Mali
Mali[1], izen ofiziala Maliko Errepublika[1] (frantsesez: République du Mali; banbareraz: Mali ka Fasojamana), Mendebaldeko Afrikako estatu itsasgabea da, Aljeriaren hegoaldean dagoena. 1.240.192 kilometro koadroko eremua du, hots, Afrikako zazpigarren zabalena, eta 2009an 14.517.176 biztanle zituen.[2] Hiriburua Bamako da.
Herrialdea Sahara basamortuaren hegoaldetik Niger eta Senegal ibaietaraino hedatzen da eta biztanle gehienak hegoaldean bizi dira. Ekonomia nekazaritza eta arrantzan oinarritzen da. Natura baliabide garrantzitsuak baditu ere, hala nola gatza, urrea eta uranioa, munduko herrialde pobreenetakoa da eta populazioaren erdia eguneko 1´25 dolar baino gutxiagorekin bizi da[3]
Geografia
aldatuMali Mendebaldeko Afrikako estatu itsasgabea da. Ipar latitudeko 10° eta 25° artean, eta 13° W eta 5º E arteko longitudean hedatzen da. 1.240.192 kilometro koadroko eremua hartzen du, Azawad barne; munduko 24. herrialderik zabalena da. Gehiena Sahararen hegoaldean kokaturik dago eta, beraz, oso beroa da eta urtaro lehorrean hondar erauntsiak izaten dira. Baliabide naturalak kontuak hartzekoak dira. Urrea, uranioa, fosfatoak, kaolina, gatza eta kareharria ustiatzen dira. Ingurune arazo larrienak desertizazioa, basogabetzea, lurren higadura eta uraren kutsadura dira.
Mugak
aldatuIparraldean Aljeriarekin du muga, Nigerrekin ekialdean, Burkina Faso eta Boli Kostarekin hegoaldean, Ginearekin hego-mendebaldean eta Senegal eta Mauritaniarekin mendebaldean.
Eskualde naturalak
aldatuMalin hiru eskualde natural daude:
- Iparraldean Sahara basamortua
- Erdialdean Sahelgo sabana, basamortu bihurtzen ari dena
- Hegoaldean Sudandar sabana hezea, Niger eta Senegal ibaiek ureztatua.
-
Fatimaren eskua Hombori Tondo mendigunean, Mopti
-
Sabana Sibytik gertu, Koulikoro
Erliebea
aldatuLurralde gehiena laua da, baino han eta hemen muino harritsuak daude. Adrar des Ifoghas ipar-ekialdean, Manding eta Bambouk mendiak hego-mendebaldean eta Hombori Tondo hego-ekialdean dira mendigune garrantzitsuenak. Hombori Tondo da Maliko gailurra da, 1.153 metrorekin[4].
Hidrografia
aldatuNiger eta Senegal dira ibai nagusiak. Niger ibaiak 1.693 kilometroz zeharkatzen du herrialdea, hego-mendebaldetik hego-ekialdera, bihurgune handi bat eginez. Ibai honek, eta bere adar nagusia den Bani ibaiak, Gineako Fouta Djalonen dute iturburua. Maliko erdialdean, Timbuktu eta Djenné artean, barne delta zabala eratzen du. Niger ibaia Maliren bihotza da, janari eta ur-iturria eta garraiobide garrantzitsua delako. Herrialdearen mendebaldea, Mauritania, Senegal eta Gineak inguratzen dutena, Senegal ibaiaren arroan dago. Ibai hau, ur handien garaian (urtean hiru hilabetez) Kayeseraino nabigagarria da.
Klima
aldatuMali oso eskualde beroan dago. Izan ere, ekuatore termikoak, urteko batez besteko tenperatura handienak dituzten puntuak lotzen dituen irudizko lerroak, herrialdea zeharkatzen du. Zatirik handienean prezipitazioak urriak dira eta lehorteak maizkoak. Herrialdearen hegoaldean euri sasoia ekaina eta abenduaren artekoa da. Hiru eremu klimatiko daude[5][6]:
- Iparraldeko bi herenetan basamortuko klima beroa dago, BWh Köppen klima sailkapenaren arabera. Egunez tenperatura 50 °C-ra irits daiteke, eta gauez 5 °C-ra jaitsi. Prezipitazioa oso txikia da, 127 milimetro baino gutxiago urtean.
