Kontsonante leherkari

Ikus, gainera: «Kontsonante herskari»

Fonetikan, kontsonante leherkaria —edo, labur, leherkariaartikulazio moduari dagokionez ahoan, faringean edo glotisean aire-emaria erabat blokeatuz (gelditzen den arte) eta ondoren blokeo hori bat-batean irekiz gauzatzen den kontsonantea da. Askotan kontsonante herskaria edo kontsonante oklusiboa izenaz ere deitu ohi da, baina kategoria horiek maiz beste zenbait hersketa mota ere barne hartzen dituzte: adibidez, herskari sudurkariak, afrikatuak, inplosiboak, eiektiboak edo klikak.

Leherkari edo herskari ahokarietan, aire-emaria erabat galarazten da (hersketa fasea), eta presio ezberdintasun bat eragiten du ahoskunearen aurreko eta osteko guneen artean; blokeoa askatzean (askatze fasea) ekoizten da, funtsean, soinua. Horrek herskari sudurkarien ekoizpenarekin kontrastatzen du, non sudur-bidean ez den aire-emaria eteten; eta igurzkariekin, non ahots-bideko hersketa partzialak aire-emaria galarazten duen guztiz blokeatu gabe. Azken bi kasuetan, soinua etenik gabe sortzen da blokeo fasean, leherkarien kasuan ez bezala.

Terminologia

aldatu

Ingelesezko stop (euskaraz herskari), occlusive (oklusibo) eta plosive (leherkari) terminoak modu inkonsistentean erabiliak dira literaturan. Sinonimotzat hartu izan dira, eta kategoria ezberdintzat erabiltzen dituzten hizkuntzalarien artean ere ez dago adostasunik haien definizio zehatzari dagokionean. Terminook definitzen dituzten kontsonanteen ezaugarri desberdinei dagozkie: stop, aire-emaria gelditzen edo ixten delako; occlusive, artikulatzaileek ahots bidea blokeatzen dutelako; eta plosive, kontsonantea askatzean eztanda bat dagoelako (leherketa). Hizkuntzalari zenbaitek ez dute plosive askatze entzungarririk gabeko leherkarietarako, eta applosive izena proposatzen dute. Nazioarteko Fonetika Elkarteak eta Nazioarteko Fonetika eta Hizkuntzalaritza Kliniko Elkarteak plosive izena erabiltzen dute.

"Herskari" edo "oklusibo" sudurkariak eta afrikatuak ere barne hartzen dituen termino orokortzat erabil daitezke. Horrela, 'herskari' herskari ahokari (leherkari eta afrikatu) gehi herskari sudurkari ([m] eta [n] moduko sudurkariak) dira, edo 'oklusibo', oklusibo ahokari (leherkariak) gehi oklusibo sudurkari.

Terminologia euskaraz

aldatu

Euskaraz, "herskari" stop eta occlusive terminoen ordain argiena da, hitz horrek airea blokeatzen duen hersketari erreferentzia egiten diolako. "Oklusibo" hitzak ez du tradizio handirik, baina hiru terminoen artean bereizketa egin nahi balitz, horretarako balia daiteke, occlusive hitzaren mailegatzearen ondorio den heinean. Azkenik, leherkari terminoak leherketari buruzkoa da: horren ondorioz, plosive hitzaren ordain zuzena da.

Artikulazioa

aldatu

Leherkari baten artikulazioa hiru fasetan banatu ohi da:

  • Hurbiltzea, artikulatzaileak batzen diren unea.
  • Mantentzea (edo "oklusioa" edo "hersketa"), artikulatzaileak baturik mantentzen dira aire-emaria blokeatuz.
  • Askatzea (edo "eztanda" edo "leherketa"), artikulatzaileak banatzen direnean konprimitutako airea askatuz.[1]

Mantentze fasea ezinbesteko bakarra da. Leherkari bat hurbiltzerik gabe ahoska daiteke, aurreko kontsonanteak hersketa bat duenean ahoskune berean, esate baterako sudurkari gehi leherkari sekuentzietan (kanpo [kampo], handi [(h)an̪d̪i] edo anker [aŋker] kasu) edo alde [al̪d̪e] bezalako kontsonante bilkura homorganikoetan. Hizkuntza askotan, hara non malayeraz edo vietmaneraz, hitz amaierako leherkariek ez dute askatze leherketarik, ez eta bokal baten aurrean ere, edo askatze sudurkaria izan dezakete (askatze entzungarri eza).

