John Cheever
John William Cheever (1912ko maiatzaren 27a, Wollaston, Massachusetts — 1982ko ekainaren 18a, New York) Ameriketako Estatu Batuetako idazlea izan zen. Zapata-saltzaile baten semea, 1925-1930 urteetako krisiak familiaren estatusean eragin zuen: aitak zurrutari ekin zion eta amak beharrean hasi behar izan zuen . 1930ean ikastetxetik kaleratu zuten (erretzea leporatu zioten) eta bere literatur lanen abiapuntua ekarri zuen kanporatze horrek, egunkari batek halako kontakizuna gaitzat zuen narrazioa erosi baitzion une hartan: Expelled (Kanporatua) zuen izenburu. Hurrengo urteetan hainbat aldizkari eta egunkaritan argitara eman zituen narrazio asko.
1942an armadan da eta hurrengo urtean bere lehen bilduma kaleratu zuen, The way some people live: ipuinon ardatza erdi mailako jendearen zoriontasun eza eta krisia da. Heldu bako lantzat jo zuen idazleak berak gerora eta nahiz eta behin eta berriro lanaz arnegatu, hein batean zor handia zion. MGM estudioetako exekutibo eta aldi berean armadako ofizial Leonard Spigelgassek lana oso gustuko izan zuen eta Cheever Paramount estudioetan lanean paratu zuen, gerra zaratatik urrun; bere konpainia une horretan Normandiako hondartzan lehorreratzeko prest zen. Gerra amaituta, hurrengo urteetan idazteari ekiten dio gogo betean. Aldizkari eta egunkarietan argitaratzen jarraitzen du; nobela luzerik, ordea, ez dator. 1946an izan zuen Random House argitaletxearenren proposamena eta aldez aurretiko ordainketa bat ere, baina ezerezean geratu zen ahalegina. 1947an ‘The New Yorker’-ek The enormous Radio narrazioa atera zuen, apartamentu-etxe batean bizi diren lagunen bizipen eta elkarrizketak jasotzen dituena. Harrera ona izan zuen. Lan egiteko modua eta emaitza zailduz doaz,ostera, eta zer argitaratu zailagoa egingo zaio. Ordura arte kuttun izan zuen ‘The New Yorker’-ek bizkar ematen dio. Guggenheim Fundazioaren beka bati esker (1951) Westchester-era doa bizitzen eta lan egiten, sosegu bila.
1953an bere bigarren narrazio bilduma da kalean lehen aipatu ipuinaren izenak bataiatua, The enormous Radio. Kritikak onak izan ziren, baina ez da sasoi samurra idazlearentzat. Random Housek auzitara eramango du aurreko batean agindutako lana bete ez zuelako. Eskerrak 1956an The Wapshot Chronicle aterako den, krisiari amaiera emanez; bestetik, film baterako gidoia saltzea ere lortuko du (The housebreaker of Shady Hill): gogo onean Italiara bidean da urte bete pasatzeko asmoz. 1964an ordura arte kritika onena jasoko du The Wapshot Scandal lanari esker. Urte berean Time aldizkarian azala eskaini zioten eta The Swimmer ipuina argitaratzen du, gerora film bilakatuko dena. Garai honetan edatea arazo bihurtzen da, sexualitatea kezka du eta emazteagan biltzen ditu bere frustrazioak. Psikiatrarenera joan arazoa konpondu nahian eta hona medikuaren deskribapena: gizon neurotikoa, nartzisista, berekoia eta lagunbakoa. Popatik bidali zuen terapia.
1969an Bullet Park lana publikatu zuen, ildo ilun eta goibela hartzen duena. Tratamenduan berriro ez atzera ez aurrera dabil, zurrutari ezin laga. Emaztearekiko harremana gero eta okerragoa da, ospitaletan sartu-irtenak errepikatuz doaz, harik eta 1975ean hondoa jotzen duen arte. Fred anaia –alkoholiko ohia berau- gerturatu eta sendatze-bidean ipiniko du, New Yorkeko elkarte baten esku jarrita. Eta itxura batean lortu zuen edateari uztea. Hezkuntzari helduko dio eta 1977an Utahko Unibertsitatean irakasle dabil eta Falconer lana emango du argitara; arrakasta handia da oraingoan. Liburu salduenetakoa da orduko zerrendetan. Handik gutxira The Stories of John Cheever (1978) kalean da. 1981ean minbizia antzeman eta oinazean emango du hurrengo urtea. Bere azken lana, Oh What a Paradise It Seems gaisotasunak eragindako minaren kronika da, 100 orrialdetan harildua.
Diarioak
aldatu1982an hil zen John Cheever, 70 urte bete berri zituenean. Bere desagerpenak ordea 29 koadernoen agerpena ekarri zuen. 40. hamarkadan idazten hasi zen diario hau izan zen bere lanaren ardatz nagusi eta bere gordelekua.
Bizitzako azken urteetan idatzi zuenari erreparatuz gero, Cheever bizirik ateratzen den gizona eta garaile bat dela irudituko zaigu. Alkoholismoa, pilula menpekotasuna, sexualitate zalantzak, bazterketa familiarra, Iowan irakasle gisa emandako klase kaotiko eta polemikoak iraganeko kontuak dira.
Cheever, Ossining-ko (New York) santutegi familiarrera itzuli da, alkoholik ez du dastatzen eta pilulak desagertu dira mesanotxetik. Mary Winternitz emazteak, bere izaera homosexual ezkutua dotoreaz gainditu du, eta Cheeverek, amorante bakarra, Max Zimmer gaztea, izango du bere bizitzako azken urteetan.
Arlo profesionalean gainera ospe handia izango du. AEB-tako literaturako izen handien artean azalduko da eta Saul Bellow-rekin batera garaiko ipar amerikarraren alaitasun eta sufrimenduen ispilu nagusia izango da. Idazle gazteentzat ikono bihurtu da (zendu berri den John Updike haren dizipulu-ikaslea izan zen).
Bere diarioak irakurri eta akaso gehiegizkoa litzateke bere azken urteak baikortasunez begiratu zituela esatea, baina bere kontzientzia lasaiago zuela nabaritu daiteke. Azken urte horiek ordea, 29 koaderno horietako pare batean soilik daude gordeak.
Cheeverek, diarioetan, idazle jantzi eta moldeak baztertu eta biluzik idazten du. Cheeveren izaera bitan banatzen den ibai bat zela jabetuko gara. Batetik familia amerikar normal eta zoriontsuaren adibide izan nahi zuen. Mary emaztea eta seme alabak maite zituen, idazle arrakastatsuaren pertsonaia atsegin zuen, baina bere desioak ez zetozen bat aurreko irudi horrekin. Desio horien korrontean murgiltzen zen behin eta berriro. Desio horiek amatatzeko nahiak bestetik, alkoholean bustita eta pilulen efektupean pasarazi zion bere bizitzako parterik nagusiena.
Bibliografia
aldatu- The Way Some People Live (1943)
- The Enormous Radio and Other Stories (1953)
- Stories (with Jean Stafford, Daniel Fuchs, and William Maxwell)(1956)
- The Wapshot Chronicle (1957)
- The Housebreaker of Shady Hill and Other Stories (1958)
- Some People, Places and Things That Will Not Appear In My Next Novel (1961)
- The Wapshot Scandal (1964)
- The Brigadier and the Golf Widow (1964)
- Bullet Park (1969)
- The World of Apples (1973)
- Falconer (1977)
- The Stories of John Cheever (1978)
- Oh, What a Paradise It Seems (1982)
- The Letters of John Cheever (edited by Benjamin Cheever) (1988)
- The Journals of John Cheever (1991)