2. gradua: egoera horretan hipnotizatua sugestionagarriagoa bihurtzen da. Erlaxazio sakona du. Hipnosian hitz egin dezake trantzetik atera gabe. Elektroentzefalogramako erregistro batek alfa uhinak erakutsiko lituzke.
  • Hipnosi sakona edo 3. gradua: hipnotizaturik dagoen pertsonak ez du harremanik kanpoko munduarekin eta hipnotizatzailearekin bakarrik dago harremanetan. Gorputz osoa oso astuna da. Hipnotizatuak begiak ireki ditzake trantzetik atera gabe, eta mota guztietako haluzinazioak (bisualak, entzumenezkoak edo usaintsuak) eragin dakizkioke [3]. Elektroentzefalogramako erregistro batek theta uhinak erakutsiko ditu [4]. Analgesia hipnotikoa ere fase honetan lor daiteke. Hirugarren graduan izaten dira baldintzarik egokienak pertsona horrengan portaera eta nortasun aldaketak eragiteko.

Hipnosi sakona egoeratik irten ondoren pertsona asko ez dira hipnotizatua egon diren bitartean gertatuaz gogoratzen, amnesia post-hipnotikoa agertzen baita. Hipnosia sarritan erabili izan da nerbio sistemaren eritasunak (histeria, obsesio egoerak, etab.) eta toxikomaniak (alkoholismoa adibidez) sendatzeko [5]. Psikoterapian ere sarritan erabiltzen da gaixoak ahaztuak dituen edo arbuiatzen dituen bere bizitzako zenbait gertaera edo pasadizo traumatikoak gogorarazteko. Gaitz psikosomatikoen tratamenduan, azkenik, tresna oso baliotsua da eta arrakasta handiz aplikatu dute psikiatrek zein sendagileek.

Hipnosiaren inguruko teoria asko fenomenoaren deskribapena burmuinaren aktibitatearen bitartez azaltzen saiatzen dira. Beste batzuk aldiz, esperientzia fenomenologikoetan zentratzen dira.

Historia

aldatu

Antzinako Egipton, eta baita Grezian ere, "loaren tenpluak" deitutakoak egon ziren, non apaizek hipnosia edo antzeko teknikak erabiltzen zituzten helburu terapeutikoekin. Izan ere, Imhotepen tenpluan hipnosi bezalako prozedurak praktikatzen dituzten pertsonak agertzen dira hainbat hieroglifikotan [6].

Baina hipnosiaren aro modernoa XVIII. mendean hasten da, Franz Mesmer (1734-1815) sendagile alemaniarrak bere "animalien magnetismoa"ren teoria asmatu zuenean. Funtsean, Mesmerrek gizakiok magnetismo fisikoaren antzeko energia bat dugula defendatzen zuen, pertsonen artean transmititu zitekeena eta ezaugari terapeutikoak izango zituena. Imanak erabiliz, eta baita bere gorputzeko ustezko "magnetismoa", Mesmerrek sendaketa ikusgarri batzuk lortu zituen [7]. Bere saioetan, haren bezeroak krisi ikusgarrietan erortzen ziren sarritan, krisi histerikoen parekoak, sendatu baino lehen.

1784an, Frantziako Luis XVI erregeak eskatuta (Mesmerrek Parisen lan egiten baitzuen), ikerketa batzorde bat "animalien magnetismoa" existitzen ote zen ikertzen hasi zen. Batzordeko kideek Mesmerren emaitza batzuk egiazkoak zirela ondorioztatu zuten, baina plazeboz egindako esperimentuetan antzeko fenomenoak sortzen zirela ere azpimarratuz. Batzordeak "magnetismo" berezirik ez zegoela baieztatu zuen, eta Mesmerren emaitzak pazienteen irudimena eta sinesmenaren ondorioak zirela (sugestioaren ondorioa, esango genuke gaur) berretsi zuen.

Mesmerrek jarraitzaile asko izan zituen. Horietako batek, Puysegur markesak, nekazari gazte bat "magnetizatu" zuen 1784an, eta gaztea lo sakon batean sartzen zela ikusi. Lotan zegoela gaztea mugitzeko eta hitz egiteko gai zenez, Puysegur markesak "sonambulismo magnetiko" bat gertatu zela ondorioztatu zuen [8]. Magnetismora jo gabe, gaur egun nekazari gaztea hipnosi sakonean sartu zela sugestioaren ondorioz esango genuke.

 
Charcotek hipnosia erabili zuen histeriaren sintomak tratatzeko. "Iconographie photographique de la Salpêtrière"-ren irudiak (Jean Martin Charcot, 1878).

1843an James Braid zirujau eskoziarrak hipnosi hitza erabili zuen lehenbizikoz [9]. Braid garai hartako magnetizatzaile baten (La Fontaine) saio batera joan zen, eta harrituta geratu zen pertsona batzuk "sonambulismo magnetikoan" sartzen zirela ikusterakoan. Ustezko magnetismo horretan sinisten ez zuenez, Braidek sonambulismoaren arrazoia beste bat izango zela susmatu zuen, eta saio batzuk burutu zituen bere kasa etxekoekin.

Zirujau eskoziarrak hipnosiari buruzko lehenengo hipotesi arrazionala proposatu zuen. Bera konturatu zen pertsona batek arreta osoa objektu distiratsu batean jartzen baldin bazuen, horrek begien nekea eta kontzientziaren nolabaiteko ahultze iragankor bat eragiten zuela. Bere hitzetan: "Begiradaren finkapen iraunkorrak objektu batean begien nerbio-zentroak eta haien inguruko guneak geldiarazten ditu, nerbio-sistemaren oreka suntsituz, fenomenoa (egoera hipnotikoa) eragiten duena" [10].

XIX. mendearen erdialdean beste zirujau eskoziar batek, James Esdailek, hamaika ebakuntza egin zituen Kalkutan "sonambulismo magnetikoa" erabiliz. Esdailek anestesia hipnotikoa eragiten zuen bere gaixoengan, laguntza handikoa zena ebakuntzak egin ahal izateko (garai hartan kloroformoa eta anestesia kimikoa ez baitziren ezagutzen) [11] [12]. Anestesia hipnotikoari atal bat eskainiko dio artikulu honek aurrerago

Hortik aurrera, eta Braid-i esker irudi magikorik gabe, beste zientzialari batzuk hipnosiaz interesatu ziren. Bi mediku frantziar ospetsuk, Bernheim-ek eta Liébeault-ek, "Nancy-ko eskola" sortu zuten, funtsean hipnosiaren atzean sugestioa eta beste elementu psikologiko batzuk daudela defendatzen zuena. Braid-ek egoera hipnotikoa prozesu fisiologiko baten emaitza zela esaten zuen bitartean, Bernheim-ek eta Liébeault-ek prozesu psikologiko baten ondorioa zela baieztatzen zuten. "Loaren sugestio errepikatuak loa eragiten du", Liébeault-en esanetan [13].

Jean-Martin Charcot (1825-1893) neurologo frantziarrak hipnosiari ikuspegi fisiologiko hutsa eman zion. Parisko La Salpêtrière ospitale ospetsuan emakume histerikoekin lan egin zuen Charcotek, eta hipnosiaren bidez histerikoek zituzten patologia psikosomatiko batzuk sendatzeko gai izan zen. Charcotek uste zuen gaixo histerikoak soilik hipnotizatu zitezkeela (akats larria) eta krisi histerikoa eta egoera hipnotikoa antzeko gauzak zirela (okerra hau ere) [14]. Hala ere, hipnosiaren erabilera terapeutikoan aitzindaria izan zen Charcot, eta lehenengo aldiz hipnosia ospitaletan eta unibertsitatean sartu zuen neurologo frantziar ospetsuak (1878-1884).

Ikasle asko izan zituen Charcotek. Besteak beste, Sigmund Freud psikiatra austriarra, psikoanalisiaren sortzailea. La Salpêtrièren ikusi zituen Freudek hipnosiaren ahalmenak, eta geroago Josef Breuer neurologoarekin prozedura hipnotikoetan sakondu zuen. Breuerrek eta Freudek hipnosia erabili zuten, arrakasta handiz, gaixo neurotikoen sintomak ezabatzeko, memoria traumatikoak berreskuratuz erregresio hipnotikoaren bidez. Prozesu horri "metodo katartikoa" deitu zioten [15]. Hala ere, Freudek hipnosia baztertu zuen geroago gaixo neurotikoak artatzeko, bere ustez teknika hipnotikoak egokiak ez zirelako terapia analitiko sakon baterako; horrek psikoanalisia asmatzera eraman zuen [16].

XX. mendean zehar asko izan dira hipnosia ikertu eta bere potentzialtasunetan interesa agertu duten psikiatra, psikologo, mediku eta ikertzaileak. Ezagunenak aipatzeagatik, Pierre Janet psikologoa, Ivan Petrovich Pávlov neurofisiologo ospetsua, Milton H. Erickson estatubatuarra –jarraitzaile asko dituena gaur egun, eta American Society of Clinical Hypnosis erakunde prestigiotsuaren sortzailea–, Alfonso Caycedo psikiatra –hipnosia eta fenomeno hipnotikoak sofrologia izeneko zientzia berri batean sartu zituena–, eta abar luze bat.

