Larratze
Larratzea edo alhatzea elikadura metodo bat da, zeinetan herbiboro batek landare belarkara txikien zurtoinak eta hostoak jaten dituen, hala nola gramineoenak. Animalia espezie anitz larratzen dira, bai handiak (hipopotamoak, adibidez), bai txikiak (algak jaten dituzten ur barraskiloak, esate baterako).
Larratzea eta ekosistemen funtzionamendua
aldatuLarratzeak eragina du lurreko mikroorganismoen (bakterioak eta onddoak) jardueran, elikagaien zikloan eta elikagaien eskuragarritasunean.[1] Batetik, herbiboroek larrea ongarritzen dute gorotzekin, eta belarra jatean egiten duten defoliazioarekin, landareen birsortzea sustatzen dute. Birsortze horrek gazte mantentzen ditu landare-ehunak, eta, ondorioz, bazka errazago digeritzen da. Bestetik, herbiboroek eragin sakona dute lurzoruko tenperaturan eta ur-edukian eta, beraz, lurzoruko prozesuetan.[2][3]
Larratzea eta biodibertsitatea
aldatuLarratzearen eredu orokorraren arabera, larre emankorretan dibertsitate biologikoa baxua izaten da larratze-intentsitate baxuetan, altuena intentsitate ertainetan eta berriz ere jaisten da intentsitate altuetan.[4] Herbibororik gabe, landareek ez dute gorantz hazteko mugarik, eta argiagatiko lehia oso gogorra izaten da. Ondorioz, oso lehiakorrak diren espezie gutxi batzuk gainerakoak baztertzen dituzte apurka, eta dibertsitateak behera egiten du. Intentsitatea oso altua denean, aldiz, lurraren degradazioa gertatzen da eta higadura-arazoak sortzen dira. Kasu horretan ere, baldintza gogor horietara moldatutako espezieek soilik bizirauten dute, eta dibertsitatea galtzen da. Intentsitate ertainetan lortzen dira dibertsitate altuenak: batetik, argiagatiko lehia leuntzen delako eta, bestetik, asaldura-maila ertainetara egokituta daudelako espezie gehienak.[3]
Erreferentziak
aldatu- ↑ Bardgett, Richard D., Wardle, David A.. Herbivore-Mediated Linkages between Aboveground and Belowground Communities. Ecology 84 (2003): 2258-2268, jstor.org (Noiz kontsultatua: 2021-3-18).
- ↑ Schrama M., Veen, G.F.C., Bakker, E.S.L., Ruifrok, J.L., Bakker, J.P., Olff, H.. An integrated perspective to explain nitrogen mineralization in grazed ecosystems. Perspectives in Plant Ecology, Evolution and Systematics 15 (2013): 32-44, sciencedirect.com (Noiz kontsultatua: 2021-3-18).
- ↑ a b Odriozola, Iñaki. CAF-Elhuyar 2018: Euskal Herriko mendiak: herbiboro handiek zizelkatutako paisaia. Elhuyar, 330. zenbakia, 2018/05/16, CC-BY-SA-3.0, aldizkaria.elhuyar.eus (Noiz kontsultatua: 2021-3-18).
- ↑ Milchunas, D.G., Sala, O.E., Lauenroth, W.K.. A generalized model of the effects of grazing by large herbivores on grassland community structure. The American Naturalist 132 (1988): 87-106, researchgate.net (Noiz kontsultatua: 2021-3-18).