Isabeldar Aroa
Isabeldar Aroa Elisabet I.a Ingalaterrakoaren erregealdiak (1558-1603) eta Jakue I.a 1625ean hil arteko Ingalaterrako historiako aroa da.
Ezaugarri nagusiak
aldatuHistorialariek, sarri, garai hau, Ingalaterrako historiaren "urrezko aro" bezala irudikatzen dute. Garai horretan, Ingalaterrak garapen ekonomiko, kultural eta sozialaren fase bizia bizi izan zuen. Britannia ikurra, lehen aldiz, 1572an erabili zen, eta, sarri, ordutik aurrera, isabeldar garaia, nazioaren harrotasuna inspiratzen duen berpizkundea bezala markatzeko erabili dute: ideal klasikoen bidez, nazioarteko hedapena, eta Espainiaren kontrako itsas garaipena, denbora horretan, bere areriorik handiena baitzen. Historialari batzuen esanetan, garai honetan "Ingalaterra ekonomikoki osasuntsuagoa izan zen, hedakorragoa, eta Tudorren menpean baino baikorragoa".[1]
"Urrezko aro" horrek pizkunde ingelesaren gorentasuna irudikatu zuen, eta poesia, musika eta literaturaren loraldia ikusi zuen. Garai hau, antzerkiagatik da ezaguna, nagusiki William Shakespeare eta beste antzerkigile askorengatik. Atzerrian esplorazio eta hedapen garaia izan zen, baita herri xumearen arteko erreforma protestantea sendotzeko garaia ere, batez ere Itsas Armada Garaiezinaren aurkako garaipenaren ondoren. Ingalaterrak erresuma independente bat eratu zuen Ingalaterrako historiaren azken aldia ere izan zen, Eskoziarekin zuen benetako batasunaren aurretik.
Isabeldar garaia, Isabelen erregealdiaren aurreko eta ondorengo garaietako akatsen argitan aztertzen bada, bereziki nabarmena da. Aurreko erreforma anglikanoaren eta protestanteen eta katolikoen arteko gerra erlijiosoen arteko, eta, ondorengo Legebiltzarraren eta monarkiaren arteko gudu politikoen arteko barne bakealdi labur bat izan zen. Katoliko eta protestanteen arteko banaketa, denboraldi batez, Isabeldar Akordio Erlijiosoei esker konpondu zen, eta Legebiltzarrak oraindik ez zuen absolutismoari aurre egiteko beste indarra.
Ingalaterrak ere panorama hobea izan zuen Europako beste nazioekin alderatuta. Italiar Pizkundea amaitzear zegoen. Frantzia bere gerra erlijiosoetan murgildu zen, 1598an Nanteseko Ediktuarekin bakarrik konpondu zirenak. Gainera, espainiar tertzioek ingelesak kontinenteko azken aurreratu-postuetatik kanporatu zituzten, eta, beraz, Frantziaren eta Ingalaterraren arteko mendeetako gatazka, neurri handi batean, eten zen.
Aurkari handi bakarra Espainia izan zen eta honen aurka Anglo-espainiar Gerra egin zuen. Filipe II.a Espainiakoak 1588an Itsas Armada Garaiezinarekin Ingalaterra inbaditzeko saiakera bat egin zuen. Era berean Portugal eta Azoreak hartzeko espedizioa, 1589ko Drake-Norrisen espedizioa, porrot bat izan zen. Ordutik aurrera, Espainiak nolabaiteko babesa eman zien irlandar katolikoei ingeles domeinu ahulduaren aurkako bere matxinadan, eta espainiar itsas eta lehorreko indarrek eraso ingelesen eraso batzuk zapuztu zituzten. Honek, Elisabeten gidaritzapean hain kontu handiz zaharberrituak izan ziren Ogasun eta ekonomia drainatu zituen. Ingalaterrako merkataritza eta lurralde-hedapena bere mugara iritsi zen, Elisabeten heriotzaren hurrengo urtean Londresko Ituna sinatzean.