Azkenik, aipatu behar da XX. mendeko bigarren erdian hipnosia mundu osoko fakultate eta unibertsitateetan ikasgai gisa sartu zela. APA ospetsuak (American Psychiatric Association) hipnosiari duen balio terapeutikoa aitortzen dio, eta gaur egun American Psychological Association-en atal batek bere ikerketan jarduten du [17]. Mundu osoan hamaika dira hipnosia ikergai duten erakunde zientifikoak: British Medical Association, American Medical Association, American Institute of Hypnosis, American Society of Clinical Hypnosis, International Hypnosis Research Institute, etab.

Hipnosiaren psikofisiologia

aldatu
 
Theta uhinak, elektroentzefalogramaren bidez erregistratuak.

Egoera hipnotikoak ez du zerikusirik lo fisiologikoarekin, ikuspuntu psikologiko zein fisiologikoaren aldetik. Loan subjektuak konexio guztiak apurtzen ditu inguruarekin, eta bere mundu propioan (eta ametsen munduan) murgiltzen da. Hipnosian, aldiz, subjektuak ez du harremana hausten inguratzen duenarekin: hipnosi sakonean ere, hipnotizatua hipnotizatzailearen bidez kontaktuan dago beti kanpoko errealitatearekin. Horrez gain, gauza jakina da hipnosipean erreflexu errotulianoa badagoela, eta lo fisiologikoan ez.

Hipnosipean dauden gizabanakoen burmuinen jarduera ikertu da, eta ikerketa horrek agerian jarri du fisiologia ezberdina dela egoera hipnotikoan edo lo fisiologikoan. Esaterako, burmuinak lau uhin mota sortzen ditu, elektroentzefalogramaren bidez erregistratzen direnak: alfa uhinak (8-13 ziklo/segundoko), erlaxazio-egoeretan agertzen direnak, begiak itxita; beta uhinak (13-30 ziklo/segundoko), esna gaudenean gure eguneko ohiko egoeran agertzen direnak; theta uhinak (4-8 ziklo/segundoko), logura fasean agertzen direnak; eta delta uhinak (0,1-4 ziklo/segundoko), lo fisiologikoan sortzen direnak [18]. Bada, hipnosi sakonean theta uhinak dira nagusi (hipnosiaren 1. graduan alfa uhinak), eta ez lo fisiologikoari dagozkion deltak.

Hipnosiaren neurofisiologia ulertzen saiatu zen lehenengo zientzialaria Pavlov Nobel sariduna izan zen. Bere ustez, estimulu monotono baten errepikapenak (estimulu fisikoa edo psikologikoa -sugestioa, adibidez-) burmuinaren alde kortikalaren inhibizioa eragiten du, fenomeno hipnotikoa agertuz. Pavlovek animaliekin egindako esperimentuetan oinarritu zuen bere hipotesia [19] [20] (nahiz eta animalien hipnosia eta giza hipnosia oso ezberdinak izan).

Jakina denez, burmuinaren aurrealdeko eremu kortikala kontzientzia eta pentsamendu analitikoaren egoitza da. Eremu horren inhibizioak funtzio analitikoaren itzalaldia dakar, eta horrek areagotzen du hipnotizatuaren hipersugestionagarritasuna.

Hipnosiaren neuroirudiek burmuineko patroi ugari agerian jarri dute, patroi bakar baten ordez. Hori azal daiteke sugestio desberdinek burmuinaren arlo ezberdinetan eragina dutelako [21].

Esaterako, ikerketa batek frogatu du hipnosian dauden subjektuei emandako kolore-haluzinazioko sugestio batek azal okzipitalaren kolore-prozesamenduko eremuak aktibatu zituela [22]

Erresonantzia magnetiko funtzionalarekin egindako ikerketa batzuetan aurkitu zen subjektu oso hipnotizagarrietan, egoera hipnotikoan, aurreko kortex zingulatuan, erdialdeko eta goiko aldebiko bira frontalean eta ezkerreko erdiko bira frontalean aktibitatea murrizten zela. Behatutakoa bezalako jardueraren murrizketa arreta-lanak egiterakoan baino ez da gertatzen, baina kasu hauetan hori gertatzen da beste eremu batzuetako jardueraren hazkundearekin, hipnosian gertatzen ez dena [23] [24].

Sugestioa

aldatu

Sugestioa da, zalantzarik gabe, tresnarik eraginkorrena egoera hipnotikoa subjektu batean eragiteko. Estimulu fisikoen garrantzia gutxietsi gabe (ikusmen, entzumen edo ukimen estimuluak, adibidez) hipnosia sortzeko prozesuan, sugestioa da burmuineko eremu espezifikoetara hobekien iristen den estimulua, fenomeno hipnotikoa eragiteko egokiena.

Sugestioaren erabilerak, hain zuzen, animalien hipnosia eta giza hipnosia bereizten ditu. Animalien hipnosia eragiteko nerbio-sistema blokeatzen duten estimulu fisikoak erabiltzen dira, animalia egoera kataleptiko edo letargiko batean sartzen dutenak [25] [26]. Hitzaren ahalmenak, bistan da, giza hipnosian besterik ezin dira aplikatu. Hitzaren bitartez, hipnotizatzaileak aldaketa fisiologikoak zein psikologikoak eragin ditzake sugestionagarria den subjektu batengan.

G.R. Rager kardiologo frantziarrak, hipnosian eta sofrologian adituak, honela definitzen du sugestioa [27]: "Sugestioa prozesu psikologiko bat da, zeinaren bidez ideia bat onartzen dugun, horretarako inolako arrazoi logikorik egon gabe" ... "subjektu bati eskaintzen zaion ideia da sugestioa, modu ez kritikoan onar dezan". Era berean, sugestionagarritasuna zenbait subjektuk erresistentzia psikologikorik eskaini gabe sugestioa onartzeko duten gaitasuna da. Esan gabe doa subjektu sugestionagarriak direla errazen hipnotizatzen direnak.

Sugestioa beti gizabanakoaren subkontzientera zuzenduta dago eta alde kontzienteak zenbat eta gutxiago esku hartu sugestio prozesuan, orduan eta eraginkorragoa izango da sugestioa.

Emile Coué psikologo frantziarrak bere izena daraman printzipio psikologikoa formulatu zuen XX. mendearen hasieran: "Gizabanako batek bere arreta osoa ideia batean kontzentratzen duenean, ideia horrek gauzatzeko joera du" [28].

Hipnotizatzaile trebe batek sugestio egokiak erabiliko ditu egoera hipnotikoa subjektu sentikor eta sugestionagarri batengan eragiteko.

Hipnosiarekiko sentikortasuna

aldatu

Hipnosiarekiko sentikortasuna oso aldakorra da populazio batean. Gizabanako batzuk egoera hipnotikoan erraz sartzen diren bitartean, beste batzuk hipnotizatzea lan nekeza da.

Oinarri zientifiko handirik ez duten hainbat hipnosi-libururen arabera hipnosiarekiko sentikortasuna gorputzaren edo aurpegiaren itxuran islatzen da. Gizabanako argalak eta aurpegi triangeluarrekoak, adibidez, erraz hipnotizatuko lirateke. Egia esan, hipnosiarekiko sentsibilitatea faktore psikologikoen mende dago, ez faktore morfologikoen mende eta, batez ere, subjektuaren sugestionagarritasun-mailaren menpe dago sentikortasun hori.

Ohikoa da saio hipnotikoa egin aurretik medikuak edo terapeutak proba batzuk egitea hipnotizatu behar duen pertsonaren sugestionagarritasun-maila ezagutzeko [29]. Psikiatrek eta psikologoek asko erabiltzen dute eskala standard bat, Stanfordeko sentikortasun hipnotikoaren eskala, hain zuzen [30]. Hamabi itemek osatzen dute Stanfordeko eskala.

 
Hipnodiskoa erabiltzen dute terapeuta batzuek egoera hipnotikoa eragiteko.

Ausaz hartutako populazio batean, oso erraz hipnotizatzen diren gizabanakoak daude, eta baita hipnosiarekiko guztiz erresistenteak direnak. Jagot-ek [31] dio gizabanakoen %20a oso erraz hipnotizatzen direla, %60a egoera hipnotikoan ahalegin gutxiago edo gehiagorekin sartzen direla, eta beste %20 bat oso erresistentea dela hipnosiarekiko eta nekez hipnotiza daitekeela. Antzeko ehunekoak erabiltzen dituzte gaian adituak diren beste egile batzuek [32].

Zer esanik ez dago saio hipnotikoa arrakastatsua izan dadin guztiz beharrezkoa dela hipnotizatuaren kooperazioa. Bere gogoaren aurka inork ezin du hipnotizatua izan. Hain zuzen, hipnotizatuak izateko motibazio eta gogo gehien dutenak (terapia bat burutzeko, adibidez) dira hipnosian errazen sartzen direnak [33].

Charcoten eta Freuden garaietatik badakigu pertsona histerikoak eta neurotiko mota batzuk oso sugestionagarriak direla eta, beraz, erraz hipnotizatzen direla.

Tipologia psikologikoaren arabera, hauek dira egoera hipnotikoan errazago sartzen direnak:

  • hipnotizatuak izateko motibazio handia dutenak;
  • irudimen eta fantasia handiko gizabanakoak, esna amets egiteko joera dutenak [34];
  • erraz txunditzen direnak;
  • nortasun disoziatiboa edota estres postraumatikoa dutenak [35] [36];
  • pertsona otzanak eta obeditzeko oso ohituta daudenak (soldaduak, adibidez) [37].

