International Board on Books for Young People

IBBY (Haur eta Gazte Liburuaren Nazioarteko Erakundea, ingelesezko International Board on Books for Young People) haurren eta gazteen artean literatura sustatzeko lan egiten duten nazioarteko erakundez eta pertsonez osatutako taldea da. Zürich-en (Suitza) eratu zen 1953an, eta, gaur egun, Basilean du egoitza nagusia. 76 herrialdek dute ordezkaritza nazioarteko erakunde horretan. [1]

Historia

aldatu

II. Mundu Gerraren ostean, Jella Lepman (Stuttgart, Alemania 1891ko maiatzaren 15 - Zürich, Suitza, 1970eko urriaren 14) kazetari, idazle eta itzultzaile alemaniarrak eta haur literaturaren esparruan zebiltzan beste hainbat adituk argi ikusi zuten haurrentzako liburuak nazioartean ulermena eta bakea bultzatzeko bitartekari ezin hobeak zirela.

Hori dela eta, 1952an Jella Lepmanek, bilkura bat antolatu zuen Munichen (Alemania) International Understanding through Children’s Books lelopean. 26 herrialdetako 250 adituk hartu zuten parte bertan: idazleak, ilustratzaileak, editoreak, bibliotekariak, irakasleak... Garaiko hainbat idazle, editore, irakasle eta filosofo garrantzitsu bildu ziren bertan eta han erabaki zen Haur eta Gazte Literatura sustatzeko nazioarteko erakunde bat sortzea.

Handik urtebetera, 1953an, sortu zen IBBY nazioarteko erakundea, irabazi asmorik gabeko izaerarekin. Sorrerako kideak honakoak izan ziren: Erich Kästner, Lisa Tetzner, Astrid Lindgren, Jo Tenfjord, Fritz Brunner eta Pamela Travers idazleak; Alois Carigiet eta Hans Fischer ilustratzaileak; Hans Sauerländer eta Bettina Hürlimann editoreak eta Richard Bamberger irakurketa baliabideetan aditua. [1]

IBBYk 1956an nazioarteko sari bat sortu zuen eta harrez gero, bi urtetik behin banatzen da Hans Christian Andersen Saria, Haur eta Gazte Literaturako Nobel Sarien parekotzat jotzen dena.

Helburuak

aldatu

IBBYk sei helburu nagusi ditu:

  • Haur liburuen bidez nazioarteko ulermena sustatzea
  • Munduko haur guztien eskura jartzea kalitate literario eta artistiko handiko liburuak
  • Kalitatezko haur liburuen argitalpena sustatzea, batez ere, garatze bidean diren herrialdeetan
  • Haurrekin eta haur literaturarekin lan egiten dutenei laguntza eta formazioa eskaintzea
  • Haur literaturaren esparruan ikerketa eta lan akademikoak sustatzea
  • Haurren eskubideak babestea eta sustatzea NBEren Haurren Eskubideen Itunean oinarrituta

Ordezkaritzak

aldatu

Herrialdeetako atalak hainbat modutara daude egituratuta nazio, erregio edo nazioarteko mailetan. Nazio atalik ez duten herrialdeetan bakarkako bazkidetzak ere posible dira.

Atal bakoitzean esparru desberdinetako jendea biltzen da: egileak, ilustratzaileak, argitaratzaileak eta editoreak, itzultzaileak, kazetariak, kritikariak, irakasleak, unibertsitate irakasleak eta ikasleak, liburuzainak, liburu-saltzaileak, gizarte langileak eta gurasoak.

76 nazioz osatutako ataletan banatzen da IBBY:

IBBYko presindeteak

aldatu
  • Otto Binder 1953-56 (Suitza)
  • Hans Rabén 1956-58 (Suedia)
  • Enzo Petrini 1958-60 (Italia)
  • Jella Lepman 1960-62 (Suitza)
  • Richard Bamberger1962-66 (Austria)
  • Zorka Peršic Vrtaca 1966-70 (Yugoslavia)
  • Niilo Visapää 1970-74 (Finlandia)
  • Hans Halbey 1974-78 (Alemania])
  • Knud-Eigil Hauberg-Tychsen1978-82 (Danimarka)
  • Miguel Azaola 1982-86 (Espainia)
  • Dušan Roll 1986-90 (Txekoslobakia)
  • Ronald Jobe 1990-94 (Kanada)
  • Carmen Diana Dearden 1994-98 (Venezuela)
  • Tayo Shima 1998-2002 (Japonia)
  • Peter Schneck 2002-06 (Austria)
  • Patricia Aldana 2006-10 (Kanada)
  • Ahmad Redza Ahmad Khairuddin 2010-14 (Malaisia)
  • Wally de Doncker 2014-... (Belgika)

OEPLI (Organización Española para el Libro Infantil y Juveni) Haur eta Gazte Liburuaren Espainiako Erakundea da. IBBY (International Board on Books for Young People) erakundearen Espainiako atala da. 1982ko uztailaren 27an sortu zen formalki, INLE (Espainiako Liburuaren Institutu Nazionala) institutuaren Haur Literaturaren Batzordea desagertu zenean. OEPLI irabazi-asmorik gabeko erakundea da, eta haur literaturarekin eta irakurketarekin zerikusia duten mota guztietako sustapen-jarduerak egiten eta koordinatzen ditu. Horrez gain, IBBYren ordezkaria da Espainian. OEPLI lau azpiatalek osatzen dute, Espainiako lau hizkuntza ofizialek ordezkatutako atalak dira: Concejo General del Libro; ClijCat (Katalana); Galix (Galiziera); eta Galtzagorri Elkartea (Euskara).[2]

Sariak

aldatu

"Bookbird" aldizkaria

aldatu

Haur eta Gazte Literaturari buruzko nazioarteko aldizkaria da Bookbird. IBBY erakundeak argitaratzen du hiru hilabetez behin. [3]

2015etik 2018ra Björn Sundmark suediarra da aldizkariaren editorea, Malmöko Unibertsitateko Hezkuntza Fakultateko Ingeles irakaslea. [4]

Kanpo estekak

aldatu

IBBYren web gunea

OEPLIren web gunea

Galtzagorri Elkartearen web gunea

Erreferentziak

aldatu
  1. a b (Ingelesez) «How it all began» www.ibby.org.
  2. www.oepli.org.
  3. (Ingelesez) www.ibby.org.
  4. (Ingelesez) www.ibby.org.[Betiko hautsitako esteka]
  NODES
Idea 3
idea 3
INTERN 7
Project 1