- Herrialdearen erdialdeak estepako klima beroa dauka, BSh Köppen klima sailkapenean. Tenperatura oso beroa da urte guztian; sasoi lehorra luzea da, eta euri sasoia laburra eta gorabeheratsua. Urtean pilatutako prezipitazioa 500 milimetrotik beherakoa izaten da.
- Hegoaldean Sabanako klima dago, Aw Köppen klima sailkapenaren arabera. Eguneko batez besteko tenperatura 24 °C eta 30 °C artekoa izaten da, eta urtean pilatutako prezipitazioa 1.400 milimetrotik gorakoa.
Historia
aldatuMaliko inperioak
aldatuK. o. 300. urteaz gero, bolia, gatza (Taghazako meatzetik ateratzen zutena), ostruka-lumak, urrea eta esklaboak garraiatzen zituzten karabanak ibiltzen ziren Saharan barrena, Niger ibaiaren bihurgunea eta Maroko eta Aljeriako hegoaldea lotzen zituzten bideetan zehar. Bide horien sorburuan, Niger eta Senegal ibaien artean, hiru inperio handi sortu ziren. Sahelgo erresuma hauen muga geopolitikoak eta nortasun etnikoak ez ziren garbi zehaztuak.
Lehenbizikoa Ghanako Inperioa izan zen, Soninke herriak sortu zuena, eta VIII. mendetik 1078 arte Mendebaldeko Afrikan hedatu zena. Ondoren Maliko Inperioa (XIII. mendetik XVI. mendera) eta Songhai Inperioa (XV. eta XVI. mendeak) etorri ziren. Djenné eta Timbuktu merkataritza, garraio eta islamdar ikaskuntzarako gune garrantzitsuak izan ziren inperio horien garaian. 1591n, Ahmad al-Mansur Marokoko erregearen gudarostea lurraldean sartu zen, eta Timbuktu hiria Marokoren mende egon zen bi mendez. Ondoren, Niger harana tuareg, fulani eta banbara leinuen artean banatu zen.
Garai koloniala
aldatu1854an, Frantziak lurraldearen konkista hasi zuen; 1898an, zazpi urteko gerran Samory Turé buruzagia menderatu zuten. Handik aurrera, Mendebaldeko Afrika Frantsesa osatzen zuten lurraldeetako bat izan zen, Frantziar Sudan izenez. Bigarren Mundu Gerraren ondoren, hango biztanleek autonomia galdatu zuten, eta Modibo Keïtak Sudango Batasuna alderdia sortu zuen 1945ean. 1946an, Sudan Frantziaren itsasoz haraindiko lurralde bilakatu zen, metropoliko biltzarrean ordezkariak izateko eskubidea zuela. 1958an, Sudango Batasuna alderdiak Sudango Errepublika eratu zuen, betiere Frantziako komunitatearen barruan.
Maliko Errepublika
aldatu1959an, Mali (orduan Sudango Errepublika izena zuena), Senegal, Dahomey eta Volta Garaia batu ziren Maliko Federazioa osatzeko eta 1960ko ekainaren 20an independentzia lortu zuten. Abuztuan, politika ikuspegi desberdinak zituztela eta, desegin zen Federazioa. Irailaren 22an, Sudango Batasuna alderdiaren batzar berezi batek Sudanen baldintzarik gabeko independentzia onartu zuen aho batez; harrezkero Maliko Errepublika izena du. Errepublikak Txinako sozialismo marxista hartu zuen eredu, eta aurreneko presidentea Modibo Keïta izan zen.
