Luc Montagnier
Luc Montagnier (Chabris, Indre, Frantzia, 1932ko abuztuaren 18a - Neuilly-sur-Seine, 2022ko otsailaren 8a) mikrobiologo frantziarra izan zen, birologia arloan nabarmendu zena. Medikuntza ikasi zuen Poitiersen, eta hango irakasle izan zen 1955 urtetik aurrera. 1967an hasi zen birusekin lanean. 1972an Pasteur Institutuaren Onkologia Biraleko buru izendatu zuten, eta 1974an CNRSko (Frantziako Zientzia Ikerketarako Gunea) zuzendari bihurtu zen.
1983an HIESaren eragilea den GIB erretrobirusa aurkitu zuen. Honek 2008ko Medikuntzako Nobel Saria ekarri zion. Ondoren zenbait arazo izan zituen, Robert Gallo estatubatuar irakasleak erretrobirus hura berak aurkitu zuela baitzioen. Azkenik, frantses medikuaren alde egin zuen auziak. Aurkikuntzaren berri eman zuen urtean bertan lan bat argitaratu zuen Chermann eta Barré-Sinoussirekin batera; lan horretan zehatz-mehatz erakusten zuen birusa. Horrez gainera, hainbat hitzaldi eman ditu mundu osoan zehar eta hainbat sari irabazi ditu, besteak beste, Ohorezko legioa, Merituaren Ordena Nazionala, Frantziako ikerketa zentro nazionalak ematen duen saria (bi alditan), eta Japoniako Fundazio Zientifikoaren eta Teknologikoaren saria 1988an.
Montagnierren ustez GIB birusak HIESa eragiten du, baina prozesu horretan birusak ez du bakarrik jarduten. Nobel saridun frantziarraren iritziz, birusak beste faktore batzuk behar ditu gaitza garatzeko. Montagnierren lan taldea faktore hauen bila dabil, eta horien atzean Mycoplasma generoko bakterioak egon litezkeela aurreratu dute.
Bibliografia
aldatu- "Le Virus et les hommes", Luc Montagnier, Odile Jacob, 1994.
- "Sida et société française", Luc Montagnier, La Documentation française, 1994.
- "Le Sida", Luc Montagnier eta R.Daudel, Flammarion, 1994.
- "La Découverte du virus du SIDA. La vérité sur « l’affaire Gallo/Montagnier»", Maxime Schwartz eta Jean Castex, Éditions Odile Jacobs, Paris, 2009.
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Ikus, gainera
aldatuKanpo estekak
aldatuEgile honen argitalpenei buruzko informazioa lortu dezakezu Scholian |
- (Frantsesez)(Ingelesez)"La recherche sur le VIH/Sida à l'Institut Pasteur"