Hungariako historia
Hungariako historian K. o. 896ko datak garrantzia berezia dauka, urte horretan Erdialdeko Asiatik zetozen magyarrak Panoniako ordokian finkatu baitziren.
896 aurretik
aldatuGaur egungo Hungariak hartzen duen lur eremuan historiaurreaz gero bizi izan da jendea. K. a. III. mendean Tène kulturako zelta herriak heldu ziren lur horietara, eta K. a. I. mendean daziarrak egon ziren harik eta, erromatarrek, lurraldea hartu zuten arte K. a. I. mendearen eta K. o. II. mendearen artean.
Migrazio Garaian, magyarren etorreraren aurretik, beste herri franko kokatu ziren erromatarrek deitutako Panonia lurraldean. Haien artean, lehenengoetako bat hunoak izan ziren, Atilaren agindupean inperio boteretsua osatu zutenak. Haien ostean, ostrogodoak eta lombardiarrak joan ziren. 560ko hamarkadan, abaroek erresuma bat eratu zuten lurralde horretan. Nagusitasun militarra edukita, bi mendez ondoko guztiei egin zieten eraso. Azkenean, Karlomagnoren frankoek mendebaldean eta bulgariarrek ekialdean garaitu zituzten. Hala ere, ez batek, ez besteek, ezin izan zuten estatu iraunkorrik antolatu. Izan ere, handik gutxira (896an) magyar batu berriak finkatu ziren bertan, Árpád buru zutela.
Erdi Aroa
aldatuFinkatu eta hurrengo urteetan eraso eta arpilaketa andana burutu zuten Europa osoan zehar, harik eta 955eanOdon I.ak, Germaniako Erromatar Inperio Santuko lehen enperadorea izatekoa zenak, Lechfeldeko guduan garaitu zituen arte. 1000rako hungariarrak kristautu ziren.
Erdi Aroan Hungariako Erresuma oso zabala izan zen, egungo Eslovakia, Transilvania, Voivodina eta Eslavonia hartzen zituena. Bela III.a erregearen agintaldiaren (1172-1196) ondoren, aitonen semeek gero eta indar handiagoa lortu zuten erregeen kaltetan. 1241ean mongolek beretu zuten erreinua, eta jende asko hil zuten. Ordu arte aginpidean egon zen Arpad dinastia desagertu zenean, Anjou etxeko Karlos I.ak lortu zuten agintaritza (1308). Karlos I.aren ondorengoak, Luis I.a Handiak (1342), Balkanen iparralderaino hedatu zuen erreinua, eta Buda hirian (Budapest, gero) jarri zuen gortea.
Erreinuaren garairik oparoena Matias Corvinoren agintaldian (1458-1490) izan zen: sartaldeko monarkien antzerako gortea inguratu zuen eta sortalderantz hedatu zuen erreinua. Corvino hil ondoren, erregetzara iristeko borrokek monarkiaren ahalmena ahuldu zuten, eta 1526an turkiar otomanoak beretu zuten lurraldea, 1526an Luis II.a erregea Mohácseko guduan garaitu ondoren.
Aro Modernoa
aldatu1526ko Mohácseko guduak amaiera eman zion Hungariako Erresumari, nahiz eta lurralde txiki batek independentziari eutsi zion, Pózsony (Pressburg, gaur egun Bratislava) hiriburua zuela. 1686. urtean, Austriako habsburgotarrek turkiarrak kanpora egotzi zituzten eta mendean hartu zuten lurraldea. Nolanahi ere, Hungaria austriar probintzia bat zen administrazioari zegokionez, eta alemana hizkuntz ofizial izendatu zuten (1780). Austriak indarrean jarri zuen zentralismoak Hungariaren independentzia nahia suspertu zuen eta herria matxinatu egin zen.
XIX. mendea
aldatu1848an, Lajos Kossuthen gidaritzapean, iraultza liberala izan zen, eta hungariarrek independentzia aldarrikatu zuten austriarren kontrako garaipena lortu ondoren; hala ere, austriarrek matxinada gogor zanpatu eta aginpidea eskuratu zuten berriro, Errusiaren laguntzarekin. Errepresio politikoaren garaia hasi zen, 1860ko hamarkadarako apaldu zena.
Austriaren eta Prusiaren arteko gerran, Sadowako guduan (1866) austriarrak galtzaile atera zirenean, Austria-Hungariako Inperioaren indarra ahuldu egin zen eta Frantzisko Josef I.a enperadoreak nolabaiteko autogobernua eman behar izan zion lurraldeko zati bati. Honela, 1867tik aurrera, enperadore bakarra izan arren, bi erresuma sortu ziren, Austriakoa eta Hungariakoa. Hungarian, boterea aristokrazia lurjabe boteretsuaren esku zegoen. Lurraldearen magiarizazioa bultzatu zuen Budapest hiriburu berritik.