Bestalde, kontuan hartu behar da saio hipnotiko baten arrakasta, hein handi batean, hipnotizatzailearen eta hipnotizatuaren artean ezartzen den harremanaren araberakoa dela. Hipnosi klinikoan edo medikoan, esaterako, medikuaren eta gaixoaren arteko harremana, "aliantza terapeutikoa", oso garrantzitsua da, haien arteko lotura. Hipnotizatzaileak hipnotizatuan itxaropen handia eta inpresio ona sortzea lortzen badu, hau askoz sentikorragoa izango da haren eragina hipnotikoarekiko.

Batzuetan saio hipnotikoak porrot egiten du subjektuak duen erresistentzia inkontzienteagatik. Oso aldeko eta motibatua izan arren, beldurrak edo beste faktore inkontziente batzuek ezkutuko erresistentzia hori sor dezakete subjektuarengan, eta halakoetan hipnosi lortzea oso nekeza da.

Hipnosiaren egiak eta gezurrak

aldatu
 
Antzokiko hipnotizatzailea. Hipnosia ikuskizuna egiteko erabiltzen da sarritan, egoera komikoak eragiteko. Honek desitxuratu egiten du bere irudia, eta kalte egiten die fenomeno hipnotikoa modu zientifikoan ikertu nahi duten erakundeei.

Hipnosiaren irudi oso desitxuratua du kaleko jendeak, hipnotismoaz dakiena ez baitator aldizkari mediku edo zientifikoetatik, pelikuletatik, literaturatik edo antzokiko ikuskizunetatik baizik. Horrenbestez, mito anitz eta kontzeptu oker asko kaleratu dira hipnosiaz. Jarraian horietako batzuk aztertzen dira.

  • "Ez dut hipnotizatua izan nahi, ez esnatzeko beldur naizelako".

Gezurra da, ezinezkoa baita egoera hipnotikotik atera ahal ez izatea. Hipnotizatzailea joango balitz eta hipnotizatua bakarrik utziko balu, hau berez "esnatuko" litzateke minutu edo –asko jota– ordu batzuren buruan, baita hipnosi sakonarekin ere [38].

  • "Hipnosipean, subjektuak hipnotizatzailearen agindu guztiak obeditzen ditu, bere borondatea ezabatuta dagoelako".

Gezurra da, hipnotizatuak ez baititu aginduak jasotzen, sugestioak baizik. Hipnosi sakonean ere hipnotizatuak ez ditu inoiz bere borondatea eta kontrola galtzen, eta ez du inoiz obedituko bere kode moralaren aurka emandako sugestioak.

  • "Hipnosia ez da zientifikoa. Praktikatzen dutenak iruzurtiak dira, antzokiko ikuskizunak egiten dituzten sasi magoak edo dirua eskuratu nahi duten petrikiloak".

Gezurra da. Egia bada ere antzokiko hipnotizatzaileek hipnosiaren azaleko irudi okerra ematen dutela, hipnosiak aplikazio praktiko asko ditu psikologian eta medikuntzan, gero aztertuko denez. Hamaika dira munduan zehar, bereziki herrialde aurreratuenetan, hipnosia ikuspuntu zientifiko batetik ikertzen duten erakundeak eta unibertsitateak [39]. Zientzialari ospetsu askok (Charcotek, Pavlov-ek, Freudek, Ericksonek…) hipnosia sakon aztertu eta aplikatu zuten euren arlo profesionaletan.

  • "Hipnotizatua lotan dago".

Gezurra da; goian aipatu denez, egoera hipnotikoak eta lo fisiologikoak ez dute zerikusirik.

  • "Hipnotizatzaile trebe batek pertsona bat hipnotizatu dezake bere borondatearen aurka".

Gezurra da, inork ezin baitu hipnotizaturik izan berak nahi ez badu. Egoera hipnotikoa eragiteko funtsezkoa da subjektuaren kooperazioa eta laguntza, hipnosi guztiak –hein handi batean– auto-hipnosi prozesu bat direlako.

  • "Hipnoterapiak emaitza ikusgarriak lortzen ditu, ona, azkarra eta oso eraginkorra delako".

Gezurra da. Baliagarria izan arren, hipnosiak ez ditu mirariak egiten. Terapia hipnotikoa, gainera, tentuz burutu behar da, eta beti ondo kualifikatutako profesionalen aldetik (medikuak, psikologoak edo psikiatrak). Haien eskuetan laguntza handia ematen du hainbat asalduren tratamenduan.

  • "Emakumezkoak errazago hipnotizatzen dira gizonezkoak baino".

Zalantzazkoa da, emaitza kontrajarriak daudelako ikerlarien artean honi dagokionez [40]

  • "Hipnotizatzaileak dohain bereziak izan behar ditu".

Gezurra da. Hipnosia burutu ahal izateko ez direlako "ahalmen paranormalak" eduki behar. Hipnosia teknika bat da, eta –arlo guztietan bezalaxe– pertsona batzuk hobeak eta trebeagoak dira beste batzuk baino teknika hori garatzerakoan [41]

  • "Hipnosiaren bidez ahaztuta dauden oroitzapenak berreskuratu daitezke".

Egia da: hipnosian –eta batez ere hipnosi sakonean– hipermnesia dago, hau da, subkontzientean ahaztuta dauden oroitzapenak berreskuratu daitezke. Honek aplikazio kliniko eta praktiko asko ditu psikologian [42]

  • "Hipnosiaren bidez ustezko "aurreko bizitzak" gogoratu daitezke".

Gezurra da: hipnosia parapsikologiaren eremuan aplikatu bada ere (psigamma deitutako fenomenoak batez ere telepatia, argikusmena, iragarpena[43] – eta baita gorputzetik kanpoko esperientziak eta berraragitzea ikertzeko), berraragitzeari dagokionez emaitzak ez dira inondik inora argiak. Erregresio hipnotikoa aplikatuz, eta hipnotizatua jaio aurretiko garaietara eramanez, gizabanako batzuek kontakizun biziak burutzen dituzte, baina nekeza da hipnosian errealitatea irudimena edo fantasiatik bereiztea.

Sugestio post-hipnotikoak

aldatu

Sugestio post-hipnotikoak (agindu post-hipnotikoak ere deituak) hipnosiaren alderdi interesgarrienetako bat dira, aplikazio praktiko asko dituztenak.

Hipnosian dagoen bitartean subjektuak jasotzen dituen aginduak dira agindu post-hipnotikoak, hipnosiaren ostean (esna egoeran, beraz) bete behar direnak [44].

Ikus dezagun agindu post-hipnotikoaren adibide bat. Hipnotizatzaileak zera esaten dio hipnosipean dagoen subjektuari:

  • "Orain ondo entzun nazazu. Egoera hipnotiko honetatik irtendakoan, hortik bost minutura nik eztula pixka bat egingo dut. Eta zuk nire eztula entzun bezain laster oso egarri zarela sentituko duzu. Eztarria oso lehor duzula antzemango duzu, eta edateko gogo gaindiezina izango duzu. Horrenbestez, baso bat ur eskatuko didazu. Eman dizudan agindu hau zure subkontzientean geratuko da, eta ez duzu gogoratuko esnatzen zarenean. Baina nire eztula entzuterakoan, edateko gogoa sentituko duzu eta baso bat ur eskatu".

Zer esanik ez dago sugestio post-hipnotikoa ondo ematen badela, eta subjektua hipnosiaren 3. graduan badagoela (hipnosiaren gradu arinetan sugestio post-hipnotikoak ez baitu funtzionatzen), hipnotizatuak baso bat ur eskatuko duela hipnotizatzailearen eztula entzutean (eta oso egarri zegoela argudiatuko du).

Sugestio post-hipnotikoak, beraz, hipnosiaren ondoren gauzatzen dira. Subjektua egoera hipnotikotik atera eta minutu, ordu edo baita egun batzuen ondoren ere [45]. Hipnosiaren 3. graduan (hipnosi sakonean) amnesia post-hipnotikoa lortu daitekeenez, hipnotizatzaileak agindu post-hipnotikoa ematean subjektuari esango dio ez duela agindu horretaz ezer gogoratuko esnatzerakoan. Agindu post-hipnotikoa, hortaz, hipnotizatuaren subkontzientean ezkutatuko da, bere eremu kontzientetik kanpo [46]. Funtsezkoa da hipnotizatzaileak agindu post-hipnotikoaren exekuzioa seinale bati lotzea. Seinale hori aktibatzen denean, subjektuak bulkada inkontziente bat sentituko du (ez baitu kontzienteki gogoratzen agindu post-hipnotikoa), eta bulkada inkontziente horrek agindua betearaziko dio (ura edatea, gure adibidean).

Ulertzekoa denez, sugestio post-hipnotikoaren ahalmenak egundokoak dira, eta hipnoterapian usu erabiltzen dira [47]. Bere erabilera egokia da hainbat kasutan: antsietate-maila jaisteko, insomnioa, minaren aurkako tratamenduan edota ohitura kaltegarrien aurka: takifagia, alkoholismoa edo tabakismoa, besteak beste.