Garai honetan, Ingalaterrak gobernu zentralizatu bat izan zuen, ongi antolatua eta eraginkorra, neurri handi batean Henrike VII.a eta Henrike VIII.aren erreformei esker, baita Elisabetek disidenteen aurka ezarritako zigor gogorrei ere. Ekonomikoki, herrialdea, Atlantikoko merkataritzaren aro berriaz, Espainiako altxorraren lapurreta iraunkorraz, pirateriagatik eta afrikar esklaboen trafikoaz asko baliatzen hasi zen.[2]
Erlijio politika
aldatuElisabet I.a erreginaren politika erlijiosoak anglikanismoaren sendotze eta eliza monarkiarekiko zuen menpekotasuna ekarri zituen. Eremu honetan Book of Common prayer, otoitz ofizialeko testua, indarrean jarri zen, eta Biblia, eliza anglikanoarekin bat etorriz itzularazi zuen.
Nagusitasun aktari esker, Maria Tudorrek bultzatu zuen katolizismoaren itzulera deuseztatu zuen eta eliza anglikanoa sendotu zuen. Konpromiso erlijioso bat bilatu zuen, batez ere estatuaren autoritatea indartzeko eta, aldi berean, puritanoen insubordinazio sozial eta politikoa geldiarazteko. 1570ean Pio V.a aita santuak Elisabet eskumikatu zuen.
Elisabetek episkopalismo deituriko sistema bat ezarri zuen, estatu lurraldean elizbarrutia eratzea aurreikusten zuena eta kontrol politiko eta erlijioso zuen gotzain bat buru zuela. Sistema honek hainbat erreakzio eragin zituen: episkopalianoak, argi eta garbi sostengatzen zutenak, presbiterianoak, jasaten zutenak, eta kongregazionalistak, etsai zirenak.
Elisabet I.arentzat mehatxu izan ziren pertsonaien artean Maria Estuardo zegoen, Eskoziako erregina katolikoa, John Knoxek zuzendutako kalbinisten matxinadaren ondorioz Ingalaterrara ihes egin behar izan zuena. Ingalaterrako erreginaren aurka konspiratzeagatik ospetsu egin zen, eta, beraz, epaitu, hiltzera kondenatu eta 1587an burua moztu zioten Fotheringhayko gazteluan.
Merkataritzaren bultzada
aldatuElisabet I.aren eskutik, artisautza eta manufakturak bultzatu zituzten, eta bultzada honi ekarpen garrantzitsua egin zioten Herbehereetatik eta Frantziatik etorritako iheslari politiko eta erlijiosoek. Horrela, beiraren, zeramikaren eta zetaren industria nazional baterako oinarriak sortu ahal izan zituzten, eta artilezko manufakturen esportazioak bultzatu ahal izan ziren, Londresko burtsan artilea lehengai gisa ordezkatu zuena.
Bere erregealdian, herrialdeko flota militar eta komertzialaren potentzia indartu zen: Sir Francis Drake bezalako kortsarioekin izandako lankidetzari esker, espainiar koloniak kartografiatu zituzten, eta aberastasun handiak metatu zituzten Espainiaren nagusitasuna gutxituz. Erreginaren omenez kolonia bat sortu zen Ipar Amerikan: Virginia izenekoa. Eta, azkenik, Ekialdeko Indietako Britainiar Konpainia eratu zuten.
Kultura
aldatuElisabeten erregealdiak, europar eszenan potentzia handi bezala Ingalaterraren agerpena zigilatzeaz gain, garapen kultural eta zibil handia izan zuen, historiara "isabeldar aro" bezala pasa dena. Loraldi hori literaturan eta nagusiki antzerkian eman zen, batez ere William Shakespeare, Christopher Marlowe, Ben Jonson, John Webster, John Ford eta beste hainbatekin. Garapen handia izan zuen musikak (William Byrd, John Bull) eta arkitekturak ere, Italiako eta Flandriako kultura errenazentistaren eraginpean.
Erreferentziak
aldatu- ↑ John Guy (1988) Tudor England, Oxford University Press, p. 32 ISBN 0192852132
- ↑ Christopher Hibbert (1991) The Virgin Queen: Elizabeth I, Genius of the Golden Age, Da Capo Press, ISBN 0201608170.