XX. mendea
aldatuLehen Mundu Gerran Austria galtzaile izan zen eta handik gutxira desegin zen Austria-Hungariako Inperioa. 1919ko azaroaren 16an, Mihály Karolyiren gidaritzapean zegoen batzorde nazionalak errepublika independente izendatu zuen Hungaria. Urte bereko martxoaren 21ean, Karolyiren gobernu sozialdemokrataren ordez sobietar errepublika ezarri zen indarrean, eta Béla Kun errepublikaren buru. Kun-en gobernu komunistak eliza katolikoari aurre egin behar izan zion eta oposizioko indar guztiak gogor zapaltzen ahalegindu zen. Miklós Horthy almiranteak, Errumaniako gudarosteak lagunduta, erregimen komunista kentzea lortu zuen 1919ko abuztuaren 4an, eta parlamentu monarkia ezarri zen berriro. 1920ko uztailean Hungariak eta aliatuek Trianonen izenpetu zuten hitzarmenaren arabera, Hungariako eremua 325.411 km² izatetik 92.963 km² izatera laburtu zen.
1920tik aurerra, Miklós Horthy erregeordea izan zen, botere diktatorialekin. Ondorengo urteetako ekonomia krisiak eskuindarren erreakzioa izan zuen ondorio, eta István Bethlen kontserbadorearen gobernualdian sindikalistak eta juduak esetsi zituzten (izualdi zuria). 1938an Hungariak eta Alemania Naziak bat egin zuten eta Eslovakiako hegoaldea eta Karpato-Ruthenia lurraldea berreskuratu zuten hungariarrek. Ardatzarekin aliatuta ere, Bigarren Mundu Gerran alemaniarrek Hungaria okupatu zuten aliatuekin bere kasa bakea sinatzen saiatu zenean. Alemaniak Bigarren Mundu Gerra galdu zuenean, Hungariak hartutako lurraldeak atzera itzuli behar izan zituen eta 330 milioi dolar ordaindu indemnizazio gisa.
Bigarren Mundu gerra amaiatu zelarik, sobietar armadak Hungaria okupaturik zuen. 1947an komunistek lortu zuten aginpidea, eta eratu zen konstituzio berriak Herri Errepublika bilakatu zuen herrialdea. Urte hartatik aurrera SESB-ren politika ereduari jarraitu zitzaion. 1956an, Imre Nagy lehen ministro erreformazalea burua zela, iraultza piztu zen. Europako sortaldeko nazioek ez zuten esku hartu eta sobietar gudarosteak gogor zanpatu zuen matxinada, eta jende asko hil. Hurrengo urteetan ekonomiaren egoera hobetuz joan zen, industria indartzearekin batera, Hungariako Langileen Alderdi Sozialistako buru János Kádár komunistaren gidaritzapean.
Azken urteak
aldatuJános Kádárek arazo handiei aurre egun behar izan zien 1986an, gazteen martxa bat gogor zapaldu zuenean, eta bi urte geroago, Budapesten herritarrak erreformak eskatzen hasi zirenean. Gobernuak prentsa zentsura lasaitu behar izan zuen, eta sindikatuak eta alderdi politikoak baimendu zituen.
1986 eta 1988 bitartean Danubion presa handi bat eraikitzearen aurkako protestak egin zituzten hungariar eta austriar ekologistek. Presa egitea Hungaria eta Txekoslovakiaren proiektu bat zen, eta Austriaren babesa zuen. Tirabira askoren ondoren, gobernuak proiektua bertan behera uztea erabaki zuen azkenean.
1989ko urtarrilean Legebiltzarrak greba eskubidea, manifestazio eskubidea eta elkarte politikoak sortzeko eskubidea onartu zuen legez. Urte hartan bertan Hungariako Langileen Alderdi Sozialistak alderdi bakarreko sistema arbuiatu zuen. 1989ko martxoan hauteskundeak egitea eta sobietar gudarostea Hungariatik joatea eskatu zuten 100.000 pertsonak Budapesten. Alderdi Sozialistak eta oposizioak Hungariako Errepublika aldarrikatzea eta alderdi bakarreko gobernu sistema deuseztatzea hitzartu zuten. Varsoviako Ituneko herrialdeen artean Hungaria izan zen Gerra Hotzaren nazioarteko loturak hausten aurrena. 1989. urtearen bukaeran Hungariako Langileen Alderdi Sozialista Hungariako Alderdi Sozialista bihurtu zen, baina sektore batek lehengo izenari eutsi zion.