Sudango Batasuna alderdiko buruzagi batzuen jokabide politikoa ontzat hartu ez zutenez gero, 1968an Moussa Traoré buru zuen ofizial talde batek estatu-kolpea eman zuen, eta Modibo Keïta atxilotu eta espetxeratu zuten. Nazio Askapenerako Batzorde Militarra sortu zen. Era horretan diktadura ezarri zen Malin, 1991 arte iraun zuena. Erregimenak harremanak sendotu zituen nazio kapitalistekin, Sudango Batasuna alderdia legez kanpo utzi eta konstituzioa indargabetu zuen. Traoré lehendakari izendatu zuten, eta 1969an lehen ministro kargua ere hartu zuen. 1974an, konstituzio berria onartu zen, militarrek osatutako erregimenari jarraipena emateko asmoz, eta 1979az geroztik Maliko Herriaren Batasun Demokratikoa izan zen herrialdeko legezko alderdi politiko bakarra.
Herrialdeak lehorte eta gosete handiak pairatu zituen, 1968tik 1974ra eta 1983tik 1985era. 1980tik aurrera, gobernuaren xede nagusia lehorteak eragindako hondamendiari aurre egitea izan zen. 1983an Maliren eta Aljeriaren arteko muga zehaztu zen. 1985ean Mali gerran sartu zen Burkina Fasorekin, mugaren inguruko lurralde bat eskuratzeko norgehiagoka; auzia 1986an garbitu zen, Hagako justizia tribunalak lurraldea bi zati berdinetan erdibitzea erabaki zuenean. 1980ko hamarkadaren amaieran, alor publikoko langileek eta ikasleek herrialdean demokrazia ezartzea eskatu eta gobernuaren ustelkeria salatu zuten.
1991ko martxoan, gobernuaren kontrako protesta eta istilu giroan, Toumani Touré jenerala buru zuen ofizial talde batek Traore eraitsi zuen, 1992an agintea zibilen eskuetan utziko zuelako aginduarekin. 1991ko ekainean, tuaregak matxinatu ziren. Abenduan agintarien eta tuaregen arteko elkarrizketak hasi ziren. Tuaregek su-etena onartu zuten presoen askatasunaren truke. 1992ko apirilean, Alpha Oumar Konarék irabazi zituen presidentetzarako hauteskundeak. Tarte horretan Konare presidenteak politika eta ekonomia erreformak bultzatu zituen eta ustelkeriaren kontra borrokatu ere. Amnistia Internazionalak, baina, oposizioko kideak akusaziorik gabe eta epaiketarik egin gabe kartzelatu izanaz salatu zuen gobernua. Gudarosteak, bestalde, tuareg asko hilarazi zituen. 1997ko maiatzean, presidentetzarako hauteskundeetan, Konarék botoen %95 jaso zituen, eta legebiltzarrerako hauteskundeetan ere gobernuko alderdiak eskuratu zituen aulki gehienak. Baina bai presidentetzarako hauteskundeetan, bai legebiltzarrerakoetan, oposizioak boikota egin zuen eta jende gutxik hartu zuen parte.
XXI. mendea
aldatu2002an, Amadou Toumani Tourék, 1991ko altxaldiko liderrak, armada utzi egin hauteskundeetara aurkeztu ahal izateko, eta baita irabazi ere, Maliko presidente bihurtuz. 2007an kargua berritu zuen. Beti ere, garai bateko izen ona galduz joan zen, ustelkeriari aurre egiten asmatu ez zuelako[7].
2010eko hamarkadaren hasieran, Mali sozialki zein politikoki Afrikako herrialde egonkorrenetakoa zen. Baina 2012ko urtarrilean MLNA (Azawadeko Nazioa Askatzeko Mugimendua) Maliko gobernuaren aurka matxinatu zen. Apirilaren hasierarako tuareg matxinoek Maliko iparraldeko zati handiena kontrolpean zeukaten, eta Azawaden independentzia adierazi zuten[8]. Gatazka katramilatuz joan zen, martxoaren 22an militar talde batek Amadou Toumani Touré-ren aurkako estatu-kolpea eman zuelako[9] eta, geroago, tuaregen eta Ansar al Dine talde islamistaren arteko liskarrak piztu zirelako[10]. Azawadeko matxinada indargabetzeko asmoz, 2013ko urtarrilean Frantziak Serval Operazioa abiarazi zuen, eta 4.600 militar bidali zituen Malira[11]. Hilabete bat geroago, maliar eta frantziar tropek iparraldearen zati handiena berreskuratzea erdietsi zuten. Interbentzioaren ondorioz, 600 gerrillari eta 100 soldadu inguru hil ziren[12].
