Kanadako Auzitegi Gorenaren ebazpena, Quebecen balizko sezesioaz
Renvoi relatif à la sécession du Québec (frantsesez) edo Reference re Secession of Quebec (ingelesez) izen ofizialekin ezagutzen den ebazpen judiziala, Kanadako Auzitegi Gorenak hartutako epai bat da[1], 1998. urtekoa, mugarri inportantea Kanada eta Quebec-entzat, eta baita nazioarteko legediaren baitan, balizko sezesio baten auzia zedarritzen baitu.
Aurrekariak
aldatu1980. urtean izan zen independentzia erreferendum bat Quebecen, herrialdea Kanadatik banantzeko, eta galdu egin zuten independentistek, baina 1994an Alderdi Quebectarra berriro iritsi zen boterera beste erreferendum bat egingo zuen aginduarekin. Erreferendum hori egin zen 1995. urtean, baina hura baino lehenago, Quebeceko parlamentuak sezesio lege bat onartu zuen, erreferendumean independentzia gailentzekotan, estatu berria sortzeko urratsak proposatuz. Erreferendum hori egin zen 1995. urtean, eta berriro ere independentismoak galdu egin zuen.
Kanadako Gobernu federala guztiz kontra zegoen Quebecen independentziari zegokionez, baina, hala ere, auzia legearen baitan argitu nahi izan zuen, eta estatuko Auzitegi Gorenari zuzendu zitzaion, kontua argitzeko.
Auzia eta epaia
aldatuKanadako Gobernuaren galderak
aldatuHiru galdera espezifiko galdetu zizkion Gobernuak Auzitegi Gorenari. Funtsean:
- Quebecek badu bere kabuz independentziaren inguruan erabakitzeko eskubiderik Kanadako Konstituzioaren arabera?
- Nazioarteko zuzenbideak babesten du Quebecen autodeterminazio eskubidea?
- Kanadako legeen eta nazioarteko legeen artean gatazkarik balego Quebeceko sezesioaren auzi honetan, zeinek luke lehentasuna?
Erantzun laburra
aldatuLehen bi galderentzat ezezko erantzuna eman zuen Auzitegi Nagusiak, ez Kanadako konstituzioak ez nazioarteko legeek ez zutela babesten sezesio eskubidea. 3. galdera, beraz, ez zuten erantzun beharrik izan.
Ñabardurak: printzipio demokratikoen nagusitasuna
aldatuHala ere, sezesioaren legaltasunari ezezko erantzun hauek ñabarduraz jantzi zituen Auzitegi Gorenak, lau printzipioren argitan: federalismoa, demokrazia, legearen lehentasun eta konstituzionalismoa, eta gutxiengoen babesa. Printzipio demokratikoen nagusitasuna nabarmendu zuten epaileek bereziki:
Il est vrai, bien sûr, que la démocratie exprime la volonté souveraine du peuple. Pourtant cette expression doit aussi être considérée dans le contexte des autres valeurs institutionnelles que nous estimons pertinentes dans ce renvoi. Les rapports entre démocratie et fédéralisme signifient par exemple que peuvent coexister des majorités différentes et également légitimes dans divers provinces et territoires ainsi qu'au niveau fédéral. [...] Un système politique doit aussi avoir une légitimité, ce qui exige, dans notre culture politique, une interaction de la primauté du droit et du principe démocratique. Le système doit pouvoir refléter les aspirations de la population. Il y a plus encore. La légitimité de nos lois repose aussi sur un appel aux valeurs morales dont beaucoup sont enchâssées dans notre structure constitutionnelle. Ce serait une grave erreur d'assimiler la légitimité à la seule «volonté souveraine» ou à la seule règle de la majorité, à l'exclusion d'autres valeurs constitutionnelles[1].
Azken finean, bi zilegitasunen arteko talkan (Quebec eta Kanadako Gobernua) Kanadako Auzitegi Gorenarentzat printzipio demokratikoa nagusitzen da. Bozka nagusitzen da, nahiz eta Konstituzioan ez agertu. Bozkaren adierazpen hori galdera derrigor argi batekin egin behar zela zehaztu zuen halaber Auzitegiak, eta emaitza nabarmen aldekoa izan beharko zela, portzentaiarik aipatzen ez den arren epaian. Quebecek oinarri horiek betez erabakitzen badu sezesioa, Kanadako Gobernuak fede onez negoziatu behar du independentzia (fede onaren definizioetan ere ez zen sartu Auzitegia, dena dela)[2].