1990eko hauteskundeetan Hungariako Foro Demokratikoak botoen %43 eskuratu zuen eta gobernua antolatu zuen bi alderdi txikiren laguntzarekin; Alderdi Sozialistak eta Langileen Alderdi Sozialistak, berriz, botoen %10,3 eta %3,5 eskuratu zituzten. Hungariako Lehen Ministroa eta Txekoslovakiako eta Poloniako presidenteak Krakovian elkartu ziren 1991. urtearen bukaeran, herrialde horien elkarren arteko lana sustatzeko. Hiru agintariek NATOrekin, Mendebaldeko Europar Batasunarekin eta Europako Ekonomia Erkidegoarekin harremanak sendotzeko asmoa azaldu zuten. Garai hartan Hungariak zuen Europa osoko kanpo zorrik handiena: 1990ean familia batek oinarrizko kontsumo gaiak erosteko pertsona baten soldataren %75 behar zuen; hurrengo urtean, soldataren %90. Hungariako 10 milioi biztanleetatik 2 milioi behartsu ziren. Krisi egoera hartan, manifestazio nazionalistak eta xenofoboak ugaldu ziren. Foro Demokratikoko lehendakariordeak, István Csurka idazleak, manifestu bat plazaratu zuen, komunistei, liberal sartaldetarrei, ijitoei eta juduei leporatuz klima soziala usteltzearen erantzukizuna. Handik egun gutxira manifestazio handi bat egin zen (70.000 pertsona inguru), alderdi politiko desberdinek deitua, demokraziaren alde eta erradikalismoaren aurka. Justiziak, bestalde, berrogeita zortzi neonazi kondenatu zituen ijitoei eta atzerritarrei eraso egiteagatik.
1993ko urrian, Péter Borossek hartu zuen Lehen Ministro Jozsef Antallen lekua. Budapesten, kutsadura handia zela eta, hamar egunez haurrak kalera ez ateratzea gomendatu zen. 1994ko martxoan, hauteskunde kanpainaren erdian, gobernuak irrati publikoko 129 kazetari kaleratu zituen, eta bertan behera utzi behar izan ziren estatuko hiru irratietan hogeita hamar bat kultura eta politika programa. Maiatzeko hauteskunde orokorretan Gyula Hornen Hungariar Alderdi Sozialistak botoen %54 eskuratu zituen, 386 aulkietatik 208. Demokrata Libreen Aliantzak, berriz, aurreko hauteskundeetan baino hogei aulki gutxiago eskuratu zituen (70), eta Foro Demokratiko ofizialista 165 aulki izatetik (botoen %43), 37 izatera igaro zen (botoen %10). Horn izendatu zuten Lehen Ministro. Urtearen bukaeran udal hauteskundeetan berretsi zuten komunistek beren nagusitasuna. 1995eko martxoan, baina, defizitari aurre egiteko neurri ekonomiko gogor batzuk onartu ondoren, herritarren babesa galdu zuen.
1997ko lehenengo hilabeteetan Hungaria NATOn sartzeko negoziazioak hasi ziren. Hungariak bere lurraldean arma nuklearrak jartzea eta NATOko gudarosteak hartzea onartu zuen. Azaroan, erreferendum bidez, boto emaileen %85ek herrialdea NATOn sartzearen alde bozkatu zuen. Hautesleen erdiak, ordea, ez zuen parte hartu bozketan. 2000. urtean Ferenc Mádl (independentea) hautatu zuen Biltzar Nazionalak lehendakari, eta 2002ko parlamenturako hauteskundeetan sozialisten eta demokrata liberalen koalizioak irabazi zuen, gehiengoarekin; Péter Medgyessy izendatu zuten lehen ministro.
2004an Hungaria Europar Batasunean sartu zen, beste bederatzi herrialderekin batera. Ferenc Gyurcsány hautatu zen 2006an lehen ministro eta Iraken zituen militarrak Hungariara itzuliko zirela adierazi zuen. 2007an ehun mila pertsona inguruko manifestazio batek lehendakariaren dimisioa eskatu zuen, onartu baitzuen 2006ko hauteskundeak irabazteko, gezurra esan zuela aurrekontuei buruz.
2010eko urrian Ajka herriko aluminio lantegiko bateko uharka hautsi, bertako lohi toxikoa isuri eta sortutako olatuak 7 lagun hil, 2 desagertu eta hondamendi ekologiko larria sortu zuen herrialdearen mendebaldean.
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2015/12/10 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Kanpo estekak
aldatu