James Callaghan
Leonard James Callaghan, Callaghan Cardiffeko baroia, (Portsmouth, 1912ko martxoaren 27a - Ringmer, Ekialdeko Sussex, 2005eko martxoaren 26a) britainiar politikaria izan zen. Langile-familia batean sortu zen, eta gazterik, 17 urte zituela, hasi zen lanean administrazio publikoan. 1936an buru-belarri ekin zion sindikalgintzari. Bigarren Mundu Gerran, britainiar itsas armadan aritu zen, eta hori amaitzean heldu zion politikagintzari, Alderdi Laboristan betiere. 1945ean diputatu hautatu zuten Galesen, eta 1951 arte hainbat kargu izan zituen garraio-ministerioan. Harold Wilson laboristaren agintaldian hasi zen Callaghanen etengabeko gorako bidea: Finantza-ministro izan zen 1964-67 bitartean, dimititu egin behar izan bazuen ere, Erresuma Batuaren egoera ekonomiko eskasa zela-eta. Hurrengo agintaldian (1974-76) Atzerri-ministro izan zen. Alderdi Laboristaren buru hautatu zuten 1976an, Harold Wilsonen ordez, eta, horren ondorioz, Lehen ministro kargua ere bereganatu zuen. Britainiar ekonomiaren egoera txarrak, sindikatuek bultzatutako grebek eta Alderdi Kontserbadorearen oposizio gogorrak gobernuaren gainbehera eragin zuten, eta zentsura-mozio bat zela medio 1979an agintea galdu zuen. Margaret Thatcher kontserbadoreak bereganatu zuen Lehen ministro kargua. 1980an utzi egin zuen Callaghanek Alderdi Laboristaren idazkaritza nagusia.
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.