Kornelia Eszipion Afrikarra[1] (latinez: Cornelia Scipionis Africana; c.K.a. 189 - c.K.a. 110) Eszipion Afrikarraren eta Emilia Tertziaren bigarren alaba izan zen, beraz, Gens Corneliakoa, itzal handiko familia Erroman.

Kornelia Afrikarra

Bizitza
JaiotzaAntzinako Erroma, K.a. 190
Herrialdea Antzinako Erroma
Heriotzaezezaguna, K.a. 110 (79/80 urte)
Familia
AitaEszipion Afrikarra
AmaEmilia Tertzia
Ezkontidea(k)Tiberio Sempronio Grako (kontsula K.a. 177an)
Seme-alabak
Haurrideak
LeinuaCornelius Scipio
Hezkuntza
Hizkuntzaklatina
Jarduerak
Jarduerakidazlea
Jasotako sariak
Kornelia, grakotarren ama, Noël Hallé, 1779

Tiberio Senpronio Grakorekin ezkondu zen eta hamabi seme-alaba izan zituzten elkarrekin, nahiz eta hiru besterik ez heldu helduarora: Tiberio, Gaio eta Senpronia.Grakotarren ama izan zen. Alargun geratu zen gaztetan, eta bere seme-alabei heziketa on bat ematen saiatu zen. Kornelia, dohain eta kultura handiko ama, erromatarren eredua izan zen[2].

Biografia

aldatu

Korneliaren jaiotzaren garaiko anekdota bitxi bat ezagutzen da[3]. Plinio Zaharrak dio neskatoa baginako oklusioarekin jaio zela; buxadura hau, Erroman, zoritxarreko iragarpena izaten zen[4]. K.o. III. mendearen erdialdean, Gaio Julio Solino adituak jaioberriaren etorkizuneko semeen zoritxarreko amaieran seinale argia ikusten zuen , alegia, Grakotarren amaieran[5].

Eszipioien familian jaio zen, datu garrantzitsua K.a. II. mendeko erromatar bizitza kultural gehiena familia honen inguruan loratu baitzen. Literatura, filosofia, arteak... landu zituzten, filohelenismo kutsu batekin; emakumeen hezkuntzari garrantzia ematen zioten[3].

Bere aita, Publio Kornelio Eszipion Afrikarra, Erromako militar handienetakoa izan zen, Kartagoko Hanibal garaitu zuen Bigarren Gerra Punikoan eta, honegatik, Africanus edo Afrikarra goitizena irabazi zuen. Ama, Emilia Tertzia, Gens Aemiliakoa zen, Erromako familia patrizio nagusietako batekoa. Lau seme-alaba izan zituzten: Publio Kornelio Eszipion augurra, Luzio Kornelio Eszipion, Kornelia Nagusia eta Kornelia Gaztea edo Kornelia Afrikarra.

Gaztetan, Eszipion aita hil ondoren, Tiberio Senpronio Grakorekin ezkontzerakoan, beste familia patrizio baten sartu zen, Gens Sempronian. Senarra bera baino askoz zaharragoa zen, hogeita hamar urte baino gehiago, eta seme-alabak berak bakarrik haziko zituen. Ustez, 12 seme-alaba izan zituen, eta horietatik hiru bakarrik heldu ziren helduarora: Tiberio, Gaio eta Senpronia.

Senpronio Grakoren amaieraren gainean beste historia eder bat jasotzen da[6][7][8][9]. Tiberio Grakoren etxean bi suge harrapatu zituzten, bata arra eta bestea emea. Tiberiori haruspize batek esan zion arra joten uzten bazuen emaztea hilko zitzaiola; emea joaten uzten bazuen, aldiz, bera hilko zen. Arra hiltzea agindu zuen eta emeari joaten utzi zion, senarraren maitasunaren seinale.

Kornelia, alargundu ondoren, univira (gizon bakarreko emakume) eredu izan zen, hau da, berriro ezkondu gabeko alarguna, nahiz eta Ptolomeo VIII.ak gortea egin.

Seme alaben heziketara eman zen[10].

Haren jendetasuna, jakinduria eta edertasunak erromatarren matrona perfektua egin zuten[11].

Tiberio Grakoren erailketaren ondoren (K.a. 133), Misenora joan zen bizitzera, bizitza lasaia eman zuen, eta letretako jendez inguraturik.

Plutarko[12] eta Plinio Zaharraren[13] arabera, erromatar herriak estatua bat egin zion Korneliari, eserita agertzen zen eta lokarririk gabeko sandaliak lotzen. Azpian honako inskripzioa: "Kornelia, Grakotarren ama".

Grakotarren heziketaren arduraduna

aldatu

Kornelia harro zegoen bere haurrez. Behin esan omen zuen ez ziola inoiz utzi zoriontsu izateari, Grakotarren ama zelako.[14]. Beste behin, Kanpaniako matrona batek bere bitxiak erakusten zizkion bitartean, zein baino zein ederragoak, Korneliak bere semeak aurkeztuz esan omen zion haiek zirela bere bitxiak[15].