Stokvis-ek oso ohikoa den aplikazio bat deskribatzen du jarraian: sugestio post-hipnotikoaren erabilera erretzeari uzteko [48]:

  • "B. M. gaixoa, 39 urtekoa, abuztuaren 3an etorri zen, eta duela 10 urtetik hona gehiegi erretzen duela adierazi zuen: 35 zigarro egunero. Bertigoak, goragaleak, gastralgiak, pirosia eta bihotzeko mina ditu. Erretzeari utzi nahiko lioke, baina ezin du. Gaixoa hipnotizatu egiten da, eta honako sugestio post-hipnotiko hau ematen zaio: "Zigarro bat pizten duzun bezain laster, goragalea izango duzu, eta horrek botaka eginaraziko dizu; horrela, berehala kenduko duzu zigarroa ahotik".
  • "Saioaren ondoren, gaixoak zigarro bat pizten du eta, hain zuzen, sugestioa egia bihurtzen da. Tratamenduarekin jarraitzen da, sei astez, astero hiru saio. Lau asteren buruan, zigarro bat pizten saiatzen den bakoitzean goragaleak etortzen zaizkio, eta fenomeno horrek urte eta erdi iraungo du, senarrak azaldu zigunez".

Sugestio post-hipnotikoak ere erabiltzen dira hurrengo egoera hipnotikoak errazago lortzeko, eta egoera horiek sakonagoak izan daitezen. Edota subjektuak berak auto-hipnosian sartzeko, aldez aurretik hipnosian eman zaion "seinale-zeinu" bat exekutatzean.

Hipnosiaren "egoera"ren eta "ez-egoera"ren teoriak

aldatu
 
Jean-Martin Charcot neurologo frantziarrak hipnosia erabili zuen bere ospitalean XIX. mendearen bukaeran histerikoen sintomak ezabatzeko

Hipnosia eragiteko subjektuaren arreta osoa ideia batean edo objektu batean zentratu behar da. Hainbat hipnotizatzailek hipnotizatuaren arreta objektu distiratsu batean kontzentratu arazten dute. Edo atsedena hartzeko ideia batean, sugestioaren bidez. Beraz, egoera hipnotikoa gainkontzentrazio baten bidez sor daiteke: horrek subjektuaren alde kontzientea ahultzen du hein handi batean.

Hipnosiaren teoria batzuk fenomeno hipnotikoa burmuineko jardueraren parametroetan deskribatzen saiatzen dira; beste batzuk, berriz, esperientzia fenomenologikoetan kontzentratzen dira gehiago. Horretan datza "egoera" eta "ez-egoera" hipnotikoaren, hurrenez hurren, planteatzen den eztabaida.

"Egoera"ren aldekoek uste dute hipnosia egoera fisiologiko objektiboa dela, lo edo esna egoeraren antzekoa, berezia. Fisiologo askok (Pavlov, Wickramásekera, Völgyesy….) eta Milton Erickson bezalako psikiatra eta hipnologo handiek teoria hau defendatzen zuten. Egoera hipnotikoan aldaketa fisiologikoak eta burmuineko aldaketak ere daudela argudiatzen zuten [49].

"Ez-egoera"ren aldekoek, aldiz, ez dagoela hipnosia baieztatzen duen egoera fisiologiko berezirik proposatzen dute. Lo fisiologikoan, esaterako, burmuinak delta uhinak sortzen ditu; esna egoeran, beta uhinak. Haatik, egoera hipnotikoaren uhin espezifikoak ez daude (hipnosian alfa uhinak eta theta uhinak ager daitezke, baina uhin horiek ez dira egoera hipnotikoan bakarrik agertzen). Haien ustez, hipnosia prozesu psikologiko berezia da, non hipnotizatua inguruko errealitatetik hein batean isolatzen den eta sugestionagarritasunaren maila areagotua erakusten duen.

Hipnosia azaltzeko bi teoria gehiago daude, besteak beste:

Disoziazio eta neodisoziazioaren teoria

aldatu

Pierre Janet autoreak ondu zuen disoziazioaren terminoa. Disoziazioa, kontzientziaren elementuen banaketa bezala azaldu zuen, paziente histerikoekin egindako lanetan lortutako ondorioetatik ateratakoa. Hipnosian, subjektuek gogoaren atal kontzientearen zati baten kontrola galtzen dute. Modu honetan, subjektuek modu autonomo batean erantzuten dute [50]

Gizarte eraikuntzaren teoria eta rolaren teoria

aldatu

"Ez-egoeraren" teoriaren azpi-teoria da. Honen arabera, subjektuek rol bat bereganatzen dute, eta modu honetan, hipnotizatzaileari ahalbidetzen diote haientzako errealitate bat sortzea. Harreman hau, hipnotizatzailearen eta hipnotizatua izan den subjektuaren arteko narrazio kopuruaren araberakoa da. Ikerketa askok, desiragarritasun sozialaren papera azpimarratu izan dute, esperientzia hipnotikoen sorkuntzan garrantzi handikoa delako. Hau da, subjektuek esperientzia hipnotikoak sortzen dituzte, ñabardura eta igurikapen sozialak asetzeko helburuarekin. Oso gutxi dira teoria hau defendatzen duten zientzialariak, funtsean hipnosia "iruzur psikologiko" bat dela planteatzen duena, zaila baita iruzur horrek azaltzea hipnosi sakonean gertatzen diren fenomeno batzuk: anestesia hipnotikoa, esaterako.

Hipnosiaren sakontasun mailak

aldatu

"Egoera" eta "ez-egoera"ren eztabaidak harreman handia du hipnosiaren maila desberdinekin. Izan ere, ez da gauza bera hipnosiaren 1. maila, non subjektua oso erlaxatuta besterik ez dagoen (alfa uhinak EEGan), edo hipnosiaren 3. maila, non subjektua hipnosi sakonean dagoen eta amnesia, anestesia eta mota guztietako haluzinazioak senti ditzakeen.

Horrenbestez, egoera hipnotikoa ez da bakarra eta uniformea. Hipnosipean, subjektuak sakontasun hipnotikoaren maila ezberdinak izan ditzake, hipnosi arinetik (non kontzientzia esna egoeran ia bezain aktiboa dagoen) hipnosi sakoneraino (non alde kontzientearen ia erabateko desagerpena gerta daitekeen) eta muturreko bi egoera horien artean tarteko maila batzuk daude [51].

Hipnologo batzuek hipnosiaren bi gradu besterik ez dituzte bereizten: hipnosi arina eta hipnosi sakona [52]. Hipnologo klasikoek eta gaur egungo gehienek, ordea, hiru gradu lehenesten dituzte: hipnosi arina, tarteko gradua eta hipnosi sakona, batzuetan 1., 2. eta 3. gradu ere deituak, hurrenez hurren [53] [54] [55]. Gradu edo mailei buruzko sailkapen hau ez da guztiz absolutua, gradu desberdinen arteko mugak ez baitira zorrotzak, oso lausoak baizik. Horrenbestez, balio zientifikoa baino gehiago balio praktikoa du sailkapen xume horrek.

Hipnosiaren hiru gradu horien ezaugarriak honako hauek dira:

Egoera hipnoidea edo hipnosiaren 1. gradua

aldatu

Erlaxazio eta introspekzio egoera honetan hipnotizatuaren kontzientzia ez da aldatzen, esna egoeraren antzekoa da. Subjektua egoera hipnotiko honetan sartzen da indukzio hipnotiko baten bidez ikusmenaren nekea lortzen denean eta, ondorioz, begiak ixten dituenean.

Hipnotizatuta guztiz kontzientea denez, ez du egoera honetatik irtendakoan hipnotizatuta egon den sentsaziorik. Egia esan, egoera honetan nekez hitz egin daiteke "kontzientziaz eraldatutako egoera"z. Hortaz, hipnosia egoera hipnoide honetan soilik geratuko balitz "ez-egoera"ren teoriaren aldekoek arrazoi osoa izango lukete: hipnosiak ez luke izango aldaketa neurofisiologiko edo psikologiko berezirik.

Gradu honetan hipnotizatuak sarritan dardara arin bat erakusten du betazaletan.

Tarteko maila edo hipnosiaren 2. gradua

aldatu

Hipnosi arina eta sakonaren artekoa. Subjektuak bere barneko munduan murgiltzeko joera du, baina ez du bere alde kontzientea galtzen. Sugestionagarritasuna areagotzen da, sugestioak errazago gauzatzen dira. Hipnotizatuak hitz egin dezake egoera hipnotikotik irten gabe. Aurreko mailan zegoen betazalen dardara desagertzen da.

Gradu honen zantzuak: erlaxazio sakona, gorpua oso astun dago. Hipnotizatuak inguruko zaratek intentsitate handiagoa dutela dio [56]. Denboraren kontrakzioa, (subjektuak gradu honetan 60 minututan egon ondoren uste du askoz denbora gutxiago igaro dela). Hipermnesia.

Hipnoterapia psikologikoa egiteko batzuetan nahikoa da sakontasun hipnotikoaren 2. gradu hau.

Hipnosi sakona edo 3. gradua

aldatu

Hipnotizatuaren alde kontzientea gutxituta dago hipnosi sakonean, eta sugestioak errazago eta zuzenago iristen dira subkontzientera egoera honetan [55]. Aipatu behar da pertsona guztiak ez direla sartu ahal hipnosi sakonean; hipnologoek gizabanako guztien %20-%50ren artean soilik sar daitezkeela –lehenengo saio batean– diote [57] [58].

J. Dynes-en ustez, hipnosi sakonak berezko hiru ezaugarri ditu: amnesia, anestesia eta sugestio post-hipnotikoen exekuzioa [59]. Hipnologo batzuentzat, benetako hipnosia 3. gradukoa besterik ez da, egoera hipnotiko objektibo bakarra.

Hipnosi sakonari "sonambulismo hipnotikoa" ere deitzen zaio, hipnotizatuak begiak ireki ahal dituelako eta horrez gain bera ere mugi daitekeelako hipnositik irten gabe, somnanbuluen antzera [58].

