On Kixote Mantxakoa
On Kixote Mantxakoa[1] (gaztelaniaz: Don Quijote de la Mancha, izenburu osoa: El Ingenioso Hidalgo Don Quijote de la Mancha) Miguel de Cervantes espainiar idazle ospetsuaren idazlan nagusia da. Bi zatitan argitaratu zen, lehenbizikoa 1605ean eta bigarrena 1615ean. Aditu askoren arabera, historiako eleberririk onenetako bat da[2]. Munduko hainbat hizkuntzatara itzulita dago, tartean euskarara[3]; halaber, ugari izan dira zinemara eraman dituzten liburuaren bertsioak.
On Kixote Mantxakoa | |
---|---|
On Kixote Mantxakoaren 4. argitalpeneko azala. | |
Datuak | |
Idazlea | Miguel de Cervantes (1605) |
Argitaratze-data | 1605 eta 1615 |
Generoa | Abenturazko eleberria |
Jatorrizko izenburua | El ingenioso hidalgo don Quijote de la Mancha |
Hizkuntza | Gaztelania |
Argitaletxea | Francisco de Robles (en) eta Juan de la Cuesta (en) |
Herrialdea | Espainia |
OCLC | 1020679308 |
Euskaraz | |
Izenburua | Mantxako Don Kijote |
Itzultzailea | Pedro Berrondo |
Argitaratze-data | 2005 |
ISBN | 8497971191 |
On Kixote Mantxakoa zalduntza liburua da, alegia, Erdi Aroan arrakasta handia izan zuen zaldun eta printzesei buruzko estilokoa. Hala ere, Cervantesek XVII. mendean idatzi zuela kontuan hartuta, ondorioztatzen da gai horiek metaforikoki baliatu zituela beste kontzeptu batzuk helarazteko.
Zatiak
aldatuEleberriaren lehen partea, 1591 inguruan idatzia, El ingenioso hidalgo don Quijote de la Mancha izenburuarekin argitaratu zen 1605ean; bigarrena, Lemosko kondeari eskainia, El ingenioso caballero Don Quijote de la Mancha tituluarekin kaleratu zen 1615ean.
Gaia
aldatuIstorioak ez du korapilo handirik: On Kixote, zalduntza liburuen zale den aitoren seme bat, erotu egin da, zalduna dela uste du, eta hiru bider irten da bere herrixkatik abentura bila, etxera itzuli behar duen arte; gaixoturik, bere senera etorri, eta kristau zintzo baten moduan hil da. Beraz, ez du argumentu nahasirik, ez suspentse dei daitekeenik ere: irakurleari ez zaio uzten ero baten istorioa irakurtzen ari dela ahanzten eta eroak arrazoia berreskuratzen duenean, eleberria bukatu egin da.
Eromenak On Kixote hiru ondorio faltsutara darama eta horiexetan daude protagonistaren kasu patologikoaren funtsa eta eleberriarena:
- 1. On Kixotek, erotu orduko, zalduna dela uste du;
- 2. Guztiz sinetsita dago zalduneria liburuetan irakurri duena egia historikoa dela eta haien protagonistak iragan denboretako zaldun benetakoak eta errealak direla;
- 3. On Kixotek uste du bere garaian —XVII. mendearen hasiera da, Filipe III.a Espainiakoaren erregealdia—, zaldunen bizimodua eta Erdi Aroko idealak berpitz daitezkeela.
Kontuan izan behar da zalduntza liburuak, XVII. mendean, «entretenimendu handiko eta probetxu eskaseko» fikzio gisan definitzen zirela. Bestalde, Erdi Aroko eta XVI. eta XVII. mendeko gaztelar idazleak «historia» eta «kronika» hitzak modu berean erabiltzen zituzten asmakeriazko kontakizunak nahiz benetan gertatuak izendatzeko; hala, On Kixote-ko pasarte askotan eztabaidatzen dira gezurrezko gauzen kontaera eta benetako gertakariena. On Kixotek, gizon jantzia baina eroa izanik, heroitzat zaldun bat zuten liburu guztiek egia kontatzen zutela uste zuen.
Osagai miragarrizko ibilerak eta gertaerak oso iragan urrunean eta lurralde exotikoetan kokatzea zen zalduntza liburuen ezaugarria. Cervantesen helburua liburu horien irakurketa galaraztea zen; hortaz, On Kixote ez da zalduneriaren edo zaldunen idealen satira, aitzitik, XVI. mendean asko irakurtzen zen genero baten parodia da. Liburu haien estilo zaharkitu eta puztuaren parodia, eta pasadizoen, gertaeren eta egituraren beraren parodia ere egiten du. Bere asmoa, liburu haiek baztertzea, osorik bete zuen Cervantesek: On Kixote agertu ondoren, behera egin zuten, guztiz desagertu arte, genero horretako liburuen argitalpenek. Literatura kritika izan zitekeen hark, ordea, Cervantesen antze eta trebetasunari esker, goragoko maila bat iritsi zuen, eta orobat esanahi eta transzendentzia iraunkorra, bere garaia eta bere gertalekua gainditu baitzituen On Kixote-k.