2013ko ekainean tuareg matxinoen eta gobernuaren arteko bake ituna sinatu zen[13], eta uztailean Nazio Batuen Erakundeak kasko urdinak bidali zituen Malira, Minusma operazioaren barnean[14]. Baina urte amaieran tuareg errebelek amaitutzat jo zuten su-etena, eta gudua berpiztu zen[15]. 2015eko otsailean, beste su-eten bat sinatu zen Aljerren.
2020ko abuztuaren 18an, militar talde bat gobernuaren aurka altxatu zen. Kolpistek Ibrahim Bubacar Keita presidentea eta Bubu Cise lehen ministroa kargutik kendu zituzten, eta Bah N'Daw izendatu zuten trantsizio prozesuko presidente.[16][17] 2021eko maiatzaren 24an, Maliko armadak Bah N'Daw presidentea eta Moctar Ouane lehen ministroa kargugabetu zituen; Assimi Goitak hartu zuen presidente kargua.[18]
Gobernua eta administrazioa
aldatuBanaketa administratiboa
aldatuMali 8 eskualdetan (régions) eta barruti batean (district) banatua dago eta 49 zirkulutan (cercle) azpibanatua. Eskualdeak eta barrutia hauek dira:
Izena | Eremua (km2) | Biztanleria 1998ko errolda |
Biztanleria 2009ko errolda |
---|---|---|---|
Kayes | 119.743 | 1.374.316 | 127.368 |
Koulikoro | 95.848 | 1.570.507 | 2.418.305 |
Bamako (barrutia) | 252 | 1.016.296 | 1.809.106 |
Sikasso | 70.280 | 1.782.157 | 2.625.919 |
Ségou | 64.821 | 1.675.357 | 2.336.255 |
Mopti | 79.017 | 1.484.601 | 2.037.330 |
Timbuktu | 496.611 | 442.619 | 681.691 |
Gao | 170.572 | 341.542 | 544.120 |
Kidal | 151.430 | 38.774 | 67.638 |
2012ko martxotik aurrera Maliko gobernuak galdu zuen kontrola Gao, Kidal, Tonbuktu eta Moptiko iparraldeko hainbat eremutan. 2012ko apirilaren 6an MNLA taldeak lur hauen sezesioa aldarrikatu zuen, Azawad izenarekin. Ekintza hau ez zuen ez Malik ez nazioarteko komunitateak onartu[19]. Geroago, gobernua kontrola berreskuratuz joan zen.
Demografia
aldatuBiztanleria
aldatu2009an Malik 14,5 milioi biztanle zituen[2]. Biztanleen %60,1 landa eremuetan bizi dira (2015[20], %90 lurraldearen hegoaldean, bereziki Bamakon. Jaiotza-tasa 44,4 haur 1.000 biztanleko izan zen 2016an, eta heriotza-tasa 12,6 hildako 1.000 biztanleko; hori dela eta, biztanleriaren urteko hazkundea handia da, %2,96 2016an. Bizi itxaropena 55,8 urtekoa da, 53,9 urtekoa gizonezkoena eta 57,7 urtekoa emakumezkoena[20].
Banaketa etnikoa
aldatuMaliko biztanleak afrikar jatorrikoak dira eta etnia askotan daude banatuta: banbarak (%34,1 2012-13an), peulak (%14,7), sarakoleak (%10,8), senufoak (%10,5), dogonak (%8,9), malinkeak (%8,7), boboak (%2,9), songhaiak (%1,6), berbereak (tuaregak, %0,9), eta beste batzuk[20]. Tuaregak alderrai ibiltzen dira Sahelen eta Saharako toki batzuetan.
Hizkuntzak
aldatuHizkuntza ofiziala frantsesa da, baina banbarera da mintzatuena, biztanleen erdiek erabiltzen baitute. Beste 40 mintzaira baino gehiago daude, esaterako, fula (biztanleriaren %9,4 mintzatua), dogonera (%7,2) eta soninkera (%12).