Gradu honen zantzuak:

  • amnesia post-hipnotikoa, bat-batekoa ala induzitua;
  • anestesia lortzeko aukera. Ebakuntza kirurgikoak ere egin dira hipnosi sakonean dauden subjektuengan [60];
  • sugestioen bidez haluzinazioak eragin daitezke hipnotizatuengan;
  • sugestio post-hipnotikoak jasotzeko eta exekutatzeko posibilitatea;
  • erregresio hipnotikoak (subjektua atzera eraman daiteke denboran zehar, oroitzapenak berreskuratzeko);
  • hipnotizatuak pultsu motela du.

Aipatu den bezala, ez dira asko lehenengo saio batean hipnosi sakonean sartzen diren subjektuak. Normalean, saio batzuk burutu behar dira pertsona bat hipnosi sakoneraino eramateko eta, hala ere, gizabanakoen kopuru handi batekin inoiz ez da lortuko hipnosiaren 3. gradua.

Hipnosiaren aplikazioak

aldatu

Askotarikoak dira hipnosiaren aplikazioak. Mesmerren garaietatik medikuntzan erabili da, eta gaixotasun psikosomatiko askoren tratamenduan tresna oso baliagarria da. Psikologia eta psikiatriaren esparruan asko erabiltzen da psikoterapiaren tekniken artean. Hipnosiaren erabilera terapeutikoari, oro har, hipnoterapia deritzo.

Hipnoterapia subjektua sakonera hipnotikoko bigarren edo hirugarren mailan dagoenean praktikatu ohi da. Egoera hipnoidea (1. gradua) erlaxatzeko eta estresa gutxitzeko baino ez da egokia.

Kontuan hartu behar da trantze hipnotikoa berez ez dela terapeutikoa, baina trantzean dauden hipnotizatuei emandako sugestioek eta irudi espezifikoek asko alda dezakete haien portaera. Horiek dira hipnoterapiaren oinarriak.

Anestesia eta minaren tratamendua

aldatu
 
Aspalditik erabili da hipnosia anestesia psikogenoa eragiteko, eta kirurgia handian ere aplikatu da

Hipnosiaren 3. graduan, sugestioaren bidez, anestesia hipnotikoa (psikogenoa) eragin daiteke. Honi etekina ateratzen diote antzokiko hipnotizatzaileek, ohikoa baita haien ikuskizunetan orratz zorrotz batekin subjektu hipnotizatuaren azala nola zeharkatzen duten ikustea, ikusleen harridurarako.

Jakina da hipnosiak efektu analgesikoak eduki ditzakeela, zentzumen-pertzepzioa eta minaren pertzepzioa errotik aldatzen dituelako [61]. Teknika hipnotikoen erabilera anestesian XIX. mendean hasi zen. Mundu anglosaxoian aurkitzen ditugu hipnosiaren erabileraren aitzindariak anestesian, garai hartako "sonambulismo magnetiko"aren bitartez. J. Elliotson (1843an) eta J. Esdaile (1846an) zirujauek ebakuntza kirurgikoak burutu zituzten prozedura honen bidez [62] [63]

Frantzian, Eugène Azam eta Paul Broca doktoreek anestesia hipnotikoarekin egindako ebakuntza baten berri eman zioten 1859an Zientzien Akademiari.

Ezohiko egoeretan hipnosia anestesiko bakar gisa, beraz, erabili da kirurgiarako: behazun-xixkuaren erauzketan, anputazioetan, zesaretan, hortz-ebakuntzetan eta histerektomian ere [64]. Hipnosia anestesiko bakar gisa erabiltzeko arrazoiak honako hauek izan daitezke: anestesia kimikoa kontraindikatuta dagoenean; arazo organikoek (bihotz-arazoek, esaterako) kimioanestesia erabiltzeko arriskua areagotzen dutenean; edota pazienteak zirujauaren galderak edo jarraibideak erantzun ahal izatea egokia denean [65].

B. Stovkis-ek bi kasu adierazgarri deskribatzen ditu: [66]

"Aspaldi ikusi genuen, Kairoko ospitale batean, apendizitis-eraso bat jasan berri zuen gazte hindu baten (22 urte) ebakuntza. Gazteak baimena eskatu zuen berarekin zihoan lagun batek bera hipnotizatzeko; ez zuen narkotizatua izan nahi. Bere eskaera onartu egin zen. Lilurapen hipnotikoaren bidez, gaixoa berehala sartu zen egoera hipnotiko sakon batean. Larruazalaren ebakia egitean, arnasa sakon hartu zuen. Operazio osoan ez zuen berriro erreakzionatu, peritoneoa manipulatzean intziri arin bat besterik ez. Gainerakoan, ez zen ezer mugitu ebakuntzan zehar".
"Tuberkuloso batek, gaixotasuna aurreratuta zeukanak, behazun-litiasi erasoa izan zuen. Ebakuntza bat beharrezkotzat jo zuten. Pazientea lehendik hipnotizatua izan zenez, anestesia hipnotikoarekin operatzeko aukera aztertu zen. Hala ere, sugestio hipnotikoa nahikoa ez balitz, narkosi kimikoa prestatu zen, badaezpada ere. Baina ez zen beharrezkoa izan. Hipnosiak ordu eta erdi iraun zuen, eta sentiberatasunik ezaren sugestioak eman zitzaizkion etengabe. Ebakuntza zaila izan zen, behazun-xixkuaren atxikipenen ondorioz, baina inolako eragozpenik gabe egin zen. Gaixoak ez zuen ebakuntzan zehar inongo min-keinurik egin. Trantze hipnotikotik esnatu zenean, pazienteak ez zuen ezer gogoratzen".

G. R. Ragerrek Bigarren Mundu Gerran gudu zelaietako zirujauek anestesiarik ez zutela aipatzen du, eta horietako batzuk hipnosira jo zutela emaitza nabarmenekin, Woodruf eta Sampinon, kasu[67].

Ospetsu bihurtu zen mundu osoan Pierina Menegazzo gazte italiarraren kasua, 1961ean. Hemeretzi urteko gazte honi apendizitis ebakuntza bat egin zioten anestesia hipnotikoa erabiliz[68]. Mundu osora zabaldu ziren argazkietan eta telebistako irudietan gazte italiarra irribarrez agertzen da ebakuntza-gelan, medikuek apendizea erauzten dioten bitartean[69].

Anestesia hipnotikoak anestesia kimikoak baino askoz abantaila gehiago dituela jakinarazi da. Gaixoek ebakuntza egin eta berehala ibili, edan eta jan dezakete[67]. Ebakuntzaren ondorengo errekuperazioa azkarragoa da[70][71]. Anestesia hipnotikoak ez du erreakzio toxikorik eragiten, ezta errefusik ere. Zenbait egileek esan dute hipnosi bidezko ebakuntzetan gaixoak odol gutxiago ere galtzen duela (agian hipnosi sakonean nolabaiteko baso-konstrikzioa gertatzen delako).

Anestesia hipnotikoaren erabilera asko murrizten du datu batek: gizabanakoen heren bat soilik, gutxi gorabehera, murgil daiteke hipnosi sakonean, lehen aipatu den bezala.

Hipnosia aplikatzen da min kronikoaren tratamenduan ere[72]. Jakina da min fisiko orok osagai emozional eta psikiko bat duela, eta horrek mina larritu egin dezakeela. Hipnosiaren bidez askotan emaitza onak lortzen dira minaren tratamenduan.

International Journal of Clinical and Experimental Hypnosis erakundeak aditzera eman zuen zuen hipnosiak 27 esperimentu ezberdinetan parte hartu zuten 933 subjekturen %75en mina arindu zuela[73].

Mina neutralizatzen duen prozesu psikologikoa ezagutzeko, jakin behar da egokitze psikologikoko prozesu guztiak kontzientetik subkontzientera pasatzen direla denborarekin. Hasieran, gidari hasiberriak kontzentrazio handia behar du bere autoa gidatzen duenean. Baina hilabete batzuen buruan gidatu dezake hitz egin eta erretzen duen bitartean. Automatismo batzuk eskuratu ditu, eta jada ez du bere kontzientziaren esku-hartzearen beharrik. Era berean, minik handiena bigarren maila batera pasa daiteke, subjektuaren arreta bere ahalmen guztiak ukitzen dituen egoera berri batek mugiarazten badu. Hau hipnosiaren bitartez lortzen da[74].

Hipnosia eraginkorra da minbiziaren tratamenduan agertzen den beldurra gutxitzeko, minbiziaren mina gutxitzeko eta minbiziari eta beste afekzio kroniko batzuei aurre egiteko[75]. Gaixotasun sendaezinekin lotutako goragaleak eta bestelako sintomak ere hipnosiarekin tratatu daitezke. [76] [77]. Profesional batzuek adierazi dute hipnosiak minbizia duten pertsonen immunitate-sistema estimulatzen lagun dezakeela. Hala ere, Minbiziaren Amerikako Estatu Batuetako Elkartearen arabera, "Eskura dagoen ebidentzia zientifikoak ez du babesten hipnosiak minbiziaren garapenean edo progresioan eragin dezakeenaren ideia".

Hortz-kirurgian ez ezik (anestesiko gisa), hortzetako min akutuaren tratamenduan ere hipnosia erabili dute hainbat sendagilek [78].