Ondorengoak
aldatuAuzitegiaren epaian oinarrituta, Kanadako Parlamentuak Argitasun Legea (Clarity Act) onartu zuen 2000. urtean. Lege horren bidez, Kanadako ordezkarien ganberak boterea du erabakitzeko independentziarako erreferendum baten galdera aski argia den edo ez, eta independentziaren hautuak irabaziz gero aldea behar adinakoa den edo ez. Gainera, lurralde baten independentzia baimentzeko konstituzioa zuzendu behar da, eta, horretarako, gainerako probintzien oniritzia behar da[3].
Quebeceko Gobernuak ez zuen Argitasun Lege hori onartu, eta lege propio bat egin zuen independentziarako baldintzak zehazteko. Loi sur l’exercice des droits fondamentaux et des prérogatives du peuple québécois et de l’État du Québec, izeneko lege horretan, testuak dio quebectarrek eskubidea dutela, aldebakartasunez, beraien erregimen politikoa erabakitzeko, eta burujabetza bera ere erabakitzeko eskubide horren barruan dagoela. Era berean, etorkizuneko balizko independentzia erreferendumetan beharrezko onarpen neurria botoen %50 gehi bat bozetan zehazten da[4].
Bi lege hauen konstituzionaltasuna edo elkarren artean izan daitekeen kontraesana ez da oraingoz argitu Kanadako sistema konstituzionalean.
Euskal hemeroteka
aldatuKanadako Auzitegiaren epai honek iritzi eta ikerketa ugarirako aitzakia eman du Euskal Herrian. Euskal Herriaren burujabetasunarekin, erabakitzeko eskubidearekin eta balizko independentzia prozesu baterako nazioarteko mugarritzat jotzen dute iritzigile eta politologo askok. Hona zenbait aleren bilduma:
- Kanadako haizerik ez Kataluniarentzat. Eneko Etxeberria (zuzenbidean doktorea, EHUko irakaslea, Azpeitiko alkatea EH Bilduren izenean) [2].
- Mayorías cualificadas. Iñaki Anasagasti (EAJ)[5].
- Reclamaciones secesionistas y sistema democrático: ¿derecho a decidir?. Alberto López Basaguren, EHUko katedraduna[6].
- Iñaki Lasagabaster EHUko Administrazio Zuzenbideko katedradunari elkarrizketa[7].
- Sezesioaren teoriak eta praxiak: Aplikazioak Euskal Herrian eta Mendebaldean. Urtzi Urrutikoetxea, kazetari eta politologoa[8].
Erreferentziak
aldatu- ↑ a b (Frantsesez) «Renvoi relatif à la sécession du Québec - Décisions de la CSC (Lexum)» scc-csc.lexum.com (Noiz kontsultatua: 2018-03-16).
- ↑ a b Etxeberria, Eneko. «Kanadako haizerik ez Kataluniarentzat» Berria (Noiz kontsultatua: 2018-03-16).
- ↑ Berria.eus. «Botoak, kontinente guztietan» Berria (Noiz kontsultatua: 2018-03-16).
- ↑ (Frantsesez) «- Loi sur l’exercice des droits fondamentaux et des prérogatives du peuple québécois et de l’État du Québec» legisquebec.gouv.qc.ca (Noiz kontsultatua: 2018-03-16).
- ↑ «MAYORÍAS CUALIFICADAS» Iñaki Anasagasti (Noiz kontsultatua: 2018-03-16).
- ↑ López Basaguren, Alberto. (2014). «Reclamaciones secesionistas y sistema democrático: ¿derecho a decidir?» Galde (6).
- ↑ «'Ibarretxe Plana ez zen aurrera atera abertzaleak ez zirelako ados'» Argia (Noiz kontsultatua: 2018-03-16).
- ↑ Urrutikoetxea, Urtzi. (2013). SEZESIOAREN TEORIAK ETA PRAXIAK: APLIKAZIOAK EUSKAL HERRIAN ETA MENDEBALDEAN. EHU (Noiz kontsultatua: 2018-03-16).