Literatura modernista
Literatura modernista XIX. mendearen amaieran eta XX.aren hasieran sortzen hasi zen norabidea da, edo norabide sorta, zeren eta hizkuntzaren araberako literatura batzuetan (bereziki gaztelaniaz zeinean lehenago egin zen popularra terminoa) zentzu batekin ulertzen da modernismoa, eta beste batzuetan, beste belaunaldi edo joera batzuk adierazten ditu.
Gaztelaniazko modernismotik aparte, modernismo izenarekin identifikatzen den korrontea aurkitzen da batez ere Europan (hor gehiago prosan) eta Estatu Batuetan ingelesez (hor gehiago poesian). Prosan narrazio errealistaren forma klasikoaren haustura du ezaugarri; poesian gaiari eta bere autoadierazpenari garrantzia ematea. Gai garrantzitsu bat gizabanakoaren isolamendua eta errealitatearen eta ametsaren mugak dira. Psikoanalisiak eta Henri Bergson eta Friedrich Nietzsche bezalako filosofoen irakaspenek eragin handia izan zuten literatura modernismoaren garapenean.
Bi aro, bi modernismo
aldatuGaztelerazko modernismoa
aldatuGaztelerazko modernismo literarioa Ameriketan hasi zen, eta Espainiako modernismo literarioarekin jarraitu zuen. Kronologikoki 1870eko hamarkadako autore amerikar batzuk, hala nola José Martí kubatarra edo Manuel Gutiérrez Nájera mexikarra aurrekaritzat har daitezke, baina funtsezko abiabuntutzat 1888. urtea har daitezke, zeinean Azul argitaratu zuen Rubén Darío poeta nikaraguarrak, eta modernismo hitza ere urte berean erabili zuen autore horrek estreinakoz. Hurrengo hamarkadan Espainiara joan zen Darío, eta horrek panorama literario espainiarra astindu zuen[1]. Hurrengo 20 urteetan Espainian modernistaki idatzi zen, eta modernismoaz eztabaidatu zen, joera 98ko Belaunaldiarekin nahastu zelarik, baina hala ere, Manuel Machado batek esan zuen 1913an "modernismoa ez da esistitzen jada"[2].
Modernismoak hiru modalitate agertu zituen eremu hispanikoan: Alde batetik, Hego Ameriketan, modernismoa exotismoarekin, urruneko sinbolo eta motiboekin erlazionatu zen, eta herriak eguneroko hizkuntzarekiko duen atxikimendua maite izan zuten Hego Ameriketako olerkariek. Espainiako modernismoak herri literaturaren eragina izango du, herri poesia eta herri espresioa kontzeptuak batuz[3].
Modernismo anglosaxoia eta Europakoa
aldatuAldiz, beste literatura batzuetan beranduago kokatzen da modernismo literarioa. 1987ko azterketa sakon batek (Douwe Fokkema kritikariaren Modernist Conjectures. A Mainstream in European Literature 1910-1940) jada beste plano tenporal batean kokatzen du modernismoa, Machadok hiltzat eman eta ondoren. Are gehiago, lan horretan eta beste hausnarketa batzuetan ez dago lehenagoko gaztelerazko mugimenduaren aipurik ere ez[4]. Fokkemak, ordea, bai aipatzen ditu beste literatura batzuetako egileak batera lan horretan: ingelesezkoak James Joyce, T.S. Eliot, Virginia Woolf; frantsesez André Gide, Marcel Proust, Valery Larbaud; italieraz Italo Svevo; alemanez Robert Musil eta Thomas Mann; neerlanderaz E. Du Perron.
Ingelesezko literaturaren kasuan, denbora tarte murritzago bat ere proposatu da (1910-1925). Tarte horretan, 1922. urtea gakotzat hartzen da, orduan argitaratu zielako Ulysses James Joycerena, Jacob's Room Virginia Woolfena (haren lehen eleberri esperimentala deitu zaio), zenbait poema T.S. Eliotenak hala nola The Waste Land, eta baita The Garden Party, Katherine Mansfield-ena. Aro hau noiz amaitu zen, zalantzatsuago, batzuentzat 1925, beste batzuentzat 1950 ere bai, baina tartean, 1939ko data ere aipatu da, zeinean Finnegans Wake argitaratu zuen James Joycek: batetik, lana honek esperimentazio modernista azken bururaino eraman zuela kontsideratzen da, eta bestetik II. Mundu Gerra etorri zen garaian, paradigmak aldatuz[5].
Euskal modernismoa
aldatuEuskaltzaindiaren Literatura Terminoen Hiztegiaren aburuz, modernismoak Euskal Herrian izan zuen eraginaren lekuko argienak Lizardiren eta Lauaxetaren olerkigintza dira. Modernismoa, idazle hauen lumetan, norberaren txokotik atera eta Europa osoan dabilen mugimenduarekin bat egiteko ahalegina da. Lizardiren aportazio nabarmenena, kontestu honetan, euskal metaforaren berritzea da. Lauaxetak, berriz, modernismoaren kezka sakonekin lotzen du bere olerkaritza, eta espreski ohartarazi zuen behin baino gehiagotan bere poemak ez zirela behin bakarrik irakurtzekoak, sakoneko esanahia aurkitzeko lana eskatzen zutela[3].
Baina badute ezberdintasunik euskal olerkariek eta kanpoko modernistek. Azken hauengan Jainkoaren ukapena latzagoa eta zehatzagoa izanik, euskal olerkariek kezka eta larridura azalduko dute, baina beti aitortuko dute Jainkoarengan fedea. Hala ere, zalantza esistentziala (Nietzsche eta nihilismoarekin lotua) oso osoki da modernista euskal olerkaruien kasuan ere, nahiz eta fedearen alde agertu kasu honetan.
Erreferentziak
aldatu- ↑ (Gaztelaniaz) «El modernismo literario español» Liceus 2018-01-05 (Noiz kontsultatua: 2022-02-21).
- ↑ (Gaztelaniaz) Cervantes, Biblioteca Virtual Miguel de. «Todos contra el Modernismo / José María Martínez Cachero» Biblioteca Virtual Miguel de Cervantes (Noiz kontsultatua: 2022-02-21).
- ↑ a b «modernismo - Literatura Terminoen Hiztegia» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2022-02-22).
- ↑ (Ingelesez) Chevrel, Yves. (2012-09-02). «Littérature Moderniste Européenne : Les conjectures comparatistes de Douwe Fokkema» Canadian Review of Comparative Literature/ Revue Canadienne de Littérature Comparée 39 (3) ISSN 1913-9659. (Noiz kontsultatua: 2022-02-21).
- ↑ (Frantsesez) Faure, Anne. «Le modernisme — Anglais» cle.ens-lyon.fr (Noiz kontsultatua: 2022-02-21).
Bibliografia
aldatu- Fokkemam, Douwe. Modernist Conjectures: A Mainstream in European Literature, 1910-1940. Londres, 1987.
- Mainer, José-Carlos; Rico, Francisco, Historia y crítica de la literatura española. Modernismo y 98, Barcelona, 1980, Editorial Crítica, Páginas de filología, ISBN 84-7423-108-6
- Schmutzler, Robert. Las sombras del modernismo: Una aproximación al decadentismo en España. Sáez Martínez, Begoña. Institució Alfons el Magnànim, 2004.El modernismo. Madrid: Alianza Forma, 1985.
- Rico, Francisco. Historia y crítica de la Literatura española: Modernismo y 98. Barcelona: Crítica, 1980.