Kixoteren irudiak irakurlea bereganatzen du: gizon zintzoa, bihotz onekoa eta argia izanik, gehiago sentitzen baitu irakurleak haren porroten garraztasuna, komikotasuna baino. Cervantesek, ordea, hirugarren irtenaldian, benetako abentura batera atera zuen protagonista eta han ikusten da ez duela behar diren adorea eta heroismoa gertaerek hala eskatzen dutenean. Horregatik, zentzua berreskuratzea da irtenbidea: sendatutakoan, protagonista Alonso Quijano zintzoa da, berriz ere, eta uko egin die bere amets ero eta heroismoz beteei.
Egitura
aldatuLehen partean eta bigarrenean, egitura nahiko desberdina da. Lehen partea askotan eteten da, kontakizun nagusian beste batzuk tartekatzen direlako, hari nagusiarekin zerikusirik gabeak. Eten horiek kritikatu zituztelarik, bigarren mailako istorio horiek bigarren partean ezabatu egin zituen Cervantesek, liburuaren 74 ataletan bere protagonistak abandonatu gabe.
Lehenengo irtenaldia liburuaren gainerakoarekin erkatuta oso bestelakoa da, zeren, Santxo Panza agertu ez delarik, ez baitago haietan nagusiaren eta morroiaren arteko elkarrizketarik. Baina bi protagonisten hizketaldiek liburuko kapitulu osoak betetzen dituzte gero eta, maiz, ezer gertatu gabe, buru argitasunaren, umore onaren eta zorroztasunaren agergarri dira. Haien ahoetatik ateratzen diren ameskeriek eta iritziek bestelako deskribapen prozeduren ordezko bikainak dira.
Hitz egiteko moduak bakantzen ditu pertsonaia nagusiak: zein eta nolako pertsona den, argota, erudizio hanpatua, hizketa jasoa, herrikoia... darabil. Pertsonaiak dira eleberriaren aberastasunik handienetako bat. Badira guztiz asmatuak eta bere garaiko tipoak direnak, Santxo Panza, adibidez; badira literaturatik hartuak eta errealitatetik hartuak; Cervantes bera agertzen da lehen partean, eta liburua bigarrenean.
Estiloa
aldatuEstiloa asko aldatzen da, ekintzaren arabera: bada artzain estiloa, estilo pikareskoa, moriskoa, ereduzko eleberri direlakoen antzekoa... Oratoriaren baliabideak ere ageri dira eta, orobat, gutun generokoak. Beti ere, Cervantesen estiloak bi alderdi nagusi ditu, jantzia eta tradizionala, gaztelar prosan usadiozkoa zen bezala, La Celestinatik hasita eta, batez ere, Amadis de Gaulari jarraiki; azken hori gaztelaniazko zalduntza liburua da, prosa zehatz, zorrotz eta ederrean idatzia, bere garaian irakurriena eta Cervantesek sarrien aipatzen duena. Cervantes kontalariak prosa hori beretu eta gainditu egin zuen.
Ez da ahaztu behar, sakona eta garratza izanik ere, umorezko liburua ere badela On Kixote. Umore ona eta grazia darie liburuko orri guztiei. Izkirimiri, hitz joko eta adierazpen xelebreez gainera, ironia da nagusi haren estiloan, tituluetatik hasita xehetasunik txikieneraino. XVI. mendean filosofoen, moralisten eta elizgizonen eraso etengabeak jasan zituzten zalduntza liburuek; baina ironiak eta isekak lortu zuten liburu kaltegarri haiei izena kentzea.
Obraren eragina: On Kixote eta eleberri modernoa
aldatuCervantesen ospeak, eta On Kixote-renak bereziki, ez du inoiz beheraldirik izan. Kaleratu zen urtean bertan, 1605ean, sei argitaraldi egin ziren; 1612an itzuli zen ingelesera, eta 1614an frantsesera. Alemanez XVII. mendearen erdialdean agertu zen, eta 1622an italieraz. Lehen komentarioak, dirudienez, Charles Jarvis ingelesak egin zizkion bere XVII. mendeko argitalpenean, nahiz eta XVIII.ean hasi zen ingeles kritika obraren aberatsaz ohartzen, Henry Fielding bereziki (haren Tom Jones-en ageriko eragina du). Alemaniar erromantizismoak, XVIII. mendearen bukaeran, obraren balio filosofikoak eta sentimentalak azpimarratu zituen (Lessing, Schlegel, Herder, Goethe, Heine, etab.). XIX. mendean zehar On Kixotek zerikusi handia izan zuen errealismoaren arrakastan: Manzoni, Dickens, Stendhal, Flaubert, Pérez Galdós, Gogol, Dostoievski, beste askoren artean, Cervantesen zordun dira. Errusiar literaturan ere funtsezko eredua izan zen: 1769an itzuli zen aurreneko aldiz errusierara, eta Turgenievek saio bat eskaini zion (1818-1883), oraindik ere baliagarriak diren ideia sail zabal bat biltzen dituena.