Korneliaren garaipen soziala, emakume alargun gisa, bere seme-alaben garaipen soziala zen, bereziki gizonena; Kornelia arduratu zen aita eta familiako gizonak handi egin zituzten balioak transmititzeaz, eta, bide batez, ideologia, hezkuntza arduratsuarekin[3].

Zizeronek (in sermone matris)[16] eta Kintilianok (eloquentia)[17] aipatzen dute hitz egiten edo hizlaritzan ere irakatsi ziela. Korneliaren prestasunagatik txikitatik hezi zituen letra grekoetan, eta beti irakasle bikainak izan zituzten, besteak beste, Diofanes Mitilenekoa, gariako Greziako hizlaririk onena[18].

Erromak munduan duen zeregina ulertzeko hainbat modu aurrez aurre daude eta kontrastatzen dira, lehen aldiz askatasun-giroan. Giro berri honek elokuentzia eta erretorikaren garapena bultzatzen du. Tiberio Grakoren (K.a. 163K.a. 133) eta bere anaia Gaioren (K.a. 154K.a. 121) hitzaldietan hizlaritza grekoaren eragina nabaritzen hasi ziren, bereziki Asiako joeren eragina. Tiberio elokuentzia neurritsuagatik eta dialektika zainduagatik bereizten zen; Gaio anaiak, aldiz, oratoria pizgarria erabiltzen zuen, jendetza sutzeko gai zena; Zizeronek dio bere garaiko hizlari guztiak gainditzen zituela hitzaldietan[19].

Tiberio Grakok bizitza laburra izan arren, bere laborantza-erreformek zeresan handia eman zuten. Plebearen tribuno bezala nekazaritzaren arazoa konpondu eta italiar nekazarien egoera tamalgarria hobetu nahi izan zuen, Senatuaren gehiengoak oso ondo hartu ez zuen lex agraria bat proposatuz, ager publicuseko lurrak hiritar pobreenen artean banatzeko. Berrikuntza horien kontrako Optimates taldeak erail zuen. Gaio Grako, anaia bezala, laborantza erreformak bultzatzen saiatu zen eta Senatuko alde atzerakoienek hil egin zuten.

Senpronia (K.a.170101) amak hezi eta hazi zuen. 17 edo 18 urte zituenean, eta seguru asko K.a. 151an (Eszipion Gaztea Hispaniara ateratzen denean), Eszipion Emilianorekin ezkondu zen.

Korneliaren gutunak

aldatu

Korneliaren irudiak interes handia piztu zuen garai guztietako idazleengan, matrona erromatarraren prototipoarekin erabat bat zetorrelako: univira, multipara, domiseda... (gizon bakarrarekin ezkondua, hainbat seme-alaben ama, etxezalea...)[20].

Emakume erromatar bakarra da, literatura kristauaren aurretik, prosa latindarra idazten; bi pasarte ezagutzen dira, bi gutun zati, gutun pribatuen adibiderik zaharrenak erromatar literaturan[21]. Seguru asko antzinatean argitaratuko ziren gutun horiek, Zizeronek[22] irakurri eta laudatu baitzituen[21] eta Kornelio Nepotek bere eskuizkribuetan baitzituen; bere Bizitzen ondoren agertzen omen ziren goiburu honekin: Verba ex epistula Corneliae Gracchorum matris ex libro Corneli Nepotis de Latinis historicis excerpta[3].

Tiberio semea hil eta gero (K.a.133) Gaio semeari idatzitako gutun banatakoak dira gordetako bi pasarte horiek[23].

Lehen pasartea

aldatu

"Esango duzu ederra dela etsaiez mendeku hartzea. Eta inori ez zaio hori niri baino handiagoa eta ederragoa iruditzen, baina Errepublika arriskuan jarri gabe lor badaiteke. Baina hori ezin denez gertatu, gure etsaiak ez dira denbora luzez eta leku askotan hilko, eta orain dauden-daudenean egongo dira Errepublika suntsitu eta hil baino lehenago." (Itzulpena: Enara San Juan Manso[21])"

Korneliak Gaiori gomendatzen dio bere etsaiei mendeku hartzeko gogoa atzeratzeko; izan ere, hori egitea ederra izan arren, inoiz ez da egin beharko Errepublikaren interesen kalterako.