Sudurkariek antzekotasun zenbait dute leherkariekiko. Hurbiltze eta mantentze faseetan aire-emariak sudurretik jarraitzen du; askatzean ez dago leherketarik, eta hitz amaierako sudurkariek ez dute askatzerik izaten hizkuntza gehienetan.

Afrikatuek leherkarien hurbiltze eta mantentzea dute, baina askatzea igurzkariena da. Hau da, afrikatuak leherkari-igurzkari konposaketa dira.

Euskaraz

aldatu

Euskaraz, leherkariak /p, b/ biezpainkariak, /t, d/ horzkariak, /k, g/ belarrak eta /c, ɟ/ sabaikariak dira (ahoskabe-ahostun bikotetan). Leherkari ahostun eta ahoskabe soilak euskalki guztietan aurki daitezke. Hala ere, ⟨tt⟩ [c] eta ⟨dd⟩ [ɟ] leherkari sabaikariak ez dira hizkera guztietan berdin agertzen. Gainera, [c] hizkera batzuetan galdu egin da, eta ⟨tx⟩ [t͡ʃ] afrikatuak ordezkatu du: aitxa, ditxut.[2]

Adibideak: piku, bake, trapu, dotore, kokatu, guk, dut, ttantto, Maddi, Jon [ɟon].

Leherkari ahoskabe hasperendunak

aldatu

Ipar Euskal Herriko euskalkietan (funtsean zubereraz eta behe-nafarrezko hizkera zenbaitetan) /ph, th, kh, ch/ leherkari ahoskabe hasperendunak ere agertzen dira. Itxura guztien arabera, leherkari ahoskabe soilekin oposaketan daude eta, horren ondorioz, fonema balioa dute. Bi hots horien arteko oposizioa erakusten duten pare minimo gutxi daude, baina zubererako merkatü "merke bihurtu" (merke-tik) eta merkhatü "saltoki" (latinezko mercātu(m)-tik) bikotea aipa daiteke, bederen.[3] Pare minimoak aurkitzen zail izateak ez die fonema baliorik kentzen, hizkera horietako hiztunek erraz hauteman eta nahita bereizten baitituzte.[2]

Banaketa

aldatu

Euskaraz, leherkari ahoskabeak kokapen nagusi guztietan ager daitezke: hitz hasieran, hitz erdian eta hitz amaieran (esaterako, potoloak). Hitz erdiko koda kokapenean soilik mailegu berriagoetan agertzen dira (konparatu doktore mailegu berria dotore mailegu zaharragoarekin). Bestalde, leherkari ahostunak bakarrik hitz hasieran eta hitz erdian ager daitezke gaur egun (esaterako, gogo). Garai zaharragoetan hitz amaieran ere ager zitezkeela ematen du, Oihenartek erabiltzen duen dud (egun dut dena, hitz amaierako ahoskabetzearen ondorioz) adizkian kasu.[4] Leherkari ahostunen kasuan bezala, ahostunak ere hitz erdiko koda kokapenean soilik mailegu berriagoetan agertzen dira (esaterako, abdikatu).

Leherkari ahoskabe hasperendunek oso banaketa mugatua dute egun gordetzen dituzten hikeretan. Leherkari ahoskabe hasperendun bakarra ager daiteke hitz jakin batean, eta hau hitzaren lehen bi silabetan agertzen da ia sistematikoki,[5] betiere silaba ekinean, eta soilik aurretik txistukari bat ez duenean eta [h] hitz berean agertzen ez denean.[4][6][7]

Adibideak: ekharri, jokhatu, khatiña.

Historia

aldatu

Autore guztien arabera, euskarak berreraiki daitezkeen garai guztietan bi leherkari serie izan ditu, nahiz eta hauen gauzatze fonetikoari dagokionean eztabaida handia egon den.[8][9][10][11][5][12]

Leherkari ahoskabe hasperendunak iparraldeko euskalkietan hedaturik zeuden duela ez horrenbeste. Hala ere, gero eta hizkera gutxiagotan mantentzen dira. Ikerketa fonetikoei esker, leherkari ahoskabe soil eta leherkari ahoskabe hasperendunen arteko oposaketa gaur egun gutxienez zubereran[13][14] eta amikuzeran[15] gordetzen dela dakigu.