On Kixote-ren gaineko espainiar kritikak, XIX. mendean, mistizismora jo zuen oro har, atzerritarren lanak kontuan hartu gabe. Espainian, kaleratu zen garaian, zalduntza liburuen parodia huts baten moduan irakurri zen On Kixote; eta erromantizismoarekin hasi ziren azpimarratzen eleberriak gordetzen dituen zentzu transzendenteak. Ildo horretatik, oso garrantzitsua izan zen Unamunok bere Vida de don Quijote y Sancho (1905, «On Kixoteren eta Santxoren bizitza») liburuan egindako interpretazio bitalista. Geroztik, obra bere giroan kokatzen ahalegindu da kritika, metafisikako auzietatik urrun; hortaz, aipagarria da adibidez Ramón y Cajal histologoaren Psicología de Don Quijote y el quijotismo (1905, «On Kixoteren psikologia eta kixotismoa») lana. Ez da zaila espainiar eleberrigile modernoenetan, oraindik ere, Cervantesen oihartzuna aurkitzea (Luis Martín-Santos). William Faulknerek Kontalarien Biblia esaten zion, eleberriaren historia ez baita, ezin baita izan, On Kixote-ren komentario ezin saihestuzkoa baino.
Euskarazko itzulpenak
aldatuDon Kijote Mantxa'ko I ATALBURUA: Don Kijote Mantxa'ko zaldun famatuaren izaera ta bizikera nolakoak ziran agertzen diguna. [4] Mantxa-aldeko erri koxkor batean, bere izenik ez nuke gogoratu nai, bizi zan denbora asko ez dala etxeko-seme bat: lantza altxa-tokian, adarga zaar, zaldi igar ta erbi-zakur dun oietakoa. Bere ondasuna, lautatik iru ontantxe zijoakion: egunero eltzekoa, beikia oparoago aarikia baino, zezinkia ia gauero, zartagiko lodia larunbat oro, lentejak ostiraletan, eta usakumeren bat igandetako goxagarri. Gaiñerako guzia, ontara: belarte-atorra, illargi gozo-fiñezko galtzak eta oiñetako leunak, eta aste-egunetan bellori fiñez jantzi-ta bere burua ederresten zuan. Etxerako laguntzalle, berrogei urtetik gorako emakume bat zuan; eta ogei urtetara eldu gabeko illobamea ere; eta morroi bat, naiz kalerako naiz lur-lanerako balio zuana, zalditxarra zelatzeko naiz kima-guraizeak artzeko prest zegona. Berrogei t'amarren bat urte izango zituan gure zaldunak alde-alde; gorpuzkera azkarra, igarra, aurpegi zimurra, goiztarra eta eizezalea. Bere izena Kijada edo Kisada omen zala diote, ontan ez bait-datoz batera alegia, gai ontaz idatzi dutenak; baina egi-itxurak liokenez, Kijana zeritzan. Onek, ordea, gutxi ajola dio gure ariari; aski bait-da arian-ariagatik egiazko bidetik bat ere ez irtetzea. Ara, bada-ta, aipaturiko zaldun onek, zeregiñ gabe egoten zanean, geienbat urte guzian noski, alakoxe grinaz ta pozez oi zan zaldunketa-liburuak irakurriaz, eiziko ari-bearra erabat alde batera utzi zuan eta era berean etxeko ondasun zaintza; eta ainbesteraiñotu zitzaion gai ontarako jakin-miña ta zoramena, labra-lur onenetatik golde-lur asko saldu zituan zaldunketa-liburuak erosteko ; eta onela eskuratu aal izan zituan guziak, bere etxera eraman zituan; eta danetan oberenak, besterik ez bezela, Silba'tar Feliziano'renak iruditzen zitzaizkion: ain bitxi politak bait-zerizkion aren itz-lauaren garbiari eta arrazoi-bide biurriari: eta areago oraindik, aren maita-goxozko naiz desafiozko izketak irakurtzen zituanean; an ta emen non nai, olatsukoak bait-zeuden idatzirik: «Nire adimenari egiten zaion adi-ezaren adi-indarrak ainbesteraiño nire adi-kemena auldu dit, adi-osoz ai-eneka diot zure edertasunari». Baita ere irakurtzen zuanean: «zure jainkotasuna jainko-erazten duten izarretako zeru-goiek eta zure duintasunak merezi duan mereziaren mereziak». |
- XIX. mendean, José Palacio Sáenz de Vitery idazle arabarrak (Legutio) liburua euskaratzeari ekin zion, baina lan izugarri hori amaitu barik hil zen. Madrileko Palacio del Paseo del Cisne-n zeuden eskuizkribuak ez dira guregana iritsi, Espainiako Gerra Zibilean galdu zirelako[5].
