Kirkwooden hutsuneak
Kirkwooden hutsuneak Jupiter eta Marte planeten artean dagoen asteroide gerrikoko gune batzuk dira, non asteroide dentsitatea gerrikoaren batez besteko dentsitatearekiko nabarmenki murriztua den. Euren parametroek (bere erdiardatz nagusia edo modu baliokidean bere orbita periodoa) Jupiter planetaren orbitarekin arrazoi xume bat duten orbitekin bat egiten dute. Esaten denez hutsune hauek Jupiterrekin duten orbita erresonantziekin bat egiten dute. Honela, adibidez, Eguzkitik 2,82 unitate astronomikora dauden asteroideak 5:2ko erresonantzian daude Jupiterrekin, hau da, Jupiterrek Eguzkiaren inguruan bi bira ematen dituen bitartean asteroide horiek bost ematen dituztela. Jupiterren periodoa 11,856525 urtekoa da x 2 = 23,71305 urte. 2,82 unitate astronomikoko distantziari 4,735585286 urte x 5 = 23,67793 urteko periodoa dagokio. Diferentzia 0,035 urtekoa baino ez dela ikus daiteke. Orbita horretan bost biratik behin dihoan balizko asteroide bat Jupiterrenganako gehienezko hurbiltze batekin bat letorke, orbita horretatik botatzea eragingo lukeen erakarpen erresonante bat eragingo liokeena.
Beste orbita erresonantzia batzuk Jupiterren orbita periodoarekin zatiki oso sinpleak eratzen dituzten orbita periodoekin bat datoz. Erresonantziarik ahulenek soilik asteroide huste bat eragiten dute, beste erresonantzia indartsuago batzuk kontrakoa eragiten duten bitartean, hau da, asteroide familia baten presentzia. Ospetsuena 1:1 erresonantzia da, L4 eta L5 Lagrangeren puntuetan, Jupiterren aurrekaldetik eta atzekaldetik 60ºra asteroide troiarren presentzia eragiten duena.
Hutsune hauek Daniel Kirkwood astronomo estatubatuarrak behatu zituen 1857an, Jupiterren orbita erresonantzietan zuten jatorria zuzen azaltzen ere lehena izan zena.
Berrikiago, asteroide kopuru nahiko txiki bat aurkitu da Kirkwooden hutsuneen barnean geratzen diren eta eszentrikotasun altua duten orbitetan. Adibide batzuk Alinda familia eta Griqua familia dira. Orbita hauek euren eszentrikotasuna poliki handitzen dute hamarnaka milioika urteko eskala batean, eta etorkizunean erresonantziatik ihes egingo dute planeta handiago batekin gertuko topaketa baten ondorioz.
Kirkwooden hutsuneak honako orbita erradio hauetan kokatuak daude:
- 1,9 unitate astronomiko (2:9 erresonantzia)
- 2,06 unitate astronomiko (1:4 erresonantzia)
- 2,25 unitate astronomiko (2:7 erresonantzia)
- 2,5 unitate astronomiko (1:3 erresonantzia) Alinda asteroide familia
- 2,706 unitate astronomiko (3:8 erresonantzia)
- 2,82 unitate astronomiko (2:5 erresonantzia)
- 2,95 unitate astronomiko (3:7 erresonantzia)
- 3,27 unitate astronomiko (1:2 erresonantzia) Griqua asteroide familia
- 3,7 unitate astronomiko (3:5 erresonantzia)
Hutsunerik esanguratsuenak 1:3, 2:5, 3:7 eta 1:2 erresonantzietan daude.
Kanpo estekak
aldatu- (Ingelesez)Kirkwooden hutsuneen artikulua Scienceworlden