«Amerikako psikologia elkarteak» hipnosiak, sugestio arruntak eta plazeboak mina gutxitzeko dituzten eraginak alderatzen dituen ikerketa bat argitaratu zuen. Ikerketak ondorioztatu zuen pertsona oso sugestionagarriengan hipnosiak mina murriztu zuela plazeboak baino gehiago; sugestionagarritasun maila txikia dutenengan, aldiz, hipnosiak ez zuen plazebo baino gehiago mina gutxitzen.

Ikerketa neurofisiologikoek agerian jarri dute gaixoak, hipnosipean, estimulu mingarria antzeman, antzematen duela, baina ez du interpretatzen mingarri moduan [79]. Ildo berean, ikerketa oso interesgarriak egin dira analgesia hipnotikoaren oinarri neurofisiologikoa ulertzeko, eta baita egoera horretan gertatzen diren burmuineko jardueraren aldaketak ere [80].

Hipnosia eta medikuntza

aldatu

Askotarikoak dira hipnosiaren aplikazioak medikuntzan. Ez dago zalantzarik gaitz organiko askoren jatorria psikosomatikoa dela eta, jatorri organiko hutsa duten gaixotasunetan ere bada osagai psikiko garrantzitsu bat, psikoterapiaren bidez hobetu daitekeena.

Arlo hauetan frogatu du hipnosiak bere eraginkortasuna [81] [82]:

  • Gaitz gastrointestinalak: hipnoterapia erabili da, arrakastarekin, kolon suminkorraren tratamenduan [83]. Erresuma Batuko osasun zerbitzuek argitaratutako gida batek hori baieztatzen du ere [84]. Halaber, Crohn gaitzaren tratamenduan aplikatu da.
  • Larruazaleko gaitzak: larruazala eta nerbio-sistemaren arteko lotura estua da. V. Klauderrek gure emozioek larruazaleko erreakzio batzuk eragiten dituztela gogorarazten digu: gorritzea, oilo-ipurdia, izerdia... Horrenbestez, hipnosia dermatologian erabili da, ekzema, herpesa, psoriasi eta garatxoak, besteak beste, hobetzeko edo sendatzeko [64] [85]. Ragerrek hipnosiaren eraginkortasuna garatxoen tratamenduan azpimarratzen du [86].
  • Erditzea: hipnosia eta teknika sofrologikoak asko erabiltzen dira erditzeko prestaketan, minik gabeko erditzea lortzekotan [87]. K. Platonov izan zen SESBean metodo honen aitzindaria, 1923an. Harrezkero, hamaika izan dira erditzeko prestaketan hipnoanalgesia erabiltzen duten medikuak.
  • Asma: alergologoek gero eta kontzientzia handiagoa hartzen dute asmaren mekanismo psikologikoen garrantziaz. Teknika hipnotikoek emaitza hobeak dituzte asaldatze emozionalen ondorioz antsietate handia duten asmatikoengan [88].

Hipnosia psikologian eta psikiatrian

aldatu

Hipnosia psikoterapiaren tresna zaharrenetako bat da, XIX. mendearen erdialdean erabiltzen hasi baitzen. Hain zuzen, psikoterapia hitzaren asmatzailea (1891ean), Hippolyte Bernheim neurologo frantziarra, prestigio handiko hipnologo bat zen, Nancyko eskolaren sortzaileetako bat [89].

Hipnosiak subjektuaren subkontzientera iristea ahalbidetzen du, hau da, subjektuaren nortasunaren sakoneko geruzetara ailegatzeko aukera ematen du. Horrek zirrikitu asko irekitzen ditu psikologia sakonean aplikatzeko [90]

Psikoterapeutek hipnosia aplikatzen dute, arrakasta aldakor batekin, nahasmendu psikologiko hauen tratamenduan [91]:

Hipnosia ez da aplikatu behar, aldiz, psikosi eta depresioen tratamenduan [96] [97]

2001eko urtarrileko artikulu batean, Psychology Today-n, Harvard-eko Deirdre Barrett psikologoak hau idatzi zuen [98]:

  • "Trantze hipnotiko bat berez ez da terapeutikoa, baina trantzean dauden bezeroei emandako sugestio eta irudi espezifikoek sakonki alda dezakete haien portaera. Pentsatu eta sentitu nahi dituzten modu berriak entseatzen dituzten bitartean, etorkizuneko ekintzetan aldaketak egiteko oinarriak ezartzen dituzte".

Barrettek ohiturak aldatzeko eta fobiak hobetzeko modu espezifikoak deskribatu zituen. 1998ko bere hipnoterapia kasuen azterketen liburuan, nahasmendu disoziatiboak dituen hipnosiari, erretzeari uzteari eta insomnioari buruzko ikerketa klinikoa berrikusten du, eta nahasmendu horien tratamendu arrakastatsuak deskribatzen ditu.

Psikoterapia hipnotikoa funtsezko hiru norabidetan mugitzen da:

Lehena hipnosiak berez duen efektu lasaigarria da, sugestiorik gabekoa. Hipnosiak erlaxazio sakona eragiten du, loaren nahasmenduak, hipertentsioa, estres edo antsietate kasuak eta abar tratatzeko oso egokia dena [99]. Hipnoterapia hau batzuek "loaldi sendagarria" deitzen dute, nahiz eta lehen esan dugunez lo hitza ez dela hipnosiari erreferentzia egiteko egokiena. Atseden, lasaitasun eta laxotasun sugestioek hipnosi mota honen efektu terapeutikoa indartzen dute.

Terapia estaltzailea

aldatu

Bigarren funtsezko norabidea hipnosi estaltzailearena da. Terapia hipnotiko horren helburua patologia psikikoaren sintomak desagerraraztea da, horien zergatien bila joan gabe. Charcot-en eta Freud-en garaitik badakigu, adibidez, sintoma histeriko deigarrienak (itsutasuna, paralisia, espasmoak, etab.) hipnosiak senda ditzakeela, sugestio egokiak erabiliz [100]. Ikus dezagun Stokvis-ek kontatutako adibide hau [101]:

  • "Leidengo poliklinikan hipnoterapiak konpondutako tortikoli kasu latz bat ikusi genuen. 37 urteko emakume bat uztailaren 18an etorri zen, eta 5 hilabete lehenago garondoan min handi bat sumatu zuela adierazi zuen. Min hori gero eta handiagoa zen, batez ere atsekabetzen zenean. Noizean behin bihotz-taupada bortitzak ere izaten ditu. Gaur egun ezin du lanik egin eta amaren etxean dago. 1946an soldadu ingeles bat ezagutu zuen, eta seme bat izan zuen harekin. Miaketa fisikoa eta neurologikoa negatiboa da. Pazientea ez da burua zuzentzeko gai, burua ezkerrerantz okertuta baitu. Abuztuaren 1ean bere egoerak okerrera egin zuen, eta ia ezin dio buruari eutsi. Hipnoterapia hasten da, eta hirugarren saioan pazienteak hobekuntza nabaritzen du. Hiru asteren buruan burua ez da okertuta egoten. Aurrerapenak etengabeak dira. Hasieran, astean hiru saio hipnotiko egiten zaizkio; gero, bi, eta azkenik, bat. Guztira, 16 saio. Azaroaren 2an alta ematen zaio, minik gabe baitago".

Jakina da gizabanako neurotikoengan gatazka psikiko erreprimituak inkontzientera pasatzen direla. Hortik, karga emozional handia dutenez eta kontzientera azaleratu ezin dutenez, sintoma fisiko moduan azaltzen dira (tortikoli moduan, goiko adibidean) [102].

Terapia aurkitzailea

aldatu

Hipnosia gatazka psikiko latenteak aurkitzeko ere erabil daiteke, psikoanalisia edo beste metodo analitiko batzuk bezalaxe. Breuer eta Freud izan ziren metodo "katartikoaren" asmatzaileak, hipnosia erabiliz. Bide horren bidez, erreprimitutako gatazka psikikoak, zentsurak kontzientziari pasatzen utzi ez zizkionak, berreskuratu nahi zituzten. Gaixo neurotikoa oroimen erreprimituez jabetzen zenean, sintoma fisikoek desagertzeko joera zuten [103] [104].

Hipnosi sakonak subjektuaren inkontzienteraino iristeko aukera ematen du, eta horrek ahaztutako oroitzapenak berreskuratzea ahalbidetzen du.

Adikzioen tratamenduan

aldatu

Kaleko jendeak gehien ezagutzen dituen hipnosiaren aplikazio praktikoen artean, zalantzarik gabe, erretzeari uztearena dago. Hipnosiak tabakoarekiko mendekotasuna tratatzeko orduan bere eraginkortasuna frogatu du [105] [106] [107].

Hipnosiaren bitartez tabakoa utzi nahi duenaren motibazioa indartzen da, eta bere jokaera aldatzeko sugestio positiboak ematen zaizkio. Garai batean usu erabiltzen ziren nazkaren teknikak (terapia abertsiboa) gutxiago lantzen dira egun, hainbat kasutan eraginkorrak izan arren. Hauetan, sugestio post-hipnotikoen bidez tabakoarekiko nazka edo higuin sentimenduak sortzen dira, erretzeko esperientzia subjektuarentzat atsegina izan ez dadin, desatsegina baizik.

Era berean hipnosia laguntza handikoa da alkoholismo edo droga-menpekotasunen arazoei aurre egiteko. Kasu hauetan terapia abertsiboaren erabilpena lehenesten da [108].

Narkohipnosia

aldatu
 
Pentotal sodikoaren egitura kimikoa

Narkohipnosia farmakoen bitartez hipnosiaren antzeko egoera bat sortzeari deritzo. Hainbat kasutan psikiatrian erabiltzen da ahaztutako oroitzapenak berreskuratzeko edo terapia analitiko bat burutzeko [109].