- 1904n Jean Pierre Duvoisinek euskaraturako aintzinsolasa eta hiru kapitulu argitaratu ziren, Don Kixoten gerthakariak izenburuarekin. Ondoko urtean Julian Apraizek prestatutako Donkituera umill euskalduna Cervantes-eri opatua Manchako don Quijote, seme argi ta ospatsua agertu zanetik irugarren eunki-urrenean liburuxka kaleratu zen. Antologia horren itzultzaileak Duvoisin bera, Paulo Zamarripa, Ebaristo Bustintza eta Mateo Muxika izan ziren[3][6].
- Gabriel Arestik eleberriko lehen zortzi kapituluak euskaratu zituen 1969an, baina 1986 arte ez ziren argitara atera[7]. Don Kixote Mantxakoa jarri zion izenburua, Susa argitaldiriak Arestiren lan guztien bilduman argitaratu zuen lana 1986an, eta Armiarma proiektuan ere badaude sarean zortzi kapitulu horiek[8].
- Pedro Berrondo Don Quijote de la Mancha osorik euskaratu zuen lehenbiziko itzultzailea izan zen. Don Kijote Mantxa'ko bi liburukitan argitaratu zen: Zarauzko Itxaropena argitaletxeak 1976an lehenengo zatia eta Jose Estornes Lasak 1985ean bigarrena. 2005ean, laugarren mendeurrena zela eta, Erein argitaletxeak edizio berritua euskara batuan argitaratu zuen, Patxi Ezkiagak laburtua eta egokitua. Halaber, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak Berrondoren lana faksimilean kaleratu zuen[3].
- 2012an, Kepa Barañanok On Kixote-ren itzulpen osoa amaitu eta, Eneko Iñarrondo ezizenez sinatua, Interneten sareratu zuen[9]. Itzulpen hori onkixotemantxako.eu[10] orrialdean irakur daiteke.
Marrazki bizidunak
aldatuIkus, gainera
aldatuErreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2015/07/04 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak.
- ↑ La mejor novela de la historia. in: El País, 2002-05-08. elpais.com (Noiz kontsultatua: 2015-07-04).
- ↑ a b c García Argüello, Xabier. On Kixote euskalduna. in: El País, 2005-01-10. elpais.com (Noiz kontsultatua: 2015-07-04).
- ↑ Cervantes, Miguel de. Don Kijote mantxa'ko, I Atalburua. in: Pedro Berrondok euskaratua, Lur Entziklopedia Tematikoa, 1999. euskara.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2015-07-09).
- ↑ Estornés Lasa, Bernardo. José Palacio Sáenz de Vitery. in: Auñamendi Eusko Entziklopedia. euskomedia.org (Noiz kontsultatua: 2015-07-08).
- ↑ Cervantes, Miguel de. Donkituera umill euskalduna Cervantes-eri opatua Manchako don Quijote, seme argi ta ospatsua agertu zanetik irugarren eunki-urrunean. in: Julian Apraizek agindu eta argitaratutako itzulpena. liburuklik.euskadi.net (Noiz kontsultatua: 2015-07-08).
- ↑ Cervantes, Miguel de. Don Kixote Mantxakoa. in: Gabriel Arestiren itzulpena, Susa argitaletxea. armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2015-07-08).
- ↑ «Don Kixote Gabriel Arestiren arabera» www.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2018-05-29).
- ↑ Zabala, Juan Luis. Egoskorkeria kixoteskoak. berria.eus (Noiz kontsultatua: 2015-07-08).
- ↑ Cervantes, Miguel de. On Kixote Mantxako. in: Eneko Iñarrondok euskaratua. onkixotemantxako.eu (Noiz kontsultatua: 2015-07-08).
Bibliografia
aldatu- Ezkiaga, Patxi: Don Kijote Mantxako eta pedagogia. - Egan, 2006-3/4, 5-22
Kanpo estekak
aldatu- (Gaztelaniaz) Miguel de Cervantes: El ingenioso hidalgo Don Quijote de La Mancha Quijote.bne.es
- Miguel de Cervantes: Don Kijote Mantxa'ko, Pedro Berrondok euskaratua, Coleccionesdigitales.cervantes.es
- Miguel de Cervantes: On Kixote Mantxako, Eneko Iñarrondok euskaratua, Onkixotemantxako.eu
- Gotzon Egia: Mantxako herri batean Eizie.org