Erreferentziak

aldatu
  1. Collins, Beverley. (2013). Practical phonetics and phonology : a resource book for students. (3rd ed. argitaraldia) Routledge ISBN 978-0-203-08002-3. PMC 827944794. (Noiz kontsultatua: 2021-03-02).
  2. a b Lourdes OÑEDERRA: «Hotsak», Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.es/seg. ISBN: 978-84-693-9891-3. Creative Commons Domeinu Publikoa lizentziarekin argitaratua.
  3. (Frantsesez) Larrasquet, Jean. (1939). Le basque de la Basse-Soule orientale. C. Klincksieck (Noiz kontsultatua: 2021-02-28).
  4. a b (Gaztelaniaz) Michelena, Luis. (1977). Fonética histórica vasca. Diputación Foral de Guipúzcoa (Noiz kontsultatua: 2021-02-02).
  5. a b Hualde, José Ignacio. (2018-02-23). «Aspiration in Basque» Papers in Historical Phonology 3: 1–27.  doi:10.2218/pihph.3.2018.2602. ISSN 2399-6714. (Noiz kontsultatua: 2021-03-03).
  6. (Ingelesez) Hualde, José Ignacio; Urbina, Jon Ortiz de. (2011-06-03). A Grammar of Basque. Walter de Gruyter ISBN 978-3-11-089528-5. (Noiz kontsultatua: 2021-02-02).
  7. (Ingelesez) Egurtzegi, Ander. (2013). «Phonetics and Phonology» in Martínez Areta, Mikel Basque and Proto-Basque. Peter Lang  doi:10.3726/978-3-653-02701-3. ISBN 978-3-653-02701-3. (Noiz kontsultatua: 2021-02-28).
  8. (Ingelesez) Martinet, André. (1950-12). «De la Sonorisation des Occlusives Initiales en Basque» WORD 6 (3): 224–233.  doi:10.1080/00437956.1950.11659382. ISSN 0043-7956. (Noiz kontsultatua: 2021-03-03).
  9. (Gaztelaniaz) Mitxelena, Koldo. (1962). «Las antiguas consonantes vascas» Estructuralismo e historia: miscelánea homenaje a André Martinet. Universidad de La Laguna (Noiz kontsultatua: 2021-03-03).
  10. Trask, R. L.. (1997). The history of Basque. Routledge ISBN 0-415-13116-2. PMC 34514667. (Noiz kontsultatua: 2021-03-03).
  11. (Ingelesez) Hualde, Jose Ignacio. (1999). «Pre-Basque Plosives» Grammatical Analyses in Basque and Romance Linguistics: Papers in Honor of Mario Saltarelli.  doi:10.1075/cilt.187.06hua. ISBN 9789027236937. (Noiz kontsultatua: 2021-03-03).
  12. (Ingelesez) Egurtzegi, Ander. (2019-07). «Metathesis of aspiration as the source of anticipatory voicelessness in Basque» Journal of French Language Studies 29 (2): 265–279.  doi:10.1017/S0959269518000339. ISSN 0959-2695. (Noiz kontsultatua: 2021-03-03).
  13. Gaminde, Iñaki; Hualde, José Ignacio; Salaberria, Jasone. (2002). «Zubereraren herskariak: azterketa akustikoa» Lapurdum 7: 221–236.  doi:10.4000/lapurdum.1000. ISSN 1273-3830. (Noiz kontsultatua: 2021-02-28).
  14. Mounole, Céline. (2004). «Zubererazko herskarien azterketa akustikoa» ASJU 38 (1): 207-248. ISSN 0582-6152. (Noiz kontsultatua: 2021-02-28).
  15. (Ingelesez) Egurtzegi, Ander; Carignan, Christopher. (2020). «An acoustic description of Mixean Basque» The Journal of the Acoustical Society of America 147 (4): 2791-2802.  doi:10.1121/10.0000996. ISSN 0001-4966. (Noiz kontsultatua: 2021-02-28).

Kanpo estekak

aldatu
  NODES
HOME 1
Idea 4
idea 4
multimedia 1
os 41