Erlijioa
aldatuIslama da biztanle gehienen erlijioa. 2009an biztanleen %94,8 musulmanak ziren, %2,4 kristauak eta %2 animistak[20].
Hiri nagusiak
aldatuEkonomia
aldatuMunduko herrialde behartsuenetakoa da Mali. Ekonomia nekazaritzan oinarritzen da, eta dagoen industria apurra nekazaritzako gaiak eta elikagaiak eraldatzeko industria da. Biztanle aktiboen %80 nekazaritzan aritzen da: artatxikia, arroza, basartoa, artoa, kakahuetea eta azukre kanabera lantzen dira batez ere. Niger ibaiko arrantzak ere garrantzi handia du biztanleen elikaduran. Berehala kontsumitzen ez den arraina lehortu eta keztatu egiten da, kanpora esportatzeko. gatza, fosfatoa, urre eta uranio hobiak badaude, baina mea baliabideak ez dira oraindik behar bezala ustiatu.
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2016/11/8 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ a b Euskaltzaindia. 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak. euskaltzaindia.net (Noiz kontsultatua: 2016-11-7).
- ↑ a b instat.gov.ml: Résultats Provisoires Nationales du RGPH 2009
- ↑ hdr.undp.org: Human development indices, hdr.undp.org
- ↑ Projet Hombori. hombori.org (Noiz kontsultatua: 2016-11-8).
- ↑ Climat de Mali. lemali.org (Noiz kontsultatua: 2016-11-8).
- ↑ Mali: Climate & Agriculture. our-africa.org (Noiz kontsultatua: 2016-11-8).
- ↑ Zein da zein Mali eta Azawaden arteko gatazkan. berria.eus (Noiz kontsultatua: 2016-11-9).
- ↑ Zergatik ez du onartzen nazioarteak Azawaden independentzia?. argia.eus (Noiz kontsultatua: 2016-11-08).
- ↑ Matxinoek Gobernua desegin dute eta zenbait ministro atxilotu dituzte. eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2016-11-9).
- ↑ Talde independentistek aldaketak nahi dituzte bake plana sinatzeko. naiz.eus (Noiz kontsultatua: 2016-11-9).
- ↑ 4600 soldats français mobilisés. ledauphine.com (Noiz kontsultatua: 2016-11-9).
- ↑ Frantziako armada Malitik ateratzen hasi da. argia.eus, Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Unported (CC BY-SA 3.0) (Noiz kontsultatua: 2016-11-9).
- ↑ Mali and Tuareg rebels sign peace deal. bbc.co.uk (Noiz kontsultatua: 2016-11-9).
- ↑ Kasko urdinen txanda Malin. argia.eus, Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Unported (CC BY-SA 3.0) (Noiz kontsultatua: 2016-11-9).
- ↑ Tuareg separatist group in Mali 'ends ceasefire'. bbc.co.uk (Noiz kontsultatua: 2016-11-9).
- ↑ Alberdi Atxurra, Iosu. Maliko presidentea eta lehen ministroa bahitu dituzte militarrek. Berria, 2020ko abuztuak 18, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2021-9-13).
- ↑ Ba Ndaou, Maliko trantsizioko presidente berria. Berria, 2020ko irailak 22, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2021-9-13).
- ↑ Perez Zala, Ander. Maliko presidentea eta lehen ministroa kargugabetu dituzte. Berria, 2021eko maiatzak 25, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2021-9-13).
- ↑ Tuareg rebels declare the independence of Azawad, north of Mali. english.alarabiya.net (Noiz kontsultatua: 2016-11-8).
- ↑ a b c d The World Factbook: Mali. cia.gov (Noiz kontsultatua: 2016-11-9).
- ↑ List of cities in Mali. medlibrary.org (Noiz kontsultatua: 2016-11-9).[Betiko hautsitako esteka]
Kanpo estekak
aldatu- Mali, argia.eus
- (Ingelesez) CIA - World Factbook Geografia, biztanleria, politika eta ekonomia datuak.