Pentotal sodikoa, dosi txikietan eta zain barneko bidetik sartuta, gehien erabiltzen den farmakoa da narkohipnosia burutzeko. Sartu eta segundo gutxitan egoera hipnoide bat sortzen du [110]. Pentotali "egiaren seruma" ere deitu zaio, ustez bere eraginpean subjektuak ezin duelako gezurrik esan (botika horrek nerbio-sistemaren goiko funtzio kortikalak deprimitzen ditu, zailagoa izanik gezurraren asmatze prozesua burutu ahal izatea).

Narkohipnosia alkohol-mozkorkeriaren antzeko koadro baten ekoizle gisa deskribatu izan da: inhibizioen galera, larritasunik eza, sugestionagarritasunaren areagotzea eta nolabaiteko hipermnesia. Pentotal sodikoaren erabilerak gaixoarekin harreman komunikatibo edo "rapport" bat mantentzea ahalbidetzen du, hipnosian bezala, subjektua ez baita lotan geratzen. Horrek terapiarako zirrikitu asko irekitzen ditu. [111].

Narkohipnosiak zenbait abantaila eskaintzen ditu kasu bakanetan, sentikortasun gutxi duten edo hipnosi maila sakon batean sartzen ez diren pertsonen hipnosia erraztuz. Hipnosi klasikoaren antzeko balio terapeutikoa izan dezake [112].

Psikiatra batzuek pentotala eta hipnosia erabiltzen dituzte, biak batera prozesu berean. Botikak kontzientzia maila jaisten du, eta gero hipnosi klasiko batekin jarraitzen da egoera sakontzeko eta sugestionagarritasunaren maila areagotzeko.