Bigarren pasartea

aldatu

"Menturatuko nintzateke hitz solemneekin zin egitera etsai bakar batek ere, Tiberio Grako hil zutenak alde batera utzita, ez didala eragin zuk kontu horregatik adinako ondoezik eta sufrikariorik; zuk, aurretik izan nituen seme-alaba guztien lekua hartu behar zenuenak, eta zahartzaroan ahalik eta kezka gutxien izango nuela zaindu behar zenuenak, eta, egiten zenuena egiten zuela, egindako horrekin ahalik eta atsegin gehien eman behar zenidanak, eta bidegabetzat eduki behar zenuenak nire iritziaren kontra garrantzizko ezer egin nahi izatea; batez ere niri, bizitzaren zati txiki bat bakarrik geratzen zaidan honi. Tarte labur horrek ere ez al dit balioko zuk niri aurre ez egiteko eta Errepublika ez suntsitzeko? Noizbait etengo al da hau? Inoiz utziko al dio gure etxeak erokeriak egiteari? Inoiz izango al du honek amaierarik? Inoiz utziko al diogu bai arazoak edukitzeari bai eragiteari? Inoz lotsatuko al gara Errepublika aztoratzeaz eta asaldatzeaz? Bada, hori ezin bada inola ere gertatu, ni hildakoan, aurkeztu ezazu zeure burua tribunotzarako: nigatik, egin nahi duzuna, nik horretaz konturatzerik ez dudanean. Hilda nagoenean, sakrifizioa egingo duzu nire ohoretan, eta familiako jainkoari erregutuko diozu. Orduan, ez al dizu lotsarik emango jainko horiei -bizirik eta zugandik hurbil zeudenean, ahaztuta eta abandonatuta eduki dituzun horiek- erregu egiteak? Jupiterrek ez zaitzala utzi zure ahaleginean jarraitzen, ezta eromen hain handia zeureganatzen ere! Eta zeureari eusten badiozu, beldur naiz ez ote duzun, zure erruagatik, zure bizitza osoan izango halako estuasun handia non ezbaitzara sekula zeure buruarekin bakean izango." (Itzulpena: Enara San Juan Manso[21])

Pasarte honetan, Kornelia oso indartsu bat ageri da, eta gogor egiten dio aurre tribunotzarako aurkezteko asmoa duen semeari.

Erreferentziak

aldatu
  1. Euskaltzaindia. Latin eta greziar pertsona-izen klasikoak.... .
  2. (Ingelesez) Chrystal, Paul. (2017-05-17). Roman Women: The Women who influenced the History of Rome. Fonthill Media (Noiz kontsultatua: 2023-12-12).
  3. a b c d López, Aurora (1994), No sólo hilaron lana. Escritoras romanas en prosa y verso, Ediciones Clásicas, Madrid.
  4. Plinio Zaharra, Naturalis Historia VII, 69: "Quasdam concreto genitali gigni infausto omine Cornelia Gracchorum mater indicio est"
  5. Gaio Julio Solino I, 67: "Feminis perinde est infausta nativitas, si concretum virginal fuerit; quo pacto genitalia fuere Corneliae, quae editis Gracchis ostentum hoc piavit sinistro exitu liberorum"
  6. Valerio Maximo. «Factorum et dictorum memorabiliumIV, 6,1» www.thelatinlibrary.com (Noiz kontsultatua: 2023-12-13).
  7. Zizeron. «De Divinatione II, 62» www.thelatinlibrary.com (Noiz kontsultatua: 2023-12-13).
  8. Plutarko, Tiberio eta Gaio Grako I, 2
  9. Plinio Zaharra, Naturalis Historia VII, 122
  10. Plutarko, Tiberio eta Gaio Grako, I, 3
  11. «History of the Hellenistic and Roman World» archive.wikiwix.com (Noiz kontsultatua: 2023-12-13).
  12. Plutarko, Tiberio eta Gaio Grako, 4
  13. Plinio Zaharra, Historia naturalis, 34, 31
  14. Seneka. «De consolatione (ad Marciam) XVI, 3» www.thelatinlibrary.com (Noiz kontsultatua: 2023-12-14).
  15. Valerio Maximo. «Factorum et dictorum memorabilium IV, 4.4» www.thelatinlibrary.com (Noiz kontsultatua: 2023-12-14).
  16. Zizeron. «Brutus 210-211» www.thelatinlibrary.com (Noiz kontsultatua: 2023-12-14).
  17. Kintiliano. «Institutio Oratoria I, 1, 6» www.thelatinlibrary.com (Noiz kontsultatua: 2023-12-14).
  18. Zizeron. «Brutus 104» www.thelatinlibrary.com (Noiz kontsultatua: 2023-12-14).
  19. Zizeron. «Brutus 125» www.thelatinlibrary.com (Noiz kontsultatua: 2023-12-14).
  20. Casamayor Mancisidor, Sara. (2015). «"Casta, pia, lanifica, domiseda": modelo ideal de feminidad en la Roma tardorrepublicana (ss. II-I a.C.)» Ab Initio: Revista digital para estudiantes de Historia 6 (11): 3–23. ISSN 2172-671X. (Noiz kontsultatua: 2023-12-14).
  21. a b c d San Juan Manso, Enara (2022), "Erromatar emakume idazleak: jakingarriak eta lekukotasunak", UZTARO 123, 147-164 or.
  22. Zizeron. «Brutus 211» www.thelatinlibrary.com (Noiz kontsultatua: 2023-12-14).
  23. Kornelio Nepote. «Fragmenta ex libris De viris illustribus Corneli Nepotis» www.thelatinlibrary.com (Noiz kontsultatua: 2023-12-16).

Kanpo estekak

aldatu


  Artikulu hau biografia baten zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.
  NODES
Idea 3
idea 3