Erreferentziak

aldatu
  1. Definiciones de hipnosis Asociación para el avance de la Hipnosis experimental y aplicada (AAHEA)
  2. Rager, G.R.: Hipnosis, Sofrología y Medicina, Ed. Scientia (1973) 177-180 orr. ISBN: 84-85019-22-9
  3. D'Arbó: El inmenso poder de la hipnosis, Ed. Plaza Janés (1977), 195-198 orr. ISBN: 84-01-31108-X
  4. La analgesia con hipnosis Org Hipnosis
  5. Grupo de Hipnosis Psicológica Colegio Oficial de Psicólogos Comunidad Valenciana
  6. La hipnosis (2008)
  7. Rager, G.R.: Hipnosis, Sofrología y Medicina, Ed. Scientia (1973) 1-3 orr. ISBN: 84-85019-22-9
  8. Rager, G.R.: Hipnosis, Sofrología y Medicina, Ed. Scientia (1973) 8-9 orr. ISBN: 84-85019-22-9
  9. James Braid, British surgeon Britannica Entziklopedia
  10. D'Arbó: El inmenso poder de la hipnosis, Ed. Plaza Janés (1977), 34-36 orr. ISBN: 84-01-31108-X
  11. Rager, G.R.: Hipnosis, Sofrología y Medicina, Ed. Scientia (1973) 13-14 orr. ISBN: 84-85019-22-9
  12. Clásicos de la hipnosis hipnosisclinica.org
  13. Rager, G.R.: Hipnosis, Sofrología y Medicina, Ed. Scientia (1973) 19-21 orr. ISBN: 84-85019-22-9
  14. Jean-Martin Charcot: biografía del pionero de la hipnosis y la neurología Psicología y Mente
  15. Joseph Breuer and Sigmund Freud, Studies on Hysteria. Nervous and Mental Disease Monographs, Nº 61. Coolidge Foundation Publishers. New York. 20 orr.
  16. Rager, G.R.: Hipnosis, Sofrología y Medicina, Ed. Scientia (1973) 27-29 orr. ISBN: 84-85019-22-9
  17. Historia de la hipnosis Publispain.com
  18. Las ondas cerebrales Psicología de la percepción visual
  19. Rager, G.R.: Hipnosis, Sofrología y Medicina, Ed. Scientia (1973) 175 orr. ISBN: 84-85019-22-9
  20. D'Arbó: El inmenso poder de la hipnosis, Ed. Plaza Janés (1977), 56 orr. ISBN: 84-01-31108-X
  21. Landry M, Lifshitz M, Raz A (2017). "Brain correlates of hypnosis: A systematic review and meta-analytic exploration". Neurosci Biobehav Rev
  22. Kosslyn SM, Thompson WL, Costantini-Ferrando MF, Alpert NM, Spiegel D (August 2000) Hypnotic visual illusion alters color processing in the brain American Journal of Psychiatry. 157 (8): 1279–84
  23. neurobiología de la hipnosis Psique nueva (2013)
  24. Tobias Egner, Graham Jamieson et John Gruzelier, « Hypnosis decouples cognitive control from conflict monitoring processes of the frontal lobe », NeuroImage, vol. 27, no 4,‎ 2005-10-01, 969–978 orr. doi: 10.1016/neuroimage 2005.05.002
  25. Völgyesi, F. A.: La Hipnosis en el Hombre y en los Animales, CECSA (1969) 18-22 eta 60-64 orr.
  26. Stovkis B., Montserrat Esteve, S: Tratado de Hipnosis-Introducción a la Sofrología Ed. Scientia (1967) 130-131
  27. Rager, G.R.: Hipnosis, Sofrología y Medicina, Ed. Scientia (1973) 56-57 orr. ISBN: 84-85019-22-9
  28. Hipnosis (breve introducción) Colegio Oficial de Psicólogos
  29. Stovkis B., Montserrat Esteve, S: Tratado de Hipnosis-Introducción a la Sofrología Ed. Scientia (1967) 35 orr. eta 66-72 orr.
  30. Psicothema aldizkaria www.psicothema.com
  31. Jagot, P: Magnetismo, Hipnotismo y Sugestión Ed. Iberia (1973) 73-74 orr. ISBN: 84-7082-62-4
  32. D'Arbó: El inmenso poder de la hipnosis, Ed. Plaza Janés (1977), 71-73 orr. ISBN: 84-01-31108-X
  33. Stovkis B., Montserrat Esteve, S: Tratado de Hipnosis-Introducción a la Sofrología Ed. Scientia (1967) 41-42 orr.
  34. SC Wilson, TX Barber (1981) Vivid fantasy and hallucinatory abilities in the life histories of excellent hypnotic subjects (Somnabules): A Preliminary Report. In Eric Klinger (ed.) Imagery: Vol. 2: Concepts, Results., and Applications. NY, NY: Plenum Press
  35. Barrett, D. L. (1991) Deep Trance Subjects: A Schema of Two Distinct Subgroups. Chpt in R. Kunzendorf (Ed.) Imagery: Recent Developments, NY: Plenum Press, 101 112 orr.
  36. Frischholz, EJ; Lipman, LS; Braun, BG; et al. (1992). "Psychopathology, hypnotizability, and dissociation". Am J Psychiatry. 149 (11): 1521–1525
  37. Stovkis B., Montserrat Esteve, S: Tratado de Hipnosis-Introducción a la Sofrología Ed. Scientia (1967) 34-35 orr.
  38. D'Arbó: El inmenso poder de la hipnosis, Ed. Plaza Janés (1977), 214-216 orr. ISBN: 84-01-31108-X
  39. Capafons, Antonio Hipnosis clínica: una visión cognitivo-comportamental Papeles del Psicólogo
  40. Stovkis B., Montserrat Esteve, S: Tratado de Hipnosis-Introducción a la Sofrología Ed. Scientia (1967) 66-67 orr.
  41. Hipnosis: preguntas frecuentes Publispain.com
  42. Rager, G.R.: Hipnosis, Sofrología y Medicina, Ed. Scientia (1973) 132-135 orr. ISBN: 84-85019-22-9
  43. Rýzl, M. : Hipnosis y Percepción Extrasensorial Ed. Panaeuropea de Ediciones y Publicaciones (1974) ISBN: 84-85.114-11-6
  44. Glosario de psiquiatría Psiquiatria.com
  45. D'Arbó: El inmenso poder de la hipnosis, Ed. Plaza Janés (1977), 209-210 orr. ISBN: 84-01-31108-X
  46. How post hypnotic suggestions work in therapy British Hynosis Research
  47. Rager, G.R.: Hipnosis, Sofrología y Medicina, Ed. Scientia (1973) 54-55 orr. ISBN: 84-85019-22-9
  48. Stovkis B., Montserrat Esteve, S: Tratado de Hipnosis-Introducción a la Sofrología Ed. Scientia (1967) 195 orr.
  49. Rocamora, P.Sugestión, psicoanálisis y transferencia
  50. (Ingelesez) van der Hart, Onno; Horst, Rutger. (1989-10-01). «The dissociation theory of Pierre Janet» Journal of Traumatic Stress 2 (4): 397–412.  doi:10.1002/jts.2490020405. ISSN 1573-6598. (Noiz kontsultatua: 2017-10-05).
  51. Rager, G.R.: Hipnosis, Sofrología y Medicina, Ed. Scientia (1973) 101 orr. ISBN: 84-85019-22-9
  52. Grados de la hipnosis Publispain.com
  53. Stovkis B., Montserrat Esteve, S: Tratado de Hipnosis-Introducción a la Sofrología Ed. Scientia (1967) 99-100 orr.
  54. D'Arbó: El inmenso poder de la hipnosis, Ed. Plaza Janés (1977), 194-200 orr. ISBN: 84-01-31108-X
  55. a b Hypnotherapy: The Stages of Hypnosis and How it Works
  56. Stovkis B., Montserrat Esteve, S: Tratado de Hipnosis-Introducción a la Sofrología Ed. Scientia (1967) 102 orr.
  57. D'Arbó: El inmenso poder de la hipnosis, Ed. Plaza Janés (1977), 194 orr. ISBN: 84-01-31108-X
  58. a b Gómez Restrepo, C., eta beste batzuk: Psiquiatría Clínica, Ed. Médica Panamericana Grados de hipnosis
  59. Stovkis B., Montserrat Esteve, S: Tratado de Hipnosis-Introducción a la Sofrología Ed. Scientia (1967) 99 orr.
  60. Hipnosis y sugestionabilidad: los niveles hipnóticos Rincón de Psicología
  61. Vanhaudenhuyse A, Boly M, Balteau E, Schnakers C, Moonen G, Luxen A, Lamy M, Degueldre C, Brichant JF, Maquet P, Laureys S, Faymonville ME, « Pain and non-pain processing during hypnosis: a thulium-YAG event-related fMRI study », Neuroimage, vol. 47, no 3,‎ 2009, 1047-54 orr. DOI 10.16/j.neuroimage2009.05.031
  62. Stovkis B., Montserrat Esteve, S: Tratado de Hipnosis-Introducción a la Sofrología Ed. Scientia (1967) 219 orr.
  63. Esdaile, James encyclopedia.com
  64. a b Uses of Hypnosis in Medicine[Betiko hautsitako esteka] American Society of Clinical Hypnosis (ASCH)
  65. Hipnosis terapéutica] Publispain.com/hipnosis
  66. Stovkis B., Montserrat Esteve, S: Tratado de Hipnosis-Introducción a la Sofrología Ed. Scientia (1967) 220-221 orr.
  67. a b Rager, G.R.: Hipnosis, Sofrología y Medicina, Ed. Scientia (1973) 368 orr. ISBN: 84-85019-22-9
  68. A rough guide to the inside of your brain BBC News (2007)
  69. Video games and Pain The Rough Guide to the Brain, Google Liburuak
  70. T. Defechereux, C. Degauque, I. Fumal et M. E. Faymonville, « Hypnosedation, a new method of anesthesia for cervical endocrine surgery. Prospective randomized study », Annales De Chirurgie, vol. 125, no 6,‎ juillet 2000, 539–546 orr.
  71. Functional neuroanatomy of the hypnotic state », Journal of Physiology-Paris, vol. 99, nos 4-6,‎ 2006ko ekainaren 1, 463–469 orr. DOI 10.1016/jphisparis 2006.03.018
  72. Gomez Restrepo, C. eta beste batzuek: Psiquiatría Clínica, Ed. Médica Panamericana Aplicaciones de la hipnosis. Tratamiento del dolor
  73. Nash, Michael R. The Truth and the Hype of Hypnosis Scientific American (2001)
  74. Rager, G.R.: Hipnosis, Sofrología y Medicina, Ed. Scientia (1973) 369 orr. ISBN: 84-85019-22-9
  75. Peynovska R, Fisher J, Oliver D, Matthew VM (2003). [https://web.archive.org/web/20201101163320/https://bscw.rediris.es/pub/bscw.cgi/d4431493/Peynovska-Efficacy_hypnotherapy_supplement_therapy_cancer.pdf Efficacy of Hypnotherapy as a supplement therapy in Cancer Intervention] Paper presented at the Annual Meeting of The Royal College of Psychiatrists, 30 June – 3 July 2003.
  76. Spiegel D, Moore R (August 1997). "Imagery and hypnosis in the treatment of cancer patients". Oncology. 11 (8): 1179–89, discussion 1189–95
  77. Kwekkeboom KL, Gretarsdottir E (2006). "Systematic review of relaxation interventions for pain". Journal of Nursing Scholarship. 38 (3): 269–77
  78. Jerjes W, Hopper C, Kumar M, Upile T, Madland G, Newman S, Feinmann C (2007ko Martxoa). "Psychological intervention in acute dental pain: review". British Dental Journal. 202 (6): 337–43 Psychological intervention in acute dental pain: review
  79. Stovkis B., Montserrat Esteve, S: Tratado de Hipnosis-Introducción a la Sofrología Ed. Scientia (1967) 226 orr.
  80. Analgesia hipnótica Hipnosisclinica.org
  81. Mitos y realidades de la hipnosis El País Semanal, 2013ko uztaila
  82. Montgomery, G., Schnur, J. Eficacia y aplicación de la hipnosis clínica Consejo General de Colegios Oficiales de Psicólogos (2004)
  83. Gonsalkorale WM, Whorwell (2005eko urtarrila) Hypnotherapy in the treatment of irritable bowel syndrome. European Journal of Gastroenterology & Hepatology. 17 (1): 15–20
  84. [1] Wayback Machinen gordeta
  85. Hypnosis Mayo Clinic
  86. Rager, G.R.: Hipnosis, Sofrología y Medicina, Ed. Scientia (1973) 378 orr. ISBN: 84-85019-22-9
  87. Uses of Hynosis in Medicine American Society of Clinical Hypnosis (ASCH)
  88. Rager, G.R.: Hipnosis, Sofrología y Medicina, Ed. Scientia (1973) 281-292 orr. ISBN: 84-85019-22-9
  89. M-R Moro eta C. Lachal, Introduction aux psychothérapies, Nathan, Paris, 1996, 8. orr.
  90. Australian Society of Clinical Hypnotherapists
  91. Hypnosis In Psychotherapy And Behavioral Medicine American Society of Clinical Hypnosis (ASCH)
  92. Nicholson J. Hypnotherapy - Case History - Phobia London College of Clinical Hypnosis (2005eko ekaina)
  93. Deyoub PL, Epstein SJ (April 1977). "Short-term hypnotherapy for the treatment of flight phobia: a case report". The American Journal of Clinical Hypnosis. 19 (4): 251–54. doi: 10.1080/00029157.1977.10403885
  94. Ramirez Mancha, Maria L.Hipnosis como coadyuvante no farmacológico en el tratamiento del insomnio crónico Trabajo fin de grado en psicología clínica (2021) UOC, Universitat Oberta de Catalunya
  95. Chamine I., Atchley R., Oken B. Hypnosis Intervention Effects on Sleep Outcomes: A Systematic Review PMC PubMed Central (2018)
  96. Utilidades de la Hipnosis publispain.com
  97. Schraml, W.: Psicología Clínica Ed. Herder (1975) 545 orr. ISBN: 84-254-1013-4
  98. The Power of Hypnosis by Deirdre Barrett Psychology Today (2001)
  99. Schraml, W.: Psicología Clínica Ed. Herder (1975) 544 orr. ISBN: 84-254-1013-4
  100. [http://nah.sen.es/vmfiles/abstract/NAHV4N1201613_20ES.pdf Bourneville, Charcot y la histeria: una carambola administrativa de efectos duraderos] J.J. Zarranz
  101. Stovkis B., Montserrat Esteve, S: Tratado de Hipnosis-Introducción a la Sofrología Ed. Scientia (1967) 171-172 orr.
  102. Rager, G.R.: Hipnosis, Sofrología y Medicina, Ed. Scientia (1973) 239 orr. ISBN: 84-85019-22-9
  103. Joseph Breuer eta Sigmund Freud, Studies on Hysteria. Nervous and Mental Disease Monographs, Nº 61. Coolidge Foundation Publishers. New York. 20 orr.
  104. Schraml, W.: Psicología Clínica Ed. Herder (1975) 544-545 orr. ISBN: 84-254-1013-4
  105. Elkins GR, Rajab MH (January 2004). "Clinical hypnosis for smoking cessation: preliminary results of a three-session intervention". The International Journal of Clinical and Experimental Hypnosis. 52 (1): 73–81. dio 10.1076/iceh.52.1.73.23921
  106. La hipnosis como adjunto en el tratamiento del hábito de fumar Psicothema, Revista Anual de Psicología
  107. Rager, G.R.: Hipnosis, Sofrología y Medicina, Ed. Scientia (1973) 407-408 orr. ISBN: 84-85019-22-9
  108. Hipnosis para dejar de beber hipnosisclinica.org
  109. Narcoanálisis Psiquiatria.com
  110. Esquivel, B.: Pentotal sódico: la historia de la sustancia que te hace confesar la verdad Culturacolectiva.com (2018)
  111. Gaete, S.: Revisión de algunos casos clínicos en narcohipnosis y consideraciones sobre el problema de la conciencia Revista de Psiquiatría Clínica (1969)
  112. Stovkis B., Montserrat Esteve, S: Tratado de Hipnosis-Introducción a la Sofrología Ed. Scientia (1967) 29-31 orr.

Bibliografia

aldatu
  • Yapko, M.: Lo Esencial de la Hipnosis. (1999). Ed. Paidos. ISBN: 978-84-49306617
  • Blackwell, W.: The Handbook of Contemporany Clinical Hypnosis. Theory and Practice. ISBN: 978-1-119-05727-7
  • Rager, G.R.: Hipnosis, Sofrología y Medicina. Ed. Scientia. (1973). ISBN: 84-85019-22-9
  • Stovkis, B. eta Montserrat, S.: Tratado de Hipnosis-Introducción a la Sofrología. (1967). Ed. Scientia.

Kanpo estekak

aldatu
  NODES
Done 1
eth 1
freud 10
games 1
News 1
orte 1
Story 1